Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2010eko abenduaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizia Administrazioa

Bilboko Lehen Auzialdiko 5 Zenbakiko Epaitegia
6407

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriei buruz bideratutako 843/09 prozeduraren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Bilboko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia) ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriei buruzko L2 843/09 prozedura bideratu da, Yadira Guevara Carreñok eskatuta, Tit.IV-VII L1 CC delakoaren gainean eta Kevin Mauricio Santa Contrerasen aurka. Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

557 EPAIA

Bilbao (Bizkaia), 2010eko azaroaren 25a.

Bilboko (Bizkaia) eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegiko Francisco Javier Osa Fernández epaile-magistratuak ikusi ditu, seme-alaba adingabekoei dagokienez, neurri pertsonal eta ekonomikoetarako autoak (843/09). Auto horiek epaitegi honetan bideratu dira, Yadira Guevara Carreño andreak eskatuta, Haize Vizcaya de Muerza prokuradoreak ordezkatuta, eta Verónica Acilu Pérez letratuak defendatuta. Alderdi demandatua Kevin Mauricio Santa Contreras da, auzi-iheslaria bera, eta Ministerio Fiskalak parte hartu du.

EPAITZA

Haize Vizcaya de Muerza prokuradoreak, Yadira Guevara Carreño ordezkatuz eta haren izenean, Kevin Mauricio Santa Contrerasen aurka (auzi-iheslaria bera) aurkeztutako demanda zati batean baietsi dut, eta honako neurri hauek ezarri ditut:

1.- Adingabearen zaintza eta jagoletza amari esleitzen zaizkio.

2.- Guraso biek baliatuko dute, elkarrekin, guraso-ahala, Kode Zibilaren 154. eta 156. artikuluetan xedatutakoarekin bat. Hala, bada, aurrerantzean semeari buruz hartutako edozein erabaki jakinaraziko diote batak besteari, baita semearen interesa lehenetsiz biek jakin beharreko guztia ere. Elkarrekin komunikatzeko, egokiena duten bidea hautatu beharko dute; hala egin ondoren, errespetatu eta bete egingo dute. Biderik hautatzen ez badute, posta, faxa edo mezua jaso izana ziurtatzen duten bide telematiko eta elektronikoak erabiliz egingo da komunikazioa. Erantzuna ere horrelako bideren bat erabiliz emango du mezua jaso duen gurasoak. Erantzunik eman ezean, ados dagoela ulertuko da. Guraso bien artean hartuko dira aurrerantzean semeari buruzko erabakiak. Bereziki garrantzitsuak dira gai hauei dagozkienak: bizilekua, eskola, osasun-zaintza eta erlijio-ospakizunak. Hori horrela, guraso biek elkarrekin hartuko dituzte ebakuntza kirurgikoei -edozein motatakoak direla ere- edo garrantzizko mediku-tratamenduei buruzko erabakiak, gasturik dakarten edo asegururen batek bere gain hartzen ote dituen alde batera utzita. Erlijio-ospakizunei buruzkoetan ere guraso biek elkarrekin hartu beharko dute parte eta elkarrekin erabaki, bai erlijio-ekitaldiari dagokionez bai ekitaldi hori egiteko moduari dagokionez. Horretan ez du lehentasunik izango gastuak sortzen diren egunaren asteburua egokitu zaion gurasoak.

Hirugarrenek guraso biei emango diete semeari buruzko guztiaren berri. Zehazki, guraso biek dute informazio akademikoa eta ebaluazio-txostenak jasotzeko eskubidea, eta, halaber, tutoreekin egiten diren bileren bidez edo ikastetxeko orientazio-zerbitzuen bidez informazioa jasotzekoa, dela guraso biak elkarrekin bertaratuta dela bakoitza bere aldetik bertaratuta. Orobat, semeari buruzko mediku-informazioa jasotzeko eskubidea dute, eta txostenak, bietako edozeinek eskatuta, jasotzekoa ere bai.

Une batean semearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdirik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.

3.- Alderdien artean adostasunik ez badago, hauxe izango da bisiten gutxieneko erregimena: aita seme adingabearen konpainian izan daiteke bi astebururik behin, ostiral arratsaldeko 19:30etik igande gaueko 19:30era, eta Gabonetako, Aste Santuetako eta udako oporretan, oporraldi bakoitzaren erdiak, aitari urte bikoitiak dagozkiolarik eta amari urte bakoitiak, horretan ados jartzen ez badira behintzat. Aitaren ardura izango da alaba amaren etxean jaso eta bertan itzultzea.

4.- Kevin Mauricio Santa Contrerasek debekatuta du Espainiako mugetatik ateratzea Kevin Mauricio Santa Guevara semearekin amaren oniritzirik edo baimen judizialik gabe. Horretarako, ofizioa bidali beharko zaio Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari.

5.- Seme adingabearen elikagaiengatik aitak 150 euro ordaindu beharko dizkio amari hilero, aurreratuta, eta hileko lehenengo bost egunetan. Amak izendatutako banku kontuan sartuko da diru hori, eta urte bakoitzeko urtarrileko lehenengo egunetan eguneratu beharko du urtero, Estatistikako Institutu Nazionalak edo hori ordezkatzen duen erakundeak argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera eta aurreko 12 hiletako ordainketak oinarri gisa hartuta; ordainketa egin ezean, bidezko legezko neurriak hartuko dira.

6.- Gurasoek erdibana ordainduko dituzte semearen ohiz kanpoko gastuak. Halakotzat joko dira mediku-, farmazia-, optika-, odontologia-zerbitzuek sortutako gastuak, eta Gizarte Segurantzak edo mediku-aseguru pribatu batek bere gain hartzen ez dituen gainerako medikuntza-gastuak. Halakotzat joko dira, orobat, irakasle edo tutoreek gomendatuta, ikasketa-prozesuaren indargarri eta lagungarri semeak jaso behar dituen eskola-orduak. Gainerako gastuak -premiazkoak ez badira, aisialdiak edo eskolak sortuak badira, eta guraso biek erabakitakoak ez badira- egitea erabaki duenak ordaindu beharko ditu, gasturik egin bada behintzat.

Prozedura hau izapidetzerakoan sortutako prozesu-kostuak ez zaizkio inori ezartzen.

Ebazpen honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke, epaitegi honetan. Errekurtsoa prestatzeko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan bost egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honakoak adieraziko dira: apelatutako ebazpena, errekurritzeko nahia eta zein erabaki inpugnatzen diren (Prozedura Zibileko 1/2000 Legea, 457.2 eta 774. artikuluak).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua honelaxe gauzatu beharko da: epaitegi honen Gordailu eta Kontsignazioen Kontuan aipatu zenbatekoa kontsignatuta; kontu hori Banesto (Banco Español de Crédito) taldekoa da, eta 4709 zenbakia du; errekurtsoa aurkeztean egiaztatu beharko da kontsignazioa (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez, erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Eta Kevin Mauricio Santa Contreras demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan ematen eta sinatzen dut hau, Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamarreko abenduaren hiruan.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala