Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2010eko irailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Herrizaingo Saila
4073

EBAZPENA, 2010eko uztailaren 22koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren 1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probetarako deia egiten duena.

Otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuko (martxoaren 6ko EHAA, 45. zk.) 15.1.b) artikuluak ezartzen du Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak, aldizka, Ertzaintzako funtzionarioek Hizkuntza-eskakizunak egiaztatu ahal izateko probak egiteko deia zabaldu behar duela, eta horren ondorioz, honako hau,

EBATZI DUT:

Lehenengo artikulua.- Ertzaintzaren 1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko euskara probak egiteko deialdia onestea, ebazpen honen 1. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

Bigarren artikulua.- Errekurtsoak.

Administrazio bidea agortzen duen Ebazpen honen kontra, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, edo zuzenean aurkatu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa azalduz gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu, ebazpen adierazia eman arte, edo, jarritako berraztertzeko errekurtsoaren presuntziozko ezespena gertatu arte. Interesatuak administrazioarekiko auzien jurisdikzioa aukeratuz gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko du eskumena duen Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzenduta, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean, beti ere, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Era berean, deialdi honetan, Epaimahai Kalifikatzaileen jardueratik eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkatu ahal izango dituzte interesatuek, administrazio prozedura erkideari buruzko arautegian ezarritako eran eta kasuetan.

Arkaute, 2010eko uztailaren 22a.

Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendaria,

ELENA MORENO ZALDIBAR.

1. ERANSKINA

OINARRIAK

I.- KAPITULUA

DEIALDIAREN EREMUA ETA XEDEA

Lehenengoa.- Deialdiaren xedea.

Ertzaintzaren 1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko euskara probak egiteko deialdia egingo da. Horren edukia otsailaren 24ko 30/1998ko Dekretuaren eranskinean jasotzen da.

Bigarrena.- Aplikazio eremua.

1.- Ertzaintzako karrerako funtzionarioek har dezakete parte probetan, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren aplikazio eremuan badaude.

2.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenen bidez, Hizkuntzaren gaitasuna hobetzeko ikastaroetarako deialdiak egin ziren Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat, hain zuzen, Ertzaintzaren 1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko derrigorrezko epea ezarri zaienentzat. Ebazpen horien arabera, funtzionariook derrigorrez parte hartu beharko dute deialdi honetako probetan, hauek egin aurretik parte hartutako ikastaroetan mailarik altuena lortu badute.

II. KAPITULUA

ERTZAINTZAREN 1. HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA EGIAZTATZEKO PROBAK

Hirugarrena.- Probak.

Probetan zenbait ariketa egin beharko dira, eta horien helburua izango da azterketariek duten euskararen ezagupena neurtzea. Probetan kontuan hartuko dira otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuko hizkuntzaren gaitasunak, eta halaber, bat etorriko dira Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ezarritako aginduekin.

Laugarrena.- Probek bi zati izango dituzte.

Lehenengo zatia. Epaimahai Kalifikatzaileak erabakitako proba idatzia izango da. Zati honen helburu bakarra probei dagozkion bigarren zatian parte hartzeko gutxieneko euskara ezagutza maila egiaztatzea izango da. Proba honek gehienez 50 puntu izango ditu eta gainditu ahal izateko gutxienez 37 puntu atera beharko dira. Lehen zatia gainditzen ez duenak ezin izango du bigarren zatian parte hartu.

Bigarren zatia.- Epaimahai Kalifikatzaileak erabakitako ahozkoaren ulermena, irakurritakoaren ulermena, mintzamena eta idazmena neurtzeko ariketak izango dira. Proba bakoitza «gai» edo «ez gai» baloratuko da. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ahal izateko, azterketariek zati honek dituen atal guztiak egin beharko dituzte, eta atal horietan guztietan «gai» emaitza lortu beharko dute. Azken emaitza orokorra «ez gai» denean, edozein ataletan lortutako «gai» emaitzek ez dute inolako baliorik izango.

Bosgarrena.- Bigarren zatiko probak egin ahal izateko, azterketariek lehenengo zatiko proba gainditu beharko dute. Hala ere, Hizkuntza Gaikuntzako ikastaroetan euskararen ezagupenen mailarik altuena lortu duten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek ez dute lehenengo zatia egin behar izango eta bigarren zatiko probak egitera pasatu ahal izango dira zuzenean. Aipatutako funtzionarioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak emandako ikastaroetan parte hartu dutenak izango dira eta ikastaroak 2010eko apirilaren 19an hasi eta urte horretako uztailaren 15ean amaitutakoak izango dira. Ikastaro horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Lan Baldintzak Arautzen ditueneko indarrean dagoen Akordioan ezarritako liberatutakoentzat izan dira.

III. KAPITULUA

PROZEDURA

Seigarrena.- Eskabideak.

1.- Deialdi honetan parte hartu nahi duten guztiek eskabidea egin beharko dute saileko intranetaren bitartez «Gurenet», bertan eskuragarri izango den eskabide eredua betez.

2.- Eskabideak aurkezteko epea, Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, 15 egun naturalekoa izango da.

Zazpigarrena.- Probetara onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak erabakiko du lehen zatiko eta bigarren zatiko probetara onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrendak. Zerrenda hauek Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko dira.

Zortzigarrena.- Onartu eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak.

Onartu eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartzen duen Ebazpenaren kontra interesatuek, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bost egun naturaleko epean. Aipatutako erreklamazioak, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari bideratuko zaizkio.

Aipaturiko Ebazpenean, probak zuzendu eta neurtuko dituen Epaimahaiaren izendapena, lehen zatiko proben eguna, ordua eta tokia adieraziko dira.

Bederatzigarrena.- Onartuen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda.

1.- Aurreko oinarriak aipatzen duen bost eguneko epea amaitu ondoren, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak argitaratuko du, ebazpen baten bidez, probak egiteko onartuen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda. Ebazpen hori Euskal Herriko Polizia Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da.

Lehen zatiko probak ezin izango dira egin aipaturiko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu aurretik.

Hamargarrena.- Epaimahai Kalifikatzailea.

1.- Probetarako Epaimahai Kalifikatzailea berezitasun printzipioan oinarrituta izendatuko da, eta karrerako funtzionario edo langile finkoek osatuko dute. Horietariko gehienek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lanpostuei dagokien 4. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izango dute.

Epaimahai Kalifikatzaile hau mahaiburu batez eta hiru bokalez osaturikoa izango da. Era berean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko langile batek idazkaritza funtzioak beteko ditu. Beti ere, Epaimahai honetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ordezkari bat izango du.

2.- Kide anitzeko organoen funtzionamenduaren arautegiak zuzenduko du Epaimahaiaren jarduera. Dena den, Epaimahaiak egoki ikusten dituen laguntzaileak izendatu ahal izango ditu, behar duen aholkularitza eta laguntza teknikoa jaso dezan.

3.- Deialdiaren prozesuan dauden probak garatzea, zehaztea eta ebaluatzea Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio. Epaimahai Kalifikatzaile honek autonomia osoz jokatuko du, eta bere ardura izango da prozedura objektiboa izatea eta deialdiaren oinarriak beteko direla bermatzea.

4.- Epaimahaiaren erabakiak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko dira.

5.- Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeagatik legez ezarritako lansariak jasoko dira.

Hamaikagarrena.- Probak garatzea.

1.- Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak edo Epaimahai Kalifikatzaileak, eskabide kopurua eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren baliabideak eta zerbitzu beharrak kontuan hartuta, probak zenbat egunetan eta zein tokitan egin erabaki ahal izango du.

2.- Lehen zatiko probak burutu ostean, Epaimahai Kalifikatzaileari dagokio, Akordio bidez, behin-behineko emaitzak onartzea. Emaitzok «Gai» / «Ez gai» kalifikazioa izango dute. Era berean, aipaturiko akordioan zehaztuko dira, bigarren zatiko proben egikaritzaren data, tokia eta ordua.

Behin-behineko emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek bost egun naturaleko epea izango dute Epaimahai Kalifikatzailearen aurrean erreklamazioak aurkezteko.

Epe hori amaituta, erreklamaziorik aurkeztu ez duten azterketarien emaitzak behin betiko bihurtuko dira eta aurkeztutako erreklamazioak Akordio bitartez Epaimahai Kalifikatzaileak ebatziko ditu. Akordio honen aurka, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Bigarren zatia egikaritzeko datarako aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ez badira, erreklamazioren bat aurkeztu duten izangaiek bigarren zatia burutu ahal izango dute, nahiz eta honek soilik balioa izango duen, baldin eta hautagaia azkenik onartua bada.

3.- Bigarren zatiko probei dagokienean, beraien aurrean jarri litezkeen erreklamazioen epe eta organo eskudunentzako oinarri honen bigarren atalean ezarritakoa izango da kontuan.

Hamabigarrena.- Behin betiko emaitzen argitarapena.

Bigarren zatiko proben behin betiko emaitzak onartzen dituen Akordioaren erreferentzia, 1. Hizkuntza-eskakizuna gainditu dutenen Ertzaintzako karrerako funtzionarioei dagokiona, Euskal Herriko Ikastegiko Zuzendaritzari aurkeztuko zaio. Akordio hori Zuzendaritzak Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko du.

Hamahirugarrena.- Oinarri-arau hauetan aurreikusten ez diren guztietan, Ertzaintzan Euskararen Normalkuntza arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretua aplikatuko da.


Azterketa dokumentala