Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2010eko irailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4122

AGINDUA, 2010eko uztailaren 21ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako guraso-elkarteen federazioentzako eta konfederazioentzako laguntzetarako deia egiten duena.

EAEko unibertsitate-mailatik kanpoko hezkuntza-sistemarentzat ezinbestekoa da bertan sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta haien guztien laguntza, ezarrita dituen helburuak lortuko baditu.

Ikasleen guraso-elkarteek duten ahalmena eta ekimena nahikoak ez direnean, eta parte-hartze maila handia bada, ezinbestekoa da federazioak eta konfederazioak egotea, eta, horrek berekin dakar, gastu handiak egin behar izatea legearen arabera eratutako erakundeek.

Hori guztia dela eta, agindu honek laguntzetarako deia egiten du, ohiko jardunerako eta azpiegiturarako, zein bazkideentzako prestakuntza-jarduerak egiteko, bai eta ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ere.

Aipatutako guztiaren arabera, laguntzak emateko deialdia ireki behar da horretarako propio izendatutako aurrekontuaren kontura.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak bere VI. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoan, xedatutakoaren arabera, eta, halaber, abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, 2010eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, eta aplikatu beharreko gainerako xedapenek ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea ikasleen guraso-elkarteen federazioei eta konfederazioei laguntzak emateko deialdia egitea da. Laguntza horiek 2010eko uztailaren 1a eta abenduaren 31 bitartean egindako gastuetarako dira, hain zuzen ere agindu honen 4. artikuluan aipatutako aktibitateek eragiten dituzten gastuetarako.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen xedetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko aurrekontu orokorretan laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000) euroko kreditua erabaki da, honako arlo edo lurralde eremu hauek kontuan hartuz eta honela banatuta:

1.- Autonomia-erkidegoko konfederazioentzat, 90.000 euro.

2.- Lurralde historikoetako bakoitzean dauden ikastetxe publikoetako elkarteak biltzen dituzten federazioentzat, 222.000 euro.

3.- Irakaskuntzako elkarteen federazioentzat, elkarte zein kooperatiba, 138.000 euro.

Eskaera egin duten federazioen eta konfederazioen artean banatuko dira laguntzak, baldin eta deialdian xedatutako baldintza subjektiboak eta objektiboak bete badituzte eta eskaerak epez eta formaz behar bezala aurkeztu badituzte.

3. artikulua.- Onuradunak.

1.- Baldin eta bakoitzari dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan izena emana badute eta altan badaude, honako hauek eskatu ahal izango dituzte aurreko artikuluan adierazi diren laguntzak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta unibertsitate-mailakoak ez diren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako edo itunpeko ikastetxeetako guraso-elkarteen federazioek eta konfederazioek, legearen arabera eratuak daudenean eta indarrean dagoen arautegian xedatutakoarekin bat datozen helburuak dituztenean, baldin eta dagokien erroldan federazio edo konfederazio gisa izena emanda badaude eta irakaskuntza-izaerako guraso-elkarte badira, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen gurasoen elkarteak arautzen dituen otsailaren 10eko 66/1987 Dekretuaren (1987ko apirilaren 7ko EHAA) 6. eta 11. artikuluetan ezartzen denaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta unibertsitate-mailakoak ez diren itunpeko ikastetxe pribatuetako guraso-elkarteen federazioek eta konfederazioek, zuzenbidearen arabera eratuak daudenean eta indarrean dagoen arautegian xedatutakoarekin bat datozen helburuak dituztenean, baldin eta dagokien erroldan federazio edo irakaskuntzako kooperatiba gisa izena emanda.

Ofizioz egiaztatuko da erregistroan izena emana duten, eta, halaber, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen erregistratuta egon behar dute ezinbestez.

2.- Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen deialdi honetan ezingo dute parte hartu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten pertsonek, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:

a) unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako guraso-elkarteen federazioen eta konfederazioen jardunerako ezinbestekoak diren azpiegitura-gastuetarako.

b) guraso-elkarteei emandako laguntza- eta aholkularitza-jarduerek eragindako gastuetarako.

c) Guraso-elkarteetako kide diren gurasoentzako prestakuntza-jarduerek eta ikasleentzako egindako jarduerek eragiten dituzten gastuetarako.

5. artikulua.- Eskaerak aurkeztea.

1.- Laguntza-eskaera I. eranskinean jasotako ereduari jarraiki bete behar da.

Sinatu eta zigilua jarri ondoren, dokumentazio osagarri honekin batera aurkeztu behar da:

a) federazioek:

1) Federazioa osatzen duten guraso-elkarteen zerrenda eguneratua, horietako bakoitza aritzen den ikastetxearen izen ofiziala zehaztuta.

2) Diruz lagundu daitekeen epean entitateak gauzatuko dituen aktibitateen egitasmoa aurreikusitako gastuekin egiaztatzearekin. (II. eranskina).

b) konfederazioek:

1) Konfederazioa osatzen duten federazioen zerrenda eguneratua.

2) Diruz lagundu daitekeen epean entitateak gauzatuko dituen aktibitateen egitasmoa aurreikusitako gastuekin egiaztatzearekin. (II. eranskina).

c) Eskaera egiten duen federazioaren edo konfederazioaren Identifikazio Fiskaleko Zenbakian (IFZ) edo bankuko datuetan aldaketarik eginez gero, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzari diru-laguntza edo laguntza eskatzen zaion lehen aldia bada, hirugarrenen jatorrizko alta-eskaera eta indarrean dagoen IFZko txartelaren kopia erantsi behar da.

2.- Eskaerak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Erregistro Orokor Nagusian (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz), Hezkuntza Berrikuntza Zuzendaritzarentzat dela adierazita. Eskaerak aurkezteko, halaber, beste bulego batzuk ere erabil daitezke; hain zuzen ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotzen direnak. Eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna zertifikatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskaera-orriari.

3.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea, 1 - 01010, Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen dute fitxategian jasotako datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazio batzuei emateko, deialdiaren xedearekin bat datozen helburuetarako. Halaber, baimena ematen diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu dezan aurkeztutako dokumentuek diotena.

6. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

7. artikulua.- Eskaeretan egin diren hutsak zuzentzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskaeran hutsik edo okerreko daturik antzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio hutsok zuzentzeko. Hamar egunen buruan zuzendu ezean, espedientean jasotako datuen arabera emango da ebazpena, edo eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, ebazpena eman ondoren -Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako moduan idatzi beharrekoa-, baldin eta ezin izan bazaio espedienteari aurre egin, datuak falta zirelako edo egindako hutsak larriak zirelako.

8. artikulua.- Federazioentzako eta konfederazioentzako laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura.

Bigarren artikuluan zehaztutako ehunekoei dagozkien kredituak artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuz banatuko dira eskaera egiten duten elkarteen artean. Horietako bakoitzari emandako zenbatekoa ez da inola ere izango benetan izandako gastu guztien zenbatekoa baino handiagoa.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko konfederazioak.

Konfederazio horietako bakoitzari esleitutako puntuazioarekiko proportzioan egingo da banaketa.

Sare publikoko konfederazioei dagokienez, sare publikoko federazioetako unibertsitate-mailakoak ez diren ikasle bakoitzeko bi puntu.

Gainerako konfederazioei, berriz, federazioetako unibertsitate-mailakoak ez diren ikasle bakoitzeko puntu bat.

2.- Lurralde historikoaren eremua izan eta ikastetxe publikoetako 50 elkarte edo gehiago biltzen dituzten federazioak:

Atal honetarako erabakitako kredituen kargura, hasierako laguntza 42.000 eurokoa izango da, onartutako eskaera guztiei.

Gero, federazio bakoitzari puntu bat esleituko zaio, guraso elkarteetako ikasle bakoitzeko (unibertsitate-mailatik kanpo daudenak). Horietako bakoitzak horrela ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati atal honetako federazio guztiei emandako puntuen guztizko batura.

3.- Gainerako federazioak:

Atal honetarako erabakitako kredituen kargura, hasierako laguntza hauek onartu dira:

- 5 elkartek edo gutxiagok osatutako federazioak: 1.500 euro.

- 6 elkartek edo gehiagok osatutako federazioak: 3.000 euro.

- Matrikulatuta 40 ikasle edo gutxiago dituzten eskola txikietako erakundeen federazioak, baldin eta 14 elkarte edo gehiago biltzen badituzte 7.000 euro.

Gero, federazio bakoitzari puntu bat esleituko zaio, guraso elkarteetako ikasle bakoitzeko (unibertsitate-mailatik kanpo daudenak), baldin eta guraso-elkarteentzat propio egindako deialdiko laguntza jasotzeko eskubidea izan badute. Horietako bakoitzak horrela ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati atal honetako federazio guztiei emandako puntuen guztizko batura.

9. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpenak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du eta interesdunei jakinarazteko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Agindu hau argitaratu eta lau hilabetera, eta egindako eskabideei dagokienez, onuradun guztiei emandako zenbatekoa adieraziko da eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak.

2.- Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesatuek Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epean argitaratzen den egunetik aurrera.

3.- Artikulu honen lehenengo atalean aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

10. artikulua.- Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Herriko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Halakorik gertatuko balitz, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

11. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

b) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

c) Emandako diru-laguntza onartzea. Era honetan, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, onartuta dagoela ulertuko da.

d) Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

e) Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

12. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.- Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira, egindako gastuak justifikatu eta gero. Gastu horiek emandako diru-laguntza adinakoak edo handiagoak izan beharko dute.

2.- Federazioek eta konfederazioek III. eranskina bete eta aurkeztuko dute, fakturekin eta ordainagiriekin batera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Erregistro Orokor Nagusian, Hezkuntza Berrikuntza Zuzendaritzaren izenean (Donostia kalea, 1- Vitoria-Gasteiz- PK:01010). Han, kopia bat itzuli egingo zaie, behar bezala erregistratu ondoren.

Egindako gastu horiek lotura zuzena izan behar dute antolatutako jarduerekin edo erakundearen beraren antolaketak eta jardunak eragindakoak izan behar dute. Laguntzak osagarriak direnez, fakturek eta ordainagiriek horietan adierazitakoak justifikatu behar dute; horretarako, eskala hau hartuko da kontuan:

- Zenbatekoaren % 100, federazioen eta konfederazioen antolaketak berak eta jardunak berak eragindako ohiko gastuak, eta prestakuntza-jarduerek eragindakoak (haien kideentzat izan zein horiek biltzen dituzten guraso-elkarteetako kideentzat izan).

- Zenbatekoaren % 50, gurasoentzako zein ikasleentzako egindako prestakuntza orokorrek eta kulturalek eragindako gastuak.

- Zenbatekoaren % 25, aurrekoetan adierazi ez eta 4. artikuluan adierazitako gainerako ekintzek eragindako gastuak.

3.- Aipatutako gastuak 15 egun naturalean justifikatu beharko dira, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Ematen den epean justifikazioa ez aurkezteak edo emandako diru-laguntza baino gutxiago justifikatzeak Ebazpenaren aldatze prozesua eragingo dute, dagokion kopuruaren heinean, eta bere kasuan laguntzaren eskuratzeko eskubidearen galtzea eragingo da.

13. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira -diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere- diru-laguntzak emateko Ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.

14. artikulua.- Ez-betetzeak.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako diru-kopuruak eta dagozkien legezko korrituak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2/2010 Legeak, ekainaren 24koak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen legea aldatzen duenak, bere laugarren xedapen gehigarrian ezartzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek 2010ean emandako laguntzen zenbatekoa doitu egingo dela, soldata kostuak ere barne sartzen badira, langileen lansarietan egindakoaren pareko gutxitzea aplikatzeko.

Hori dela eta, laguntza-eskabideak erabat baliozkoak izateko, 2010eko uztailaren 1a eta abenduaren 31 bitartean aurreikusitako ekintzetako lansarien kosteak adierazitako neurri horretan murriztu beharko dira.

AZKEN XEDAPENAK

1.- Prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen gaietan, osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da.

2.- Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Haren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete aukeran, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari zuzenduta; horretarako hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

3.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 21a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

ESKAERA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

JARDUEREN EGITASMOA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

GASTUEN JUSTIFIKAZIOA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala