Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2010eko irailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
4074

AGINDUA, 2010eko uztailaren 30ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren arloan lanbidea uzteko laguntza-programa bat ezartzen duena.

Errepidez egiten den garraio publikoaren sektoreak nozitzen duen arazoetako bat garraiolari autonomoen adin handia dugu. Horrela, bada, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak urtetan salgaien garraio publikoan lan egin duten eta adinean aurrera doazen garraiolariek lanbidea utz dezaten bultzatzea komeni dela iritzi dio, eta horretarako behar diren baliabideak eskainiko dizkie.

2010. urtean ibilgailu astun eta arinekin salgaien errepideko garraio publikoan ari direnei eta autobusetan bidaiarien garraio publikoan dihardutenei lagundu nahi zaie, arlo horietan lanbidea uzteko behar besteko baliabiderik ez duen adin aurreratuko garraiolari asko baitago. Horrek esan nahi du laguntza hauen helburua erabat soziala dela. Gainera, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortua dutenek ere eskatu ahal izango dute laguntza.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 22. zenbakia, 2008ko urtarrilaren 31koa). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Laguntza-programa bat dator Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroekin, garraio iraunkorragoa lortzen laguntzen duen aldetik.

Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen xedea da salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan diharduten adin aurreratuko garraiolariek edo eta ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortua dutenek lanbidea utz dezaten 2010. urterako laguntzak arautzea.

2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko bi milioi eta zortziehun mila (2.800.000) euro baliatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori handitzea aurrerago; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.

2. artikulua.- Onuradunak.

Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu nahi dituen pertsonak, eskabideak aurkezteko epean edo, bestela, 2010eko urtarrilaren 1ean, ondorengo zerrendan datozen eskakizunak bete beharko ditu:

a) Helbidea, 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) 58 eta 64 urte arteko adina izatea (biak barne), edo ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortua izatea.

c) Azken hamar urteotan, eta inolako etenik gabe, salgaiak edo bidaiarien autobuseko garraio publikoan aritzeko baimen bat izatea, gehienez ere hiru kopiarekin, edo bestela, bi baimenak, baina guztira hiru kopiarekin. Ez da onartuko etenda egondako baimenik, eta beraz, indarrean gutxienez kopia bat beti izan dutela egiaztatu beharko da. Nolanahi ere, titulartasunean edo baimenaren indarraldian etenaldi bat izatea onartuko da, baina gehienez ere hiru hilabetekoa. Ondore horietarako, bisatu gabe iraungita egon diren eta eskaera egiterakoan berreskuratu diren baimenak indarrean egon bailiran hartuko dira.

Salgaien garraio publikoan trakziorako gaitasuna duten ibilgailuekin jarduteko onuradunak 2007ko apirilaren 16aren aurretik zeuzkan estatu, eskualde edo tokiko baimenak, TD motakoak barne, baimen beraren kopia gisa hartuko dira.

Salgaien garraio publikoan ibilgailuekin jarduteko onuradunak 1998ko uztailaren 1aren aurretik zeuzkan estatu, eskualde edo tokiko baimenak, baimen beraren kopia gisa hartuko dira.

d) Azken hamar urteotan Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubidean sartuta egotea; gehienez ere hilabeteko eten bakar bat onartuko da hamar urte horietan.

Ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia duten eskatzaileen kasuan, hamar urte horiek, egoera hori onartu zaienetik aurrera hasiko da kontatzen.

e) 2010ean salgaien edo bidaiarien errepideko garraio publikoa utziko duela hitz ematea, titular gisa dituen garraio-baimenei behin betiko uko eginez. Berriro lanari ekiten badio, itzuli egin beharko ditu jasotako diru-laguntzak eta dagozkien korrituak.

f) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

3. artikulua.- Laguntzen izapidetze elektronikoa.

Laguntzak izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilera bi dekretu hauek arautuko dute: abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak.

Prozedurako izapide guztiak egiteko baliabide elektronikoak erabili ahal izango dira, bukaerara arte. Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.

Laguntza izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak garraioen arloan eskumena duen organoak duen egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Helbidea: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/abandono_ac tividad_2010/eu_abandono/abandono_2010.html.

4. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloko eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan adieraziko dira, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako jarraibideetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz.

2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatuta.

3.- Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea, behar bezala beteta (aginduaren eranskinean dator eredua).

b) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

c) Eskatzailearen errolda-ziurtagiria, Euskal Autonomia Erkidego barrukoa, noiz erroldatu zen adierazten duena.

d) Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

e) Kasuan kasuko foru-aldundiaren ziurtagiria, eskatzaileak azken hamar urteotan eta inolako etenik gabe, salgaien edo bidaiarien garraio publikoan jarduteko baimen bat, gehienez ere hiru kopiarekin edo, bestela, bi baimenak baina guztira hiru kopiarekin izan duela adierazten duena.

f) Azken hamar urteotan Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubidean etenik gabe sartuta egon dela adierazten duen ziurtagiria (lan-bizitzaren txostena).

g) Helburu bererako bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jasoz gero, jaso duela, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen erantzukizunpeko adierazpena.

h) Eskatzailearen, pertsona nahiz entitatearen, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasotzen dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutako debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenarekin bat etorriz.

i) Ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia dutenek, egoera hori egiaztatzen duen agiria.

4.- Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.- Erantzukizunpeko adierazpen edo aldez aurretiko komunikazioarekin batera aurkezten den edo horiei eransten zaizkien edozein datu, adierazpen edo dokumentutan zehaztasun falta badago, edo faltsutasunik egonez gero, edo zerbait aipatu gabe utzi bada, eta horiek guztiak funtsezkoak badira, egintza horien berri dagoen momentutik aurrera, ezingo da prozeduran jarraitu edo jarduera aurrera eraman, horrek gainera, ezertan galarazi gabe erantzukizun penal, zibil, edo administratiboak.

6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

5. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Garraioetako zuzendariari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

6. artikulua.- Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

7. artikulua.- Zenbatekoa.

1.- Agindu honetan araututako laguntzen gehieneko diru-kopuruak:

a) Salgaien errepideko garraioan, ibilgailu astunekin diharduten garraiolariei eta bidaiariak autobusez garraiatzeko zerbitzu publikoan dihardutenei: lau mila eta ehun (4.100) euro, hirurogeita bost urte betetzeko geratzen zaien seihileko bakoitzeko.

b) Salgaien garraio publikoan ibilgailu arinekin dihardutenei: bi mila eta seiehun (2.600) euro, hirurogeita bost urte betetzeko geratzen zaien seihileko oso bakoitzeko.

c) Hamar mila (10.000) euro, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortua duen garraiolariari.

Onuradunen batek 2. artikuluan aurreikusitako eskakizunez gain, adinaren eskakizuna eta ezintasun iraunkor absolutuarena edo baliaezintasun handiarena betetzen badu, diru-laguntzarik baxuena emango zaio.

2.- Seihileko osoak 2010eko ekainaren 1etik aurrera hasiko dira kontatzen. Ezin izango da laguntzarik eman, egun horretatik aurrera hirurogeita bost urte betetzeko sei hilabete oso baino gutxiago falta badira.

3.- Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako kopuruak ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko du dirua Garraio Zuzendaritzak. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

8. artikulua.- Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek xede berberarekin eman ditzaketenekin.

9. artikulua.- Diru-laguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpen bidez emango dira diru- laguntzak. Ebazpen horrek ez du administrazio- bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.

Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuak, ezarritako eran, agindu honek ondoreak eragiten dituenetik zenbatzen hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.- Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondoreetarako.

3.- Diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpena interesdunei zuzenean jakinaraziko bazaie ere, onuradunen zerrenda eta eman zaien zenbatekoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

10. artikulua.- Ordainketa.

1.- Laguntza ematea erabakiz gero, behin garraiolariak jarduera utzi duela egiaztatutakoan, oso-osorik ordainduko zaio, baina honako eskakizun hauek bete beharko ditu:

a) Onuradunak, aurkeztutako eskabidean adierazitakoari jarraituz, laguntza emateko arrazoi gisa hartutako salgaien edo bidaiarien garraio publikorako baimenari edo baimenei uko egin beharko die; baimenei baja eman diela egiaztatu beharko du.

b) Formalki hitz eman beharko du enpresaburu gisa garraiolari lana behin betiko utziko duela, eta ez duela lanbide-gaitasuneko titulua beste garraio-enpresa baterako jarriko.

c) 3.500 kg baino gehiagoko BGMko ibilgailuak edo-eta autobusak gidatzeko balio duen baimena izanez gero, uko egin beharko dio kasuan kasuko Trafiko Buruzagitzan.

2.- Diru-laguntza eskuratzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2010eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

11. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Administrazio emailearen aurrean egiaztatzea diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete dituztela.

b) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Diru-laguntza, eman zaien horretarako erabili beharko dute.

d) Baldin eta onuradunak xede horretarako berorretarako beste diru-laguntza edo laguntzarik eskuratzen badute, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari jakinaraztea zein organok eta zenbat eman dien.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

2.- Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

13. artikulua.- Diru-laguntza itzultzea.

Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondoreak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 30a.

(Ebazpenak eta administrazio-egintzak sinatzeko eskuordetza emateko 2009ko uztailaren 27ko Aginduaren ondorioz).

Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea,

ERNESTO JOSÉ GASCO GONZALO.

I. ERANSKINA

LANBIDEA UZTEAGATIKO LAGUNTZAK ESKATZEKO EREDUA.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala