
21. zk., 2011ko otsailaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
499
EBAZPENA, 2010eko abenduaren 20koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, Cepsa Gas Licuado SAri Navarreten (Bernedoko udalerria, Araba), petrolioaren gas likidotu (pgl) kanalizatua biltegiratzeko, eta banatzeko nahiz hornitzeko sareko instalazioak eraikitzeko administrazio baimena ematen diona.
Espediente-zk.: 01-35475/CG-f-2010-2-PML/mmb.
Pedro Pablo Zubillaga López Jaunak, Cepsa Gas Licuado SA enpresaren izenean eta haren ordezkari gisa, Navarreten (Bernedoko udalerria, Araba) etxerako eta merkataritzarako gas propano kanalizatua biltegiratzeko eta banatzeko nahiz hornitzeko instalazioak egiteko baimena eskatu zuen 2010eko uztailaren 8an.
Espediente honi ebazpena ematerakoan, honako aurrekari hauek kontuan hartu eta aipatu beharko dira:
AURREKARIAK
Bat.- 2010eko uztailaren 8an, Cepsa Gas Licuado SA enpresak administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen Navarreten (Bernedoko udalerrian, Araba) etxerako eta merkataritzarako gas propano kanalizatua biltegiratzeko, eta banatzeko nahiz hornitzeko sarea ezartzeko.
Bi.- Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean (1998ko urriaren 8ko BOE) adierazten denez, gas kanalizatuak hornitzeko administrazio-baimenak dagozkion Proiektuak argitara eman ondoren eman behar dira. Legez aurreikusitako baldintzetan eta bitartekoetan eman zen argitara proiektua: EHAAn 2010eko azaroaren 5ean, ALHAOn 2010eko irailaren 15ean, El Correo egunkarian 2010eko abuztuaren 13an, eta Bernedoko Udaletxeko iragarki-taulan 2010eko abuztuaren 5etik 2010eko irailaren 20ra.
Ebazpen hau zuzenbideko honako hauetan oinarrituta dago:
OINARRI JURIDIKOAK
Bat.- Energia eta Meategien Zuzendaritzarena da espediente hau ebazteko eskumena, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009ko irailaren 24ko EHAA) ezarritakoarekin bat etorriz.
Bi.- Gasa banatzeko sareak egiteko, aldez aurretik administrazioaren baimena behar da, hala ezartzen baitute Hidrokarburoen Sektoreko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998ko urriaren 8ko BOE), eta urriaren 26ko 2913/1973 Errege Dekretuan onartutako Gas Erregaien Zerbitzu Publikorako Araudi Orokorrak (1973ko azaroaren 21eko BOE).
Hiru.- Espedientea izapidetzean eta espedientearen edukian bertan, baita Cepsa Gas Licuado SA enpresak aurkeztutako argibideetan ere, gai honetan legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak bete direla egiaztatu da.
Lau.- Era berean, Cepsa Gas Licuado, SAk Proiektua egiteko lege-arloko, teknika-arloko, ekonomia-arloko eta finantza-arloko ahalmena duela egiaztatu da.
Aipatutako legeak eta oro har aplikatzekoak diren bestelako xedapenak aztertuta, honako hau
EBATZI DU:
Bat.- Cepsa Gas Licuado SAri baimena ematea Navarreten (Bernedoko udalerria, Araba) etxerako eta merkataritzarako gas propano kanalizatua biltegiratzeko, eta banatzeko eta hornitzeko sareko instalazioak eraikitzeko.
Aurkeztutako proiektuaren memorian eta planoetan eta proiektuaren eranskinetan deskribatzen dira ezaugarri nagusiak; Industria Ingeniari Tekniko Jose Luis Aburuza Jauregui jaunak (629. elkargokide-zenbakia) sinatu du proiektua eta Arabako Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoak eman dio oniritzia 2010eko ekainaren 21ean 4/10/00621 zenbakiarekin, honako ezaugarri nagusi hauekin:
- Honako hauek osatzen dute instalazioa: batetik, aireko bi andel -bakoitza 4.000 litrokoa- kokatzeko (hasiera batean bakar bat ipiniko da) aurreikusitako zentro bat petrolio gas likidotua biltegiratzeko, eta bestetik, SDR 11 motako polietilenozko sare bat, PE 80 dentsitate handikoa, lurperatua, 40-32 mm-koa eta dagozkion sekzionamendu-giltzak eta banako harguneak -dauden eraikinetarakoak eta/edo aurreikuspenen arabera eraikinak dituzten finketarakoak- dituena.
- Sarean, banaketaren batez besteko presioa 1,25 bar izango da; erabiltzaileentzako banaketa eta kontaketa, berriz, 0,15 bar-etan egingo da.
Bi.- Administrazio-baimen hau emateak honako baldintza hauek dakartza:
a) La Biltegiratzeko eta banatzeko sarea kokatu behar den eremuaren mugaketa aurkeztutako proiektuaren 1. planoan zehazten da eta Navarreteko herriari dagokio.
b) Cepsa Gas Licuado SA enpresak, 2 hilabete igaro baino lehen, seiehun eta hogeita hamar euro eta hogeita hamabi zentimoko (630,32) fidantza emango du, baimen honekin berretsitako konpromisotik eratorritako eginkizunak beteko direla bermatzeko, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluak dioenarekin bat etorriz. Fidantza hori Euskadiko Gordailu Kutxa Nagusian eratuko da, eskudirutan, Estatuko baloreetan edo bankuko abalen bitartez, uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, edo Aseguru Pribatuko kontratuaren bidez, ekainaren 6ko 1255/1986 Errege Dekretu Legegileak (Espainia EEEri atxikitzeko itunaren ondoriozko konpromisoak egokitzeari buruzkoa) xedatutakoaren arabera. Instalazioak egiteko baimenak eman eta bertan ezarritako epean instalazioak eraiki ondoren, eta eskumena duten Lurralde Organoek aipatutako instalazioak martxan jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren itzuliko zaio fidantza Cepsa Gas Licuado SAri.
c) Instalazioak egiteko epea 36 hilabete baino gutxiagokoa izango da, baimena Aldizkari Ofizialetan argitara eman den azkeneko egunetik zenbatzen hasita.
d) Cepsa Gas Licuado SA enpresak gas-garraiobidea martxan jarriko du, hain zuzen ere instalazioen parte bat edo instalazio guztiak martxan jartzeko akta formalizatuko denetik 30 egun igaro baino lehen.
e) Instalazioek honako hauek bete beharko dituzte: Gas Erregaien Banaketa eta Erabilerari buruzko Araudi Teknikoan (uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua) ezarritakoa eta haren Jarraibide Tekniko Osagarriak, eta dagokion xedapen eta arau teknikoak.
f) Banaketa-sarearen adar bakoitzak bere giltza izango du.
g) Hargune-giltzak izango ditu sareak lurpean; nolanahi ere, arauzko arrazoiak direla-eta, eraikinaren giltza ez erabiltzeko aukera izango da.
h) Gasaren esparruan gertatzen diren teknologia-aurrerapenei erantzuteko moduan hornitu behar dira instalazioak; era horretan, hornidura malguagoak eta seguruagoak lortuko dira. Horretarako, instalazioen kalitatean eta segurtasunean inolako eraginik izan gabe gas naturala bideratzeko gai izan behar dute gasa garraiatzeko sistemek. Hornituriko gasaren ezaugarriak aldatzeko edo gas hori beste gas aldagarriren batekin aldatzeko baimena beharko da, hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 77. artikuluaren 3. idatz-zatiaren arabera.
i) Instalazioen transmisioa egitean transmisioaren berri eman beharko zaio hasierako baimena eman duen agintaritzari.
j) Gas-erregaia kanalizazioaren bidez eskatzen duten kontsumitzaile guztiei banatuko zaie, Proiektuari dagokion eremuko gune geografikoen barnean hartuta badaude, eta arautegiak ezartzen dituen segurtasun- eta kalitate-baldintzak betez.
k) Cepsa Gas Licuado SA enpresak hornidura egokia eta instalazioak mantentzeko, matxurak konpontzeko, erreklamazioetarako eta, oro har, bezeroentzako arretarako zerbitzu eraginkorra eta behar bezalakoa eman beharko du, eta bere gain izango du baimentzen diren instalazioak zaintzeko eta horiek behar bezala ibiltzeko ardura.
l) Gasa saltzeko tarifak gai horri buruz une horretan indarrean dauden xedapenen arabera ezarriko dira.
Hiru.- Obrak segurtasunez egiteko udalaren, probintziaren edo bestelakoen eskumeneko baimen edo lizentziak bazter utzi gabe eta horiek edozein direla ere emango da baimen hau, eta batez ere lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari, ingurumena babesteari eta Arabako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari dagozkienak.
Lau.- Inolaz ere ez da ulertuko baimen hau monopolio-erregimenean eman dela, eta ez ditu eskubide esklusiborik ematen.
Bost.- Martxan jartzeko akta lortzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira Arabako Lurralde Ordezkaritzan: obra-zuzendaritzaren eta proben ziurtagiriak, eraginpean hartutako erakundeen baimenak eta «as built» planoak; plano horietan, gas-sarearen egoera eta sarea beste zerbitzuekin nola gurutzatzen den zehaztu beharko da.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epearen barruan, Ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 20a.
Energia eta Meategien zuzendaria,
OSKAR ZABALA RABADÁN.
RSS