Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2010eko urriaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ekonomia eta Ogasun Saila
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
4874

252/2010 DEKRETUA, urriaren 5ekoa, zeinaren bidez baimena ematen zaio Energiaren Euskal Erakundeari IBIL, Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico SA sozietate berrian partaidetza izan dezan.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du indarra.

2010eko uztailaren 22an, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordea zera erabaki zuen: ibilgailu elektrikok kargatzeko azpiegiturak garatzeko sozietatean, Energiaren Euskal Erakundeak -Repsol SArekin batean- partaidetza izateko baimena eskatzea Eusko Jaurlaritzari. Betiere, partaidetza hori lortzeko akzioak harpidetuaz, sozietate haren kapitalaren % 50 egiten duen 1.000.000 euro zenbatekoan. Guztiarekin ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da.

Sozietatearen helburua honakoa izango da:

A) Eremu publiko eta loturikoetan, ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntuen azpiegitura diseinatu, eraiki, ustiatu, erabili eta mantentzea. Honakoak joko dira azpiegitura loturikotzat: ibilgailu jakin bati elkartua eta kokapena ugazabaren edo erabiltzailearen aparkalekuan daukana; eta azpiegitura publikotzat: erabiltzaile guztientzako kokaleku publikoetan, karga-zerbitzuak ematen dituena.

B) Sektore Elektrikoaren azaroaren 27ko 54/1997 Legean egiten den definizioarekin bat etorriaz, sistema elektrikoko karga kudeatzaile gisa jardutea, betiere energia elektrikoa saldu eta erosteko ahalmenarekin.

C) Ibilgailu elektrikoentzako karga-zerbitzuak merkaturatzea.

D) Jarduera nagusiari loturiko zerbitzu balio erantsi handikoak merkaturatzea, hala nola mugikortasun elektrikoaz aholkularitza-zerbitzuak, karga-puntu erabilgarriez informazioa denbora erreal emateko zerbitzuak, etab.

E) Jarduera nagusiaren gaineko zabalkuntza- eta formazio-ekintzak.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Berrikuntzako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko urriaren 5en egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- IBIL, Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico SA sozietate berriaren kapitalean partaidetza izateko baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari, miloi bat (1.000.000) zenbatekoarekin, eta horrek sozietatearen kapital osoaren (2.000.000) % 50 egiten du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko urriaren 5ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala