Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2011ko otsailaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

Fundación Euskadi Kirola Fundazioa
520

IRAGARKIA, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak Natura Ingurunean Egiteko Kirol-bikaintasunerako Proiektuei laguntzak emateko oinarriei buruzkoa (2011. urtea).

Fundación Euskadi Kirola Fundazioa erakundeak araubide juridiko eta pribatua du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak araututa dago. Erakunde honen helburua Goi Mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, goi mailako kirolean nazioarteko lehiaketetan erruz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi mailako kirol ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.

Goi mailako kirola sustatze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak urtero ematen ditu «Euskadi Kirola Bekak eta Laguntzak» Euskal Autonomia Erkidegoko goi mailako kirolari eta teknikarientzat. Beka horiek goi mailako kirol-lehiaketa ofizialetan onuradunek lortutako kirol emaitzen arabera emango dira. Izan ere, goi mailako kirola eta kirol-lehiaketa erabat lotuta daude.

Aurrekoaren kalterik gabe, ezin da albo batera utzi Euskal Autonomia Erkidegoko beste kirolari batzuek lortu duten kirol-bikaintasuna hainbat diziplinatan, hala nola, mendizaletasuna, eskalada, nabigazio transozeanikoa. Diziplina horietan ez dago lehiaketarik, hitzaren zentzu hertsian, beste kirolari batzuekin; eta horregatik, kirolari horiek ezin dute kirol emaitzarik egiaztatu lehiaketa ofizialetan. Beraz, Euskadi Kirola beka eta laguntzetarako deialditik kanpo daude.

Euskal kirolari hauek ez ditugu diskriminatu nahi. Natura Ingurunean egiten dute kirola eta merezimenduz lortu dute kirol-bikaintasuna edo goi kirol-maila. Horregatik, Fundación Euskadi Kirola Fundazioko Patronatuak honako Natura Ingurunean Egiteko Kirol-bikaintasunerako Proiektuei Laguntzak emateko deialdia egin du 2011. urterako. Honako oinarri hauek arautuko dute

OINARRIAK

1. artikulua.- Xedea.

Oinarri hauen xedea Fundación Euskadi Kirola Fundazioak 2011rako Natura Ingurunean Egiteko Kirol-bikaintasunerako Proiektuei eman beharreko laguntzak arautzea da.

2. artikulua.- Definizioak.

1.- Oinarri hauen ondoreetarako, «Natura Ingurunean Egiteko Kirol-bikaintasunerako Proiektuak» izenekoa honela definituko dugu: lehiaketa kutsurik ez duten kirol jarduerak, natura ingurunean egiten direnak, eta Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailakotzat jotzen dituenak, betiere oinarri hauen 5. artikuluarekin bat.

2.- Kirol proiektu bat goi mailakoa den ala ez adierazteko, Proiektuan zenbait faktore agertzea balioetsiko da, hala nola, proposatutako jardueraren zailtasun maila, esposizio maila, ekimenaren berezitasuna eta proposatutako tekniken originaltasuna. Hau guztia oinarri hauen eranskinean ezarritakoekin bat.

3.- Era berean, kontuan hartuko da eskatzailearen kirol-kurrikulua eta, hala badagokio, laguntzaileena; zertarako eta proposatutako proiektuaren zehaztasuna eta fidagarritasuna bermatzeko. Hau guztia oinarri hauen eranskinean ezarritakoarekin bat.

3. artikulua.- Pertsona onuradunak.

Laguntzak hartzeko onuradunak kirol-bikaintasunerako proiektu bat aurkezten duten kirolariak dira, oinarri hauetan ezarritakoari jarraituz eta, gainera, honako baldintza hauek bete behar ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Euskal nortasuna izatea, Euskadiko Autonomia Estatutuan ezarritakoa kontuan hartuz.

c) Euskal Kirol Federazioren batek egindako kirol lizentziarekin lehiatzea.

d) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak proposatutako kirol auditoretza gainditzea.

e) Fundazioko zerbitzu medikoek egiten duten aurretiko mediku-balorazioa gainditzea.

f) Dopin kontuei dagokienez, diziplina- edo administrazio-zigor irmorik ez izatea.

g) Kirol kontuei dagokienez, diziplina- edo administrazio-zigor irmorik ez izatea.

4. artikulua.- Proiektuetarako laguntzen edukia.

Natura ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuetarako Fundación Euskadi Kirola Fundazioak ematen dituen laguntzek honako eduki berezitu hauek izango dituzte:

1.- Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren dirulaguntzak ematea. Honako hauek dira:

a) Oinarrizko laguntza: proposatutako kirol-bikaintasunerako proiektuaren aurrekontua finantzatzeko dirulaguntza. Atal honetan sartuko dira jardueraren eta erabilitako materialaren kostuari dagozkion gastuak, bidaiak eta desplazamenduak, mantenu-gastuak eta kirolarien soldatak, proposatutako jarduerak dirauen bitartean.

b) Helburukako sariak: hala badagokio, sariak ezarri ahalko dira, betiere, adostutako kirol-helburuak betetzen diren ala ez.

2.- Fundación Euskadi Kirola Fundazioak onuradunei zerbitzu osagarriak egitea, kirol-prestakuntza optimizatze aldera, besteak beste:

a) Laguntza tekniko espezializatua.

b) Laguntza biomediko espezializatua kirol-errendimenduan.

5. artikulua.- Bekak kudeatu eta esleitzeko organo eskudunak.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauek aipatzen dituzten kirol-proiektuak goi mailakotzat diren ala ez jotzea eta oinarriotan aurreikusten diren laguntzen esleipena ebaztea. Aurrekoa gorabehera, Patronatuak Batzorde Exekutiboa baten esku utziko du eskumen hau. Batzorde horrek ebatziko ditu eskaera guztiak, oinarri hauen 10.3 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

Batzorde Exekutiboa honako hauek osatzen dute: Patronatuko idazkaria, fundazioko kudeatzailea, arlo tekniko eta biomedikoko koordinatzailea eta fundazioko ahokulari juridikoa. Batzorde horrek beharrezko diren txosten teknikoak eskatu eta bilduko ditu ebazpenak emateko.

6. artikulua.- Eskabideak tramitatzea.

1.- Interesaturik dauden pertsona eta erakundeek Fundación Euskadi Kirola Fundaziora bidaliko dituzte eskabideak Makaletako etorbidea z/g Getxo (Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa), edo honako e-mail honetara fundacion-ek@euskalnet.net.

2.- Eskabidean argi agertuko da Natura Ingurunean Egiteko Kirol-bikaintasunerako Proiektuetarako Laguntzak Emateko Eskabidea, Fundación Euskadi Kirola Fundazioa 2011. urtea, eta hurrengo datu hauek izango ditu:

2.1.- Eskatzailearen identifikazio-datuak eta jakinarazpenak bidali eta jasotzeko helbide bat.

2.2.- Eskatzailearen kirol-kurrikuluaren deskribapen laburra. Bertan bereziki azpimarratuko da antzeko direla hemengo jarduerak eta hurrengo puntuan adierazten den Proiektuko jarduerak. Eskatzaileak proiektua egiteko inoren laguntza badu, laguntzailearen edo laguntzaileen kirol-kurrikulua ere aurkeztuko da.

2.3.- Natura Ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektua. Proiektu horrek zehatz- mehatz deskribatuko du kirol-helburua. Behar diren giza baliabideak eta teknikoak banakatuko dira, baita erabiliko diren teknikak eta baliabideak ere. Halaber, kirol-helburu hori noiz egingo den jakin ahal izateko, 2011ko datak adieraziko dira.

2.4.- Proiektuaren aurrekontu ekonomikoa. Proiektua egiteko kostu ekonomikoa zehaztuko da, eta kontzeptu eta partida bakoitzari dagozkion gastuak adieraziko dira.

2.5.- 2011rako kirol-plangintza. Agiri horretan helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak agertuko dira, non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da.

3.- Eskabidearekin eta aurreko atalean adierazitako dokumentazioarekin batera, eskatzaileek hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) NAren edo pasaportearen kopia.

b) Euskadi Autonomi Erkidegoan erroldaren ziurtagiria.

c) Euskal Federazioaren Lizentziaren kopia.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

4.- Era gehigarrian, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak behar beste agiri eskatu ahal izango ditu bekak emateko.

7. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

Eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren web orrian argitaratzen diren egunean zabalduko da eta behin hilabetea (1) igarota itxiko da, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik zenbatzen hasita.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioak, behin eskabideak eta beharrezko agiriak jasota, banakako espedientea egingo du eskabide bakoitzeko. Espediente hori Batzorde Exekutiboari bidaliko zaio, oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera azter dezan.

Aurkeztu diren eskabidea eta bestelako agiriak aztertuta, akatsik egonez gero edo agiririk falta izanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzendu ahal izateko. Epea bukatuta, eta zuzenketarik ez badago, uko egintzat hartuko da.

8. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura.

Batzorde Exekutiboak espedientea jaso eta oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera aztertu eta balioetsiko du eta, hala badagokio, kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa proposatuko ditu. Batzorde Exekutiboak, egindako balioespena, azterketa eta fundazioak duen finantza eta aurrekontua aintzat hartuta, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpen zioduna egingo du eta idatziz jakinaraziko zaio pertsona eskatzaileari.

9. artikulua.- Laguntzak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.- Batzorde Exekutiboak laguntzak ematea edo ukatzea ebatziko du. Horretarako, oinarri hauen eranskinean ezarritako balioesteko irizpideak aplikatuko ditu.

2.- Deialdi hau meritu-lehiaketa prozeduraren bitartez ebatziko da. Ondorio hauetarako, laguntzak emateko aurkezten diren eskabideak alderatuko dira, horrela, euren arteko hurrenkera ezarriko da, oinarri hauetan jasotzen diren balioesteko irizpideei jarraituz.

3.- Laguntza eta sarien zenbatekoa zehazteko aipatu meritu-hurrenkera eta fundazioak duen finantza egoera hartuko dira kontuan.

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Batzorde Exekutiboak gehienez ere hilabeteko (1) epean ebatzi edo ukatuko du laguntzak ematea, eskabideak aurkezteko epea ixten den egunetik zenbatzen hasita.

2.- Ebazpena, edonola ere zioduna dena, bana-banaka jakinaraziko zaie laguntza eskatzen duten pertsonei.

3.- Batzorde Exekutiboaren ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daiteke Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuko Lehendakariaren aurrean, jakinarazten denetik hasita 15 eguneko epean.

11. artikulua.- Onuradunak onartzea.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun diren pertsonek Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren egoitzara agertu beharko dute, laguntza ematea jakinarazten denetik gehienez ere 15 eguneko epean, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzeko.

12. artikulua.- Konpromiso Agiria Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatuko den Konpromiso Agiria derrigorrezkoa da laguntzen onuradun diren pertsonentzat. Honetara daude behartuta:

a) Ahal den guztia egitea Proiektuan adierazitako kirol helburuak lortze aldera, betiere 2011. urte barruko epean.

b) Erantzukizun zibileko asegurua sinatzea. Aseguru horrek osorik estaliko ditu diruz lagundutako jardueran onuradunek eta hirugarrenek izan litzaketen gertakizunak eta ezbeharrak. Laguntzaren onuradunak dagokion poliza sinatu duela egiaztatu beharko du; horrela, fundazioak agindutako laguntza emango dio.

c) Agirian ageri den kirol-planifikazioan ezarritako kontrolak betetzea.

d) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak zehaztuko dituen ikur eta markak kirol jantzietan eramatea.

e) Kirol proiektuaren irudi eskubideak Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren alde baino ez direla izango onartzea, hurrengo artikuluak ezarritakoekin bat.

f) Proiektua sustatzeko Fundación Euskadi Kirola Fundazioak antolatzen dituen jardunaldi eta ekitaldietan parte hartzea.

g) Joko garbiaren baloreak erakustea bai proiektua egiten den aldian bai proiektutik kanpo ere.

h) Fundazioari laguntzea enpresa babesleekin dituen publizitate-konpromisoak betetzen.

i) Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin adostu den Konpromiso Agirian ezarritako beste edozein betebehar.

13. artikulua.- Proiektuaren irudi eskubideak gordetzea eta zabalkunde mediatikoa.

Kirol-bikaintasunerako Proiektuaren eskubide irudien titularra Fundación Euskadi Kirola Fundazioa da eta fundazioak baino ez ditu irudion jabetza. Proiektua oinarri hauetan ezarritako laguntzen pentzuan finantzatu da.

Aurrekoaren ondorioz, beren beregi dagokio Fundación Euskadi Kirola Fundazioari irudi eskubideak ustiatzea eta natura ingurunean egiteko kirol jarduerak eta protagonisten eskubideak idatzizko, entzunezko edo ikus-entzunezko hedabideen bitartez eta Internet bidez zabaltzea, betiere oinarri hauetan ezarritako laguntzen pentzuan finantzatu diren jardueren arloan.

14. artikulua.- Euskadi Kirola Laguntza ordaintzea.

4. artikuluaren 1.a) paragrafoan aurreikusita dauden oinarrizko laguntzak hilero ordainduko dira, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzen denetik hasita. Aldez aurretik, 12. artikuluaren b) paragrafoan adierazitako asegurua sinatu izana egiaztatu beharko da. Dena dela, aurreratu beharreko gastuak Fundazioak ordaindu ahal izango ditu aldez aurretik, baina horretarako eskatzaileak ordainketa-hornidura horren beharra justifikatu behar du.

4. artikuluaren 1.b) paragrafoan aurreikusita dagoen helburukako sari-ordainketa era bakarrean egingo da, behin helburua bete dela egiaztatuta.

15. artikulua.- Ez betetzeak.

Laguntzen onuradun diren pertsonek edo erakundeek hartutako betebeharrak ez betetzeak kontratua ez betetzea ekarriko du, eta horrela dago jasota 12. artikuluan aurreikusitako Konpromiso Agirian. Fundación Euskadi Kirola Fundazioari jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzultzea ekar dezake.

ERANSKINA

ESKABIDEAK BALIOESTEKO

IRIZPIDEAK

(oinarrien 9.1 artikuluan adieraziak)

2011n Natura Ingurunean egiteko kirol-bikaintasunerako proiektuetarako Fundación Euskadi Kirola Fundazioari eskatu zaizkion laguntzak honako irizpideei jarraituz balioetsiko dira, eta hurrenez hurren aplikatuko dira:

1. irizpidea.- Eskatzailearen eta gainerako parte hartzaileen kirol-kurrikulua balioestea.

Lehenik eta behin, laguntzak eskatu dituenaren kirol-kurrikulua balioetsiko da baita, hala badagokio, proposatutako kirol jardueran laguntzaile denarena edo direnena.

Hain zuzen ere, eta eskabidean jasotako agiria erreferentzia hartuta, oinarri hauen 6. artikuluaren 2.2 paragrafoan adierazi bezala, honako faktore hauek balioetsiko dira, eta puntuazioa ere honako hau izango da:

Balioetsi beharreko faktoreak Gehienezko puntuazioa

1.1 Eskatzaileak esperientzia egiaztatu behar du proposatutakoaren antzeko jardueretan. 15 puntu

1.2 Laguntzaileak edo laguntzaileek esperientzia egiaztatu behar dute proposatutakoaren antzeko jardueretan (kurrikulu-multzoa balioetsiko da, laguntzaile bat baino gehiago izanez gero). Eskatzaileak laguntzailerik ez badu, pertsona horren batez besteko maila balioetsiko da; horrela, ez zaio kalterik egingo bakarrean egiten diren jardueren balioespena alderatzeari. 10 puntu

1.3 Eskatzailearen edo, hala badagokio, laguntzailearen kirol-ibilbide orokorra balioetsiko da. 15 puntu

1.4 Kirol-plangintza proposatutako helburuari egokitzea (6. artikuluaren 2.5 paragrafoan aurreikusia). 10 puntu

Kurrikuluetarako gehienezko puntuazioa. 50 puntu

Kurrikuluak balioetsi eta, 1. irizpidean ezarritakoarekin bat, 25 puntutik gorako puntuazioa lortzen ez bada, ez da eskabidea balioesten jarraituko eta, besterik gabe, ukatu egingo da.

2. irizpidea.- Proiektuaren kirol-bikaintasuna balioestea.

Kirol-kurrikulua balioetsi eta gero, oinarri hauen 6. artikuluko 2.3 paragrafoan aipatzen den proiektuaren kirol-bikaintasunaren maila balioetsiko da. Honako faktore hauei jarraituz egingo da, eta puntuazioa ere jarraian adierazten dena izango da:

Balioetsi beharreko faktoreak Gehienezko puntuazioa

2.1 Kirol helburuaren berezitasuna (helburuak lortzeko aurrekari historikorik ez). 20 puntu

2.2 Proposatutako kirol helburuaren zailtasun teknikoaren maila. 15 puntu

2.3 Proposatutako kirol helburuaren interes orokorra. 15 puntu

2.4 Baliabide teknikoen ekonomia (sinpletasuna). 10 puntu

2.5 Proiektuan erabiltzen diren ekarpen berritzaileak. 10 puntu

Proiekturako gehienezko puntuazioa 70 puntu

Proiektuaren kirol-bikaintasuna balioetsi eta, 2 irizpidean ezarritakoarekin bat, 45 puntutik gorako puntuazioa lortzen ez bada, ez da eskabidea balioesten jarraituko eta, besterik gabe, ukatu egingo da.

3. irizpidea.- Proiektuaren balioespen ekonomiko eta mediatikoa.

1. eta 2. irizpideetan adierazitako balioespenak gainditu dituzten eskabideak beste irizpide eta puntuazio hauei jarraituz balioetsiko dira:

Balioetsi beharreko faktorea Gehienezko puntuazioa

3.1 Aurrekontuaren ekonomia. 20 puntu

3.2 Jardueraren zabalkunde mediatikoaren bideragarritasun teknikoa. 15 puntu

3.3 Kirol helburua lortzeko berme teknikoak. 10 puntu

3.4 Bigarren mailako kirol helburuak lortzeko aukera. 10 puntu

3.5 Proiektua egitearen ondoriozko aprobetxamenduak. 15 puntu

Proiekturako gehienezko puntuazioa 70 puntu

Azken oharbidea.- Azkenik, irizpide bakoitzeko lortu diren puntuazioak batuko dira, eta batuketa eskabidearen azken puntuazioa izango da.

Lortutako puntuazio handienetik txikienera sailkatuko dira eskabideak.


Azterketa dokumentala