Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2010eko abenduaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Eusko Legebiltzarra
6133

IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarrean liburutegi, artxibo eta dokumentazioko laguntzaile-plaza bat txanda irekian betetzeko oposizio-lehiaketarako deialdia egiteko dena (09/25.01.00.0023)

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2010eko azaroaren 16ko bileran hartutako erabakia betetzeko, agintzen dut oposizio-lehiaketarako ondorengo deialdia argitara dadila.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 19a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

ARANTZA QUIROGA CIA.

OINARRI ESPEZIFIKOAK, EUSKO LEGEBILTZARREKO PLANTILLAN SARTUTAKO LIBURUTEGI, ARTXIBO ETA DOKUMENTAZIOKO LAGUNTZAILEAREN PLAZA BETEGABE BAT TXANDA IREKIAN ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA SISTEMAZ BETETZEKO

1.- Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da ondoren adierazten den plaza txanda irekian betetzea:

Lanpostuaren izena: liburutegi, artxibo eta dokumentazioko laguntzailea.

Zein arlori atxikia: Arartekoaren instituzioa.

Betetzeko plaza-kopurua: bat.

Betetzeko sistema: oposizio-lehiaketa.

Funtzionario-kidegoa: Kudeaketa Teknikariak

Eskatutako titulazioa: unibertsitateko diplomatura

Euskarako hizkuntza-eskakizuna: 2, nahitaezkoa.

Lanpostuaren eginkizun nagusiak: 2. eranskinean jarritakoak.

2.- Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

3.- Hautaketa-prozesuaren oinarriak.

Deialdian ondoko oinarriak aplikatuko dira: batetik, Eusko Legebiltzarreko plantillan sartuta dauden Kudeaketa Kidegoko plaza betegabe eta 2010erako deialdian jasoak betetzeko oinarri orokorrak, Mahaiak 2010eko azaroaren 9an onetsi eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean 2010eko azaroaren 12an argitaratuak, eta, bestetik, oinarri espezifiko hauek.

4.- Parte hartzeko baldintzak, hautaketa-prozesuaren garapena eta plazaren esleipena.

4.1.- Lehiatzaileek oinarri orokorretako 3. oinarrian orokorki ezartzen diren baldintzak bete behar dituzte.

4.2.- Eskabidea oinarri orokorretako 4. oinarrian xedatutakoaren arabera bete beharko da, baita euskarako hizkuntza-eskakizunari, hizkuntza-tituluei eta meritu-adierazpenari buruz aurreikusitakoa. Kasua hori bada, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia gehitu beharko da.

4.3.-Hautaketaren prozesua eta plazaren esleipenarena Mahaiak 2010eko azaroaren 9an onetsitako oinarri orokorretako aginduen arabera egingo dira, eta, orobat, oposizio-aldiko ariketei eta lehiaketa-aldiaren ebaluazioari buruz oinarri espezifiko hauetan aurreikusitako arauen arabera.

5.- Epaimahaia.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu epaimahaikideak. Epaimahaia era honetara osatuko da eta kideak, gutxienez, hauek izango dira:

- Epaimahaiko lehendakaria, Mahaiko kide izango dena.

- Arartekoa edo haren ordez arituko den pertsona.

- Kanpoko aholkulari bat, gai honetan espezialista.

- Deialdiko plazen kidego bereko edo goragoko kidego bateko pertsona bat, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatua.

- Deialdiko plazen kidego bereko pertsona bat, langileen ordezkaritza-organoak kidego horretako pertsonen artetik izendatua.

- HAEEk izendatutako pertsona bat.

- Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko pertsona bat, idazkari-lanak egingo dituena, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatua.

OPOSIZIOKO ARIKETEI ETA LEHIAKETAREN EBALUAZIOARI BURUZKO ARAUAK

Oposizioa.

Lehiatzaileek aldi honi dagozkion ariketa guztiak egin behar dituzte. Ariketok nahitaezkoak eta baztertze-indarrekoak izango dira.

Epaimahaiak erabaki dezake probak aurreikusitako ordenan ez egitea, bai eta egun berean proba bat baino gehiago egitea ere. Kasu horretan, baztertze-indarreko aurreko proba gainditu dutenen probak baino ez dira zuzenduko.

Lehiatzaile guztiek batera egin ezin dituzten ariketetan jarduteko ordena probaren egunean bertan egindako zozketa baten bidez erabakiko da.

Oposizioak ondorengo ariketak izango ditu:

Lehenengo ariketa

Lehenengoan kasu praktikoak jarriko dira, idatziz burutu beharrekoak, 1. eranskineko gai espezifikoei buruz. Ariketa horrek lau ordu iraungo du gehienez.

Ariketa honetan baloratuko dira lehiatzaileek postuan aritzeko dituzten ezaguerak, trebetasunak eta gaitasun profesionala.

Lehenengo ariketa horrekin 65 puntu jaso ahal izango dira gehienez. Gutxienez 33 puntu lortzen ez dituztenak hautaprobetatik kanpo geratuko dira.

Bigarren ariketa

Bigarren ariketan, 1. eranskineko lau galdera azaldu beharko dira idatziz. Galdera horiek epaimahaiak proposatuko ditu eta zozketaz aukeratuko dira era honetara: bi galdera A gaien edukiei buruzkoak izango dira, eta beste biak B gaien edukiei buruzkoak; bi gai-sortak eranskin honetan daude.

Erakutsitako ezagutza baloratuko da batik bat, baina baita ezagutza hori antolatzeko eta adierazteko modua ere.

Proba hau egiteko, lehiatzaileek lau ordu izango dute.

Proba honek 50 puntu izango ditu guztira:

- 18 puntu A gaiei dagozkienak dira, eta gutxienez 9 puntu lortu beharko dira ariketaren zati hau gainditzeko.

- 32 puntu B gaiei dagozkienak dira, eta gutxienez 16 puntu lortu beharko dira ariketaren zati hau gainditzeko.

Lehiaketa

Oposizioko azken ariketaren ondoren egingo da, eta epaimahaiak ondoko merituak baloratuko ditu:

1.- Liburutegi, artxibo eta dokumentazioko eginkizunetan egiaztatutako esperientzia; 24 puntu gehienera honako baremo honen arabera:

- 0,16 puntu Administrazio publikoarentzako zerbitzuetan, erdi-mailako teknikariaren kategorian, egindako hilabeteko.

- 0,125 puntu eremu pribatuan emandako zerbitzuetan, unibertsitate-diplomadunaren kategorian, egindako hilabeteko.

- 0,08 puntu Administrazio publikoarentzako zerbitzuetan, administrariaren kategorian, egindako hilabeteko.

- 0,06 puntu eremu pribatuan emandako zerbitzuetan, administrariaren kategorian, egindako hilabeteko.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko aldiak soilik kontabilizatuko dira.

Ezinbestekoa izango da aritu izaniko enpresaren edo erakundearen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagirian, lanpostuaren izena, egindako lanak eta aritutako aldia azaldu beharko dira. Horrekin batera aurkeztu beharko da, behar bezala justifikatu eta baloratzeko, Gizarte Segurantzako organo eskudunak emandako lan-bizitzaren ziurtagiria, Administraziotik kanpo izandako esperientzia egiaztatu nahi izatera.

2.- Beste merituen puntuazioak argitaratu ondoren, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren (eskabide-orrian agertutakoari jarraituz) jakite-maila egiaztatzeko ariketak egingo dira, Hizkuntza Eskola Ofizialaren gaitasun-titulua edo C1en baliokidea erreferentziatzat hartuta, Europako erreferentziako esparru bateratuaren arabera.

Ariketak, bai idatzizkoak, bai ahozkoak, izango dira.

Hizkuntza bakoitzaren jakite-mailak puntu 1 izango du, gehienera. Hizkuntza guztien jakite-mailaren gehienezko puntuazioa 2 puntukoa izango da.

Hizkuntza Eskola Ofizialeko gaitasun-mailako ziurtagiria edo, Europako erreferentziako Esparru Bateratuaren arabera, C1 tituluaren baliokideren bat daukatela egiaztatzen dutenek ez dituzte proba horiek egin beharko.

Maila horietaz beheko jakite homologatua (bai frogez, bai tituluez) egiaztatzen dutenei baremo hau aplikatuko zaie:

- Jakite-maila B2 ziurtagiriarena bada: 0,75 puntu hizkuntza bakoitzeko.

- Jakite-maila B1 ziurtagiriarena bada: 0,50 puntu hizkuntza bakoitzeko.

- Jakite-maila A2 ziurtagiriarena bada: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.

3.- Bibliotekonomia eta Dokumentazioko diplomadun-titulua, edo arlo horrekin erlazionatutako ikasketetakoa: 2 puntu.

4.- Onartutako unibertsitate-zentroetan egindako graduondoko ikastaroak, bete beharreko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: horietako bakoitzak 2,5 puntu izango ditu, eta 5 punturaino gehienera.

5.- Liburutegi, artxibo eta dokumentazioarekin zerikusia duten mintegi eta jardunaldietan parte hartzea: 0,02 puntu orduko, eta gehienera puntu 1.

6.- Liburutegi, artxibo eta dokumentazioarekin zerikusia duten hitzaldi, txosten, mahai-inguru edo ikastaroak ematea, 0,04 puntu orduko, eta gehienera puntu 1.

5. eta 6. paragrafoetan zehaztutakoak egiaztatzeko, hauek antolatu edo eman dituen zentro edo erakunde ofizialak luzatutako egiaztagiria beharko da. Agiriak ikastaroaren iraupena ordutan adierazi beharko du.

1. ERANSKINA

A gaiak (atal komuna)

1.- Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura sistematikoa. Oinarrizko printzipioak.

2.- Estatuaren botereak. Botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Botereen arteko harremanak.

3.- Autonomia-erkidegoak. Sorrera. Antolamendua. Eskumenak.

4.- Euskal Herriko Autonomia Estatutua. Atariko titulua. Euskal Herriaren eskumenak. Estatutuaren erreforma.

5.- Lehendakaria. Hautaketa eta izendapena. Eskumenak eta ahalmenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua. Osaera. Eskumenak.

6.- Lurralde historikoak. Kontzeptua. Organoak. Eskumenak.

7.- Eusko Legebiltzarra. Osaera. Legebiltzarkideak eta legebiltzar-taldeak. Eusko Legebiltzarraren egoitza.

8.- Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua. Egitura sistematikoa. Eusko Legebiltzarra eratzea.

9.- Osoko bilkura. Legebiltzarreko batzordeak: osaera, motak eta eginkizunak. Bilkurak eta gai-zerrenda.

10.- Eusko Legebiltzarreko legegintza-prozeduraren ideia orokorra. Legegintza-ekimena. Lege-proiektuak eta lege-proposamenak. Zuzenketak. Prozedura bereziak.

11.- Legebiltzarraren kontrol-eginkizuna. Galderak, interpelazioak, mozioak. Ikerketa-batzordeak.

12.- Eusko Legebiltzarreko zuzendaritza-organoak. Lehendakaria. Mahaia. Bozeramaileen Batzordea. Legelari nagusia.

13.- Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa. Egitura sistematikoa. Funtzionario-motak eta -kidegoak.

14.- European Foundation for Quality Management-en (EFQM) bikaintasun eredua.

15.- Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea. Egitura sistematikoa. Legearen xedea. Aplikazio-eremua.

16.- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea. Egitura sistematikoa. Legearen xedea. Aplikazio-eremua.

17.- Arartekoa Erakundea Sortu eta Arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legea. Egitura sistematikoa. Arartekoa: eginkizunak, izendapena eta kargu-uztea. Jarduera-eremua. Legebiltzarrarekiko harremanak.

18.- Europar Batasunaren erakunde-sistema. Parlamentua, Kontseilua eta Batzordea: organo horien osaera, antolamendua eta funtzionamendua.

B gaiak (atal espezifikoa)

1.- Liburutegi-zerbitzuak: kontzeptua eta xedea. Liburutegi motak.

2.- Liburutegi juridikoak eta giza eskubideei buruzko liburutegiak. Kontzeptua, xedea eta ereduak.

3.- Liburutegiko bilduma mantentzeko prozesu teknikoak eta horien automatizazioa.

4.- Liburutegiko katalogoak. Kontzeptuak, motak eta helburuak.

5.- IKTak eta liburutegiak.

6.- Liburutegien lankidetza: sistemak eta sareak.

7.- Erabiltzaileari eman beharreko informazioa.

8.- Dokumentuen azterketa. Laburpenak. Indexazioa. Thesaurusak.

9.- Dokumentazioa eta IKTak. Aplikazio oinarrizkoak eta aurreratuak.

10.- Datu-baseak: kontzeptua, helburuak eta mantentzea.

11.- Dokumentazio juridikoa: informazio juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoan.

12.- Dokumentazio juridikoa: informazio juridikoa Espainian.

13.- Dokumentazio juridikoa: informazio juridikoa Europar Batasunean.

14.- Dokumentazio juridikoa: informazio juridikoa Toki eta Foru Administrazioan.

15.- Giza eskubideei buruzko dokumentazioa.

16.- Komunikazio sozialeko sareak: web 2.0ren eta web semantikoaren joerak dokumentazioari dagokionez.

17.- Artxiboak. Artxibo motak. Artxibo administratiboa.

18.- Artxiboko dokumentuak sailkatzea.

19.- Artxiboko dokumentuak deskribatzea.

20.- Dokumentuen kudeaketa: dokumentuen kudeaketako sistemak web ingurunean.

2. ERANSKINA / ANEXO 2

(Ikus .PDF)

3. ERANSKINA / ANEXO 3

ESKAERA, LIBURUTEGI, ARTXIBO ETA DOKUMENTAZIOKO LAGUNTZAILE-PLAZA BAT BETETZEKO OPOSIZIO-LEHIAKETAN ONARTUA IZATEKO

SOLICITUD DE ADMISIÓN AL CONCURSO-OPOSICIÓN PARA PROVEER UNA PLAZA DE AYUDANTE DE BIBLIOTECA, ARCHIVO Y DOCUMENTACIÓN

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala