
61. zk., 2011ko martxoaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
1783
44/2011 DEKRETUA, martxoaren 22koa; zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Gatikan eta Urdulizen, «Dow hodiaren Larragoiti-Butroi tartea berritzeko egitasmoa (II. fasea: P501-Butroi)» burutzeak eragiten dietenak.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, 2010ko ekainaren 30ean, teknikoki onartu egin zuen egitasmo hau: «Dow hodiaren Larragoiti-Butroi tartea berritzeko egitasmoa (II. fasea: P501-Butroi)». Eta informazioa jendaurrean jartzeko izapidea egitea erabaki zuen: egitasmoa eta jabetza kentzeko hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua. Ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, 2011ko urtarrilaren 25eko bilkuran, behin betiko onespena eman zion aipatutako egitasmoari eta hartuko diren ondasun eta eskubideen zerrendari, eta hartu egin behar direla adierazi zuen. Eta Eusko Jaurlaritzari egitasmo horrek eragiten dien ondasun eta eskubideak premiaz hartzeko adierazpena eskatzea erabaki zuen, Jabetza Nahitaez Kentzeko Legeko 52. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazioak aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:
Beharrezkoa da ur-marran askotan agertzen diren matxurak saihestea. Gaur egun, hodiaren egoera oso txarra da eta horren ondorioz, hodiak matxura ugari ditu eta matxura horiek konpontzea oso zaila da. Gainera, hodiaren kokapenak matxuretara lorpidea trabatzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.
Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2011ko martxoaren 22an egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Dow hodiaren Larragoiti-Butroi tartea berritzeko egitasmoa (II. fasea: P501-Butroi)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 22an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
RSS