Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2010eko abenduaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6399

EBAZPENA, 2010eko azaroaren 17koa, Industria eta Energiako sailburuordearena, jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzen -2011ko ekitaldirakoen- deialdiaren berri ematen duena.

Krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuak (azaroaren 14ko 224/2006 Dekretuak aldatu zuen eta agindu-mailarekin jarraitzen du indarrean, bere eskumenen barruan laguntza horiek aldatu eta indargabetzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua gaitzen duen uztailaren 8ko 130/2008 Dekretua argitaratua izan ondoren) bere 7. artikuluan aurreikusten duenez, laguntza horietarako deialdi publikoa egin beharko da urtean behin lagapena egikaritzeko, eta hori horrela, 2011ko ekitaldiari buruzko deialdia egitea dagokio.

Azaldutakoa kontuan izanik, erreferentziako dekretuaren 7. artikulu horretan xedatutako eskumena baliatuta, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Krisialdiak jotako enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuan (azaroaren 14ko 224/2006 Dekretuak aldatu zuen eta agindu-mailarekin jarraitzen du indarrean uztailaren 8ko 130/2008 Dekretua argitaratua izan ondoren) eta dagozkion garapen-aginduetan aurreikusitako aurrerakin itzulgarri bidezko laguntzen 2011ko ekitaldirako deialdia egitea da ebazpen honen helburua.

2.- Horretarako, eman beharreko laguntzetarako 9.000.000 euroko gehieneko kopurua ezarriko da, eta 2011 urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako esleituriko kredituen kargura izango da kopuru hori finantzarioki.

2. artikulua.- Eskakizunak.

Krisialdiak jotako enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen dekretuan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, onuradun kategoria izan beharko dute eskatzaileek, erreferentziazko dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

4. artikulu horrek aurreikusten duenez, bertan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek eskuratu ahalko dituzte laguntza horiek, betiere enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan xedaturikoaren edo hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenen arabera interpretatuta.

3. artikulua.- Eskaerak.

1.- Eskaerak eta gainerako agiri osagarriak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzara bidali behar dira, eta zuzendaritza horretan bertan aurkeztu beharko dira (Vitoria-Gasteizko Donostia kalea 1, PK 01010), sail horren lurralde bulegoetan, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

2.- Eskaerak aurkezteko epea 2011ko uztailaren 30era artekoa izango da, lehenengo artikuluan adierazitako zenbatekoa agortzen ez den bitartean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko aginduari jarraiki, ebazpen honetan bildutako laguntzak emateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2011 ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 17a.

Industria eta Energiako sailburuordea,

FRANCISCO JAVIER GARMENDIA MARTÍNEZ.


Azterketa dokumentala