Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2010eko irailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
4155

227/2010 DEKRETUA, abuztuaren 31koa, Donostiako Satrustegi Dorrea, Monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura ondasuna deklaratu eta hura zaintzeko babes arauak ezartzen zituen Dekretua aldatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2009ko apirilaren 2ko Ebazpenaren bidez, Donostiako Satrustegi Dorrea, Monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura ondasuna deklaratu eta hura zaintzeko babes arauak ezartzen zituen ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen (EHAAren maiatzaren 12an, 88 zenbakian, argitaratua).

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Rafael Santaolallak (Satrústegi Enea SLren izenean), Pilar Azurmendi Echegarayk (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondarearen zuzendari nagusia) eta Alberto Fernández-D’Arlasek alegazio-idazkiak aurkeztu zituzten.

Alegazioak aztertuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarena partzialki ontzat eman da Satrustegi Dorrearen lorategian balizko interbentzioaren egokitasuna bermatzeko balioko duten parametro nahikoak ezartzeko. Hori dela eta, Dekretu honen bitartez, baldintza osagarri batzuk ezartzen dira toki horretan hotel bateragarri bat ezartzeko bada.

Beste alegazioak ezetsi dira, Satrustegi Enea SLk egindako eskaera lurzoruaren okupazioa dorrearen babes esparruan % 8 izateko ez delako kultura ondasunaren babesarentzako onargarritzat jo. Era berean, Alberto Fernández D’Arlasek aurkeztutako alegazioaren gainean, hotel bat eraikitzeko aukeraren aurrean, kultura ondarea eta lorategiaren kontserbazioa eta transmisioa lehenetsi behar dela argudiatu du, baina kontuan hartu behar da kultura ondarean sustapena eta zaintza bateragarria direla gaur egungo premiekin eta erabilera berri bateragarriak sartzeko eraikin historikoen baliabideen egokitasunarekin.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2010eko abuztuaren 31ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita eta Kulturako sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Donostiako Satrustegi Dorrea, Monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura ondasuna deklaratu eta hura zaintzeko babes arauak ezartzen zituen ekainaren 20ko 312/1995 Dekretuaren aldaketa onartzea, 15.b artikuluaren idazketa berriaren arabera, I. eranskinean zehazten den bezala.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko zaie.

Bigarrena.- Kultura Sailak Donostiako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentuaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Hirugarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentu multzoaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, dekretu hau azkenez argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia-San Sebastiánen, 2010eko abuztuaren 31n.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

ERANSKINA

BABES-ARAUBIDEAREN 15.b ARTIKULUAREN IDAZKERA BERRIA

b) Eraiketak:

Edozein eratako eraiketak egitea, hemen mugatutako esparruko parkeei eta lorategiei lotutako elementuak izan ezik. Dena den, horrelakoetan ere, garapen planeamenduan aurreikusita egongo da eta, era beran, aipatutako 4. atalean ezartzen den txostena egin beharko da horretarako aurretiaz.

Dorrera joateko bidea hobetu eta mantentzeko lanak egiteko baimena emango da.

Hotel-erabilera bateragarriarekin loturiko okupazioak ere onartuko dira, baldin eraikin edo instalazio berria Satrustegi Dorrearen ipar-fatxadaren atzealdean egiten bada, arkitektura berria era organikoan doitzen bada mendi-hegalaren topografiara, eta okupazio osagarri horrek honako baldintza hauek batetzen baditu:

1.- Okupazioari dagokionez.- Alegia, ulertuta eraikinak hartzen duen zoruaren eta zorupearen gehienezko okupaziotzat, zoru gaineko hegalak kontuan hartu gabe, dekretuak babestutako eremu osoaren % 5eko okupazioa onartuko da gehienez -dorrearen eraikina barne-. Babestutako eremuak 39.200 m² hartzen ditu, eta Satrustegi Dorreak 560 m². Beraz, hotel-erabilera berriari lotutako okupazio osagarriak ezingo du gainditu 1.400 m².

2.- Lerrokatzeei dagokienez.- Okupazio osagarriaren eremua mugatze aldera, eraikin berriaren bi banalerro definitzen dira: bata dorrearen iparraldean, atzealdeko ipar-horma nagusitik 7 metrora doan lerro paraleloa; eta bestea dorrearen mendebalera, fatxadako horma nagusitik 8 metrora doan lerro paraleloa. Hotel-erabilerarekin lotutako edozein eraikin edo instalazio berriren itxitura nagusiek -hegalak aparte- ipar eta mendebaldeko bi lerro horiek markaturiko eraikin nagusiaren esparrutik atzealdeko eremuan egon beharko dute.

3.- Eraikin berriaren gehienezko kotak dorrearen eraikina hartuko du erreferentziatzat. Dorrearen eraikinak hiru solairu-forjatu dituenez, eta erreferentziatzat hirugarren forjatuaren garaiera-kota hartuta, bi kota-erreferentzia zehazten dira eraikin berriarentzat: dorrearen eraikineko edozein puntutatik 35 metroko distantzia arte, eraikin berriko azken solairuko bukaerako kota -karela eta haren landarezko tratamendu horizontala bazter utzita- izango da dorreko hirugarren forjatuarena 1,60 metro baxuago edo hortik behera; erakin berriaren gainerakoan azken solairuko bukaerako kotaren garaiera -karela eta haren landarezko integratze tratamendua bazter utzita- izango da dorreko hirugarren forjatuarena 2,00 metro garaiago edo hortik behera.

4.- Goi-solairuetan onarturiko eraikuntza-profila -behe-solairua barne- hiru solairukoa izango da dorretik 35 metroko distantziara arte, 3. puntuan aipaturiko gehienezko gainaldeko kotarekin; dorretik 35 metroko distantziatik hara, lau solairu garai onartuko dira. Behe-solairutik beherako soto edo erdisotoetako solairu-kopuruari dagokionez, kultur antolamendu sektorialaren aldetik ez da mugarik ezartzen.

5.- Bolumena mendi-hegalean definitzeari eta integratzeari dagokienez, «L» erako oinaplano ezarketak egingo dira eta, garaiera dela-eta, goi-solairuen 1,50 metroko atzeraematea egin beharko da aurrealdeko kanpo-fatxada edo fatxada nagusian (% 60ko malda, gutxi gorabehera). Goi-solairuek landarezko tratamendu horizontala beharko dute, bolumena paisaian egoki integra dadin.


Azterketa dokumentala