Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2010eko abenduaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Eusko Legebiltzarra
6131

IRAGARKIA, 2010. urterako Eusko Legebiltzarreko plantillan sartuta dauden Kudeaketa Kidegoko plaza hutsak betetzeko oinarri orokorrei buruzkoa (09/25.00.01.0020).

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2010eko azaroaren 9ko bileran hartutako erabakia betetzeko, hau agintzen dut: Eusko Legebiltzarreko plantillako Kudeaketa Kidegoko plaza hutsak betetzeko 2010. urterako oinarri orokor hauek argitara daitezela.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 19a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

ARANTZA QUIROGA CIA.

EUSKO LEGEBILTZARREKO PLANTILLAKO KUDEAKETA KIDEGOKO PLAZA HUTSAK BETETZEKO 2010. URTERAKO OINARRI OROKORRAK

1.- Deialdiaren helburua.

1.1.- Oinarri hauen helburua hau da: 2010erako Eusko Legebiltzarreko Kudeaketa Kidegoari dagozkion oinarri espezifikoetan adieraziko diren txanda irekiko plazak betetzeko arauak ezartzea. Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da, hau da, hautaprobak eta merituen balorazioa.

Oinarri espezifikoetan ondokoak adierazi beharko dira:

Lanpostuaren izena, atxikipena, lanpostu hutsen kopurua, horiek betetzeko sistema, eskatutako titulua, euskarazko hizkuntza-eskakizuna, plazaren zeregin nagusiak eta, kasua bada, ahalmen-urrituentzat gordetako plazak.

1.2.- Ahalmen-urrituentzako gordetako plazaren bat edo batzuk bete gabe geratuz gero, gehitu egingo lituzkete, hizkuntza-eskakizun berekin, deialdi bereko txanda irekian bete beharreko plazak.

1.3.- Aukera-berdintasuna lortzeko asmoan aurrera egitearren, eta ahalmen-urritasuna duten pertsonak enplegu publikoan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen 2271/2004 Errege Dekretuko 3.2 artikuluak ezarritakoari jarraituz, baldin eta ahalmen-urrituentzako gordetako kupoaren aldetik aurkeztutako lehiatzaile ahalmen-urrituetakoren batek dagozkion ariketak gainditzen baditu baina plazarik lortzen ez badu eta, halaber, txanda libreko beste lehiatzaile batzuek baino puntuazio handiagoa ateratzen badu, txanda irekiko zerrendan sartua izango da puntuazio-ordenaren arabera.

2.- Plaza-deialdian sartzeko baldintzak.

2.1.- Bete beharreko baldintzak dituzten lanpostuak ez dituzte beteko, inola ere, baldintza horiek bete dituztela frogatu ez duten lehiatzaileek.

2.2.- Epaimahaiak karrerako funtzionarioa izateko proposatzen duen lehiatzaile-kopurua ez da izango deialdiko lanpostu-kopurua baino handiagoa, kasu hauetan izan ezik:

a) Lehiatzaileek, izendatuak izan baino lehen edo lanpostua hartu baino lehen, lanpostuari uko egiten badiote.

b) Lanpostua hartzean lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia eskatzen badute.

Kasu horietan, hutsik gelditutako plazak esleituko dira, eta horretarako epaimahaiari eskatuko zaio probak gainditu dituzten baina plazarik eskuratu ez duten lehiatzaileen zerrenda, hurrenkeran.

3.- Enplegua eskuratzeko betebeharrak.

3.1.- Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek oinarri orokor zein espezifikoetan zerrendatzen diren baldintzak beteta eduki beharko dituzte beranduen ere eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago, oinarrietan aurreikusitako salbuespenekin, eta beteta eduki esleitzen zaien plazaz, kasua hori bada, jabetu arte.

3.2.- Baldintzak bete direla behin betiko frogatzeko epeak eta moduak oinarri hauetako 9. atalean dauden arren, kontuan hartu ahal izango da halaber lehiaketa-aldirako zehaztutako merituak egiaztatzeari dagokionez 4.4 puntuan ezarritakoa.

3.3.- Honako hauek dira deialdiko plazetara lehiatzeko baldintzak:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den estaturen bateko nazionalitatea izatea, edo, bestela, Europar Batasunak egindako eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunen ondorioz, Europar Batasunaren Itunean zehaztutako eran langileen joan-etorrirako askatasuna duen beste estatu bateko nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urteak beterik izatea eta nahitaezko erretirorako adinera iritsi gabe egotea.

c) Oinarri espezifikoetan eskatzen den titulua izatea, dagokion organo ofizialak emana, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindurik edukitzea. Titulu akademikoak atzerrian lortuak badira, tituluokin batera entregatu beharko da horiek onartzen dituen Hezkuntza Ministerioaren agindua, edo homologatuta daudela egiaztatzen duen agiria.

d) Deialdiko plazei dagozkien lanpostuen eginkizunak normaltasunez betetzeko beharrezkoa den gaitasun psikofisikoa edukitzea.

e) Lanbidean aritzeko edo funtzio publikoetarako ezgaiturik ez egotea, eta diziplina-espediente bidez Administrazio publikoaren zerbitzutik kendu gabeak izatea. Atzerritarra izanez gero, jatorriko herrialdean funtzio publikoan sartzea eragotziko liokeen diziplina-zigor edo kondena penalik ez edukitzea.

f) Administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez izatea. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.

g) Oinarri espezifikoetan eskatutako beste edozein baldintza.

3.4.- Ahalmen-urritasunen bat duten pertsonak gainerako lehiatzaileen baldintza beretan onartuko dira hautaketa-prozesurako, betiere lanpostuaren eginkizunak betetzeko beharrezko gaitasun psikofisikoa izanez gero, 3.3.d) puntuan aipatu eta eskainitako plaza bakoitzeko argitaratuko diren oinarri espezifikoen eranskin batean zehaztuko den gaitasuna, hain zuzen.

Ahalmen-urrituentzat gordetako lanpostuetara lehiatu ahal izateko, eta aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzeari utzi gabe, lehiatzaileek ahalmen-urritasuna onarturik eduki beharko dute, % 33ko edo gehiagoko ahalmen-urritasuna, gutxienez. Ahalmen-urritasun hori administrazio-organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

3.5.- Oposizio-aldiko ariketaren bat egiteko denborazko edo baliabidezko egokitzapenik behar izanez gero, zehazki zer-nolako egokitzapenak behar dituzten adierazi beharko dute eskabide-orrian bertan.

3.6.- Martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuko 19.1 artikuluan adierazitakoaz baliatuz, epaimahaiak ahalmena izango du deialdiko plazak lortu nahi dituzten eta ahalmen-urritasuna duten pertsonek eskatzen dituzten denborazko eta baliabidezko egokitzapenak egiteko.

4.- Eskabideak aurkeztea.

4.1.- Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak Eusko Legebiltzarreko administrazio-etxean, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzan (Becerro de Bengoa kalea, z/g, Vitoria-Gasteiz) aurkeztu beharko dira, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, eta hamabost egun balioduneko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Eskabideekin batera nortasun-agiri nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da. Halaber, nahitaez egiaztatu egin beharko da hautaketa-prozesuan parte hartzeko bete beharreko baldintza guzti-guztiak betetzen direla, are gaitasunen azterketari dagokion gaitasun psikofisikoa ere, oinarri espezifikoetan, 3.4 puntuak aipatutako eranskinean, agertuko dena (gaitasun horiek zehazteko orduan, Eusko Legebiltzarrak Lantegi Batuak fundazioaren aholkularitza izan du). Oinarri espezifikoek plazak betetzeko ezarritako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

4.2.- Eskabideak oinarri espezifikoen eranskin bezala jarritako eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko dira. Lehiatzaileek eskabide-eredu hori Eusko Legebiltzarraren web-orriaren bidez (www.parlamento.euskadi.net) eskuratu ahal izango dute, hain zuzen ere, menuko «Zerbitzuak» ataleko «Oposizioak» azpiatalean. Eskabideak, era berean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoaren arabera ere aurkeztu ahal izango dira.

4.3.- Posta-bulegoetan aurkezturiko eskabideek Posta Zerbitzuen Araudiko 205.3 artikuluan ezarritako prozedura bete beharko dute: eskabideak gutun-azal irekian aurkeztuko dira, enplegatuak haietan data-zigilua jar dezan, goian, ezkerraldean. Argi azaldu beharko dute bulegoaren izenak eta datak.

4.4.- Lehiaketa-aldirako zehaztutako merituak, kasu guztietan, eskabidearekin batera adierazi beharko dira. Haiek frogatzeko dokumentuak lehiaketa-aldiko balorazioa hasi baino lehen aurkeztuko dira, oposizio-aldia amaitu eta emaitzak jakinarazi ostean. Epaimahaiak, horretarako, hamar eguneko epea emango du, gehienez. Dokumentuak Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzan aurkeztuko dira.

Hizkuntza-eskakizuna -eskatu behar den kasuetan- eta merituak egiaztatzeari dagokionez, jatorrizko dokumentuak edo dokumentu horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira. Ez da inola ere baloratuko adierazi gabeko meriturik. Gainera, baloratu ahal izateko, aurreko lerroaldean ezarritako eran eta oinarri orokor hauetan zein plaza bakoitzeko oinarri espezifikoetan agindutako moduan frogatu beharko dira adierazitako merituak.

4.5.- Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, baldin eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten ez bazaio deialdia egin duen agintaritzari. Alabaina, Eusko Legebiltzarreko langileen kasuan, ez badute eragozpenik, lantokikoa hartu ahal izango da helbidetzat.

5.- Lehiatzaileak onartzea.

5.1.- Onartuen zerrendan agertzeko eta hautaprobetan parte hartu ahal izateko, aski izango da lehiatzaileek eskabidean adieraztea 3.3 oinarrian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela eta oinarri espezifikoetan eskatutako agiriak aurkeztea eskabidearekin batera, hala badagokio.

5.2.- Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onetsi egingo du onartu diren eta bazter utzi diren lehiatzaileen behin-behineko zerrenda, eta zerrenda hori argitara emango da bai Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, bai Eusko Legebiltzarreko iragarki-taulan eta bai web-orriaren bidez (www.parlamento.euskadi.net). Zerrenda horretan adierazita egongo da bazterturiko lehiatzaile bakoitza, halakorik bada, kanpoan zergatik utzi den. Aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek hamar eguneko epea izango dute bazterketa eragin duen akatsa edo hutsa zuzentzeko eta zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, hala baitago aurreikusita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan.

Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira. Erreklamaziorik aurkezten baldin bada, onartutako eta baztertutako lehiatzaileen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian onartuko edo baztertuko dira, eta erabaki hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.3.- Egitatezko okerrak prozedurako edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz zein alderen batek eskaturik.

6.- Epaimahaia.

6.1.- Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu epaimahaikideak. Epaimahaia era honetara osatuko da: kide-kopurua bakoitia izango da, eta kideak, gutxienez, hauek izango dira:

- Epaimahaiko lehendakaria, Mahaiko kide izango dena.

- Kanpoko aholkulari bat, gai honetan espezialista.

- Deialdiko plazen kidego bereko edo goragoko kidego bateko pertsona bat, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatua.

- Deialdiko plazen kidego bereko pertsona bat, langileen ordezkaritza-organoak kidego horretako pertsonen artetik izendatua.

- HAEEk izendatutako pertsona bat.

- Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko pertsona bat, idazkari-lanak egingo dituena, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatua.

Onartu diren eta bazter utzi diren lehiatzaileen zerrendarekin batera argitaratuko da epaimahaia osatzen duten titularren eta ordezkoen izendapena.

Epaimahaia osatzen duten kideak izendatzerakoan langileen ordezkaritza-organorik ez baldin badago, deialdiko lanpostuen kidego bereko pertsona bat izendatuko da zozketaz.

6.2.- Izendapenak baliozkoa izaten jarraituko du, izendapena egiteko baldintzak epaimahaiko kideak izendatu ondoren aldatu arren. Hori horrela izanik ere, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendapen hori ezeztatu eta kide horren ordez beste bat izendatu ahal izango du, baldin eta egoera aztertuta izendapena bere horretan uzteak epaimahaiaren ohiko funtzionamenduari kalte egiten badio. Ezeztatze eta ordezkatze horiek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

6.3.- Epaimahaiak, deialdiko oinarri orokor eta espezifikoetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua burutu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagozkien arazo guztiak ebatzi ere.

6.4.- Epaimahaiaren erabakiak, oinarri hauetan aurreikusten direnez landakoak, argitara emango dira bai Eusko Legebiltzarreko iragarki-oholean bai web-orriaren bidez (www.parlamento.euskadi.net).

6.5.- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 20.4.b) artikuluak ezarritakoa betez, epaimahaian gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua egongo da.

6.6.- Epaimahaiko kide guztiek izango dute hitza eta botoa. Epaimahaiaren erabakiak bilkuran direnen boto-gehiengoz hartuko dira, eta, berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruaren botoak ebatziko du.

6.7.- Baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakorik gertatzen bada, epaimahaia osatzen duten kideek uko egin beharko diote epaimahaian egoteari, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraziz, eta deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek ezetsi egin ahal izango dituzte.

6.8.- Epaimahaiak ez du eratzerik ez lanean aritzerik izango baldin eta bilkuran ez badira lehendakari- eta idazkari-lanetan ari diren pertsonak eta gutxienez kideen erdiak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 26. artikuluan adierazitakoari lotuz.

6.9.- Epaimahaiak, hautaprobetako edozeinetarako, beharrezko iruditzen zaizkion aholkulariak eskatu ahal izango ditu. Aholkulari horiek kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko dira.

6.10.- Epaimahaiak ezingo ditu hautatutzat jo deialdiko plaza-kopurua baino lehiatzaile gehiago. Muga hori hausten duten proposamenak erabat baliogabeak izango dira.

6.11.- Epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izango dira izendapenak egiteko eskumena duen organoarentzat. Hark, alabaina, ebazpenok berriz aztertzeko aukera edukiko du, administrazio-prozedurako arauei jarraituz.

6.12.- Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.

7.- Hautatzeko prozedura.

Plazak nahi dituzten lehiatzaileak oposizio-lehiaketaren bidez aukeratuko dira, 1. oinarrian esan bezala.

7.1.- Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko diren hautaprobek lehiaketa-aldia osatuko dute. Proba horien helburua izango da eskainitako plazen lanak egiteko garrantzia duten ezagutzak eta trebetasunak ebaluatzea.

Hautaprobak nahitaezkoak eta baztertze-indarrekoak izango dira. Hala ere, oinarri espezifikoek, eskainitako plazaren ezaugarrien arabera, baztertze-indarrekoak izango ez diren probak ezarri ahal izango dituzte.

7.2.- Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita bere Interneteko helbidean ere, ariketa-eguna baino bost egun lehenago gutxienez ere. Argitaratu ordez, lehiatzaileei zuzenean eta modu frogagarrian jakinarazi ahal izango zaie, aurreko epe berean. Hurrengo ariketak Eusko Legebiltzarreko iragarki-oholean eta Interneteko www.parlamento.euskadi.net helbidean iragarriko dira, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenagotik bakoitza.

7.3.- Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonei dei bakarra egingo zaie ariketa bakoitzerako, eta ariketara ez agertzea prozesutik kanpora uzteko arrazoi nahikoa izango da, non eta ezinbesteko arrazoiren bat izaten ez den. Arrazoi hori behar bezala egiaztatuko da eta epaimahaiak askatasunez erabakiko du aintzat hartu ala ez.

7.4.- Ariketa bat amaitzen denetik hurrengoa hasi arte, hirurogeita hamabi ordu igaro beharko dute gutxienez, eta inoiz ere ez berrogeita bost egun natural baino gehiago. Hori horrela izanik ere, epaimahaiak ahalmena izango du, egoki irizten badio, ekitaldi berean ariketa bat baino gehiago jartzeko. Kasu horretan ere hirurogeita hamabi ordu lehenago eman beharko du horren berri.

7.5.- Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek aukeran izango dute probak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egitea, non ez den egiaztatzen ariketaren bat euskaraz egitea teknikoki ezinezkoa dela. Eskabide-orrian espresuki adierazi beharko da aukeratutako hizkuntza.

Hala ere, hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa duten plazetan euskarazko probak jarri ahal izango dira egiaztatzeko lehiatzaileek badutela deialdiko lanpostuaren betekizunak eskatutako hizkuntza-eskakizunaren mailaren arabera burutzeko gaitasuna.

7.6.- Oposizio-aldiko proben eta ariketen kalifikazioak argitara emango dira bai Eusko Legebiltzarreko iragarki-taulan bai www.parlamento.euskadi.net web-orrian. Zernahi gisaz, epaimahaiak, egoki iritziz gero, beste era batera ere jakinarazi ahal izango ditu.

7.7.- Hiru egun balioduneko epea izango da gehienez, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen denetik kontatzen hasita, egindako azterketak berrikustea eskatzeko edo kalifikazioei buruzko erreklamazioak aurkezteko. Horretaz gain, epaimahaiaren jarduna inpugnatzeari buruzko 6.11 oinarrian ezarritakoa ere balia daiteke.

7.8.- Lehiaketa-aldian oposizio-aldia gainditu dutenek adierazi eta frogatutako merituak aztertu eta baloratuko dira.

Baloratu daitezkeen merituak eta baremoa deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko dira. Esperientzia, hizkuntzak, tituluak, argitalpenak eta jasotako zein emandako prestakuntza baloratu ahal izango dira.

Nolanahi ere, merituen balorazioaren garrantzia proportzionatua izango da, eta ez da baztertze-indarrekoa izango.

7.9.- Lehiatzaile bakoitzaren azken emaitza zehazteko, hauek gehituko dira: oposizio-aldian izandako puntuak (ariketa bakoitzekoak gehi merituen baloraziokoak) eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen balorazioa, azken horiek meritua (eta ez baldintza) badira.

Emaitza guztiak 7.6 oinarriko helbide elektroniko eta tokietan argitaratuko dira.

Berdinketarik izanez gero, 8.2 oinarrian zehaztutako irizpideen arabera ezarriko da lehentasuna sailkapen-ordenan.

7.10.- Probak zuzentzerakoan, ahal denean, deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonen anonimatua bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu epaimahaiak.

7.11.- Nahitaezkotasun-data igaroa duten lanpostuak, ezarrita dauden hizkuntza-eskakizunak betetzen dituzten pertsonekin bete beharko dira.

7.12.- Hizkuntza-eskakizunak, nahitaezkoa ez den bitartean, euskaraz jakiteari meritu gisa zenbat puntu eman behar zaion erabakitzeko baino ez du balioko.

Euskarazko probak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko izango dira. Hautaketa-prozesuko edozein unetan egingo dira, oposizio-aldiko lehen ariketa egin aurretik.

7.13.- Deialdiko plazek lanpostu-zerrendan nahitaezko eskakizuna baldin badute, edo meritu denean, egiaztatu egin beharko da eskakizun hori, HAEEk denboran gertuen egingo dituen deialdi bateratuetan, dagokion proba egiteko asmoa eskabidean agertu duten lehiatzaileei aldez aurretik iragarriko zaien egunean. Horretarako proba espezifikoak Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan aurreikusitakoei lotuz burutuko dira.

7.14.- Aurreko paragrafoan aipaturiko probetatik salbuetsirik egongo dira eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dutenak euskal administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua aplikatzeko indarrean dauden arauei jarraituz eta euskarako tituluen eta ezagutza-ziurtagirien baliokidetzarako indarrean dagoen arautegiaren arabera.

Lehiatzailea titulu horietako baten jabe dela zehazki eta agiri bidez frogatzeko, 9.1.b) oinarrian adierazi bezala jokatuko da, 4.1 oinarrian aurreikusitakoa bete ahal izango bada ere.

7.12 oinarrian aipatu diren probak egiteko iragarki berean, paragrafo honen arabera hizkuntza-eskakizuna egiaztatua duten lehiatzaileen zerrenda emango du argitara epaimahaiak.

8.- Hautatuen zerrenda.

8.1.- Oposizio-aldia osatzen duten ariketen kalifikazioa eta lehiaketa-aldiaren balorazioa amaiturik, epaimahaiak sailkapen-ordena erabakiko du, lorturiko puntuazioaren arabera. Sailkapen-ordena horrek hautaketa-prozesuan lehiatu diren eta probak gainditu dituzten guztiak bilduko ditu.

8.2.- Puntuazio-berdinketarik izanez gero, oposizio-aldiko ariketa nahitaezkoen eta baztertze-indarrekoen multzoan puntuazio handiena lortu duena gailenduko da.

Puntuazio bera lortuz gero, emakumezkoei emango zaie lehentasuna Legebiltzarreko Administrazioko kidegoetan, kidego horietan emakumezkoak % 40 baino gutxiago direnean, salbu eta lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu -nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik-, kasurako, laneratzeko edo lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide denean.

8.3.- Behin betiko sailkapen-ordenak eta hautatutako lehiatzaileen zerrenda argitara emango dira bai Eusko Legebiltzarreko iragarki-oholean bai www.parlamento.euskadi.net web-orrian. Epaimahaiak hautatutako horiek praktiketako funtzionario izendatzea proposatuko du, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutu eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak oposizioa gainditu dutenen zerrenda eta epaimahaiak egindako izendapen-proposamena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakiko du.

9.- Izendatzea.

9.1.- Praktiketako funtzionario izendatu aurretik, parte hartzeko eskaturiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztuko dituzte hautatu diren lehiatzaileek Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzan. Hamabost egun naturaleko epea izango dute horretarako, 8.3 paragrafoan aipaturiko zerrenda Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hona hemen aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Zinpeko deklarazioa edo agintza, ezein administrazio publikoren zerbitzutik diziplina-espediente bidez ez dituztela kendu eta funtzio publikoak betetzeko ezgaiturik ez daudela aitortuz, eta orobat Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko 53/1984 Legean aurreikusitako inolako ezgaitasunik edo bateraezintasunik ez dutela ere.

b) Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulu hori eskuratzeko eskubideen ordainagiria. Zuzenbidean onarturiko beste edozein era ere bidezko izanik, aipaturiko fotokopia Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak konpultsatu ahal izango du. Halaber, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen agiria edo adierazitako merituak ere konpultsatu egin beharko dira, baldin eta oinarri orokor eta espezifikoetan aurreikusitako aldietan horien fotokopia soila aurkeztu bazen.

c) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, dagozkien egitekoak normal betetzea eragotziko dien eritasunik nahiz akats fisiko edo psikikorik ez dutela egiaztatzen duena.

d) Ahalmen-urrituentzat gordetako txandan parte hartu badute, organo eskudunaren ziurtagiria, % 33ko edo gehiagoko ahalmen-urritasuna dutela egiaztatzen duena.

9.2.- Lehendik funtzionarioak direnak salbuetsirik egongo dira aurreko izendapena lortzeko egiaztaturiko baldintzak eta betekizunak justifikatzetik. Aski dute aurkeztea dagokien administrazioak emaniko ziurtagiria, haien egoera eta espediente pertsonalean adierazten diren gainerako inguruabarrak egiaztatzen dituena.

9.3.- Ezingo dira izendatu aipaturiko dokumentuak aurkeztu beharreko epearen barruan aurkezten ez dituztenak, ezinbesteko arrazoiren bat izan ez bada, behintzat, ezta aurkezturiko dokumentuek erakusten dutenaren arabera oinarri orokor eta espezifikoetako baldintzaren bat betetzen ez dutenak ere. Horrenbestez, lehiatzaile horiei dagokienez, jarduketa guztiak anulaturik eta eraginik gabe geldituko dira, eta izendapenerako zituzketen eskubide guztiak galduta. Halakoetan, dagokion sailkapen-ordenan ezarritako lehentasunari jarraituz eta deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak egiaztatu ondoren, aurreko anulazio horren ondorioz deialdiko lanpostu-kopuruaren barruan sartzerik duen lehiatzaileak jasoko du izendapena, betiere 8 oinarrian adierazitako irizpideak betez.

10.- Ebazpena.

10.1.- Dokumentuak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiaren bidez, hautatuak praktiketako funtzionario izendatuko dira karrerako funtzionario bihurtu aurretik. Erabaki hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2.- Izendapen hori jasotzen dutenek gehienez hamabost egun balioduneko epearen barruan jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapen-ebazpena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori beste hamar egun luza daiteke, izendapena jaso duenak eskatzen baldin badu eta horretarako arrazoi frogaturik egonez gero.

10.3.- Ezarritako epearen barruan lanpostuaz jabetzen ez direnek besterik gabe galduko dute beren eskubidea. Halakoetan, 9.3 oinarrian adierazi bezala jokatuko da.

11.- Azken arauak.

11.1.- Oinarri orokorretan eta espezifikoetan aurreikusi gabekoetarako, hautaketa-probak ondorengo arauak betez egingo dira: Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa, eta hori garatzeko arauak; osagarririk behar izanez gero, euskal funtzio publikoari buruzko legeria eta araudi osagarria, eta, halakorik izan ezean, funtzionario publikoei buruzko legeria orokorra, Legebiltzarreko funtzio publikoarekin bateraezina ez den neurrian.

11.2.- Deialdiaren, oinarrien nahiz horietatik eta epaimahaiaren jardunetik sortzen diren administrazio-egintzen kontra egin daiteke zenbait kasu eta era jakinetan. Hauek dira kasu eta era horiek agertzen diren legeak:

- 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatua.

- 29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa Arautzen duena.

12.- Datu pertsonalen babesa.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek hautaketa-prozesuan zehar emandako datu pertsonalei honako lege-arau hauek aplikatuko zaizkie:

- 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa.

- 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

- 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Lege Organikoa garatzeko Erregelamendu berria onartzen duena.

- Gainontzeko garapen-arauak.

Hautaketa-prozesuan emandako datu pertsonalei dagokienez, Giza Baliabideen Fitxategia izeneko datu pertsonalen fitxategi automatikoan sartuta egongo dira. Fitxategi horren xedea giza baliabideei buruzko datuak biltzea eta gordetzea da, eta datuen jasotzailea Eusko Legebiltzarra izango da. Fitxategi horren arduraduna Antolaketa eta Giza Baliabideen zuzendaria da, eta sartzeko, zuzentzeko, aurkatzeko eta ezeztatzeko eskubideak zuzendari horren aurrean baliatuko dira.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek berariazko baimena eman beharko dute segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuen tratamendurako.

Hautaketa-prozesuan emandako datuen tratamendurako, Segurtasun Neurrien Erregelamenduan ezarritako segurtasun-maila baxuko neurriak beteko dira.


Azterketa dokumentala