Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2010eko irailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Osasun eta Kontsumo Saila
4089

2250/2010 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren zuzendari nagusiak maiatzaren 4an emandako 2097/2010 Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duena. 2097/2010 Ebazpenaren bidez, bete egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak urtarrilaren 23an eman zuen 60/2009 epaia. Izan ere, epaiak baietsi egin zuen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2006ko ekainaren 19an egindako bileran hartutako Erabakiaren aurka María Ana Elguezabal Elorduy andreak eta Jesús Curiel Herrero jaunak jarritako errekurtsoa. Erabaki horrek ezetsia zuen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak apirilaren 19an eman zuen 237/2006 Ebazpenaren aurka jarritako gorako errekurtsoa.

Ikusita geratu da urtarrilaren 23ko 60/2009 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiarena, eta aztertuta agindu judizialak aipatzen duen administrazio-espedientea. Hauek ditu

AURREKARIAK

Lehenengoa.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak 1989ko azaroaren 10ean eman zuen Ebazpenaren bitartez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko erakunde sanitarioetako zerbitzu hierarkizatuetan hainbat espezialitate-arlotako Fakultatibo Espezialisten plaza hutsak betetzeko hautaprobetarako deia egin zen. Ebazpena Euskal Herriko Aldizkariaren 220. eta 226. zenbakietan argitaratu zen, azaroaren 22an eta 29an, hurrenez hurren.

Bigarrena.- Osakidetzako erakunde sanitarioetako zerbitzu hierarkizatuetan hainbat espezialitate-arlotako Fakultatibo Espezialisten plaza hutsak betetzeko hautaprobetarako deia egin zuen Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri zen; izan ere, ebazpenak III. eranskinean, f) azalpen-oharra dagoen idatz-zatian, Dokumentazio Klinikoko lanpostuetan sartzeko medikuntzako edozein espezialitatetako titulua izateko eskakizuna ezartzen zuen. Errekurtsoa ezetsi egin zuen Osakidetzako Administrazio Kontseiluak 1990eko apirilaren 5ean hartutako Erabakiaren bidez; erabaki hori, ordea, inpugnatu egin zen gero administrazioarekiko auzien bidean.

Prozedura judizial hori amaitzen duen epaitzak -Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 1994ko abenduaren 2an emandako epaiari dagokio- baietsi egin zuen 1348/1990 zenbakiko autoetan bideratutako errekurtsoa, eta zuzenbidearen aurkako deklaratu zituen nola inpugnatutako erabakia hala III. eranskinean, f) azalpen-oharra dagoen idatz-zatian, ezarritako eskakizuna; zuzenbidearen aurkako deklaratu zuen, orobat, medikuntzako espezialitate horri zegokionez bideratu zen lehiaketa-prozesua.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko 140/1998 Ebazpenaren bidez (1998ko martxoaren 2ko EHAA, 41. zk.), Osakidetzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 79/1998 Ebazpenaren edukia argitaratzeko agindu zen, eta, hala, bete egin zen 1994ko abenduaren 2ko epaia.

Hirugarrena.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 1461/2005 Ebazpenaren bidez, administrazio-egintzok ofizioz berrikusteko prozedura hastea erabaki zen: Dokumentazio Klinikoaren Arloko Fakultatibo Espezialistaren kategorian estatutupeko langile finkoaren izaera hartzea ekarri zuten administrazio-egintzak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak 1989ko azaroaren 10ean eman zuen Ebazpenaren bidez (1989ko azaroaren 22ko EHAA, 220. zk.) deitutako hautaprobak garatzeko emanak.

Egintzak ofizioz berrikusteko prozedurari Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren apirilaren 19ko 237/2006 Ebazpenaren bidez eman zitzaion amaiera, eta zuzenbidean erabat deusez deklaratu ziren 987/1990 Ebazpena eta 1349/1990 Ebazpena, hau da, bai lehiaketa-oposizioaren emaitza eta bai hautatutako lau hautagaien izendapena. Ebazpen hori berretsi egin zuen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2006ko ekainaren 19an egindako bileran hartutako Erabakiaren bidez.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 19ko 237/2006 Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoak jarri zituzten Ana Elguezabal Elorduy andreak eta Jesús Curiel Elorduy jaunak. Horien uziak, ordea, ezetsi egin zituen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2006ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakiak. Gerora, auzibidean errekurritu zen erabaki hori(859/2006 administrazioarekiko auzi errekurtso arrunta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia).

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 60/2009 Epaiaren bidez, baietsi egin zen Osakidetza-Euskal Osasun Erakundeko Administrazio Kontseiluak 2006ko ekainaren 19ko bileran hartutako Erabakiaren aurka María Ana Elguezabal Elorduy andreak eta Jesús Curiel Herrero jaunak auzibidean jarritako errekurtsoa. Erabaki horrek ezetsia zuen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak apirilaren 19an eman zuen 237/2006 Ebazpenaren aurka jarritako gorako errekurtsoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiari dagokio epaitza betearaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak.

Bigarrena.- Administrazioarekiko auzien arloko epaitegi eta auzitegiei dagokie epaitutakoa betearazteko ahala; prozesuko alderdiei, berriz, horien epai eta ebazpenei men egiteko betebeharra, eta epai-ebazpenok bere horretan eta bertan esaten den moduan betetzekoa. Horixe xedatzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.1 eta 103.2 artikuluetan.

Auzitegi Nagusiaren urtarrilaren 23ko 60/2009 epaiak baietsi egiten du María Ana Elguezabal Elorduy andreak eta Jesús Curiel Herrero jaunak jarritako errekurtsoa. Epaiak, horretarako, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak apirilaren 19an emandako 237/2006 Ebazpenaren deuseztagarritasuna du oinarri. Epaiak gaineratzen duenez, irailaren 18ko 987/1990 Ebazpenak eta azaroaren 29ko 1349/1990 Ebazpenak bere horretan eutsiko diote baliozkotasun juridikoaren presuntzioari, hala agintzen baitu 30/1992 Legearen 57.1 artikuluak.

Hala, bada, zuzenbidearen araberakoa ez dela-eta deuseztatu egiten du errekurritutako administrazio-jarduna Auzitegi Nagusiaren epaiak, eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari kondena hau ezartzen dio: deuseztatu den administrazio-jardunaren eraginpeko eskubide profesionalak erabat lehengoratuko dizkie errekurtsogileei, eta eskubide ekonomikoak jasotzeko aukera ere itzuliko die, baldin deuseztatuko administrazio-jardunak eskubide horien sorreran eraginik izan badu.

Administrazio-egintzak mantentzeari lotuko zaizkio (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 66. art.) sartzeko prozedura izapidetzean egin diren gainerako administrazio-egintzak, hain zuzen ere, orain aldatutakoekin zerikusirik ez dutenak. Horiek bere horretan utziko dira, gauzatu ziren moduan.

Hirugarrena.- Prozedura hau izapidetzean interesdunei entzun zaie, halaxe ezartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluak.

Azaldutako guztiagatik, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Auzitegi Nagusiaren urtarrilaren 23ko 60/2009 epaia betearazteko xedatzen dut. Epaiak baietsi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko 859/2006 administrazioarekiko auzi-errekurtso arrunta, María Ana Elguezabal Elorduy andreak eta Jesús Curiel Herrero jaunak jarritakoa.

Bigarrena.- Epaitza jardun hauen bitartez gauzatuko da:

1.- Ebazpenok zuzenbidearen araberakoak direla deklaratzen da: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak 1989ko azaroaren 10ean emandako Ebazpena (1989ko azaroaren 22ko EHAA, 220. zk.), irailaren 18ko 987/1990 Ebazpena (1990eko urriaren 3ko EHAA, 199. zk.), eta azaroaren 29ko 1349/1990 Ebazpena (1990eko abenduaren 23ko EHAA, 248. zk.).

2.- Ebazpen-erabakiok deusezak direla deklaratzen da: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 19ko 237/2006 Ebazpena, eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2006ko ekainaren 19ko bileran hartutako Erabakia. Erabaki horren bidez ezetsi egin zen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 19ko 237/2006 Ebazpenaren aurka jarri zen gorako errekurtsoa.

3.- María Ana Elguezabal Elorduy andrea eta Jesús Curiel Herrero jauna estatutupeko langile finko izendatuko dira. Izendapena Mediku kategoriari dagokio, zehazki, Kudeaketa Sanitarioko Unitateko Medikuaren izaera duen Fakultatibo Espezialistaren lanpostu funtzionalari, eta destino hauetarako da:

- María Ana Elguezabal Elorduy andrea: Santa Marina ospitalea.

- Jesús Curiel Herrero jauna: Txagorritxu Ospitalea.

4.- Esleitu zaien lanpostuaz jabetzeko, María Ana Elguezabal Elorduy andreak eta Jesús Curiel Herrero jaunak hilabeteko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Lanpostuaz jabetzeko ekitaldia Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusian izango da, egoitza zentralean (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), eta dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

- NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

- Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatu-tituluaren eta mediku espezialista tituluaren fotokopia konpultsatua, edo notarioaren lekukotza; bestela, titulu horiek jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria ekarri beharko da.

- Zinpeko aitorpena edo hitzematea, hau dioena: sinatzailea ez dagoela diziplinako espediente baten bidez inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik kenduta, ez eta funtzio publikoetan jarduteko gaitasungabetuta.

- Mediku-azterketa, lanpostua behar bezala betetzeko behar besteko gaikuntza psikofisikoa duela egiaztatzen duena.

- Elkargokide-ziurtagiria.

Esleipendunek, ezarri zaien epean, eskatutako agiriak aurkezten ez badituzte, edo, agiriak aztertuta, eskatutako betekizunen bat bete gabe dutela ikusten bada, ez dute lanpostuaz jabetzerik izango, eta deuseztaturik geratuko dira ordura arteko jarduketak; horrez gain, erantzukizuna ere eskatu ahal izango zaie hasierako eskaera faltsutzeagatik.

Lanpostuaz jabetzeko ekitaldia Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian egingo da, egoitza zentralean (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz). Lanpostuaz jabetu ondorengo egunean ekingo zaio esleitutako destinoko lan-jardunari.

Era berean, interesdunei ohartarazten zaie lanpostuaz jabetzeko ekitaldira epe barruan agertu ezean galdu egingo dituztela esleitutako destinoarekiko dituzten eskubideak.

5.- María Ana Elguezabal Elorduy andreari eta Jesús Curiel Herrero jaunari ordaindu egingo zaizkie jaso ez dituzten ordainsari-izaerako kontzeptuak. Hala egokituz gero, diru-zenbateko horretatik kendu egin beharko da: lan-errenten kontzeptu bera dela-eta jasotako ordainsariak -lana inoren kontura edo norberaren kontura egina dela ere-, langabeziako prestazioak edo horiekin pare daitezkeen kontzeptuak. Ordaindu egingo zaie, halaber, ateratzen den diru-zenbatekoari dagokion legezko interesa.

6.- Ebazpen honetan xedatutakoaren eraginetik at geratzen diren gainerako egintza eta izapideek bere hartan jarrai dezatela xedatzen dut.

Hirugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, interesdunei jakinarazteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari helarazteko agintzen dut.

Laugarrena.- Epaitegi horri dagokio epaia betetzeko izapideetan sor daitezen gorabeherez arduratzea, halaxe ezartzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.1 eta 109. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 14a.

Zuzendari nagusia,

JULIAN PÉREZ GIL.


Azterketa dokumentala