
70. zk., 2011ko apirilaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Euskal Herriko Unibertsitatea
2048
EBAZPENA, 2011ko martxoaren 14koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko Letren Fakultateko eta Bilboko Irakasleen unibertsitate eskolako kalitate batzordearen arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.
Konstituzioak 27.10 artikuluan autonomia aitortzen die unibertsitateei, eta hortik datorkie beren burua antolatzeko araubide propioa izatea, beren interesak babesteko. Araubide horren funtsezko osagai bat da unibertsitateek ahalmena izatea beren arautegiak egiteko.
2010eko apirilaren 29ko Gobernu Kontseiluaren deialdian, Gobernu Kontseiluak ikastegietako kalitate batzordeen oinarrizko arautegia onartu zuen, UPV/EHUko ikastegi bakoitzak bere kalitate batzordearen arautegia egiteko jarraibideak ematen dituena. 2010eko azaroaren 11n Gobernu Kontseiluak oinarrizko arautegi horretako 5. artikulua aldatu zuen, hau da, laguntza batzordeak arautzen dituena.
2011ko otsailaren 10ean fakultate eta unibertsitate eskola honetako kalitate batzordearen arautegiak onartu ziren:
Letren Fakultatekoa eta Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolakoa. Azkenik, UPV/EHUko Estatutuetako 187.1.d) atalak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela UPV/EHUko erabakiak argitaratuko direla; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Horregatik guztiagatik, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen 10.2 artikulua betez, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.- Agindua ematea fakultate eta unibertsitate eskola hauetako kalitate batzordearen arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko:
Letren Fakultatekoa: I. eranskina.
Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolakoa: II. eranskina.
Bigarrena.- Erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta honen kontra, gura izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke idazkari nagusiari hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hilabete biko epean.
Leioa, 2011ko martxoaren 14a.
Idazkari nagusia,
EVA FERREIRA GARCÍA.
I. ERANSKINA
KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA UPV/EHUko LETREN FAKULTATEA
Hitzaurrea
Arautegi hau betetzera dator Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin zerikusia duten zenbait programatan aurreikusitakoa. Zehatzago, gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako ikastegiek izan beharko dutela Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat. Bestalde, AUDIT programaren arabera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat daukaten ikastegietan bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin beharko du sistema hori. Gainera, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programa, eta berori gauzatzeko beharrezkoa da, programaren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.
Fakultateko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da. Zuzendaritza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta gainera barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Kalitate Batzordeak, bestalde, zuzendaritzari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluak garatzeko prozesuari jarraipena egiteko. Era berean, irakasleen ebaluaziorako txostenak ere egingo ditu.
Fakultateko Batzarrari dagokio, Letren Fakultateko gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta funtzioak onartzea ere. Era berean, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan, Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
1. artikulua.- Arautegiaren helburua.
1.- Arautegi honen helburua da ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.
2.- Organoaren izena hau da: ikastegiko Kalitate Batzordea.
2. artikulua.- Araubide juridikoa.
1.- Ikastegiko Kalitate Batzordeak arautegi honen eta UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiaren arabera eta dagozkion gainerako arautegiei jarraiki jardungo du.
3. artikulua.- Eginkizunak.
1.- Letren Fakultateko Kalitate Batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Fakultateko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.
d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta haietatik abiatuta hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
f) Urteko jarraipen txostena egitea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.
g) Tituluen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
i) Titulazioko curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.
j) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
k) Fakultateko kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
l) Ikastegiko zuzendaritzari aholkua ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.
m) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.
2.- Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio kalitatearekin lotutako eginkizunak, adibidez, Ikastegien Oinarrizko Arautegian, 9.2.i) artikuluan, zehaztutakoak.
4. artikulua.- Osaera.
1.- Hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:
a) Dekanoa edo horretarako eskuordetza daukan pertsona.
b) Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea.
c) Akademia Antolakuntzako dekanordea.
d) Ikasleen dekanordea.
e) Ikastegiko graduko titulazioen koordinatzaileak.
f) Irakasle eta ikertzaileen lau ordezkari, dekanotza taldeak prozedura honen bidez aukeratuko dituenak: ikastegian egoitza duten lau sail eta sail atalek (lehen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraiki eta hurren azalduko den txandaketaren arabera) hiruna ordezkari aurkeztuko dizkiote dekanotzari. Dekanotzak pertsona bat aukeratuko du hirukote bakoitzetik eta erabakiaren berri emango dio sailari edo sail atalari.
1) Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza.
2) Ikasketa Klasikoak.
3) Hispaniar Filologia, Filologia Erromanikoa eta Literaturaren Teoria.
4) Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia.
5) Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak.
6) Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia.
7) Frantses Filologia.
8) Artearen eta Musikaren Historia.
9) Historia Garaikidea.
10) Filosofia edo Logika eta Zientziaren Filosofia.
11) Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak.
g) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.
h) Ikasleen ordezkari bi, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuak.
2.- Batzordeko burua dekanoa izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona. Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea izango da idazkaria.
3.- Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, dekanotza taldearen proposamenez. Lau urterako izendatuko dira. Ikasleen ordezkariak bi urterako izendatuko dira, baina epe hori luzatu ahal izango dira.
4.- Eskolako Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, batzordeko kideak honela aldatuko dira:
a) Berezko kideek utziko dute batzordea bertan egoteko eskubidea eman dien kargua utzi ahala (hau da, dekanotza taldekoak edo titulazioko koordinatzaileak izateari utzi ahala).
b) Kide hautatuen erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da. Irakasle eta ikertzaileen ordezkariak 4.1.f artikuluan zehaztutako modu eta txanden arabera aldatuko dira.
5. artikulua.- Laguntza batzordeak.
Laguntza batzordeak osatu ahal izango dira. Laguntza batzordeok Kalitate Batzordeak berak sortuko ditu, bere menpe egongo dira eta aholkurako izango dira. Kalitate Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.
6. artikulua.- Funtzionamendurako araubidea.
1.- Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan ahalko dira.
2.- Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Kalitate Batzordeak hilean behin ohiko bilera bat izango du gutxienez.
3.- Aztergaiaren izaerak hala eskatuta, ezohiko deialdiak egin ahal izango dira. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena, bestelakoak eta galde-eskeak.
4.- Batzordeko buruak egin behar du bilerarako deia. Batzordeko kideen % 25ek eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko du. Bilera hori ezohikoa izango da eta eskaria egiten denetik gehienez 7 egun baliodunera egin beharko da.
5.- Bilerarako deia Kalitate Batzordeko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilerako lekua, ordua eta aztergaiak zehaztu behar ditu deian. Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.
6.- Betiere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 25ek, gutxienez, bilera baino 48 ordu lehenago erregistro bidez eskatutakoak. Printzipioz ezin izango da erabakirik hartu aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruz, baina organoko kideen bi herenak baino gehiago badaude bileran, eta bozketa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.
7.- Deialdia posta elektronikoz bidaliko zaie organoko kide guztiei.
8.- Batzordearen erabakiak bileran daudenen botoen gehiengoaz hartuko dira. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango. Ikastegiko dekanotzara bidali beharko dira dagokien neurriak har ditzan.
9.- Kalitate Batzordeko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu. Kasuan kasuko organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte beren kideek eginkizun horiek bete ahal izateko eta aldi berean zerbitzua bermatzeko.
10.- Kalitate Batzordeko kideek eskubidea dute beren eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazioa eta informazioa erregistroan eskatu eta eskuratzeko. Kideen lana errazteko, dekanotza taldeak Dekanotzan ipiniko du berehala informazio hori haien esku.
11.- Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea bost minutukoa izango da. Organoa balioz osatzeko beharrezkoa da Kalitate Batzordeko burua eta idazkaria bertan egotea.
12.- Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa. Lehen bozketan gutxienez kideen erdiak egon beharko dira bertan.
13.- Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.
14.- Kalitate Batzordeko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango, eta aktan jasota geratu beharko da bileran gonbidatuak izan direla.
15.- Batzordeko idazkariak akta egin eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die, eta jendaurrean jarriko du eskolako kide guztien esku egon dadin.
16.- Aktan nahitaez jasoko dira bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren eta zeintzuk izan diren emaitzak); hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.
17.- Arautegi honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Kalitate Batzordeak jardungo du Ikastegiko Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen arabera, aplikagarri zaizkion neurrian.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehenengoa.- Kalitate Batzordeko kide hautetsien erdiak batzordea eratu eta lau urtera aldatuko dira lehen aldiz; hortik aurrera, bi urterik behin aldatuko dira batzordeko kideen erdiak.
Bigarrena.- Batzordeetako kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.
Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diote datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiari.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.
II. ERANSKINA
BILBOKO IRAKASLEEN UNIBERTSITATE ESKOLAKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
Atarikoa
Kalitate Batzordearen arautegi honen helburua da batzorde horren eratze eta funtzionamendurako jarraibideak ezartzea Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan.
Beraz, Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin lotutako hainbat programatan aurreikusitakoa betetzen du. Zehazki, arautegi honek gradu berrien ikasketa planen aurreikuspenei begira jarduten du. Aurreikuspen horien arabera, ikastegiek Kalitatearen Barne-bermerako Sistema (KBBS) bat eduki beharko dute. Era berean, AUDIT programak (tituluen kalitatea bermatzeko programa) dio KBBS bat duten ikastegiek praktikan jarri behar dutela diseinua, ikastegiko Kalitate Batzordeak aipatutako sistema horren funtzionamenduari egindako ebaluazioaren bitartez. Bestalde, UPV/EHUko irakasleen Irakaskuntza Ebaluatzeko Programak, Docentiazek (2009ko abenduaren 22ko UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutakoa), Ikastegietako Kalitate Batzordeen garapenari buruzko arautegia aurreikusi du, berau praktikan jarri ahal izateko.
Ikastegiko Kalitate Batzordea, hain zuzen, Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da, eta Zuzendaritza Taldearekin batera, KBBSren plangintza eta jarraipena egiteko zereginetan parte hartzen du. Gainera, kalitate sistema horren politikaren, helburuen, planen, programen, erantzukizunen eta lorpenen barne komunikaziorako bide moduan jarduten du. Ikastegiko Kalitate Batzordea, bestalde, Ikastegiko zuzendaritza taldeari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkularitza eskainiko dien organoa izango da, titulu guztien curriculum garapenaren plangintza eta jarraipena egin ahal izateko. Horretarako, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduari erreparatuko dio; bertan, hainbat metodologia aktiboren bitartez eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren laguntzarekin, autogidatutako irakaskuntza (bakarkakoa zein taldekakoa) eta etengabeko ebaluazioa sustatuko dira, irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, Ikastegiko Kalitate Batzordea arduratuko da txostenak bidaltzeaz, gerora irakasle guztiak ebaluatu ahal izateko (Docentiaz Programa).
Ikastegiko Batzarra UPV/EHUko ikastegietako ordezkaritzarako eta gobernu arrunterako kide anitzeko organoa denez, bera arduratuko da ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzeaz eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta funtzioak onartzeaz. Era berean, Ikastegiko Batzarra arduratuko da tituluetarako hobekuntza-ekintzak onartzeaz, Graduko Tituluen Kalitatea Bermatzeko Sistemaren esparruan, Kalitate Batzordeak aurkeztutako ebaluazio txostenak aintzat hartuta, besteak beste.
Honako arautegi honek, beraz, ikastegietako kalitate batzordeen arautegiek jaso behar dituzten gutxieneko gidalerroen multzoa biltzen du. Horrenbestez, funtzioak, osaera eta funtzionamendua arautzen ditu. Oinarrizko arautegi hau egitean, kontuan hartu dira era honetako ekimena abian jarrita duten ikastegiek jarraitutako gidalerroak.
1. artikulua.- Arautegiaren helburua.
1.- Oinarrizko arautegi honen helburua, hain zuzen, ikastegiko Kalitatearen Barne Bermerako Sistemaz (KBBS) arduratuko den organoaren egitura, osaera eta funtzioak ezartzea da.
2.- Aipatutako organo horri Ikastegiko Kalitate Batzordea izena jarriko zaio.
2. artikulua.- Araubide juridikoa.
Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Kalitate Batzordeak bere arautegiaren arabera jardungo du. Arautegia Eskolako Batzarrak onartu beharko du eta bera egiteko abiapuntua UPV/EHUko oinarrizko arautegia izango da. Eskolako arautegian aurreikusten ez den guztirako, UPV/EHUkoari eutsi beharko zaio.
3. artikulua.- Funtzioak.
1.- Kalitate Batzordeak hurrengo funtzioak izango ditu:
a) Kalitatearen Barne Bermerako Sistema (KBBS) diseinatzen, ezartzen eta martxan jartzen jardungo du; halaber, sistema horren jarraipena egingo du.
b) Prozesuei jarraipena egingo die, horiekin lotura duten adierazleen bitartez.
c) Batzordeak egindako proposamenak Ikastegiko Zuzendaritza Taldera eramango ditu.
d) Ikastegiak urte bakoitzerako dituen helburuak jaso, eta hala badagokio, helburu horiek azaltzeko modua koordinatuko du; era berean, helburuak gauzatzen ote diren jarraipena egingo du.
e) Gogobetetzeari buruzko galdetegien emaitzak jaso, eta emaitza horietatik eratorritako hobekuntza proposamenetarako irizpideak proposatu beharko ditu.
f) KBBS aztertu eta gainbegiratuta, Urteko Txostena osatuko du; era berean, tituluan ezarritako helburuak erdiesteko beharrezkoak diren hobekuntza-ekintzak proposatu beharko ditu.
g) Tituluaren egiaztagiria eskuratzeko eta aldian-aldian berritzeko zereginean lagunduko du.
h) Ikastegiaren kalitate politika eta helburuak jakinarazteko bidea izango da; hala, horiek betetzen direla bermatuko du eta unibertsitate komunitatean hedatzeaz arduratuko da.
i) Tituluaren curriculum garapenaren plangintza eta hedapena egiteko zereginean lagunduko du.
j) Ikastegiko irakasleen trebakuntza sustatuko du, gradu berrietako curriculum garapena hobetzeko irakaskuntza tresnak eta metodologiak ezagutu ditzaten.
k) Bere kideen eta Ikastegiko interes taldeetako kideen trebakuntza sustatuko du, kalitate eta ebaluazio gaietan.
l) Ikastegiko Zuzendaritzari KBBSrekin lotutako alderdiei buruzko aholkularitza eskainiko dio.
m) Ikastegiko Batzarrari bere eskumeneko ebazpenak onartzeko proposamena egingo dio.
n) UPV/EHUko Docentiaz Programarekin lotutakoa kudeatzea.
2.- Ikastegiko Batzarrak, Zuzendaritza Taldeak halaxe eskatuta, Kalitate Batzordearen esku utzi ahal izango ditu kalitatearen kudeaketarekin lotutako funtzioak; esate baterako, Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2.i) artikuluan xedatutakoa.
4. artikulua.- Osaera.
1.- Kalitate Batzordeko burua eskolako zuzendaria izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona. Gainera, batzordeak honako hauek izango ditu gutxienez:
a) Eskolako idazkari akademikoa.
b) Eskolako kalitateko zuzendariordea.
c) Titulazioen koordinatzaileak.
d) Sail edo sail atal bakoitzeko ordezkari bat, ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak aukeratuak, ikastegian egoitza duten sailen edo ikastegiko sail atalen proposamenez.
e) Kalitatearen arduraduna den administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria.
f) Titulazio bakoitzeko ikasleen ordezkari bat, ikastegiko ikasleen kontseiluak proposatua.
2.- Ahaleginak egingo dira oreka egon dadin ordezkari gizonezko eta emakumezkoen artean.
3.- Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du bere kideen artetik nork jardungo duen idazkari lanetan.
4.- Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu Kalitate Batzordeko kideak, Zuzendaritza Taldeak halaxe eskatuta. Izendapenak lau urteko iraupena izango du. Ikasleen kasuan, beren ordezkaritzak bi urteko iraupena izango du, eta iraupen hori luzatu ahalko da.
5.- Eskolako Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, kideen erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da, lehen xedapen gehigarriari jarraiki.
5. artikulua.- Laguntza Batzordeak.
1.- Kalitate Batzordearen Arautegiak laguntza batzordeak egon daitezkeela jaso dezake. Hala izanez gero, Kalitate Batzordeak berak eratu ahal izango ditu. Laguntza Batzordeak Kalitate Batzordearen mendekoak izango dira, eta kontsulta-izaera izango dute. Kalitate Batzordeak erabakiko du laguntza batzorde bakoitzaren osaera nolakoa izango den, lehendakaria eta idazkaria nor izango diren, bakoitzaren jardun eremua eta funtzioak zein izango diren, eta hala badagokio, baita bakoitzaren funtzionamendu erregimenaren berezitasunak zein izango diren ere.
2.- Kalitate Batzordearen barruan, laguntza batzorde gisa, titulazioko batzordeek jardungo dute. Hauek dira beren eginkizunak:
a) Irakasgaien edukiak aztertu eta eguneratzea (mailako batzordeen txostena).
b) Emaitza akademikoak aztertzea lauhilekoka eta ikasturteka, eta ahuleziak eta indarrak identifikatzea.
c) Titulaziorako hobekuntza ekintzak proposatzea.
d) Tituluaren homologazioak eta irakasgaien ebaluazio bereziak gainbegiratzea.
e) Bilboko Irakasleen UEko prozeduretako batzuk aztertzea, haiek egokitu eta hobetzeari begira.
f) Urteko txostena egitea (eduki eta emaitza akademikoez) eta zuzendaritzari bidaltzea, argitara eman dezan.
Batzorde hauek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak. Mailako edo moduluko koordinatzaileak (halakorik egonez gero) batzorde hauetako kide izan beharko dira.
3.- Era berean, batzorde bat eratu ahal izango da, irakasleen Irakaskuntza Ebaluatzeko Programaren (Docentiaz) informazio iturri moduan. Batzorde hori osatzean ere bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiek Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak; nolanahi ere, derrigorrezkoa izango da ikastegiari atxikitako sailetako edo sail ataletako ordezkariak egotea batzordean. Artikulu honetako lehenengo puntuan zehaztutakoa gorabehera, Docentiaz Laguntza Batzordearen osaera eta kideen izendapena Ikastegiko Batzordeak berretsi beharko du.
6. artikulua.- Funtzionamendu erregimena.
1.- Bilerak eta bileretarako deiak.
1.1.- Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.
1.2.- Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Kalitate Batzordeak gutxienez ohiko bilera bat egingo du urtean.
1.3.- Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, dagokion arautegian hala xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.
1.4.- Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
2.- Bilerarako deia egitea.
2.1.- Kalitate Batzordeko buruak egin behar du organoaren bilerarako deia.
Dena dela, kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.
2.2.- Bilerarako deiak Batzordeko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta bertan zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdietan.
Aztergaiei buruzko dokumentazioa kide guztiei bidaliko zaie deialdiarekin batera.
2.3.- Edonola ere, aztergaiak zehatz jasoko dira deialdian. Bilera baino 24 ordu lehenago aurkeztuko balitz batzordeko kideen % 10ek gutxienez sinatutako eskari bat aztergairen bat gehitzeko aztergaien zerrendari, halaxe egin beharko da. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu, baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.
2.4.- Batzordeak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako toki fisikoetan eman beharko da argitara deialdia, batzordeko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
3.- Kide izatea eta leku hutsak betetzea.
3.1.- Kalitate Batzordeko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. UPV/EHUko Estatutuetan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari. Bileretara behin eta berriro huts egitetzat joko da ikasturtean hiru bilerara ez joatea ezin etorria arrazoitu barik.
3.2.- Organoa behin eratuta, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko saileko ordezkoek beteko dituzte.
4.- Kalitate Batzordeko kideen eskubideak eta betebeharrak.
4.1.- Kalitate Batzordeko kideek batzordeko bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta esleitutako eginkizunak betetzekoa. Bileretara joanez gero, batzordeko kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.
4.2.- Kalitate Batzordeko kideek beren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazioa eta informazioa eskuratu ahal izango dituzte Kalitate Batzordeko buruari idatziz eskatu ondoren. Presidenteak 3 eguneko epean, gehienez ere, eskaini beharko du eskatutako informazioa, beti ere gaiaren premiatasunak epe laburragorik eskatzen ez badu.
5.- Kalitate Batzordea eratzea.
5.1.- Kalitate Batzordea balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean utzitako tartea hamabost minutukoa izango da. Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.
5.2.- Botoa pertsonala eta eskuordeezina da.
5.3.- Batzordea bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da bozketa guztietan.
6.- Bileren nondik norakoak.
6.1.- Kalitate Batzordeko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.
6.2.- Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, Kalitate Batzordeak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.
6.3.- Beharrezko jotzen badu, batzordeko buruak gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezake, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.
6.4.- Kalitate Batzordeko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.
6.5.- Egoki deritzatenean, Kalitate Batzordeko buruak kide ez diren pertsonak gonbida ditzakete bileretara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman diezaioten Kalitate Batzordeari. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.
7.- Botazioa.
7.1.- Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar da, Estatutuek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik.
Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.
7.2.- Botazioa isilpekoa izango da Kalitate Batzordeko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.
7.3.- Aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango Kalitate Batzordeak hartutako erabakietan. Halaber, abstenitzen direnak erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto txartela emango dio batzordeko idazkariari botazioko unean eta, txartelarekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.
8.- Bileretako aktak.
8.1.- Idazkariak bileretako akta egin behar du. Akta hurrengo bileran onartu behar da, eta haren zirriborroa bilera horretako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta batzordeko buruak ontzat eman beharko du.
8.2.- Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.
8.3.- Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, Kalitate Batzordeko kideek hala eskatzen badute. Kalitate Batzordeko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esaten dion epean.
8.4.- Kalitate Batzordeko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.
8.5.- Kalitate Batzordea aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie Kalitate Batzordeko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman haien edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, Kalitate Batzorde aldatuak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.
8.6.- Aktak onartu ondoren jendaurrean jarriko dira, pertsonen nortasuna babestuta, hamar egunean informazio instituzionalerako erabiltzen den iragarki oholean. Gero batzordeko idazkaritzan artxibatuko dira eta hor geratuko dira eskolako kideen esku, kontsultatu nahi balituzte.
9.- Erabakiak argitaratzea.
9.1.- Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.
9.2.- Kalitate Batzordeko idazkariak argitaratuko ditu hartutako erabakiak hiru egun balioduneko epean, gehienez ere, ohiko lekuan, eta betiere pertsonen intimitatea behar bezala babestuta.
9.3.- Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Batzordea berritu behar denean kideen erdiak baino ez dira aldatuko. Lehen aldiz, sortzen denetik lau urtera berrituko da; handik aurrera bi urterik behin.
Batzordeko berezko kideak dira: zuzendaria, Kalitateko zuzendariordea, idazkari akademikoa, titulazioko koordinatzaileak eta AZPkoen ordezkaria.
Bigarrena.- Batzordeko kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.
Era berean, batzordeak datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diote datu pertsonalak babesteko arauei.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.
RSS