Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2011ko otsailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
684

AGINDUA, 2011ko urtarrilaren 12koa, Kulturako sailburuarena, Astigarragako Ibaiondo etxea (Gipuzkoa) monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa sartzen duena Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen hori baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Astigarragako Ibaiondo etxeak (Gipuzkoa) kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultura-balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak etxea Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen 2010eko otsailaren 23ko Ebazpenaren bidez (martxoaren 22ko EHAA, 54. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Astigarragako udalak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen. Hona zertan datzan idazki hori.

Astigarragako udalak eskatzen du etxearen mugaketa alda dadila, aurkeztu duen idazkian jasotzen diren udal-proposamenen arabera, eta, sendotzeari dagokionez, kontuan har daitezela udalak onartutako antolamendu-irizpideak eta haren ondorioak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetzaren 2010eko otsailaren 23ko Ebazpenak I. eranskinean ezartzen duen mugaketak gaur egun Ibaiondo etxeari atxikitako hiri-ingurunea sartzen du barruan eta, horrenbestez, mugaketaren eremua lurzatiarena berarena da. Hala eta guztiz ere, Ibaiondo etxearen sendotzea bateragarria izan dadin «Ergobia Ibilbidea» HIE-9 urbanizazioaren garapenarekin, beharrezkoa da mugaketa egokitzea.

Ondasuna behar bezala babesteko eta balioztatzeko beharrezkoa da Ibaiondo etxearen ondoko inguruak ere babestea. Beraz, behin Astigarragako udalak onartutako antolamendu-irizpideak eta haren ondorioak aztertu ondoren, egokitu egiten da Ibaiondo etxearen mugaketaren esparrua, eta babes-eremu berri bat ezarri erakinaren lurzatiaren mugen barruan.

Dena den, gomendatzen dugu handitzea lurzatiaren itxituratik Ibaiondo etxeko fatxada nagusirainoko tartea, eta proposamenetik kentzea aurrealdeko lorategiko parterrea, horrela eutsiz espaloiaren jaraitutasunari eta aurreikusitako zuhaiztiari, hala nahi izanez gero.

Astigarragako udalak, bestalde, eskatzen du Kultura Sailak bere gain har ditzala planeamendu eta kudeaketa tresna guztien aldaketak lekarzkeen kostu guztiak.

2009ko ekainaren 19an, irteera eman zitzaion Kultura Sailaren Erregistroan udalari zuzendutako Ibaiondo etxeari buruzko idazki bati, eta bertan adierazi ziren etxe horren kultur balioak eta Ondare Zentroak etxea sendotzeko duen interesa. Alde horretatik, aditzera ematen da HIE-9 eremurako hiri-antolamenduan g.1/1 lurzatiari esleitutako kultur erabilera oso egokia izan litekeela, betiere haren lerrokatzea birdefinitzen bada, dagokigun eraikina barruan mantentze aldera.

Zalantzarik ez dago Ondare Zuzendaritzak era aktiboan parte hartu zuela Astigarragako Hiri Planeamenduaren berrikuste prozeduran eta, baiki, Ibaiondo etxea une hartan ez zegoen Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.

Hala ere, herri-aginteek Euskal Kultura Ondarearen osotasuna zaintzeko eta haren babesa, aberasteko eta difusioa sustatzeko duten betebeharraren ondorioz, besteak beste, babes-araubide bana ezarri behar dute ondasunentzat edo ondasun-multzoentzat, eta araubide hori etengabe berrikusi beharra dago era egokian exekutatuko bada.

Hori dela eta, une hartan Ibaiondo etxea Zerrenda Nagusian ez egoteak ez du esan nahi Kultura Sailak gerora inbentariatutako ondasunen katalogoa handitu ezin duenik eta Ibaiondo etxea bertan sartu, kontuan hartuta, gainera, jakinarazpena arestian aipaturiko hirigintza-tresna horiek behin betiko onartu aurretik egin zela, lehen ere azaldu den moduan.

Aurrekoa gorabehera, esan beharra dago, dagokigun espedientea hasteko ekimena dela-eta, edozein pertsonak eskubidea duela kultura-ondarearen babesaren izenean Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-aginteen aurrean jarduteko, 7/1990 Legean xedatutakoari eutsiz. Izan ere, herri-aginte horiek dira Euskal Kultura Ondarearen osotasuna zaindu behar dutenak.

Azaldutako guztiagatik, Kultura Sailaren eta Astigarragako udalaren arteko elkarlana koherentea izan dela ondorioztatu behar da, aipatu diren gertaerek ongi erakusten duten moduan. Horregatik, beraz, ez da bidezkoa udalak hirigintza-tresnen aldaketak zergapetzeko egiten duen eskaera.

Egindako azterketaren arabera, Ibaiondo etxearen mugaketa-eremua aldatzeko alegazioak bakarrik dira baietsi beharrekoak, azaldutako murrizketak ontzat hartuta. Beraz, «Ibaiondo etxearen mugaketa» I. eranskina aldatuko da, eta argitaratuta dagoen lehengo I. eranskin hura baliogabetuko.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Astigarragako Ibaiondo Etxea (Gipuzkoa) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena.- Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Agindu horren berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.- Higiezina babesteko eskaria egitea Astigarragako udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.

Bosgarrena.- Agindu honen berri ematea interesdunei, bai eta Astigarragako udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena.- Ondasuna Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 12a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

MUGAKETA

a) Mugaketaren esparrua.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumari urbanizatua hartzen ditu.

Horrenbestez, mugaketaren esparruaren muga eraikinaren fatxada nagusitik 7 metrora doan lerro paralelo bat da eta, azkenik, fatxada horretatik 45º-ko trazadura eraikinaren eskuin-aurrealdeko ertzetik 7 metrora, eta gainerakoan funtsaren beraren mugak, ondoko eskeman marraztu denari jarraituz.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Ibaiondo etxearen ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako.

Ondasuna behar bezala babesteak eta balioesteak zera dakar, etxearen ondoko inguruak ere babestea, bestela ez baita ulertzen ondasunaren multzoaren batasuna bera ere edo hiri-bilbearen barnean egotea. Alde horretatik, ez da eraikinik onartuko, ezta hiri-bideen zerbitzuko elementu funtzionalik ere, edo mugatutako eremuaren barruan bide-sareen erabilera propioetara zuzendutako behin-behineko eraikinik.

Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.

II. ERANSKINA

DESKRIPZIOA

Ibaiondo etxea Pablo Zabalo Ballarín arkitektoaren lana da, eta Carlos Elgezua eskultorearen lantegi-etxea izateko diseinatu zen. Eraikuntza-lanak 1955ean hasi ziren, eta 1961ean bukatu.

Oinalde trinkodun bolumen exentua da, 12 x 12 m-koa gutxi gorabehera, eta profilak dituen hegal bakarrak lehenengo solairuko forjatukoak dira, zeinean galeria, alboko balkoi txiki bat eta atzealdeko fatxadako hegal itxia aurkitzen baitira. Erdisotoa, behe-solairua, solairuartekoa, lehenengo solairua eta estalkipekoa ditu. Behe-solairua lurraren mailatik metro bat gorago dago, gutxi gorabehera.

Erdisotoa, behe-solairua eta solairuartekoa eskultorearen estudioa ziren, eta horretarako behar ziren gela guztiak egokituta zeuden. Hartara, solairuartekoak solairu osoaren zati bat baino hartzen ez duenez, estudioaren bolumenaren garaiera bikoitza da. Goiko solairuek -hau da, lehenengo solairuak eta estalkipekoak- egoitzarako erabilera dute.

Banaketa dela eta, espazioak zabalak dira eta, etxebizitzen kasuan, gelak kanpoaldera begira daude aireztapen egokia eduki ahal izateko. Etxea lurraren mailatik apur bat gorago eraikita dago. Horregatik, aurrealdetik sartzeko harrizko sei eskailera-maila igo behar dira. Estalkia zeramika-teilaz egina dago, bi isurkikoa, eta gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularra, eta hegalak apur bat irtenak dira.

Fatxaden osaketa dela eta, fatxada nagusia bi zurkaitzek inguratzen dute, lehen solairuko galeriari eusten diotenak, eta sarrerako atea duen portalera bidea erakusten duen arku bat. Materialei dagokienez, harria erabiltzen da behe-solairu osoa inguratzen duen perimetroko oinaldean, bai eta estalkipeko solairua markatzen duen frontoi triangeluarrean ere. Gainerakoan, alegia solairuartean eta lehenengo solairuan, fatxada luzituta eta margotuta dago. Baoak simetrikoki antolatuta daude fatxada nagusian; beste fatxada guztietan gela bakoitzaren eraketaren arabera irekitzen dira. Bao burudunak dira, zurezko arotzeriaz eta leiho-ateez hornituak.

Egitura aldetik eraikina hormigoi armatuzkoa da, egitura-diseinu berezi batekin, ia ez baita pilarerik ikusten erdisotokoak izan ezik. Estalkipekoak hiru zertxa triangeluar ditu, hormigoi armatuzkoak, solairuko forjatua «eskegiten» duten tirante batzuekin.

Lorategi itxi batek inguratzen du etxe osoa, baina berriki lorategiaren perimetroa aldatu egin da, Astigarragako Hiri Antolamendurako Plan Bereziaren antolamendu berriak hartaraturik. Barrualdetik, higiezinak ongi kontserbatu ditu materialak: zurezko zoladurak, lauzak, sarrerako beiratea eta abar, «eraikuntza-molde arretatsu bati eta herrian ohikoak diren ereduei jarraituz». Tratamendua koherentea da eta bat dator eraikin-motarekin berarekin, eta jatorrizko giroari eusten dio. Behe-solairuko estudio edo erakusgela nabarmentzekoa da, bertako apaindura zainduagatik eta erdi-garaieran hormak estaltzen dituzten zurezko panelengatik.

Horren guztiaren emaitza egoitzarako arkitektura molde berezi bat da, barruan espazio zabalak dituena, hain zuzen ere lantegi-etxearen beharretarako egokituta, eta kalitate oneko materialez egina, gaur egun arte ongi iraun dutenak.


Azterketa dokumentala