Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2010eko irailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4103

AGINDUA, 2010eko uztailaren 30ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien garraio konbinatua sustatzeko laguntzetarako deia egiteko dena.

Europar Batasunaren Garraioaren Liburu Zuriak, «Europaren garraioari buruzko politika, 2010era arte: egiaren ordua» izenekoak, garraiobideen arteko bestelako oreka bat defendatzen du, eta horren barruan, besteak beste, itsas garraioa eta trenbide garraioa bultzatzearen alde egiten du, biak ere garraiobiderik iraunkorrenak baitira.

Europar Batasunak askotan azpimarratu du itsas garraioa zeinen garrantzitsua den mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzeko, Europar Batasunaren barruan kohesioa handitzeko, eta garraioaren eragingarritasuna planteamendu intermodalaren bidez hobetzeko. Gainera, onartzen du itsas garraioa Europako Erkidego mailan, estatu mailan eta eskualde mailan bultzatu behar dela.

Laguntza-programa honen bitartez errepideko salgaien ibilgailu astunetatik karga itsasora eraman nahi da, ahal den neurrian euskal errepide-sarea kamioi astunetatik arintzeko.

«Garraio Iraunkorraren Gidaplana, Garraio-politika erkidea Euskadin, 2002-2012» agirian Euskadiren garraio-politikarako ezarritako helburuak kontuan izanik, garraiobideen arteko bestelako oreka bat sustatu nahi baitute, laguntza hauek testuinguru horretan sartuko lirateke, laguntzen xedea baita aterik ateko garraio-zerbitzuen katea intermodalean errepideko garraioari pisua kentzea eta errepidetik kendutako karga hori itsasoz garraiatzea.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren bidez, garraiobideen arteko bestelako oreka bat lortzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, garraiobiderik iraunkorrenak eta garbienak sustatuz; horretarako, beharrezkoa da helburu horiekin bat datozen diru-laguntzak emateko sistema bat arautzea.

Agindu honen helburua da salgaien errepideko eta itsasoko garraio konbinatua sustatzeko laguntza ekonomikoak emateko era zehaztea.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 22. zenbakia, 2008ko urtarrilaren 31koa). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EEAO L 379/5, 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.

Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea eta diru-kopurua.

1.- Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europar Batasuneko estatuetan dauden portuen artean salgaien errepideko eta itsasoko garraio konbinatua sustatzeko laguntza ekonomikoak emateko deia egitea. Diruz laguntzekoak diren garraio-eragiketak 2010ean egin beharko dira.

2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010eko Aurrekontu Orokorretako kredituetatik hartuta.

Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori handitzea aurrerago; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.

2. artikulua.- Onuradunak.

Diru-laguntza jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Salgaien errepideko garraioaren, trafikoaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.

c) Bere izenean gutxienez hiru kopia dituen baimen bat behintzat izatea, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko. Merkaturatzeko sozietateen eta garraiolari kooperatiben kasuan, onuradun izateko, bazkideek edo kooperatibistek salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko gutxienez hiru baimen izan beharko dituzte.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

3. artikulua.- Laguntzen izaera, zenbatekoa, eta kalkulatzeko eta emateko prozedura.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko portuen eta Europar Batasuneko kide diren estatuetan dauden portuen arteko itsas garraioen tarifengatiko gastuak lagunduko dira.

2.- Diru-laguntzak gidaririk gabe doazen gurpil gaineko kargak (Ro-Ro motakoak) itsasoz garraiatzeagatiko gastuetarako izango dira soilik.

3.- Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira. Zehazki ehuneko hauek emango dira:

Ro-Ro unitateak/urtean Ehunekoa

20-50 % 15

51-100 % 20

100etik gora % 30

4.- Hiru zerga-ekitalditan onuradun bakoitzak ezin izango du guztira ehun mila euro baino gehiago jaso.

5.- Diru-laguntza garaiz eta forman aurkezten diren eta agindu honetan jasotako baldintza subjektibo eta objektibo guztiak betetzen dituztenei emango zaie, artikulu honen 3. eta 4. idatz-zatietan adierazitako mugarekin.

Agindu honetan arautako laguntzak finantzatzeko 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei ezarri bezala erantzuteko (ehunekoari eta gehieneko diru-kopuruari dagokionean), hasierako kalkuluak hartu eta diru-kopuru osoarekiko legozkiekeen ehunekoari eutsiz banatuko da dirua.

4. artikulua.- Laguntzen izapidetze elektronikoa.

Laguntzak izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilera abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautzen dute.

Prozedurako izapide guztiak egiteko baliabide elektronikoak erabili ahal izango dira, bukaerara arte. Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.

Laguntza izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak garraioen arloan eskumena duen organoak duen egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Helbidea: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/transportec ombinado2010/eu_combinad/abandono_2010.html.

5. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio.

Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloko eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan adieraziko dira, 4. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako jarraibideetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz.

2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatuta.

3.- Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko txartela edo IFK.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.

c) Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

d) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen erantzukizunpeko adierazpena.

e) Diruz laguntzekoak diren gastuen aurrekontua edo faktura, proformakoa nahiz behin betikoa.

f) Azalpen-memoria, honako hauek jasoko dituena: Itsas zerbitzuen erabileraren gaineko aurreikuspena, garraiatu beharreko karga motaren deskripzio orokorra, kargaren abiapuntu eta helmuga izango diren estatuak, eta interesgarri jotzen den beste edozer.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

h) Ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko, bere izenean gutxienez bost kopia dituen baimen bat behintzat baduela adierazten duen agiria Ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko, gutxienez eskatutako baimen kopurua baduela adierazten duen agiria.

4.- Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.- Erantzukizunpeko adierazpen edo aldez aurretiko komunikazioarekin batera aurkezten den edo horiei eransten zaizkien edozein datu, adierazpen edo dokumentutan zehaztasun falta badago, edo faltsutasunik egonez gero, edo zerbait aipatu gabe utzi bada, eta horiek guztiak funtsezkoak badira, egintza horien berri dagoen momentutik aurrera, ezingo da prozeduran jarraitu edo jarduera aurrera eraman, horrek gainera, ezertan galarazi gabe erantzukizun penal, zibil, edo administratiboak.

6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

6. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

7. artikulua.- Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71. artikuluek ezarritako eran.

8. artikulua.- Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek xede berberarekin eman ditzaketenekin, betiere guztira jasotakoak ez badu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua gainditzen. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.

Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.

9. artikulua.- Diru-laguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpen bidez emango dira diru-laguntzak. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.

Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuak, ezarritako eran, Agindu honek ondoreak eragiten dituenetik zenbatzen hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondoreetarako.

3.- Interesdunei zuzenean jakinarazteaz gainera, jende orok jakin dezan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen eta emandako zenbatekoen zerrenda.

4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

10. artikulua.- Justifikazioa eta ordainketa.

1.- Diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastua faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da dirua, dena batera. Gastu horiek II. eranskinean datorren taularen arabera zehaztuko dira. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez badira, 2010eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira behin betiko fakturak.

11. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

2.- Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

13. artikulua.- Diru-laguntzak itzultzea.

Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondoreetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondoreak Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 30a.

(Ebazpenak eta administrazio-egintzak sinatzeko eskuordetza emateko 2009ko uztailaren 27ko Aginduaren ondorioz).

Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea,

ERNESTO JOSÉ GASCO GONZALO.

I. ERANSKINA

SALGAIEN GARRAIO KONBINATUAREN SUSTAPENERAKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDE-EREDUA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

(Ikusl .PDF)


Azterketa dokumentala