Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2010eko irailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4120

AGINDUA, 2010eko ekainaren 22koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009-2010 ikasturterako Karmele Alzueta Hezkuntza Berriztapen sarirako dei egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan Berriztapen Proiektuak egitea bultzatu ohi du, hala deialdi espezifikoen bitartez, nola aipatu ikastetxeetan irakasteko edo antolatzeko praktikan berriztapenak sartzeko jarduerak zuzenean proposatuz eta diruz lagunduz.

Halaber, Sailak, Hezkuntza Berriztatzeko Proiektuak ikastetxeen pedagogia-autonomiaren adierazpentzat hartuz, eta aipatutako Proiektuei eta esperientziei bultzada handiagoa eman nahian, eta horrela, irakaskuntzan, bai ikasgela barruko jardueran bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako antolaketa eta koordinazio alderdiei dagokienez, kalitate handiagoa lortzen lagunduko duten mekanismoak indartzeko, burututako Berriztatze Proiekturik hoberena saritzeko deialdia egitea erabaki du.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiko Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) VI. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko diru-laguntzak arautzeari buruzkoan, eta abenduaren 23ko 2/2009 Legeak (2010eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak) xedatutakoaren arabera, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamenez, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Karmele Alzueta sarirako dei egiten da, agindu honetan jasotako oinarriekin bat. Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan 2009-2010 ikasturtean garatutako hezkuntza berriztatzeko proiektuei emango zaie saria.

2. artikulua.- 1.- Hezkuntza berriztatzeko proiektu onenarentzako Karmele Alzueta Saria 15.000 eurokoa izango da. IV. eranskinean ezarritako baremoaren arabera puntu gehien lortzen duena izango da proiekturik onena.

2.- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako proiektu bat kalitate handikotzat jotzen bada, Ohorezko Aipamena ere eman dakioke, 1.500 euroko diru-kopuruarekin. Hezkuntza-aldi horietako lanen artean puntu gehien lortzen duen proiektua izango da hori, saria irabazten duen proiektua alde batera utzita.

Era berean, Bigarren Hezkuntzako proiektu bat kalitate handikotzat jotzen bada, Ohorezko Aipamena eman dakioke, hori ere 1.500 euroko diru-kopuruarekin. Hezkuntza-aldi horietako lanen artean puntu gehien lortzen duen proiektua izango da hori, saria irabazten duen proiektua alde batera utzita.

3.- Aurkeztutako proiektuek gutxieneko kalitatea ez badute, Hautaketa Batzordeak eman gabe utzi ahal izango ditu sariak.

3. artikulua.- Sari honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako edozein ikastetxek har dezake parte, bertan hezkuntza berriztatzeko proiektu bat garatu bada azken bost urteetako edozeinetan.

Ezin izango dute parte hartu, ordea, azken hiru deialdietan Karmele Alzueta saria jaso duten zentroek.

Halaber ikastetxeek ezin izango dute parte hartu baldin zehapen penal edo administratiboaren ondorioz laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexuak bereiztearren izandako debekuak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenak -Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuaren 50. artikulua aldatzen duenak- ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.- Eskabideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren Pedagogia Berriztapeneko Zerbitzura (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) bidaliko dira, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bulegoren bitartez. Eskabidearekin batera, honako agiriak aurkeztu beharko dira:

1.- I. eranskinaren araberako eskabidea.

2.- Ikastetxeko zuzendariak sinatutako eskabidea, proiektua zein ikasturtetan garatu den egiaztatzen duena.

3.- Ikastetxeko zuzendariaren zinpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: Penal edo epaiketaren bidez zigortuta laguntza edo diru-laguntza publikoak galtzeko eta ez duela horretarako inongo legezko debekurik, eta ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak) ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez daudela (III. eranskina).

4.- Egindako proiektuaren memoria, bi aletan eta paperean idatzia, gutxienez honako puntuok jasoko dituena:

a) Proiektuaren deskribapen laburra; eta hor zehaztuko dira egindako jarduerak eta irakaskuntzan nola txertatu diren: NUPn, IIPn, ikasgelan eta zein testuingurutan garatu diren.

b) Helburuen lorpena:

- Hasieran proposatutakoak.

- Proiektuaren bukaeran lortutakoak.

c) Proiektuan erabilitako ebaluazio-prozesua.

d) Ondorioak:

- Proiektuaren lorpenak.

- Eragina: irakasleengan, ikasleengan eta hezkuntza komunitatean.

e) Proiektuaren hedapen plana.

f) Parte hartu duten irakasleen zerrenda, proiektuaren koordinazioaren arduraduna adieraziz.

g) Prestatutako materialak.

5. artikulua.- 1.- Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko da hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako sariak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

3.- Agindu honek araututako prozeduraren epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da, indarrean jartzen denetik aurrera.

6. artikulua.- Karmele Alzueta Saria eta ohorezko aipamenak Hezkuntzako sailburuordeak emango ditu, Hautaketa Batzordearen proposamenez. Bestalde, Hautaketa Batzordea sailburuordeak berak izendatuko du, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamenez, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betetzen dela bermatuko da. Honako hauek osatuko dute Batzordea:

- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duena; lehendakari izango da.

- Lurralde bateko Pedagogia Berrikuntzako lurraldeburua edo horrek eskuordetzen duena.

- Hezkuntzako Ikuskaritza Nagusiko ordezkari bat.

- Lurralde bakoitzeko Berritzeguneetako aholkulari bat.

- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Pedagogia Berriztapeneko zerbitzuburua.

- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako hiru funtzionario; hauetariko bat idazkaria izango da.

7. artikulua.- Hautaketa Batzordeak IV. eranskineko irizpideak izango ditu kontuan aurreko idatz-zatian aipatutako proposamena prestatzeko.

8. artikulua.- 1.- Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta ondorengo bost hilabeteen barruan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Hezkuntza sailburuordearen ebazpen bat, Agindu honen 2.2 artikuluan aurreikusitako saria eta ohorezko aipamenak emateko.

2.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

3.- Lehenengo paragrafoan aipatutako epean ebazpena argitaratzen ez bada, eskabideak ezetsi egin direla uler daiteke.

4.- Ebazpena argitaratu ondoren, saria nahiz ohorezko aipamenak ordainduko dira, eta saririk jaso ez duten proiektuak itzuli egingo dira, bakoitza bere ikastetxera.

9. artikulua.- Saritutako ikastetxeak eta ohorezko aipamena jaso dutenek Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatuko duten informazio guztia eskaini beharko dute.

10. artikulua.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagozkion neurriak hartuko ditu deialdi hau behar bezala gara dadin.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Prozedurari dagokionez, oinarrietan aurreikusten ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotakoa ezarriko zaio.

Bigarrena.- Agindu honek administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 22a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA (ESKABIDEA) / ANEXO I (INSTANCIA)

2009-2010 Karmele Alzueta Saria / Premio Karmele Alzueta 2009-2010

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

AURKEZTUTAKO LANAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala