Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2010eko irailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Justizia eta Herri Administrazio Saila
4118

EBAZPENA, 2010eko abuztuaren 9koa, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duena.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak, bere 33. artikuluan ezartzen duena betez, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aldiro antolatzen ditu hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdiak, dekretu honen esparruan zehazten diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen zerbitzuan diharduten langileek hizkuntza-eskakizuna egiazta dezaten.

Halaber, uztailaren 29ko 152/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzarako prozesua arautzen duenak, bere 15.2.b) paragrafoan ezartzen duena betez, Justizia Administrazioaren zerbitzuko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Judizialeko, Auzitegiko Medikuen kidegoko eta Laborategiko Laguntzaileen kidegoko funtzionarioek ere aukera dute Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aldiro antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.

Bestalde, 1999ko otsailaren 18ko dataz, Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak eta Eusko Jaurlaritzak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zenbait arlotan euskararen erabilera normalizatzeari buruzko lankidetza hitzarmena sinatu zuten.

Lankidetza hitzarmen honetako bosgarren klausulak bide ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera judizialeko kideei Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatzen dituen deialdietara aurkezteko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Karrera Fiskaleko eta Idazkarien Kidegoko kideek euskara ikasi eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari begira, 2005eko uztailaren 28an lankidetza hitzarmena sinatu zuten honakook: Justizia Ministerioak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak.

Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza hitzarmen horrek, laugarren klausularen bidez, aukera ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Karrera Fiskaleko eta Idazkarien Kidegoko kideei hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatzen diren deialdietara aurkezteko.

Orobat, 2008ko martxoaren 14ko dataz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko arloan Akordioa sinatu zuten. Akordio horren ondorioz, Osakidetzako langile finko eta interinoek aukera izango dute IVAPeko 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko deialdietara aurkezteko, beti ere lanpostuan 4. hizkuntza-eskakizuna badute ezarrita, edota IVAPek antolatzen duen 4. hizkuntza eskakizuneko ikastaroa egina badaukate edo egiten ari badira. Baldintza horietako bat betetzeaz gain, Osakidetzako langile horiek IVAPek 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko deialdian jarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Horiek horrela, aipatutako araudia betez, hauxe

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearren euskara probak egiteko 2010. urteari dagokion bigarren deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango du eragina.

Bigarrena.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren Ebazpen honen aurka, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. eta hurrengo artikuluen arabera, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abuztuaren 9a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.

I. ERANSKINA

HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIAREN EBAZPENARENA

OINARRIAK

1. oinarria.- Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan xedatutako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aukera ematen du deialdi honek.

Edozein modutara, izangaiek hizkuntza-eskakizun bakarreko azterketa egin ahal izango dute.

2. oinarria.- Deialdi honen bidez deitutako probetara aurkeztu ahal izango dira:

- Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren ezarpen-esparru barruko Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzuan diharduten langileak.

- Justizia Administrazioaren zerbitzuko Kudeaketa, Izapidetze eta laguntza Judizialeko, Auzitegiko Medikuen kidegoko eta Laborategiko Laguntzaileen kidegoko funtzionarioek, uztailaren 29ko 152/2008 Dekretuaren 15.2.b) paragrafoak ezartzen duena betez.

- Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera judizialeko kide, kidegai, behin-behineko epaile, ordezko magistratu, ordezko epaile eta bake-epaileak, 1999ko otsailaren 18ko dataz, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren bosgarren klausulak ahalbideratzen duena betez.

- Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Karrera Fiskaleko kide eta kidegaiak, ordezko fiskalak, Idazkari Judizialen Kidegoko kide eta kidegaiak, eta behin-behineko Idazkari Judizialak, 2005eko uztailaren 28an Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza hitzarmenak ezartzen duena betez.

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetzak 2008ko martxoaren 14an sinatutako Akordioa betez, Akordioak zehazten dituen Osakidetzako langileek aukera izango dute aurkezteko IVAPeko 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probetara.

3. oinarria.- Laugarren hizkuntza-eskakizuneko proba lanpostuan hizkuntza-eskakizun hori daukaten langileek, lanpostuan 3. hizkuntza-eskakizuna edukita 3. hori egiaztatu edo honen baliokidea den tituluren bat lortu duten langileek eta, azkenik, betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna edozein izanda ere, gutxienez unibertsitateko erdi mailako titulazioa izan eta 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu edo honen baliokidea den tituluren bat lortu duten langileek egin ahal izango dute.

Lanpostuan oraindik hizkuntza-eskakizunik ezarrita ez daukaten langileen kasuan, laugarren hizkuntza-eskakizuneko proba egin ahal izateko unibertsitateko erdi mailako edo goi mailako titulazioa eta 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta edo honen baliokidea den tituluren bat izatea eskatuko da.

Osakidetzako langile finko eta interinoek, oinarri honetako baldintzak betetzeaz gain, 2008ko martxoaren 14ko dataz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko arloan sinatutako Akordioak zehazten dituen baldintzak bete beharko dituzte.

Hizkuntza-eskakizun honetara aurkezteko unibertsitateko erdi mailako edo goi mailako titulazioa beharrezkoa den kasuetan, lehenengo aldiz aurkezten diren langileek eskabidearekin batera tituluaren kopia bidali beharko dute. Modu berean, lehenengo aldiz aurkeztu eta 3. hizkuntza-eskakizunaren baliokidea den tituluren bat daukatenek honen kopia ere bidali beharko dute.

4. oinarria.- Probetan parte hartzekotan, eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik hasita.

Eskabideak, epe horren barruan, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak beren beregi prestatutako eskabide-orriaren bidez aurkeztu beharko dira.

Eskabide-orria deialdi honen II. eranskinean eta Interneteko www.ivap.euskadi.net helbideko Euskara atalaren Hizkuntza-eskakizunak azpiatalean eskainiko da.

Interesatuek Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edozein egoitzatan aurkeztuko dute eskabidea. Hona hemen helbideak:

Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

Errekalde zumarkalea, 18. 48009 Bilbao.

San Bartolomé, 28. 20007 Donostia-San Sebastián.

Unibertsitateko etorbidea. 20560 Oñati.

Halaber, eskabideak aurkez daitezke azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak dioen edozein eratan.

Eusko Jaurlaritzako sare korporatibora sarbidea duten langileek era elektronikoan egin beharko dute deialdi honetarako eskabidea. Horretarako, langileak intraneteko Jakina atariko IVAPen orrian sartuko dira, eta horren barruan Hizkuntza Eskakizunak atalean. Handik, XL-Nets segurtasuneko sisteman sartuz gero, Alta/Aldaketa gunean agertuko da eskaera elektronikoa egiteko jarraitu behar duten sistema.

5. oinarria.- Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako deialdietara lehenengo aldiz aurkezten direnek, edota inoiz aurkeztu arren, ondoren lanpostuz aldatu direnek, jarraian zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte hizkuntza-eskakizunen erregistroaren ondorioetarako:

- Nortasun Agiriaren fotokopia.

- Ziurtagiria: lanpostuaren kode eta izenarena.

6. oinarria.- Probak egiteko egokitzapenak behar dituzten izangaiek eskari-orrian adierazi behar dute hori. Azterketarigai hauei hizkuntza gaitasun berdina eskatuko zaie.

7. oinarria.- Deialdi honetara aurkezteko eskabideak egiteko epea amaitu, eta horiek aztertu ondoren, deialdira onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratuko da IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez, www.ivap.euskadi.net web orrian.

Biharamunetik hasita, zazpi egun naturaleko erreklamazio-epea izango dute interesatuek erreklamazioak IVAPeko zuzendariari idatziz aurkezteko. Epea agortuta erreklamaziorik ez bada, onartutako azterketarien behin-behineko zerrenda behin-betiko bihurtuko da. Erreklamaziorik izan bada, aurkeztutakoak aztertu eta ebatzi ondoren, deialdira onartutako azterketarien behin betiko zerrenda argitaratuko da, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez, IVAPeko web-orrian.

8. oinarria.- Azterketak zuzendu eta neurtuko dituzten epaimahaikide titularrak eta ordezkoak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak izendatuko ditu ebazpen bidez. Ebazpen hori, deialdira onartutakoen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko da IVAPeko web orrian.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da Epaimahaia. Epaimahaikiderik gehienak karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izango dira eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.

Epaimahaikideak euren izenean arituko dira; ezin izango dute epaimahaikide bezala aritu, beraz, beste erakunde edo pertsona baten izenean.

Epaimahaiak, idazkari lanetarako, IVAPeko langile baten laguntza izango du.

Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.

Epaimahairen jarduera azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 22. eta hurrengo artikuluen araberakoa izango da.

9. oinarria.- Edozein hizkuntza eskakizun egiaztatzeko prozesuak hiru proba ditu. Proba horiek Atariko proba, proba idatzia eta ahozko proba dira eta hurrenkera horretan egingo dira.

Hiru proba horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, Atariko proba gainditzen dutenek besterik ez dute aukerarik izango idatzizkoa egiteko; era berean, idatzizko proba gainditzen dutenek besterik ez dute ahozko proban parte hartzeko aukerarik izango.

Hala ere, eta epaimahaiak egoki baderitzo, izangairen batek probaren baten emaitzen kontra erreklamazioa jarri eta hurrengo proba deituta dagoen egunerako erreklamazioren ebazpenik jaso izan ez balu, aukera izango luke egun horretako proban parte hartzeko. Hori bai, proba hori soil-soilik zuzenduko zaio jarritako errekurtsoaren edo erreklamazioaren ebazpenaren ondoren aurreko proba edo aurreko proba guztiak gainditu baditu.

Bestetik, probak egun edo ekitaldi bakarrean hurrenez hurren egiteko bateratzen badira aurreko proba guztien emaitzak argitaratu gabe, bateratutako lehenengo proban parte hartzeko eskubidea duten izangaiek bateratutako proba guztietan parte hartzeko aukera izango dute.

10. oinarria.- Lehengo proba Atariko proba izango da. Proba horren bidez idatzizko probara aurkeztu ahal izateko euskararen gutxieneko ezagupen-maila neurtzen da, xede eta burubiderik gabeko azterketarik ez egitearren, eta giza bitartekoen ahaleginak eta baliabide materialak alferrik gal ez ditzan, ez Administrazioak, ezta azterketa egileak ere.

Atariko proba desberdina izango da egiaztatu nahi den hizkuntza-eskakizunaren arabera. Proba honek joskera, lexikoa, ulermena eta gramatika neurtzen ditu 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunetan; eta lexikoa, gramatika, koherentzia eta kohesiorako baliabideak, gramatika-arauak eta ulermena 4. hizkuntza eskakizunean.

Proba hori gainditzeko, hizkuntza eskakizuna edozein delarik, galdera kopuru osoaren % 75 erantzun beharko da ondo. Irizpide horri jarraituta atariko proba gaindituko luketenen kopurua aurkeztu direnen % 50era heltzen ez denean, proba gainditzeko behar den item kopurua murriztu egingo da, eta gutxienez aurkeztutakoen % 50ak gainditu dezan beharrezkoa den item kopurura gehien hurbiltzen dena izango da azterketa gainditzeko ezarriko den ebakidura-puntua.

11. oinarria.- Bigarren proba idatzizkoa izango da, eta proba horretan izangaiak bere erantzunak idatziz emango ditu. Proba horretan honako trebetasun hauek neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko beren beregiko atal bat egongo da.

12. oinarria.- Hirugarren proba ahozko proba izango da, eta horretan mintzamena neurtuko da.

13. oinarria.- Entzumenari dagokion atala idatzizko probaren zein ahozko probaren egunean aplikatu daiteke.

14. oinarria.- Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egokituko ditu proben egutegia eta probak egiteko tokiak, eskaera-kopurua eta probak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta.

Eskaera-kopurua eta probak egiteko baliabideak kontuan hartuta aukera izango da azterketa bat baino gehiago egun eta ekitaldi bakarrean bateratzeko.

Azterketen egunak, lekuak eta orduak IVAPen web orrian jakinaraziko dira.

Zehazten diren azterketa egunak eta tokiak dira ofizialak eta azterketariek onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera bakoitzari egokitutako egunean eta tokian bakarrik egin ahal izango dute azterketa.

Azterketa egin ahal izateko derrigorrezkoa da azterketariak NAN agiria, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztea probak egin ahal izateko.

15. oinarria.- Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatuko den ezagupen maila neurtzeko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan.

16. oinarria.- Trebetasun bakoitzaren emaitza (entzumena, irakurmena, idazmena eta mintzamena), bai proba bakoitzarena, bai prozesu osoarena orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai». Trebetasun bakoitzak bere emaitza izango du.

17. oinarria.- Proba guztiak baztertzaileak dira eta emaitzak «gai» izan behar du proba bakoitzean hurrengo proba egin ahal izateko, edo hurrengo proba zuzentzeko, probak egun eta ekitaldi bakarrean bateratzen diren kasuetan.

18. oinarria.- Proba batean, edo horren atal batean, lortutako emaitzak prozesu honetarako balio du bakarrik. Emaitza honek ez du baliorik izango ondorengo deialdietarako.

19. oinarria.- Proba bakoitzaren behin-behineko emaitzak Epaimahaiak onartu eta IVAPeko web orrian argitarako dira.

Proba bakoitzaren behin-behineko emaitzen aurka egiteko erreklamazioak aurkezteko 5 egun naturaleko epea egongo da, gutxienez. Epea berbera izan daiteke proba baten baino gehiagoren aurkako erreklamazioak aurkezteko. Probaren batera onartuta ez dauden izangaiek proba hori beste momenturen batean egin ahal izango dute, helegite edo erreklamazioren baten ebazpenaren ondorioz azterketa hori egiteko daukan eskubidea aitortuko balitzaie.

Epaimahaiak, proba bakoitzaren behin-behineko emaitzen aurkako erreklamazioak aztertuta eta ebatzita, proba horren behin betiko emaitzak onartuko ditu. Behin betiko emaitza horiek IVAPen web orrian argitaratuko dira.

20. oinarria.- Azken probaren behin betiko emaitzekin batera, Epaimahaiak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak onartuko ditu. Prozesuko behin-behineko emaitza orokorrak IVAPen web orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez. Emaitza horien aurkako erreklamazioak aurkezteko 5 egun naturaleko epea irekiko da, gutxienez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Epe hori igarota, erreklamaziorik jaso ez duten hizkuntza eskakizunen egiaztapenak behin betiko bihurtuko dira. Hizkuntza eskakizunen egiaztapenek ondorioak izango dituzte argitaratzen diren egunetik hasita.

Azterketarien erreklamazioak aztertuta eta ebatzita, prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu epaimahaiak eta IVAPen web orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko dira, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez. Emaitza horiek indarra hartuko dute argitaratzen diren egunetik hasita.

Prozesuaren behin betiko emaitzak jakinarazten dituen Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren Ebazpenaren aurka, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. eta hurrengo artikuluen arabera, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango da.

21. oinarria.- Prozesu honetako egintza eta iragarki guztiak IVAPen web orrian argitaratuko dira.

Hala ere, deialdia onartzen duen eta prozesuko behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak jakitera ematen dituzten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira.

22. oinarria.- Proba hauen bidez hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatzen dutenek Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ziurtagiria jasoko dute, eskaera orrian zerbitzua ematen zutela adierazi zuten administrazioan.

23. oinarria.- Prozesuan bildutako datu pertsonalak «Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea» izeneko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan sartuko dira (Agindua, 2008ko urtarrilaren 15ekoa, Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, EHAA 30. zenbakia, 2008ko otsailaren 12koa). Fitxategi horren xedea eta aurreikusitako erabilerak honako hauek dira: lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearen jarraipena eta kudeaketa, 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak araututakoaren arabera; ohiko deialdietako eskabideen kudeaketa; baliozkotzeen kudeaketa; hautaketa prozesuen kudeaketa; ebaluatzaileen kudeaketa; egiaztatutako hizkuntza; eskakizunen erregistroa sortzea; eskatzaileen, historikoen, ziurtapenen eta egiaztapenen kudeaketa; salbuetsitakoen erregistroa sortzea eta azterlanak eta estatistikak burutzea.

Fitxategi horren erabilerak bat egingo du datu pertsonalen babesari eta jabetza publikoko datu pertsonaleko fitxategiei buruzko legediarekin (Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta garapeneko araudia). Fitxategiaren arduraduna: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza. Datuetara jo, datuak aldatu, aurka egin eta ezabatzeko eskubidea erabiltzeko zein zerbitzu edo unitatetara jo behar den: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusia, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

24. oinarria.- Deialdia, bere oinarriak eta oinarriotatik zein epaimahaien jardunetatik datozen administrazio-egintza guztiak aurka ditzakete interesatuek, beti ere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak -Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak- jasotako kasu eta moduetan.


Azterketa dokumentala