Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2011ko martxoaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
1784

EBAZPENA, 2011ko otsailaren 11koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitekoa eta Etxebarrin J.L. French Ansola SRL sozietatearen instalazioa handitzeko proiektuari ingurumen-baimen integratua ematekoa. Proiektu horretan planteatzen da galdaketa-dorre bat, mantentze-labe bat eta injekzio-makina bat jartzea.

GERTAKARIAK

2009ko urtarrilaren 12an, J.L. French Ansola SRL sozietateak proiektuaren hasierako dokumentua bidali zion ingurumen-organoari, eta horrenbestez eskatu zuen aluminioa galdatzeko Etxebarriko lantegia handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura izapidetzen hastea, bai otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurumena babesteko lege orokorrak, bai urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Lege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duenak, xedatutakoari jarraiki.

2009ko urtarrilaren 15ean, Ingurumenaren Plangintza, Ebaluazio eta Kontrolerako Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien txostena egitea, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabaltasuna eta zehaztasun-maila erabakitzeko. Zehazki, Etxebarriko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailari eta Uraren Euskal Agentziari eskatu zien txostena.

2009ko maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Plangintza, Ebaluazio eta Kontrolerako Zuzendaritzak txostena egin zuen, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabaltasuna eta zehaztasun-maila xedatuz.

2009ko urriaren 15ean J.L. French Ansola SRL sozietateak aurkeztu zuen aluminioa galdatzeko Etxebarriko planta handitzeko proiektuari eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko dokumentazioa, zegokion ingurumen-baimen integratua lortzeko, bai kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian bai ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraiki.

2009ko azaroaren 17an eta 2010eko uztailaren 9an, ingurumenaren ardura duen organoak eskatu zion sustatzaileari beste agiri batzuk aurkez zitzala; horrenbestez, espedientea 2010eko uztailaren 19an osatu zen.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ostean, Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko irailaren 17ko Ebazpenaren bidez, J.L. French Ansola SRL sozietateak sustatutako proiektua 30 egun baliodunez jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horrenbestez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2010eko urriaren 8an. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan jarri zen iragarkia 2010eko urriaren 24an, eta auzoko mugakideei jakinarazpen pertsonala bidali zitzaien. Halaber, espedientean formatu elektronikoan jasota zegoen oinarrizko dokumentazioa herritarren esku jarri zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean.

Jendaurreko informazioaren izapidea bete ondoren, alegaziorik ez zela aurkeztu egiaztatu zen.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, 2010eko azaroaren 17an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzak txostena eskatu zien Etxebarriko Udalari eta Bizkaiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun eta Kontsumo Sailari, eta Uraren Euskal Agentziari. Espedientean jaso da txosten horien emaitza.

2011ko urtarrilaren 24an, espediente guztia J.L. French Ansola SRLren esku jarri da, uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, 20. artikuluan xedatutakoari jarraiki. Eta, espedientearekin batera, haren esku jarri da Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak prestatutako ebazpen-proposamenaren lehen idatzaldia.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatu ez arren, lege horren ezarpen-esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen diren eta jarduera horrekin zerikusia duten ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumen-arloko baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. Baimen honen oinarrizko helburua, 11. artikuluaren arabera, arauaren ezarpen-eremuko instalazio guztietan araua betetzen dela bermatzeko behar diren baldintza guztiak ezartzea da; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinazioa bermatuko duen prozedura bat erabiliko da, izapideak erraztu eta herritarren kargak gutxitzearren. Era berean, administrazio-egintza bakar batean bildu nahi dira indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumen-baimen guztiak. J.L. French Ansola SRL sozietatearen kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakinak sortzeko baimena, saneamendu-sare nagusira isurtzekoa, atmosferara isurtzekoa eta, ingurumen-arloko beste zehaztapen batzuen artean, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkion baimenak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak eginez.

Aipatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-arloko baimen integratua emateko prozedurak jarduera sailkatuen udal-baimena emateko prozedura ordeztuko du, udal-agintarien behin betiko ebazpena izan ezik. Ondorio horietarako, ingurumen-arloko baimen integratua loteslea da udal-agintarientzat, baimenak ukatzea edo neurri zuzentzaileak ezartzea baldin badakar, bai eta 16/2002 Legearen 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei dagokienez ere. Aipatutako 29. artikulu horretan adierazten da aurrez xedatutakoak ez diela kalterik egiten jarduera sailkatuei buruzko arau autonomiko aplikagarriei, eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera sailkatuen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean araututa dago. Aipatutako aginduak aplikatuz, J.L. French Ansola SRL sozietateari ingurumen-arloko baimen integratua emateko prozedurak otsailaren 27ko 3/1998 Legean horretarako ezarritako izapide guztiak bete ditu, eta Etxebarriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak eta Osasun eta Kontsumo Sailak eta Uraren Euskal Agentziak egindako txostenak erantsi zaizkio (emaitza espedientean dago).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazioaren prozedura bete behar dute nahitaez, Legearen 1. eranskinean jasota egonik, Euskal Autonomia Erkidegoan egin nahi diren plan eta proiektu publiko zein pribatuek, eta prozedura amaitzeko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egingo da, aipatutako proiektuak gauzatzeko edo baimentzeko administrazio-ebazpena eman aurretik.

Era berean, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoa betez, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduketak eta araudi autonomikoan ingurumen-eragina ebaluatzeko aurreikusitako beste figura batzuk ingurumeneko baimen integratua emateko prozeduran barne hartu ahal izateko, hala exijitu behar denean eta horren eskumena Autonomia Erkidegoak duenean.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legean jasotako aurreikuspenak betez, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduketak modu eraginkorrean ingurumeneko baimen bateratuaren prozeduran barne hartzera bideratutako neurriak hartu ditu. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta uztailaren 1eko 16/2002 Legean jasotako ingurumen arloko manuen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Integrazio horrek bere isla du ingurumeneko baimen integratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balorazio globalean. Proposamenean bezala, ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesua. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egiten du bere lehenengo atalean, eta, ingurumen-ondorioetarako soilik, aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela aipatzen du; proiektua zein baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, uztailaren 1eko 16/2002 Legea aplikatuz ezarriko zaizkion neurri zuzentzaileekin bat etorriz.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak ezarri eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babeste aldera ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehaztearren, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira eskura diren teknika onenen erabilera eta aplika dakiokeen legeria sektorialean ezarritako neurriak eta baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen agiri hauen edukiak hartu dira kontuan: 2005eko maiatzeko «Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry» agiria, eta 2006ko uztaileko «Reference Document on Best Available Techniques for Emissions from Storage» agiria, eta 2001eko abenduko «Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems» agiria.

Espedientean eragina duten txostenak aztertu ondoren, Ebazpen Proposamena sinatu zen, eta horri J.L. French Ansola SRL sozietateak sustaturiko proiektuari aplikagarri zaizkion baldintzak gehitu zitzaizkion.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Kontuan hartu da organo hau eskumenduna dela ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko eta ingurumen-arloko baimen integratua emateko, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan ezarritakoa betez.

Horrenbestez, honako dokumentu hauek ikusita: 2011ko urtarrilaren 24ko Ebazpena, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailarena; otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Herriko ingurumena babesteko lege orokorra; uztailaren 1eko 16/2002 Legea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa; urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Lege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duena; irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko araudia onesten duena; abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, herri-administrazioen araubide juridikoarena eta administrazio-prozedura erkidearena; eta aplikatu beharreko gainerako araudiak aintzat hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, eta horrenbestez J.L. French Ansola SRL sozietatearen Etxebarriko instalazioak handitzeko galdaketa-dorre bat, mantentze-labe bat eta injekzio-makina bat jartzeko proiektuaren aldeko adierazpena ematea.

Bigarrena.- J.L. French Ansola SRL sozietateari (sozietatearen helbidea Etxebarriko udal-barrutiko Galartza Industrialdeko 1. zenbakian du, eta, IFK, B-48966154 du) ingurumen-baimen integratua ematea aluminioa galdatzeko Etxebarriko lantegia handitzeko proiekturako; alegia, galdatze-dorre bat, mantentze-labe bat eta injekzio-makina bat jartzea planteatzen duen proiekturako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko 2.5.b) kategorian sartuta dago jarduera, «20 t/eguneko baino galdatze-ahalmen handiagoa duten metal ez-ferrosoak galdatzeko instalazioak» kategorian. J.L. French Ansola SRL sozietateak Etxebarriko udalerrian gauzatzen duen aluminio injektatuzko galdaketa-piezak fabrikatzeko jardueran funtsezko aldaketa dakar horrek.

J.L. French Ansola SRLren jarduera da aluminiozko piezak egitea, presio-injekzio bidez, eta gero pieza horiek mekanizatzea, automobil-industrian erabiltzeko, batez ere, baita etxetresna elektrikoen sektorean ere.

Prozesu horretan, bi fase edo ildo nagusi bereizten dira:

- Aluminioa urtzea eta ondoren presio-injekzioaren bidez moldekatzea.

- Piezak mekanizatzeko eta bukatzeko operazioak.

Proiektatutako handitzean aurreikusten da galdatze-dorre berri bat, mantentze-labe bat eta injekzio-zelula berri bat jartzea. Hona hemen deskribapen labur bat da:

1.- Galdatze-dorre eta mantentze-labe berriak:

Gaur egungo galdatze-dorrea gas naturalaz elikatzen da, eta 600-700 ºC-tan urtzen du metala; gero, urtutako metal hori mantentze-labe batera pasatzen da. Gainera, badaude beste hiru labe txikiago, lingoteak urtzeko eta beharrezkoak diren beste metal-konposizio batzuk mantentzeko.

Handitzeak aurreikusten du galdatze-dorre berri bat eta mantentze-labe berri bat jartzea. Instalazioak honela funtzionatuko du:

- Galdatze-dorrea kargatzaile elektromekaniko baten bidez beteko da.

- Urtutako aluminioa mantentze-labe berrian sartuko da, erreten baten bidez.

- Urtutako aluminioa mantentze-labean jarri ostean, galda gordeko da, isurtzeko garaia iritsi arte (orduan labea irauliko da).

- Mantentzeko labe hori galdatzeko ere izan daiteke, behar izanez gero (esate baterako, galdari beste zerbait gehitu behar zaionean).

2.- Injekzio-zelula berria:

Gaur egun, 26 injekzio-zelula daude (8 «lantegi berria» esaten zaion lantegian, eta 18 «lantegi zaharra» esaten zion lantegian).

Handitzeak aurreikusten du injekzio-zelula berri bat jartzea (horrenbestez, 27 injekzio-zelula izango dira guztira). Injekzio-zelula berria lehengoen antzekoa da, eta elementu hauek ditu:

- Mantentze-labea.

- Kargatzailea.

- Robota.

- Injekzio-makina.

- Prentsa.

Honela funtzionatzen du:

- Urtutako aluminioa gordetzen da zelula bakoitzak duen mantentze-labean (tenperatura egokienean egon dadin).

- Labetik, kargatzaile baten bidez, edukiontzia betetzen da; eta handik, pistoi batek eragindako bulkadaren bitartez, aluminioa presiopean sartzen da moldearen barruan.

- Aluminioa solidotzen da kontrolatutako hoztearen bidez; eta, horrenbestez, beharrezko geometria duen pieza lortzen da.

Gaur egungo instalazioak 25.000 t/urteko urtzeko gaitasuna du; eta, instalazio berriekin, 45.000 t/urteko urtzeko aukera izango da. Gaur egun, 18.000 t/urteko galdatzeko gaitasuna du instalazioak; eta, injekzio-zelula berriarekin, 20.000 t/urteko galdatzeko aukera izango da. Mekanizatzeko gaitasuna ez da aldatuko: 9.000 t/urteko.

Lantegian energia-baliabide hauek erabiltzen dira: indar elektrikoa makinetarako eta argietarako; gas naturala urketa-labeetarako, labe mantentze-labeetarako eta berokuntza-sistemarako; eta gasolioa barne-garraiorako orgetarako. Aurreikusitako handitzearekin, indar elektrikoaren eta gasaren kontsumoak % 10 egingo du gora, gutxi gorabehera.

Ura erabiliko da, bai erabilera sanitarioetarako, bai industria-erabileretarako. Aurreikusten da handitzearekin uraren kontsumoak % 7 egingo duela gora, galdaketa-dorre berriak sortuko dituen zepak hozteko eta injekzio-zelula berria hozteko beharko den ura kontuan hartuta.

Sortzen diren likido industrial efluenteak dira hozte-zirkuituak garbitzeko urak (isurketa bereziak egiten dira, neutralizazio-prozesu baten ondoren) eta desmoldekatzailearekiko uraren zirkuitutik, bibradore leuntzaileetatik eta mekanizazio-zentroetako garbigailuetatik datozenak. Handitzeak ekarriko du desmoldekatzailearekiko uraren zirkuitutik datorren efluentearen gorakada txiki bat (26 injekzio-zelula izan ordez, 27 izango direlako), eta egungo arazte-sistemak arazorik gabe bideratuko ditu.

Industria-isurketetarako araztegi fisiko-kimikoa dauka, koagulazio-malutatzean oinarritua, 5 m3/orduko arazteko gaitasuna duena. Olio flotatzaileak bereizteko aldez aurreko tratamendua dauka (skimmer), baita koagulazioa, neutralizazioa (pHa sodaren bidez orekatzea), malutatzea (polielektrolito anionikoa), flotazioa (DAF aeroflotazioa), geruza anitzeko zolan filtratzea, eta lohia tratatzea (loditzea eta prentsa-iragazkian deshidratatzea) eragiten duten sistemak ere.

Sare bereiziak daude efluente-mota bakoitzarentzat: ur sanitarioentzat, euri-urentzat eta industria-prozesuan erabilitako urentzat. Euri-urak zuzenean isurtzen dira Urko ibaiaren ibilguan (Artibairen ibaiadarra). Ur sanitario eta industrialak udal-kolektorean isurtzen dira zenbait puntutan.

Instalazioak handitzeak honako aldaketa hauek dakartza atmosferara isurtzeko fokuetan:

- Galdatze-dorre berrian eta mantentze-labe berrian sortuko diren isuri atmosferikoak kanporatuko dira egungo fokuaren bidez. Foku horri «F-5 galdatze-dorrea eta 6 zenbakiko labea» esaten zaio, eta aldez aurreko bereizgailu ziklonikoaren bidezko filtrazioa eta manga-irazgailua ditu.

- Injekzio-makina berrian sortuko diren isuri atmosferikoak kanporatuko dira isuri-foku berri baten bidez: «F16. 132 zenbakiko marina»). Makina berri horri bilketa- eta iragazte-sistema bat jarri diote (kasete-iragazkia).

Horrenbestez, lantegiak 13 isuri-foku izango ditu guztira. Galdatze-dorreei eta mantentze-labeei (lehengoei eta berriei) dagokien foku bat; lingoteak urtzeko labeei dagozkien hiru foku, lehen ere bazeudenak; injekzio-makinei dagozkien zortzi foku (injekzio-makina berriaren foku berria barne hartuta); eta moldeak garbitzeko upela xurgatzeari dagokion foku bat, lehen ere bazegoena. Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko maiatzaren 10eko Ebazpenaren ondorioz, 5 zenbakiko fokua («F8-3 zenbakiko labea» esaten zaiona) desklasifikatu da, foku ez-sistematikotzat hartu baita.

Hondakin arriskutsuak sortzen dituzten prozesuak hauek dira: urtzea, gas efluenteak araztea, hondakin-urak tratatzea eta zerbitzu orokorrak (handitzearen aurretik zeuden berdinak).

Handitze-lanak egin ondoren hondakin arriskutsu berberak sortzen dira, eta urtean sortutako kopurua handiagoa izatea baino ez da aurreikusten. Ez da aurreikusten aldaketarik arriskutsuak ez diren hondakinen produkzioan.

Besteak beste, proiektuak honako neurri hauek biltzen ditu, eskura diren teknika onenentzat jo daitezkeenak: lehengaiak biltzea (txatarra, lingoteak eta itzuliak) aterpean eta iragazgaiztutako zoruan; piezek isurbideetan utzitako hondakinak % 100 birziklatzea; urtze-dorre eta -labeetan kanpai bidez xurgatutakoa tximinia bidez kanporatzea; keak iragazteko sistema bat urtze-dorrerako eta mantentze-laberako; presio handiko injekzioa, uraren eta desmoldekatzailearen kontsumoa ahalik eta gehien gutxitzeko; injekzio-makinetako lurrunak xurgatzea eta iragaztea; hondakin-urak araztea eta lokatzak prentsa-iragazkian deshidratatzea.

Hirugarrena.- J.L. French Ansola SRL sozietatearen Etxebarriko instalazioa handitzeko proiektua, galdaketa-dorre berria, mantentze-labea eta injekzio-makina jartzea aurreikusten duena, gauzatzeko baldintza hauek jartzea.

A) Administrazioarekiko harremanetarako arduradunari buruz emandako datuek edonolako aldaketa izanez gero, J.L. French Ansola SRL sozietateak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio.

B) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluak ezartzen duen epea bi urtekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik kontatzen hasita. Ondorio horietarako, sustatzaileak proiektua gauzatzen hasteko aurreikusitako data jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gutxienez hilabete lehenago.

C) Proiektua gauzatzeko baldintza orokorrak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala gauzatuko dira, indarrean dagoen araudia eta ondorengo ataletan ezarritakoa betez. Neurri horiek eta ingurumen-arloko baimen integratu honetan jasotakoak elkarren osagarri izango dira.

Proiektua gauzatzeko aurreikusitako aurrekontua eta baldintza-agiria osatu egin behar dira, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko obra-unitateekin eta prezioekin.

C.1.- Instalazioa eraikitzeko baldintzak.

C.1.1.- Jarduketa-eremua mugatzea.

a) Eraikuntzarekin lotutako jarduketa guztiak, hala nola makineria-parkea eta materialak biltzeko guneak eta obra-hondakinak aldi batez biltzeko guneak, industria horren lur-zatiaren barruan kokatuko dira.

b) Aipatutako leku horretatik kanpo halabeharrezko eraginak izanez gero, eragina zuzentzeko eta bere oneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira.

c) Kontratistak egokitu egin beharko ditu makineria-parkea eta obra-materialak aldi batez biltzeko gunea, obra egin bitartean gauzatzen diren jarduera batzuek eta besteek eragiten dituzten ingurumen-inpaktuak ahalik eta gehien gutxitzeko.

C.1.2.- Azaleko urak babesteko neurriak.

Eraikuntzaren aldian, isurketak dakartzaten istripuetan ingurumenera kutsagarriak barreia ez daitezen behar diren babes-neurriak ezarriko dira. Ezarritako gailuetan bildutako efluenteak aplikatzekoa den araudiaren arabera kudeatuko dira, efluente horien izaerari jarraituz.

C.1.3.- Hauts gutxiago altxatzeko neurriak.

Obrek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak pasatzeko bideen eta bestelako eremuen garbiketa-lanak, bai obren eraginpeko aldean, bai obra-gunerako sarbideetan.

C.1.4.- Zaratak, dardarak eta horien ondoriozko efektuak gutxitzeko neurriak.

Zonifikazio akustikoaren, kalitate helburuen eta emisio akustikoen esparruan Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraituz, obra-fasean erabilitako makinek nahitaez bete behar dute kanpoan lan egiten duten makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen legeria eta, zehazki, aplikagarri zaienean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, zeinaren bitartez kanpoan erabiltzen diren hainbat makinek ingurura igortzen dituzten zaratak arautzen baitira, eta arau osagarriak.

C.1.5.- Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa lanetako soberakinak.

b) Obran sortutako hondakin guztiak, horien balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, hondakin-balioztatzaile behar bezala baimendu bati igorri beharko zaizkio. Teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik ezabatu ahal izango dira hondakinak.

c) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa hartuko da aintzat. Horren haritik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko azterlan bat bildu beharko da eraikuntza-proiektura, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu horren 4.1.a) artikuluan ezarritako edukiarekin.

d) Zabortegira eramateko hondakinak, gainera, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta hondakinak zabortegian utzita ezabatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraiki kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira, 2002ko abenduaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera, 1999/31/EE Zuzentarauaren 16. artikuluaren eta II. eranskinari jarraiki hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dituenaren arabera.

e) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrun ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziak etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideetan oinarritutakoa.

f) J.L. French Ansola SRL sozietateak kudeatu egin beharko du sortutako olio erabilia, betiere industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuaren arabera.

g) Hondakinen kudeaketari buruzko araudia betetzeko xedez, lan batzuetan eta besteetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Sistema horiek lan horien arduradunek kudeatuko dituzte, langileek sistemak zuzen erabiltzen dituztelako ardura izango baitute. Zehazki, inoiz ez dira hondakinak erreko, ezta erregaiak eta produktuak biltzetik nahiz makinak mantentzetik sortzen diren efluente kontrolatugaberik isuriko ere.

Aurrekoaren arabera, berariazko gune bat atonduko da eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako bilduko dituzten instalazio estaliak. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumeneko jarraipena jasoko duen txosten bat egin beharko da, eta txosten horrek, indarrean dagoen legeriak jasotzen dituen hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako agiriak izan beharko ditu.

C.1.6.- Obraren garbiketa eta akabera.

Obra amaitu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat burutuko da, eta proiektuaren eragin-eremua obra-soberakinez guztiz garbi geratu beharko da.

C.1.7.- Obra-jardun onaren controla.

Lan-jardun onen kontrola egingo da obrak egin bitartean, eta arreta berezia jarriko zaie hondakinen kudeaketari, hautsaren eta zarataren produkzioari eta ebazpenean aipatutako beste alderdi batzuei.

C.1.8.- Obraren amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko du Ingurumen Sailburuordetza honetara. Txosten horretan, obrak egin ahala sortutako gorabeheren berri emango da eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean eta ebazpen honetan jasotako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak noraino bete diren adieraziko da.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua garatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen-arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta hondakinen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, zenbaketari eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

C.2.- Instalazioaren funtzionamendurako baldintzak.

C.2.1.- Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.1.1.- Baldintza orokorrak.

J.L. French Ansola SRL sozietatearen aluminioa injekzioz galdatzeko lantegia handitzeko proiektuari lotutako instalazioak ustiatuko dira atmosferarako emisioei dagokienez ebazpen honetan ezarrita dauden muga-balioak gainditu gabe.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, isurketa horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren, hala badagokio.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango gai kutsatzaileak mugarik gabe isuri eta horiek biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabeko isurien probabilitatea ahalik eta gehien murrizteko, eta isuritako efluenteak giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei modu eraginkorrean aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

C.2.1.2.- Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Aluminioa galdatzeko plantaren instalazioak handitzeko proiektuak honako foku hauek ezartzea eta/edo aldatzea dakar (atmosfera babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuak):

Foku zk Foku-kodea Isurpen-fokuaren izena Altuera (m) Barne-diametroa (m) Katalogazioa UTM koordenatuak

Taldea X Y

2 48001498-02 F5.- Galdatze-dorre bi lehendik zegoena eta berria) + 6. labea (lehendik zegoena) + mantentze-labe berria 15 2,20 B 542.209 4.789.403

13 48001498-13 F16 - 132 Makina 15 0,73 C 542.139 4.789.382

C.2.1.3.- Isurtzeko muga-balioak.

Lantegia ustiatzean, handitzearen ondorioz foku aldatuetatik eta foku berrietatik atmosferara egiten diren isuriek ez dituzte igorpenen balio-muga hauek gainditu behar:

Foku zk. Isurpen-fokuaren izena Substantziak Isurtzeko muga-balioak

2 F5.- Galdatze-dorre bi (lehendik zegoena eta berria) + 6. labea (lehendik zegoena) + mantentze-labe berria Partikulak guztira (mg/Nm3) 20

Karbono monoxidoa (CO) (mg/Nm3) 150

Nitrogeno oxidoak (NOx) (mg/Nm3) 120

Sufre dioxidoa (SO2) 130

Karbono organikoa guztira (KOG) (mg/Nm3) 50

Cl (HCl eta Cl2) eta (mg/Nm3)ren arteko batuketa gisa 30

13 F16 - 132 Makina Partikulak guztira (mg/Nm3) 20

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauzko aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), zortzi orduz neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa onartuko da kasuen % 25etan muga-balioa gehienez ere % 40 gainditzea. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi horretako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an, gehienez onar daitezkeen mailak gehienez ere % 25 gainditzea onartuko da. Tolerantzia horiek gorabehera, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eragin-eremuko immisio-mailek ezin izango dituzte inoiz higiene aldetik onargarriak diren balioak gainditu.

C.2.1.4.- Gasak bildu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniek ez dute ebazpen honen C.2.1.2 atalean jasota dagoen gorengo kota baino baxuagoa izango. Tximinietan behar beste neurri ezarriko dira, industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurre hartu eta zuzentzeari buruz 1976ko urriaren 18an Industria Ministerioak emandako Agindua betetzearren; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte.

Bereziki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, edozein laginketa-puntutik gas-fluxuaren edozein asaldurara dauden distantziek, neurketa-puntua baino lehen, fluxuaren noranzkoa eta kontrako noranzkoa kontuan hartuta (L1 eta L2 parametroak), 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakora egokitu behar dute. L1 e" 8D eta L2 e" 2D distantziak betetzen ez dituzten fokuetarako ez dira inoiz onartuko L1 < 2D eta L2 < 0,5D baloreak. Kasu horietan, laginketa-planoak balio duela egiaztatu behar izango da neurketen txostenean.

Isurketa barreiatuak murrizte aldera, isurketak biltzeko, husteko eta arazteko sistema guztien mantentze-lan zuzenak egingo dira. Gainera, instalazioak egunero eta astero garbituko dira, kanpoko ateak eta nabea oro har itxi egingo dira, eta igorpen horiek minimizatzeko beste jarduera batzuk ere egingo dira. Aipatutako informazio guztia agiri honen E.3 ataleko mantentze-lan prebentiboen eskuliburuan jaso eta erregistratuko da.

C.2.2.- Saneamendu-sare nagusira isurtzeko baldintzak.

C.2.2.1.- Isurketen jatorria eta kokapena.

Lantegiaren handitzeak ur desmoldekatzailedunaren zirkuitutik datorren efluentearen gehitze txiki bat ekarriko du, injekzio-zelula berri bat ezartzeak eraginda. Jarioen eta isurketa-guneen identifikazioa ez da aldatzen.

C.2.2.2.- Gehienezko isurketa-emariak eta -bolumenak.

Lehenbiziko isurketa-gunea: Injekzio-zelula berria ezarri ondoren, urteko bolumena 235 m3-tan handituko dela aurreikusten da.

Urteko gehienezko bolumena 6.339 m3

C.2.2.3.- Isurtzeko muga-balioak.

Azken isurketak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera doazen isurketei buruzko Erregelamenduan ageri diren mugak eta baldintzak bete beharko ditu, erakunde horrek aintzat har ditzakeen zehaztapen, aldaketa eta salbuespenekin.

Ezin izango da diluzio-teknikarik erabili emisioaren muga-balioetara iristeko.

C.2.3.- Instalazioan sortutako hondakinak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

C.2.3.1.- Baldintza orokorrak.

a) Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplika dakiekeen berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinen ezaugarriak zehaztu egin beharko dira, zer-nolakoak diren definitzeko eta helburu egokiena erabakitzeko.

b) Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta hondakinak bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa saihesteko.

c) Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu behar da, eta horretarako balioztatzaile baimendu baten esku utzi behar da. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, soilik baldin eta horiek balioztatzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioztatzeko beste modu material edo energetikoen aurretik.

d) Era berean, hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude Euskal Autonomia Erkidegoan, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

e) Hondakinen azken erabilera zabortegian ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakinen ezaugarriak zehazteko Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakian (hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak zabortegian bilduz ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraituko zaio.

f) Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, hondakinak biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da, eta, horretarako, behar izanez gero, estali egingo da.

g) Hondakinak desagertu, galdu edo ihes ateratzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari, bai Etxebarriko Udalari.

C.2.3.2.- Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak deklaratutako hondakin arriskutsuak aluminio injektatuzko galdaketa-jardueraren ingurumen-arloko baimen integratuan jasotako berberak dira (Ingurumen sailburuordearen 2010eko maiatzaren 10eko Ebazpena, J.L. French Ansola SRL sozietateari Etxebarriko udalerrian aluminio injektatuzko galdaketa-piezak fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen integratua aldatu eta eraginkor egiten duena).

Horretarako, sortutako hondakinak kudeatzeko, J.L. French Ansola SRL sozietateari Etxebarriko udalerrian aluminio injektatuzko galdaketa-piezak fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratuan jasotako baldintzei jarraituko zaie.

Ondoren, lantegia handitzearen ondoren jarduera osoan urteko zein kantitate sortzea aurreikusten den adierazten da:

Hondakina identifikatzea Urtean sortutako kantitatea

1. prozesua - 1. hondakina Aluminio-zepak (LER 10 03 09) 2.024 t

1. prozesua - 2. hondakina Arragoadun labea. Material erregogorra (LER 16 11 03) 20 t

2. prozesua - 1. hondakina Gas-xurgatzeak eragindako hautsa (LER 10 03 19) 240 t

2. prozesua - 2. hondakina Ke-arazkailuaren mahuka-iragazkiak (LER 15 02 02) 60 t

3. prozesua - 1. hondakina Prentsaren iragazki-opila eta zentrifugazio-hondakinak (LER 19 08 13) 41 t

4. prozesua - 1. hondakina Erabilitako olioa (LER 13 05 06) 200 t

4. prozesua - 2. hondakina Olio-emultsioa (LER 13 05 06) 300 t

4. prozesua - 3. hondakina Olio-iragazkiak (LER 15 02 02) Unean unekoa

4. prozesua - 4. hondakina Hodi fluoreszenteak (LER 20 01 21) 50 kg.

4. prozesua - 5. hondakina Ekipo elektriko eta elektronikoak (LER 16 02 13) Unean unekoa

4. prozesua - 6. hondakina Gai arriskutsuak eduki dituzten ontzi metalikoak (LER 15 01 10) Unean unekoa

4. prozesua - 7. hondakina Substantzia arriskutsuak eduki dituzten plastikozko ontziak (LER 15 01 10) 36 kg

4. prozesua - 8. hondakina Aerosolak (LER 16 05 04) Unean unekoa

4. prozesua - 9. hondakina Gai solido kutsagarriak-Ehunkiak (LER 15 02 02) 10 t

4. prozesua - 10. hondakina Pilak eta bateriak (LER 20 01 33) 50 kg

4. prozesua - 11. hondakina Disolbatzaile organiko ez halogenatua (14 06 03) 220 l

Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzerakoan jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuek, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Hondakina zein motatakoa den eta zein osagai arriskutsu dituen (ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasoa) definitzen dute, bai eta hondakina zein jarduera eta zein prozesuk sortzen duten ere (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasoa). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela eta bai Hondakinak Kudeatzeko Erkidegoko Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko II. Programan (2007-2010) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa Organo honek onartu beharko du, eta aurrez dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin beharko du. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, baldin eta ordura arte berreskurapena edo balioztatzea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balidatzeko eskatzen bada.

C.2.4.- Lurzoruaren babesaren inguruko baldintzak.

J.L. French Ansola SRL sozietateak bete egingo ditu urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan (lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta kutsatutako lurzoru deklaratzeko irizpide eta estandarrak ezartzen dituena) eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean (lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako betebeharrak, batez ere, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hasteari dagokionez, aipatutako otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17. artikuluan adierazitako gorabeheretako bat gertatzen denean. Halaber, ebazpen honetako E.3 atalean jasotako neurriak (prebentzioari eta ezohiko funtzionamendua izanez gero jardun beharreko moduari dagozkionak) aplikatu beharko ditu, bai eta ebazpen honetako C.2.3.1 atalean jasotako neurriak ere (hondakinen biltegiratzeari dagozkionak).

Gainera, instalazioa abian jarri ondoren, edozein arrazoirengatik lurzoruak induskatzea eragingo duten obrak aurreikusten direnean, induskatu behar diren materialen ezaugarriak zehaztu behar dira, sor daitekeen kutsaduraren ondorioak prebenitzeko eta material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehazteko. Material horiek atera aurretik, ezaugarriak zehaztearen emaitzak eta aurreikusitako erabilera zehatza Ingurumen Sailburuordetzara igorri behar dira, onar ditzan. Azterketa eta onarpena, hala badagokio, ebazpen honetako G atalean jasotako aldaketa-araubidearen esparruan egingo dira.

C.2.5.- Zarataren inguruko baldintzak.

J.L. French Ansola SRL sozietateak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu instalazioak ez ditzan eragin kanpoko ingurumenean azaroaren 17ko Zarataren 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko III. eranskineko B1 taulan muga-balio gisa ezarritakoak baino zarata-maila handiagoak (zonakatze akustikoari eta kalitatearen eta emisio akustikoen helburuei dagozkien arloetan garatzen du legea, betiere helburu horiek arau horren IV. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera ebaluatuz). Honako hauek dira ezarritako mugak:

Eremu akustiko mota Zarataren adierazleak

Lk,d (eguna) Lk,e (arratsaldea) Lk,n (gaua)

e) Lurraldean gehienbat osasun, irakaskuntza eta kulturarako erabilera duten eta kutsadura akustikoaren aurkako babes berezia behar duten sektoreak. 50 50 40

a) Lurraldean gehienbat bizitegi-erabilera duten sektoreak. 55 55 45

d) Lurraldean gehienbat hirugarren sektoreko lurzoruak dituzten sektoreak, c) atalean adierazitakoez bestekoak. 60 60 50

c) Lurraldean gehienbat jolas eta ikuskizunerako erabilera duten sektoreak. 63 63 53

b) Lurraldean gehienbat industria-erabilera duten sektoreak. 65 65 55

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabileraren arabera, instalazioak ezingo du III. eranskineko B2 taulan ezarritako muga-balioak (aipatutako urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatutakoak) baino zarata-maila handiagoa transmititu horietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da, aipatutako IV. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako hau betetzen dutenean:

- Urteko batez bestekoek ez dituzte gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.

- Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.

- Lkeq, Ti adierazlean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-tan gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

D.1.- Isuri atmosferikoak kontrolatzea.

a) J.L French Ansola SRL sozietateak foku berrien eta handitzearen ondorioz aldatutako fokuen isurketak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

Foku zk. Gune-kodea Isurketa-fokuaren izena Neurtu beharreko parametroak Kontrolen maiztasuna

2 48001498-02 F5.- Galdatze-dorre bi (lehendik zegoena eta berria) + 6. labea (lehendik zegoena) + mantentze-labe berria Partikulak guztira (PG)

Karbono monoxidoa (CO)

Nitrogeno oxidoak (NOx)

Sufre dioxidoa (SO2)

Karbono Organikoa Guztira (KOG)

Cl (HCl eta Cl2ren arteko batuketa gisa

Dioxinak eta furanoak Urtero

13 48001498-13 F16 132. MakinaF16 - 132 Makina Partikulak guztira (PT)

Karbono Organikoa Guztira (KOG) 5 urtetik behin

b) Aurreko atalean aipatutako neurketa guztiak baimendutako kontrol erakunde (BKE) batek egin beharko ditu, eta aldizkako kontrol horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

Arestian eskatutako parametro guztien neurketen ENB txostenak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira.

c) Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motatako gorabeherak, etab. Dokumentazio horrek eguneratuta egon beharko du, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskatzen badute, eskuragarri izango dute gutxienez 5 urtez.

D.2.- Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

Sustatzaileak isurketa-parametroen urteroko jarraipena egingo du Etxebarriko udalerriko J.L. French Ansola SRL sozietatearen aluminio injektatuzko galdaketa-piezak fabrikatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratuan ezarritakoari jarraituz (Ingurumen sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko ebazpenean xedatutakoaren arabera).

D.3.- Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak, jarduerak ingurumenari buruz duen funtzionamenduaren parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, Etxebarriko udalerriko J.L. French Ansola SRL sozietatearen aluminio injektatuzko galdaketa-piezak fabrikatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratuan ezarritako adierazleei jarraituz (Ingurumen sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko ebazpenean xedatutakoari jarraituz).

D.4.- Zarataren kontrola.

a) Behin lantegia lanean hasitakoan, adierazle akustikoak kalkulatzeko Lka, Lkt y Lkn metodoen bitartez egingo da ebaluazioa.

b) ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte neurketa bidezko ebaluazio guztiak. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zaindu beharko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak, eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek landutako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak neurketen proposamen zehatza egin beharko du, eta proposamen horren barruan ebaluazio-metodoak modu xehatuan adierazi beharko ditu, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako prozedurei jarraituz (zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta ateratako zaratari dagokionez garatzen du legea). Proposamena, ebazpen honen D.6 atalean aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean sartuko da.

D.5.- Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ebazpen honen zenbait ataletan ezarritakoaren kalterik gabe, bidalketa urtero egingo da, martxoaren 30a baino lehen beti, eta ingurumena zaintzeko programako emaitzekin batera, txosten bat aurkeztuko da. Txosten horretan adieraziko dira neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, baita prozesuak kontrolatzeko sistemak ere. Ingurunearen kalitatea eta emaitzen analisia ere adieraziko dira, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

D.6.- Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

J.L. French Ansola SRL sozietatearen instalazioen funtzionamenduaren ondoriozko ingurumen-inpaktua kontrolatzeko lanetan eraginkortasun handiagoa lortze aldera, Etxebarriko udalerriko J.L. French SRL sozietatearen aluminio injektatuzko galdaketa-piezak fabrikatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak (sozietateak berak sustatu zuen baimena), bai eta ebazpen honetan ezarritakoak ere, batera egingo dira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa betetze aldera, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-zainketako programaren agiri bategina egingo du, eta, bertan, J.L French Ansola SRL sozietatearen instalazio guztiei dagozkien zainketa-lanak egongo dira zehaztuta. Programa horretan, kontrolatu beharreko parametroak egongo dira zehaztuta, bai eta parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisien edo neurketen maiztasuna, laginketa- eta analisi-teknikak eta laginketa-guneen kokaleku zehatza. Era berean, dagokion aurrekontua bildu beharko du.

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.- Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isuriko diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen kalkulua egin beharko du enpresak, eta hala badagokio, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

E.2.- Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea, eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, J.L. French Ansola SRL sozietateak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

E.3.- Ezohiko funtzionamenduaren kasuan aplikatzeko neurriak eta jardunak.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta funtzionamendu baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Besteak beste, olioek, gehigarriek, produktu kimikoek eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinek lurzorua eta ura kutsa ditzakete. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arrisku handia duten azalera guztiak iragazgaiztuko dira. Zolak diseinatzean kontuan hartuko dira drainatzeko eta efluenteak biltzeko gailuak, ingurunean poluitzaileak sakabanatzeko bideak saihesteko.

b) Biltegiratzeko tokia.

Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

Hauts-produktuak gordetzeko, iragazkiak dituzten silo itxiak egongo dira.

Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

c) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura saihesteko; era berean, ezarritako neurrien jardun egokia bermatu beharko da. Isuri-ihesak daudenean lurzorua (eta dagokionean, ura) babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainezkatzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak, zaintzeko eta kontrolatzeko programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua (eta dagokionean, ura) kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferaren eta ingurune urtarraren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, eta abar) eta zaintza eta kontrolerako sistemen egoera ona bermatzeko neurriak gehituko dira.

Hidrokarburoen bereizgailuei aldi behingo zaintza egingo zaie eta hondakinak metatzea saihestuko da. Horretarako, noizean behin, dekantagailuetan eta bereizgailuetan metatutako flotagarriak kendu egingo dira. Hondakin horiek baimendutako kudeatzaileari emango zaizkio.

Urak arazteko prozesuan sortutako gehiegizko hondakin solidoak eta lokatza, instalazioak behar bezala funtzionatzea bermatzeko aldizkakotasunez atera beharko dira. Hala denean, hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazkaitzetan gordeko dira. Ez dira inolaz ere euri-isurketaren ondorioz ubide publikoko urak kutsa ditzaketen inguruetan jarriko.

Instalazioek lohiak tratatzeko aukera izanez gero, hustutako ura arazteko instalazioaren hasierara birbideratu beharko da.

d) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

e) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; bertan, ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen produktuen jarioak sakabanatzea saihestu beharko da.

f) Gorabeheraren bat gertatuz gero, honela jardun behar da:

Jardun-protokolo bat eduki behar da eskura, ingurunean eragin negatibo esanguratsuak eragin ditzaketen gorabeheren edo ezohiko jardunen aurrean erabiltzekoa. Protokoloak, gutxienez, honako gai hauek argi eta garbi zehaztu behar ditu gerta daitekeen ustezko gorabehera edo ezohiko jardun bakoitzarentzat:

- Jarraitu beharreko jardunak, hurrengo atalean zehazten den jakinarazpena agintariei egitea barne.

- Jardunen segida.

- Jardun bakoitzaren arduraduna(k).

Istripuz gertatutako isurketaren kasuan, isurketa berehala geldiaraziko da.

Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

g) Gorabehera gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaera baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (betiere, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren). Jakinarazpena, gutxienez, honako alderdi hauek adieraziz egin beharko da:

- Gertakari mota.

- Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak).

- Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatzekoak.

- Sortutako ondorioak.

- Hala badagokio, epe laburrera aurreikusitako jardunak.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:

- Gertakari mota.

- Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

- Iraupena.

- Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina jaso beharko dira, eraginaren analisia barne.

- Mugak gaindituz gero, isurtzeei buruzko datuak.

- Eragindako kalteen kalkulua.

- Hartutako neurri zuzentzaileak.

- Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

- Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

Era berean, sustatzaileak instalazioaren etengabeko prozesu batean aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, aurreikusitako mantentze-lanak barne, gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari.

h) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

i) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

F) J.L. French Ansola SRL sozietateak, urtero-urtero, atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuak jakinaraziko dizkio urtero Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRT-Euskadi Poluitzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egin eta eguneratuta edukitzeko, E-PRTR Inbentarioko emisioei eta ingurumeneko baimen integratuei buruzko informazio-hornikuntza arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori osatzen duten datuak ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dira, Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-eeM Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web orrian eskuragarri): Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistroetara (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Era berean, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak Ingurumenari buruzko Adierazpen horren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioa aldatzea.

Ingurumen-arloko baimen integratu honen mendeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-araubidearekin. Hori horrela, ingurumen-arloko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Era berean, proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, Ingurumen-inpaktuari buruzko Ebaluazioaren Testu Bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat.

Laugarrena.- Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako hirugarren ataleko honako puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla:

C.1.8.- Obraren amaierako txostena.

D.1.c.- Atmosferara egindako isurketak erregistratzeko eredua.

D.4.d.- Zarata kontrolatzeko proposamena.

D.6.- Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

E.1.- Mantentze-eragiketetan eta kudeaketa-proposamenean sortutako isurketa eta hondakinen aurreikuspena.

E.3.b.- Biltegiratzeko instalazioen egiaztapena.

E.3.c.- Prebentzioko mantentze-lanei buruzko eskuliburua.

E.3.d.- Mantentze-eragiketak eta gertakariak erregistratzeko eredua.

E.3.e.- Kubetak husteko protokoloa.

E.3.f.- Gertakarien aurrean jarduteko protokoloa.

E.3.i.- Suteen aurkako babes-araudia betetzen dela egiaztatzea.

Era berean, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskaritza-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko ditu instalazio berrien «as built» proiektua eta baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari eskudun batek eginda.

Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 45 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen integratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori luzatu egin ahal izango da behar bezala arrazoituz gero eta sustatzaileari aldez aurretik jakinaraziz gero.

Instalazioa ezingo da abiarazi ingurumen-baimen integratua eraginkorra dela adierazi arte. Nolanahi ere, abiarazteko proba-epe bat eman ahal izango da, gehienez ere bost hilabeterako, eta, bertan, neurri zuzentzaileak eraginkorrak direla egiaztatu ahal izango da, besteak beste. Epe horretan, ebazpen honetako D.1 eta D.4 ataletan ezarritako neurketak egingo dira, eta emaitzak Ingurumen Sailburuordetzari igorriko zaizkion lehen aipatutako ikuskapen-bisita horren aurretik. D.4 ataleko (zarata) ebaluazioak egin baino lehen, espero diren immisioen modelizazio bat egin beharko da (honako maila akustiko hauen ebaluazioa: Lk,d, Lk,e y Lk,), zarata-foku batzuen eta besteen emisioen datu errealetatik abiatuta.

Bosgarrena.- Ingurumen-arloko baimen integratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen integratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Seigarrena.- Edonola ere, Administrazioak bere kabuz aldatu ahal izango du ingurumen-arloko baimen integratua uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Artikulu hori betetzeaz gain, ebazpen honen baldintzak, ingurumena zaintzeko programan jasotakoak barne, aldatu ahal izango dira, jardueraren sustatzaileak hala eskatuz gero eta betiere behar bezala justifikatzen baldin badira. Administrazioaren kabuz ere aldatu ahal izango dira, honako egoera hauetan:

- Araudi berria indarrean sartzea.

- Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

- Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumenaren gaineko eraginetarako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak akastunak direla egiaztatzen bada.

Zazpigarrena.- J.L. French Ansola SRL sozietateak, ebazpen honen xede den instalazioan titulartasun-eskualdatzerik eginez gero, eskualdatze hori Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, onar dezan.

Zortzigarrena.- Baimen honek balioa galduko du kasu hauetan:

- Ez egiaztatzea, epe barruan, ebazpen honetako laugarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla, ingurumen-arloko baimen bateratuak ondorioak izateko ezarritakoak, alegia, non eta interesdunak ez duen eskatzen epea luzatzeko, behar bezala justifikatuta.

- J.L. French Ansola SRL sozietatearen nortasun juridikoa azkentzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.

- Baimena eraginkorra dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

Bederatzigarrena.- Ebazpen honen edukia jakinaraztea J.L. French Ansola SRL sozietateari, Etxebarriko udalerriari, ingurumen arloko baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei, eta gainerako interesdunei.

Hamargarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamaikagarrena.- Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 11a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala