
171. zk., 2010eko irailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4076
AGINDUA, 2010eko uztailaren 30ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien errepideko garraio publikoaren arloko elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzak emateko deia egiten duena.
Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkartegintza sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea, batez ere, elkarteak osatzen dituzten bazkideen interes profesional eta ekonomikoak erkidegoan, erkidegoz gaindi eta Europa mailan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeagoetan egin ahal izateko bideratzen direnak.
Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko agenteen arteko harreman eraginkorrerako funtsezko direla erakutsi baitute. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa kontuan izaten badugu; gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki larregi dagoela.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren bidez, errepideko garraioaren arloan elkartegintza bultzatzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ezinbestean, ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko sistema arautu beharra dago.
Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan errepideko garraioaren arloan elkarte profesional eta enpresarialentzat laguntza ekonomikoak emateko era bat ezartzea da, elkarte horiek, garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko beharrezko diren ekimenak abiarazi ditzaketela uste baita.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 22. zenbakia, 2008ko urtarrilaren 31koa). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea eta onuradunak.
1.- Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien arloko elkarte profesional eta enpresarialei, horien federazio eta konfederazioei, eta kooperatiben federazio eta konfederazioei 2010ean laguntzak emateko deia egitea.
2.- Agindu honetan jasotako ondorioetarako, garraioko enpresa edo-eta profesionalek osatzen dituzten eta helburu gisa garraio arloaren interesak ordezkatu eta defendatzea duten elkarteak hartuko dira errepideko garraio arloko elkarte profesional eta enpresarialtzat.
3.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartuta.
Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori handitzea aurrerago; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.
2. artikulua.- Eskakizunak.
1.- Agindu honetan araututako laguntzak eskatzeko, aurreko artikuluan adierazitako elkarteek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.
b) Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) Errepideko garraioaren arloko interes sozio-ekonomikoen defentsa eta ordezkaritzarekin lotuta egotea elkartearen helburua.
d) Irabazteko xederik ez izatea.
e) Jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea eta Erkidegoko hiru lurralde historikoetan egotea, 2007ko urtarrilaren 1aren aurretik hasita.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
2.- Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako erakundeetan sarturik dauden elkarteek ere eska ditzakete laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.
3. artikulua.- Laguntzekoak diren gastuak eta gehieneko kopuruak.
1.- 2010 urtean lagundu ahal izango diren gastuak eta laguntzen gehieneko mugak ondoko hauek dira:
a) Garraio-lanean jarduteko baldintzak, eta garraio arloko baldintza sozio-ekonomikoak sustatu eta hobetzeko diren azterlan edo jarduera esperimentalak egiteko direnak.
Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.
b) Garraioei buruzko azoka eta erakustaldietan, erkidego, estatu nahiz atzerrikoetan parte hartu eta horrelakoak antolatzeko direnak.
Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.
c) Elkartearen jarduerak eta garraioarekin zerikusia duten albisteak sustatu eta hedatzeko elementuetarako direnak.
Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.
d) Honako gastu orokor hauek:
- Langile-gastuak, kaleratze eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak izan ezik.
- Garraio publikoan egindako bidaia-gastuak.
- Errentamenduak eta kanonak.
- Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.
- Aseguruak.
- Komunikazioak.
- Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta.
- Hornikuntzak.
- Beste entitate batzuetako kide izateagatiko kuotak.
Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.
2.- Pertsona bakar batek ezin izango du sekula 100.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso.
4. artikulua.- Eskaeren balorazioa.
Agindu honetan araututako laguntzak banaketa proportzionalaren sistemari jarraituz banatuko dira; hau da, 6. artikuluan adierazten diren irizpideen arabera egindako balorazioaren proportzioan banatuko da dirua, betiere gehienez ere zenbat eman daitekeen edo, eskatutakoa gutxiago bada, zenbat eskatu den kontuan hartuta.
5. artikulua.- Balorazio-batzordea.
Eskabideak aztertzeko balorazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko hiru teknikarik osatuko dute, eta Garraioetako zuzendariak izendatu beharko ditu. Batzordearen lana izango da, batetik, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Agindu honen 6. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta Garraioetako zuzendariari aurkezteko ebazpen-proposamena prestatzea. Proposamen horretan, laguntzarik eman behar bada, onuradun bakoitzari zenbat dagokion adierazi beharko da, eta emandako diru-laguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko Agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere jaso ahal izango da. Balorazio-batzordea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera osatuko da.
6. artikulua.- Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak.
1.- Laguntzaren zenbatekoa zehazteko -betiere hirugarren artikuluan ezarritako mugaren barruan- irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Elkarte eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).
b) Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoan eta arlo jakin horretan zenbateraino errotu den; horretarako kontuan hartuko dira, besteak beste, bazkide kopurua -batez ere emakumeak zenbat diren- eta guztien artean dituzten ibilgailuak, kide diren enpresen kopurua, dauzkaten lokalen kopurua, edo lanean zenbat jende duten, etab. (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).
c) Elkarteak bultzatu edo-eta garatzen dituen ekintzen garrantzia; besteak beste, ikastaro, azterlan, jardunaldi, azoka, lehiaketa, argitalpen eta sustapen-ekintzen kopurua eta horien garrantzia izango dira kontuan. Era berean kontuan izango dira garraio sektorerako berdintasun-plan edo programak, bai eta emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna sustatu eta bermatzeko neurriak (gehienez ere, puntuazio osoaren % 25).
d) Elkartekideei eskaintzen zaizkien zerbitzuak (puntuazio osoaren % 15).
e) Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Euskadin garraio arloa modernizatu eta hobetzeko bultzatu dituen jarduera eta ekimenetan elkarte eskatzaileak zenbateraino jardun duen Sailarekin elkarlanean; horretarako kontuan izango dira, besteak beste, bileretara, jardunaldietara, foroetara joan izana eta parte hartu izana, azterlanak, etab. (Gehienez ere puntuazio osoaren % 10).
2.- Edonola ere, eta laguntza kalkulatzeari dagokionez, ez dira kontuan hartuko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren ustez elkartearen funtzionamendu edo ordezkaritzarako beharrezko ez diren gastuak.
7. artikulua.- Laguntzen izapidetze elektronikoa.
Laguntzak izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilera abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautzen dute.
Prozedurako izapide guztiak egiteko baliabide elektronikoak erabili ahal izango dira, bukaerara arte. Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.
Laguntza izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak garraioen arloan eskumena duen organoak duen egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Helbidea: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/asociacione s_2010/eu_ay_trans/abandono_2010.html.
8. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.- Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloko eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan adieraziko dira, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako jarraibideetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz.
2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatuta.
3.- Eskabidea erakundearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta honako agiri hauek batera aurkeztu beharko da:
a) Erakundeak ekonomia-ekitaldian burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzko memoria zehatza, hirugarren puntuan aurreikusitakoari jarraituz lagundu daitezkeen gastuak azalduko dituena. Memoria horretan, ondoko zertzelada hauek guztiak jasoko dira: jarduerak burutzeko datak, giza-baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), elkartekideen edo bazkideen kopuru eta zerrenda, ekitaldirako sarrera eta gastuen aurrekontua, helburu bererako lortutako diru-laguntzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren jarduerekin izandako lankidetza, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen gainerako kontu guztiak, II. eta III. eranskinetan datozen ereduen arabera.
b) Eraketa-aktaren kopia eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuen kopia.
c) Erakundea batasun, federazio edo bestelako erakunderen batean sarturik dagoela egiaztatzen duen agiria, hala badago.
d) Zerga-identifikazioko txartelaren fotokopia.
e) Elkartea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten agiri gaurkotuak.
f) Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko erakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.
g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
4.- Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).
5.- Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.- Erantzukizunpeko adierazpen edo aldez aurretiko komunikazioarekin batera aurkezten den edo horiei eransten zaizkien edozein datu, adierazpen edo dokumentutan zehaztasun falta badago, edo faltsutasunik egonez gero, edo zerbait aipatu gabe utzi bada, eta horiek guztiak funtsezkoak badira, egintza horien berri dagoen momentutik aurrera, ezingo da prozeduran jarraitu edo jarduera aurrera eraman, horrek gainera, ezertan galarazi gabe erantzukizun penal, zibil, edo administratiboak.
7.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
9. artikulua.- Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Garraioetako zuzendariari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
10. artikulua.- Ematea.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpen bidez emango dira diru- laguntzak. Ebazpen horrek ez du administrazio- bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.
Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuak, ezarritako eran, agindu honek ondoreak eragiten dituenetik zenbatzen hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondoreetarako.
3.- Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.
11. artikulua.- Ordainketa.
Diru-laguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira:
a) Diru-laguntzaren % 50, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere, hilabeteko epearen barruan.
b) Gainerako diru-kopurua, diruz laguntzekoak diren gastu guztiak agindu honen 13 artikuluan ezarritakoaren arabera behar bezala frogatu ondoren.
12. artikulua.- Bateragarritasuna.
1.- Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk ematen duen beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, agindu honen bidez lagun daitezkeen gastuak estaltzeko bada.
2.- Hala ere, laguntza horiek jasotzen badira, Sailak diru-laguntzarako kontuan hartutako gastuen eta beste erakunde batzuek emandako laguntzen arteko aldeari aplikatuko zaio agindu honen 3. artikuluan adierazitako gehieneko ehunekoa.
13. artikulua.- Jarduerak burutzea.
Laguntza-programan aurreikusitako jarduerak 2010ean burutu beharko dira.
14. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituzten elkarteek honako betebeharrok izango dituzte:
a) Administrazio emailearen aurrean egiaztatzea diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete dituztela.
b) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Diru-laguntza, eman zaien horretarako erabili beharko dute.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
f) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematekoan, eta garraioaren inguruko albisteetan, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.
2.- 2011ko martxoaren 31 baino lehen ondoko agiri hauek bidali beharko dituzte Garraio Zuzendaritzara erakunde onuradunek:
a) Egindako lanak eta aurrekontutik zenbat gastatu den azaltzen duen txostena, xehetasun guztiekin.
b) Diruz laguntzekoak diren gastuak frogatzen dituzten fakturak edo pareko froga balioa duten bestelako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak badira edo eraginkortasun administratiboa badute.
c) Entitatearen egiaztagiria aurkeztutako diru-sarrerak eta gastuak urteko kontuekin bat datozela egiaztatzen duena, laguntza 45.000 eurotik gorakoa denean.
d) Elkartea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri gaurkotuak.
3.- Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
15. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
16. artikulua.- Diru-laguntzak itzultzea.
Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 30a.
(Ebazpenak eta administrazio-egintzak sinatzeko eskuordetza emateko 2009ko uztailaren 27ko Aginduaren ondorioz).
Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea,
ERNESTO JOSÉ GASCO GONZALO.
I. ERANSKINA
ELKARTEGINTZA BULTZATZEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
GASTU MOTAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AZALPEN MEMORIA
(Ikus .PDF)
RSS