
171. zk., 2010eko irailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4075
AGINDUA, 2010eko uztailaren 30ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien errepideko garraio publikoaren arloan enpresa-kontzentraziorako laguntza-programa bat ezartzen duena.
Salgaien errepideko garraioaren arloan enpresa-egitura egokia izatea oso garrantzitsua da ekoizpen indize hobeak lortu ahal izateko.
Hala ere, gaur egun salgaien errepideko garraio arloaren ezaugarrietako bat, hain zuzen ere, gehiegizko atomizazioa dugu; enpresen zati handi bat ibilgailu bat edo bi duten langile-enpresaburuk osatzen baitute.
Horregatik, Sailak enpresa-kontzentrazioko prozesuak bultzatu behar direla iritzi dio, eta horretarako 2010erako laguntza-programa bat ezartzea erabaki du.
Programa hau bat dator Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroekin, enpresa-kontzentrazioa eta langile-enpresaburuak enpresetan sar daitezen erraztuz, garraioaren beraren modernizazioa bultzatzen baita. Eta enpresa-kontzentrazioa ez ezik, «intermodalitate» kontzeptua garraiorako bereganatuko duten enpresa-egitura sendoak sortzea da helburuetako bat. Hau da, trenbidea nagusi izango duen garraio konbinatua bultzatuko da, garraiobideen arteko halako oreka bat lortzeko, eta bide batez, garraio iraunkorra lortzen laguntzeko. Deialdi honetan berariaz jasotzen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari buruzko hainbat aipamen, politika eta ekintza publiko guztietan genero-ikuspegia sartu beharra dagoela, eta sexuaren araberako rolak eta estereotipoak baztertzea zeinen garrantzitsua den azpimarratzeko.
Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EBAO L 379 2006/12/28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 22. zenbakia, 2008ko urtarrilaren 31koa). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
1.- Agindu honen xedea da salgaien errepideko garraio publikoaren arloan enpresa-kontzentrazioa bultzatzeko, 2010. urterako laguntzak arautzea.
2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak honako helburu hauetarako emango dira:
a) Garraio publikoan ibilgailu astunekin ibiltzeko gehienez ere bi baimen duten pertsona fisikoak mugagabeko kontratuekin sozietateetan edo elkarlaneko kooperatibetan sartzeko. Sozietate eta kooperatiba horiek gainera, ibilgailu astunekin garraio publikoan aritzeko gutxienez hamar baimen izan beharko dute bere izenean, behin bat egitea burututakoan.
b) Garraio publikoan ibilgailu astunekin ibiltzeko gehienez ere bost baimen dituzten pertsona fisikoak 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako garraiolari kooperatibetan bazkide kooperatibista gisa sartzeko.
c) Sozietateak, garraiolarien kooperatibak edo elkarlaneko kooperatibak sortu edo bat egin edo xurgatzeko, edo garraiolari kooperatibak sozietate edo elkarlaneko kooperatiba bihurtzeko. Hain zuen ere diru-laguntzak honako gastu hauek ordaintzeko emango lirateke:
c.1.- Legelaritza, notaritza eta erregistroko zerbitzu-sariak; memorien, buletinen eta tituluen inprimaketa; estatu, probintzia edo udalari ordaindu beharreko zergak; publizitatea; komisioak; eta tituluen erabilpenerako bestelako gastuak.
c.2.- Sozietate, garraiolarien kooperatiba edo elkarlaneko kooperatiba berrietan gerente berria kontratatzeko. Laguntza, gehienez ere, urtebeteko soldata eta Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaintzeko izango da.
d) Salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko gehienez ere bi baimen dituzten pertsona fisikoekin kontratu egonkorrak egiteko. Kontratua Agindu honen I. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izango da, eta derrigorrezkoa izango da kontratua sinatu aurreko hamabi hilabeteetan baimenen titularrak enpresa kontratatzailearekin egindako negozio-bolumena gehienez ere 9.000 eurokoa izatea. Kontratu hori 2010. urtearen barruan egin beharko da, gutxienez 3 urterako eta negozioaren bolumenak urteko 60.000 eurokoa izan beharko du. gutxienez.
e) Enpresen sustaketan eta kudeaketan aditutako erakundeek egindako bideragarritasun-azterlanak ordaintzeko; azterlan horien helburua, enpresa multzo baten kudeaketa alor bat edo gehiago bateratzea; hainbat enpresa, sozietateak edo kooperatibak sortu edo bat-egiteko formulen bidez kontzentratzea; edo-eta garraio intermodala bultzatuko duten kontzentrazio-prozesuak bideragarri diren ala ez ikustea izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzak Agindu honetan xedatutakoari jarraituz homologatutako enpresek egin beharko dituzte.
3.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun mila (100.000) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.
Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori handitzea aurrerago; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.
2. artikulua.- Aditutako erakundeen homologazioa.
1.- Agindu honetan aurreikusitako azterlanak burutzeko erakunde adituen homologazioa banan bana eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren berariazko ebazpen bidez egingo da.
Homologazioaren indarraldia 2010eko abenduaren 31 artekoa izango da edo, behar izanez gero, Agindu honen arabera emandako diru-laguntzaren gai den azterlana bukatu artekoa.
2.- Erakunde horiek homologatuko badira, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Erakundearen jarduera nagusia ekonomia eta finantza arloko edo kalitatearen inguruko kontsultoretza izatea, eta enpresen sustaketan erreferentzia zerrenden bidez egiaztatu beharko den esperientzia erakustea.
b) Gutxienez hiru langile finko edo hiru bazkide izatea, eta horietatik bik goi mailako titulua eta enpresa-kudeaketaren arloan gutxienez bost urteko esperientzia egiaztatzea.
c) Kasuan kasuko eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010) aurkeztea, Agindu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Enpresaren datuak: sozietatearen egoitza, legezko ordezkaria, lantokiak, lantokien azalera, egitura informatikoa, telefonoa, faxa, etab.
- Ekonomia Jardueren gaineko zergan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria, eta, halakorik behar izanez gero, enpresaren eraketa agiriaren fotokopia, eta aldatu bada, baita ondorengo eskriturarena ere.
- Plantillako langile kopuruaren egiaztagiria, kontratuen edo eskabidea egin aurreko bi hilabeteetako TC2 buletinen fotokopien bidez edo, autonomoen araubide berezia aukeratu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, Gizarte Segurantzako autonomoentzako kotizazioaren epe bereko ordainagiria.
- Enpresaren espezializazio-arloak.
- Enpresako kontsultoreen lanbide mailako nondik norakoen azalpen laburra.
- Bidezkotzat jotzen den beste edozein xehetasun.
3. artikulua.- Onuradunak.
Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu nahi dituen pertsonak, fisikoak nahiz juridikoak, eskabideak aurkezteko epean ondorengo zerrendan datozen eskakizunak bete beharko ditu:
a) Enpresa txiki edo ertaina izatea; halakotzat hartzeko eskakizun hauek bete beharko dituzte:
- 250 langile baino gutxiago izatea.
- Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
- Aurreko eskakizunak betetzen ez dituen enpresa batek edo enpresa multzo batek ez izatea, ez zuzenean, ez zeharka, enpresaren % 25 edo gehiagoko partaidetza.
Interpretazio arazorik sortuz gero, enpresa txiki eta ertainak definitzeko Europar Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartu beharko dira kontuan.
b) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) Salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin aritzeko baimenak gutxienez urtebete lehenagotik izatea; gainera baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Pertsona fisiko eta sozietateek, lan-sozietate anonimoek barne, eta elkarlaneko kooperatibek, bere izenean gutxienez garraio-baimen bat izatea. Laguntza, enpresa berri bat eratzeagatik bada, urtebeteko antzinatasuna egiaztatutzat joko da, baldin eta bazkide guztiek antzinatasun hori egiaztatzen badute.
- Garraiolarien kooperatibek eta merkaturatzeko sozietateen kasuan, akzionistek edo bazkideek, gutxienez hamabost baimen izatea. Urtebeteko antzinatasuna egiaztatutzat joko da, baldin eta baimen horien titular guztiek antzinatasun hori egiaztatzen badute.
d) Agindu honen 1.2.c) artikuluan aipatutako kasuan, 2010 urtean sozietate, garraiolarien kooperatiba edo elkarlaneko kooperatiba berri bat sortzea, transformazio, eratze nahiz bat-egite bidez. Bat-egitea xurgapen bidezkoa bada, xurgapena ere 2010 urtean egin beharko da.
e) Agindu honen 1.2.c) artikuluan aipatutako kasuan, sozietateak, garraiolarien kooperatibak edo elkarlaneko kooperatibak, edo halakorik bada, sozietate xurgatzaileak, helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
f) Agindu honen 1.2.c) artikuluan aipatutako kasuan, sozietate berriak edo elkarlaneko kooperatiba berriak, edo halakorik bada, sozietate xurgatzaileak, bere izenean, garraio publikoan ibilgailu astunekin aritzeko gutxienez hamar baimen izan beharko ditu urtebete lehenagotik. Antzinatasuna egiaztatutzat joko da bazkide guztiek hala egiaztatzen badute.
g) Agindu honen 1.2.c) artikuluan aipatutako kasuan, merkaturatzeko sozietate edo garraiolarien kooperatiba berri bat bada, bazkide edo kooperatibistek artikulu honen c) idatz-zatian aipatutako motako hamabost (15) baimen izan beharko dituzte.
h) Agindu honen 1.2.a) artikuluan aipatutako kasuan, 2010 urtean sozietate edo elkarlaneko kooperatiba batean sartzen den pertsona fisikoak titular gisa dituen garraio-baimenak indargabetu, enpresa xurgatzaileari transmititu edo haiei uko egin beharko die. Era berean, lanbide-gaitasuneko titulua izan beharko du.
i) Agindu honen 1.2.b) artikuluan aipatutako kasuan, 2010 urtean garraiolarien kooperatiba batean sartzen den pertsona fisikoak lanbide-gaitasuneko titulua izan beharko du, eta gutxienez hiru urtez egon beharko du bazkide gisa dedikazio esklusiboarekin.
j) Agindu honen 1.2.d) artikuluan aurreikusitako kasuan, enpresa kontratatzaileak, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko gutxienez hamar baimen izan beharko ditu, urtebete lehenagotik. Antzinatasuna egiaztatutzat joko da bazkide guztiek hala egiaztatzen badute. Gainera, garraio-operadorearen baimena izan beharko du.
k) Derrigortuta dauden pertsonek, urteko kontuak aurkeztu eta uzteari buruzko merkataritzako betebeharrak betetzea.
l) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
4. artikulua.- Laguntzen izapidetze elektronikoa.
Laguntzak izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilera abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautzen dute.
Prozedurako izapide guztiak egiteko baliabide elektronikoak erabili ahal izango dira, bukaerara arte. Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.
Laguntza izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak garraioen arloan eskumena duen organoak duen egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Helbidea: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/copy_of_con centracion_ayudas/eu_concentr/abandono_2010.html.
5. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.- Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloko eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan adieraziko dira, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako jarraibideetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz.
2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatuta.
3.- Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskabidea, behar bezala beteta (Aginduaren II. eranskinean dator eredua).
b) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo Identifikazio Fiskalerako Kodearen fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
c) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.
d) Sozietatea eratzeko eskritura edo, hori aldatu bada, ondorengoa, eskabidea aurkezteko egunean akzioen banaketa nola dagoen ikusteko eta Merkataritza Erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko.
e) Garraiolarien kooperatiben edo elkarlaneko kooperatiben kasuan, eratzeko eskritura, sozietatearen estatutuak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.
f) Sozietate bat edo elkarlaneko kooperatiba bat osatzeko bat egindako edo halako bihurtutako kasuetan, horretarako akordioa bi egunkaritan eta Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratzeko iragarkiak; garraiolarien kooperatiba osatu edo bihurtutako kasuan, akordioa Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko iragarkia. Gainera, akordioa indarrean dagoen legeriari jarraituz dagokion Erregistroko izen-emate agiria.
g) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, TC1 eta TC2, eta langile autonomoen erregimen berezia hautatu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, eskabidea egin den aurreko hileko ordainagiria.
h) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiria.
i) Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.
j) Urteko kontuak aurkeztu eta gordailutzeko merkataritzako betebeharrak betetzen dituela erakusten duen egiaztagiria (horretara derrigortuta dagoenak).
k) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen erantzukizunpeko adierazpena.
l) Salgaien garraio publikorako baimenak, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenak eta agindu honen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat datozenak.
m) Egin beharreko azterlanetarako aurrekontuak, eta laguntza-gai diren gastuen proformako fakturak edo behin betikoak, eta horien azalpen memoriak.
n) Agindu honen 1.2.a) artikuluan jasotako kasuan, sartu behar den pertsona fisikoaren lanbide-gaitasuneko titulua, kontratua eta, baimenak indargabetu, transmititu edo horiei uko egin diela jasotzen duen kasuan kasuko foru aldundiaren ziurtagiria edo eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria.
ñ) Agindu honen 1.2.b) artikuluan jasotako kasuan, bazkide berriak hartu dituen garraiolarien kooperatibak kooperatibaren barne-araudia eta bazkide kooperatibisten alta eta bajen egiaztagiria aurkeztu beharko du. Gainera, bazkide kooperatibista gisa sartzen den pertsonaren lanbide-gaitasuneko titulua bidali beharko.
o) Agindu honen 1.2.d) artikuluan adierazitako kasuan, garraio-kontratu egonkorra eta, ez kontratatzaileak, ez kontratatuak, azkeneko urtean 9.000 euro baino gehiago ez dutela fakturatu egiaztatzen duten agiriak.
p) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
4.- Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.- Erantzukizunpeko adierazpen edo aldez aurretiko komunikazioarekin batera aurkezten den edo horiei eransten zaizkien edozein datu, adierazpen edo dokumentutan zehaztasun falta badago, edo faltsutasunik egonez gero, edo zerbait aipatu gabe utzi bada, eta horiek guztiak funtsezkoak badira, egintza horien berri dagoen momentutik aurrera, ezingo da prozeduran jarraitu edo jarduera aurrera eraman, horrek gainera, ezertan galarazi gabe erantzukizun penal, zibil, edo administratiboak.
6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
6. artikulua.- Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioetako zuzendariari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
7. artikulua.- Agirien gaineko okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).
8. artikulua.- Esleitzeko prozedura eta diru-kopurua.
1.- Laguntzen zenbatekoa:
a) Agindu honen 1.2.a) eta 1.2.b) artikuluetan jasotako kasuetan, gehienez ere, 6.000 euroko laguntza emango da enpresaren egituran sartzen den gizon bakoitzeko, eta 6.500 euro emakume bakoitzeko; edonola ere, guztira, ezin izango da 45.000 euro gainditu. Enpresa edo kooperatiba xurgatzailea izango da laguntzaren onuradun eta laguntza jasoko duena.
Enpresa edo kooperatiba xurgatzailearen egituran sartzen den pertsonak 4.100 euroko diru-laguntza izango du.
b) Agindu honen 1.2.c) artikuluan adierazitako kasuetan, honako laguntza hauek emango dira:
- 1.2.c.1 artikuluan jasotako kasuetan, laguntza-gai diren gastuen kostu osoaren % 50 emango zaie, baina inoiz ez 6.000 euro baino gehiago.
- 2.c.2 artikuluan jasotako kasuetan, diruz laguntzekoak diren gastuen kostu osoaren % 50 emango zaie, eta laguntza hori % 60koa izango da, baldin eta gerentea emakumezkoa bada, baina inoiz ez 30.000 euro baino gehiago.
c) 1.2.d) artikuluan jasotako kasuetan, gehienez ere 2.000 euroko laguntza emango zaie kontratatutako gizonezko bakoitzeko, eta 2.500 euro emakumezko bakoitzeko, baina inoiz ez 40.000 euro baino gehiago. Enpresa kontratatzailea izango da laguntzaren onuradun eta laguntza jasoko duena.
d) 1.2.e) artikuluan jasotako kasuetan, gehienez ere laguntza-gai diren gastuen kostu osoaren % 50 emango zaie, baina inoiz ez 30.000 euro baino gehiago.
2.- Agindu honetan arautako laguntzak emateko 1.3 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen lehenengo atalean ezarritako gehieneko diru-kopuruak ordaintzeko, ondoren zehaztuko den hurrenkera honi jarraituz emango zaie laguntza, baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei:
1) Aginduaren 1.2.a) artikuluan jasotako kasuetarako eskabideei emango zaie lehentasuna.
2) Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.b) artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
3) Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.c) artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
4) Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.d) artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
5) Aurreko idatz-zatiko eskabideei erantzundakoan, dirurik baldin badago, 1.2.e) artikuluko kasuetarako aurkeztutakoei erantzungo zaie.
Hala eta guztiz ere, Agindu honetan araututako laguntzak emateko 1.3 artikuluan ezarritako diru-kopurua, finkatu den hurrenkerari jarraituz banatzen hasi, eta eskabide-mota bateko eskabide guztiei onartutako gehieneko diru-kopurua ordaintzeko iristen ez bada, eskabide-mota horretako guztien artean hainbanatu egingo da gelditzen dena.
9. artikulua.- Bateragarritasuna.
Agindu honen arabera ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek xede berberarekin eman ditzaketenekin, betiere guztira jasotakoak ez badu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua gainditzen. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.
Beste laguntza edo diru-laguntza batzuk jaso eta, ondorioz, jasotakoarekin kostu hori gainditzen bada, Agindu honen babesean emandako laguntza gutxitu egingo da, aurreko artikuluan ezarritako gehieneko mugara iritsi arte.
10. artikulua.- Diru-laguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpen bidez emango dira diru-laguntzak. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.
Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuak, ezarritako eran, Agindu honek ondoreak eragiten dituenetik zenbatzen hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondoreetarako.
3.- Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.
11. artikulua.- Ordainketa.
1.- Dirua dena betera ordainduko da, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastua faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan.
Gainera beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
- Agindu honen 1.2.a) artikuluan aurreikusitako kasuan, enpresa xurgatzaileak garraiolari autonomoarekin enpresan sartzeko egindako kontratua, eta garraiolariak titular gisa zituen baimenak indargabetu, transmititu edo haiei uko egin diela adierazten duten frogagiriak.
- Agindu honen 1.2.b) artikuluan, pertsona fisikoa hori kooperatiban bazkide gisa sartu dela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, bai eta bazkide hori kooperatiban gutxienez hiru urte egongo dela hitz emateko aitorpena.
- 1.2.c.2 artikuluan aurreikusitako kasuan, gerentearen kontratua eta ahalordeak indarrean daudela adierazten duen notarioaren agiria.
- 1.2.e) artikuluan aurreikusitako kasuan, egindako azterlanaren kopia bat bidali beharko da.
2.- Diru-laguntza eskuratzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2010eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.
3.- Agindu honen 1.2.d) artikuluan aurreikusitako kasuan (lehen hiru urteetan) kontratua indarrean jartzen denetik aurrera urtebete igarotzen den bakoitzean, hurrengo bi hilabeteetan, bi aldeen artean gutxienez 60.000 euroko negozio-bolumena izan dutela erakutsi beharko dute.
12. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
a) Administrazio emailearen aurrean egiaztatzea diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete dituztela.
b) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Diru-laguntza, eman zaien horretarako erabili beharko dute.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
2.- Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
13. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
14. artikulua.- Diru-laguntza itzultzea.
Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 30a.
(Ebazpenak eta administrazio-egintzak sinatzeko eskuordetzea emateko 2009ko uztailaren 27ko Aginduaren ondorioz).
Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea,
ERNESTO JOSÉ GASCO GONZALO.
I. ERANSKINA
Salgaien errepideko garraiorako kontratu egonkorra
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ENPRESEN KONTZENTRAZIOA BULTZATZEKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDE-EREDUA
(Ikus .PDF)
RSS