Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2011ko otsailaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
952

21/2011 DEKRETUA, otsailaren 15ekoa, zeinaren bidez adierazten baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lehenbailehen hartu behar dituela «Cotorrioko etengailuaren proiektua, goiko aldea» egitasmoaren eraginpeko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzea egiteko.

2010eko ekainaren 30ean Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen «Cotorrioko etengailuaren proiektua, goiko aldea» proiektua eta hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua onartu eta jendaurrean jartzea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, 2010eko abenduaren 1eko bilkuran, behin betiko onespena eman zion aipatutako egitasmoari eta hartuko diren ondasun eta eskubideen zerrendari, eta hartu egin behar direla adierazi zuen. Halaber, Eusko Jaurlaritzari egitasmoari eragiten dien ondasun eta eskubideak premiaz hartzeko adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeko 52. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko behar diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar izan zenean eta, administrazio-espedientean adierazten denez, alegazioak aurkeztu ziren.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Beharrezkoa da Cotorrio errekara isuriak saihestea eta Muskizeko KUATera bideratzen diren emariak erregulatzea. Horrek guztiak Cotorrio erreka eta bere beheko arroaren osasun egoera hobetuko du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla, adieraztea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko otsailaren 15ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, «Cotorrioko etengailuaren proiektua, goiko aldea» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak Jaurlaritzaren Kontseiluari, Dekretua azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Dekretua azkenekoz argitaratu zen egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko otsailaren 15ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza

eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala