
219. zk., 2010eko azaroaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
5384
AGINDUA, 2010eko irailaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010eko Fondoaren kontura ekintza humanitario bati diru-laguntza ematen diona.
Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak arautzen ditu Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak, eta bi jarduera-mota bereizten ditu. Alde batetik, larrialdietan laguntzeko proiektuak daude: horien bidez, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuragarri jarri nahi dira, biziraupena bermatzeko eta hondamendiek eragindako sufrimendua eramangarriago egiteko. Bestetik, ekintza humanitarioko proiektuak, zentzu zabalago batean; horri lotutako jarduerak larritasun-maila txikiagokoak dira eta garapena, giza eskubideak eta bakegintza sustatzeko oinarri batzuk bultzatzeko dira.
Aipatutako dekretuaren 4. artikuluak dioenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren bidez urtero egingo da laguntza-deialdia, bi finantzaketa-lerroak bilduz. Finantzaketa-lerro iraunkor bat, urte osoan irekita egongo dena; larrialdi-laguntzetarako eta ekintza humanitarioetarako laguntza-eskariak aurkeztu ahal izango zaizkio. Beste finantzaketa-lerroa, ordea, ekintza humanitarioko esparru-estrategiak onesteko izango da. Agindu horri jarraiki onetsi zen honako agindua: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko otsailaren 3ko Agindua, hau da, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010erako Fondoaren kontura ekintza humanitarioetarako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.
Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa betez, eta horren ondorioz, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Batzorde Kudeatzailearen proposamenez (martxoaren 30eko 62/2004 Dekretuak arautzen du batzorde hori), eta aurretiaz txostena egiten badu Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengoa.- Diru-laguntza bat ematea Alboan fundazioak aurkeztutako ekintza humanitarioko proiektuaren finantza-lerro iraunkorrari. Proiektuaren xede nagusia da, Kolonbiako gatazkaren ondorioz, herrialde horren eta Venezuelaren arteko mugan bizitokia utzi behar izan dutenei eta errefuxiatuei dagozkien eskubideak itzultzea, betiere, eskualde-estrategia batetik abiatuta. Proiektuaren ekintzek sustatutako eta sendotutako oinarrizko erakundeen bitartez, Kolonbiako Magdalena Medioko eta Kolonbia eta Venezuela arteko mugako gatazkaren biktimek -laguntza eta arreta integrala jasota- euren eskubideak baliatuko dituzte agintari eskudunen aurrean. Eskualdeka gauzatutako eragin- eta komunikazio-ekintzen bidez, are nabarmenago ikusaraziko da talde ahul horiek komunitate hartzaileetan integratzeko bizi duten egoera, eta indarkeriaren prebentzioa landuko da.
Bigarrena.- Laguntza 181.112,88 euroko ordainketa bakar baten bidez emango da. Proiektua 2010eko irailaren 15ean hasiko da eta 2011ko irailaren 14an bukatuko. Beraz, diru-laguntza justifikatzeko epea 2012ko urtarrilaren 14an bukatuko da.
Hirugarrena.- Agindu hau erakunde eskatzaileari bertatik bertara jakinaraztea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Laugarrena.- Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke erakunde berean, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean. Epeok agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 9a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
RSS