
21. zk., 2011ko otsailaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
500
AGINDUA, 2010eko abenduaren 10ekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, «Save the Children Euskadi» erakunde humanitarioari larrialdi-laguntza ematen diona, 2010ean Kongoko Errepublika Demokratikorako garapen-lankidetza eta -laguntza sustatzeko.
Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak arautzen ditu Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak, eta bi jarduera-mota bereizten ditu. Alde batetik, larrialdietan laguntzeko proiektuak daude: horien bidez, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuragarri jarri nahi dira, biziraupena bermatzeko eta hondamendiek eragindako sufrimendua eramangarriago egiteko. Bestetik, ekintza humanitarioko proiektuak daude, zentzu zabalagoan; horri lotutako jarduerak larritasun-maila txikiagokoak dira eta garapena, giza eskubideak eta bakegintza sustatzeko oinarriak bultzatzeko dira.
Aipatutako dekretuaren 4. artikuluak dioenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren bidez urtero egingo da laguntza-deialdia, bi finantzaketa-lerroak bilduz. Finantzaketa-lerro iraunkor bat, urte osoan irekita egongo dena; larrialdi-laguntzetarako eta ekintza humanitarioetarako laguntza-eskariak aurkeztu ahal izango zaizkio. Beste finantzaketa-lerroa, ordea, ekintza humanitarioko esparru-estrategiak onesteko izango da. Agindu horri jarraiki onetsi zen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko otsailaren 3ko Agindua, zeinekin deialdia egiten baita ekintza humanitarioentzako laguntzerakoa, horiek Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010eko Fondoaren kargura izatekotan.
Horren ondorioz, eta garapen lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa betez, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Batzorde Kudeatzailearen proposamenez (martxoaren 30eko 62/2004 Dekretuak arautzen du batzorde hori), eta Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak aurretiaz txostena egin ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengoa.- Diru-laguntza bat ematea Save the Children Euskadi erakundeak aurkeztutako ekintza humanitarioko proiektuaren finantza-lerro iraunkorrari. Laguntza hau hezkuntzako egitura sozialak indartzera bideratua dago, eskola eta komunitate ahulen kalitatea eta babesa hobetuz eta lehen, bigarren eta lanbide hezkuntzan teknikoki elkarlanean eta lagunduz; horretarako haur kalteberen beharrak bildu eta aseko dituen ingurune ziur eta babesleak sortu nahi dira, baita estola-sistematik itzulitako, mugitutako haurrenak ere, eta neskatoei arreta berezia eskaini nahi zaie, eskola-sisteman iraun dezatela laguntzeko.
Bigarrena.- Laguntza 120.000 euroko ordainketa bakarraren bidez emango da. Proiektua 2010eko abenduaren 31n hasiko da eta 2011ko ekainaren 30ean bukatuko. Beraz, diru-laguntza justifikatzeko epea 2011ko urriaren 29an bukatuko da.
Hirugarrena.- Erakunde eskatzaileari agindu honen banakako jakinarazpena egin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea, denak jakinaren gainean egoteko.
Laugarrena.- Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke erakunde berean, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean. Epeok agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 10a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
RSS