
172. zk., 2010eko irailaren 7a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4102
AGINDUA, 2010eko uztailaren 30ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan teknologia berriak ezartzeko laguntza-programa bat sortzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraio publikorako diren salgaien eta bidaiarien ibilgailuetan teknologia berriak (satelite bidezko edo bestelako lokalizazio eta kontrolerako ekipamendu eta elementuak) eta segurtasun-elementuak jarrita, zerbitzu seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa eman nahi da; hori, alde batetik, positiboa da garraiolariarentzat, puntako teknologia erabiliz zerbitzua modernizatzeko aukera emango diolako; eta bestetik, erabiltzailearentzat ere onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoa jasoko duelako.
Teknologian egiten ari diren aurrerabideei esker, posible da kalitate eta segurtasun maila handitzea, merkatuan kudeaketa, lokalizazio, kontrol, komunikazio eta segurtasuneko puntako teknologia eskuratu baitaiteke, ibilgailu-floten kudeaketa eta segurtasuna eraginkorragoa egiteko aukera ematen dutenak. Aurtengo deialdian gainera, diruz laguntzekoak diren jarduerak zabaldu egin dira, eta beraz, eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko linea erregular erabilpen berezikoetan aritzen diren ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak erosi eta jartzeko ere eskatu ahal izango dira laguntzak.
Laguntza-programa Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroen ondorio da, garraioaren modernizazioa bultzatzen baitu; eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoan autobusetan egiten den bidaiarien garraio publikoa eta salgaien garraio publikoa, erabiltzaileei eskaintzen zaien kalitatea areagotuz, modernizatzeko helburuaren barruan sartzen da. Era berean, garraio sektorean kudeaketa- eta merkaturatze-sistemak hobetu nahi dira, eskaintzen den zerbitzuaren gardentasunaren mesedetan.
Horiek horrela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari iruditzen zaio laguntza-programa bat ezarri behar dela, teknologia berri horiek ezartzea garraiolarientzat hain garesti gerta ez dadin.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 22. zenbakia, 2008ko urtarrilaren 31koa). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EBAO L 379/5 2006/12/28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.
Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
1.- Agindu honen xedea da 2010ean egin beharreko ekintza hauetarako laguntzak nola eman arautzea:
a) Kudeaketarako, lokalizaziorako eta kontrolerako (GPS edo antzekoak) ekipamendu eta elementuek osaturiko sistemak kontrol-zentro batekin lotuta jartzeko, dela ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraio publikorako, dela gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraiorako.
b) Salgaien garraio publikoko ibilgailu astunetan eta, gidaria barne dela, bidaiarientzat bederatzi jarleku baino gehiago dituztenetan, artaziarena ez egiteko sistemak, istripuak erregistratzekoak edo antzeko sistemak jartzeko.
c) Eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko linea erregular erabilpen berezikoetan aritzen diren ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak erosi eta jartzeko.
2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun mila (100.000) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.
Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori handitzea aurrerago; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.
2. artikulua.- Onuradunak.
Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu nahi dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek, adierazitako ekintza horietakoren bat burutzeaz aparte, eskabideak aurkezteko epean ondorengo zerrendan datozen eskakizunak bete beharko dituzte:
a) Enpresa txiki edo ertaina izatea; halakotzat hartzeko eskakizun hauek bete beharko dituzte:
- 250 langile baino gutxiago izatea.
- Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
- Aurreko eskakizunak betetzen ez dituen enpresa batek edo enpresa multzo batek ez izatea, ez zuzenean, ez zeharka, enpresaren % 25 edo gehiagoko partaidetza.
Interpretazio arazorik sortuz gero, enpresa txiki eta ertainak definitzeko Europar Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartu beharko dira kontuan.
b) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) 1.1.a artikuluko kasuetan, pertsona fisiko, sozietateek eta elkarlaneko kooperatibek, bere izenean gutxienez bost kopia dituen baimen bat behintzat izatea, urtebete lehenagotik, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko edo gidaria barne dela 9 jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko. Antzinatasuna egiaztatutzat joko da bazkide guztiek hala egiaztatzen badute.
d) 1.1.a artikuluko kasuetan, merkaturatzeko sozietate edo garraiolarien kooperatiba bat bada, bazkide edo kooperatibistek artikulu honen c) idatz-zatian aipatutako motako gutxienez bost (5) baimen izan beharko dituzte.
e) 1.1.b artikuluan jasotako kasurako, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin edo bidaiarienean, gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiago dituzten ibilgailuekin, jarduteko gutxienez baimen bat izan beharko dute, urtebete lehenagotik.
f) 1.1.c artikuluan aurreikusitako kasuetan, eskola-umeen edo adin txikikoen erabilpen bereziko garraio publiko erregularrean jarduteko gutxienez baimen bat izatea, eskola-umeen eta adin txikikoen garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako eran.
g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
h) Derrigortuta dauden pertsonek, urteko kontuak aurkeztu eta uzteari buruzko merkataritzako betebeharrak betetzea.
i) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
3. artikulua.- Laguntzen izapidetze elektronikoa.
Laguntzak izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilera administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautzen dute.
Prozedurako izapide guztiak egiteko baliabide elektronikoak erabili ahal izango dira, bukaerara arte. Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.
Laguntza izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak garraioen arloan eskumena duen organoak duen egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Helbidea: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/copy_of_tec nologia_ayudas/eu_tecnolog/abandono_2010.html.
4. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.- Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloko eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan adieraziko dira, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako jarraibideetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz.
2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatuta.
3.- Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskabidea, behar bezala beteta (Aginduaren eranskinean dator eredua).
b) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo Identifikazio Fiskalerako Kodearen fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
c) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.
d) Sozietatea eratzeko eskritura edo, hori aldatu bada, ondorengoa, eskabidea aurkezteko egunean akzioen banaketa nola dagoen ikusteko eta Merkataritza Erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko. Horrekin batera sozietatearen estatutuak ere aurkeztu beharko dira.
e) Garraiolarien kooperatiben edo elkarlaneko kooperatiben kasuan, eratzeko eskritura, sozietatearen estatutuak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.
f) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, TC1 eta TC2, eta langile autonomoen erregimen berezia hautatu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, eskabidea egin den aurreko hileko ordainagiria.
g) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiriaren kopia.
h) Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.
i) Urteko kontuak aurkeztu eta gordailutzeko merkataritzako betebeharrak betetzen dituela erakusten duen egiaztagiria (horretara derrigortuta dagoenak).
j) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen erantzukizunpeko adierazpena.
k) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa.
l) Proiektuaren azalpen-memoria.
m) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
n) Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.
4.- Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.- Erantzukizunpeko adierazpen edo aldez aurretiko komunikazioarekin batera aurkezten den edo horiei eransten zaizkien edozein datu, adierazpen edo dokumentutan zehaztasun falta badago, edo faltsutasunik egonez gero, edo zerbait aipatu gabe utzi bada, eta horiek guztiak funtsezkoak badira, egintza horien berri dagoen momentutik aurrera, ezingo da prozeduran jarraitu edo jarduera aurrera eraman, horrek gainera, ezertan galarazi gabe erantzukizun penal, zibil, edo administratiboak.
6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
5. artikulua.- Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
6. artikulua.- Agirien gaineko okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).
7. artikulua.- Zenbatekoa.
1.- Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira:
a) 1.a artikuluan jasotako laguntzetarako kostu osoaren % 25 emango da, eta gehienez ere, 15.000 euro onuraduneko.
b) 1.b artikuluan jasotako laguntzetarako kostu osoaren % 25 emango da, eta gehienez ere, 20.000 euro onuraduneko.
c) 1.c artikuluan aurreikusitako kasuetarako, hogeita hamar (30) euro, ekipaturiko jarleku bakoitzeko.
2.- Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko du dirua Garraio Zuzendaritzak. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.
8. artikulua.- Bateragarritasuna.
Agindu honen arabera ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek xede berberarekin eman ditzaketenekin, betiere guztira jasotakoak ez badu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua gainditzen. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.
Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.
9. artikulua.- Diru-laguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpen bidez emango dira diru-laguntzak. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.
Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuak, ezarritako eran, Agindu honek ondoreak eragiten dituenetik zenbatzen hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondoreetarako.
3.- Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.
10. artikulua.- Ordainketa.
Diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gasturen bat faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da dirua, dena batera. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez bada behintzat, behin betiko faktura 2010eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.
11. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
a) Administrazio emailearen aurrean egiaztatzea diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete dituztela.
b) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Diru-laguntza, eman zaien horretarako erabili beharko dute.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
2.- Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
12. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
13. artikulua.- Diru-laguntzak itzultzea.
Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 30a.
(Ebazpenak eta administrazio-egintzak sinatzeko eskuordetza emateko 2009ko uztailaren 27ko Aginduaren ondorioz).
Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea,
ERNESTO JOSÉ GASCO GONZALO.
I. ERANSKINA
TEKNOLOGIA BERRIAK JARTZEKO DIRU-LAGUNTZA ESKURATZEKO ESKABIDE-EREDUA
(Ikus .PDF)
RSS