
171. zk., 2010eko irailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
4072
3/2009 FORU ARAUA, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2010. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2010. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko, 3/2009 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia-San Sebastián, 2009ko abenduaren 23a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
2010. urteko Aurrekontuak norabide egokia du, egungo krisi egoerak dakartzan erronkei aurre egite aldera. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aurrekontu eta gastu austeritatearen bidez, hazkundea eta egonkortasun ekonomikoaren alde egiten du.
Testuinguru honetan, 2010. urteko Aurrekontuak Krisiaren Aurkako Plana barneratzen du, lurraldearen dinamizazio ekonomiko eta soziala bultzatzeko.
Ildo honetatik, funtsezkoa da enpresa eta pertsonengan krisiak dituen efektuak gutxitzeko politikei lehentasuna ematea eta produkzio-ehuna indartzea, Gipuzkoaren lehiakortasunean eragite aldera.
Lurraldearen ongizatea garatzeko, udal eta Diputazioaren arteko elkarlana beharrezkoa den heinean, aurrekontu hauek udalen aldeko diru-laguntzak barneratzen dituzte 81 milioi euroko zenbatekoagatik.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2010. urterako Aurrekontu Orokorrak exekuzio-tresna nagusiak dira 2007-2011 Kudeaketa Plana eratzen duten foru politika publikoak aurrera eramateko. Politika hauek beharrezko gisa proposatzen dira ekonomiak aberastasuna sortzen jarrai dezan eta administrazio publikoak beharrezko babes soziala eskaini dezan.
2010eko ekitaldian, Aurrekontu Orokorrek aurrekontu arruntarekin batera «2008-2011 Kudeaketako Aurrekontu Berezia» izeneko kredituak -ekainaren 10eko 2/2008 Foru Arauak onartutakoak- barneratzen dituzte. Hau guztia legealdi honetan pertsonen ongizatea, berrikuntza, sorkuntza, lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzen dituen lurralde adimentsu gisa Gipuzkoa kokatuko duen aparteko bultzada gauzatzeko.
2008-2011 Kudeaketako Aurrekontu Bereziko diruzaintzako gerakinaren kontura finantzatzen da soil-soilik, eta horrek bide ematen du datozen urteetan jarduketa estrategiko jakin batzuk aurrera eraman daitezen azpiegitura eta ekipamendu alorrean, dauden baliabide finantzarioak Gipuzkoako gizarteari bihurtuz.
Aurrekontuen Foru Arauaren funtsezko edukia I. tituluan jasota dago, foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak onartu eta Gipuzkoako zergei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa jasotzen den neurrian.
Halaber, titulu horretan jasota dago Gipuzkoako Batzar Nagusien Aurrekontuko sarrera eta gastuen egoeraren zenbatekoa.
II. tituluan, Foru Aldundia zorpetu eta bermeak emateko muga ezartzen da, bai eta foru merkataritza-sozietateak zorpetzeko muga ere.
III. tituluan jasota daude, aldiz, 2010eko ekitaldian aurrekontu kredituen araubide orokorrari eta haien aldaketei aplikatzekoak diren berezitasunak. Zehazki, hauek: kredituen muga izaeraren araubide orokorraren salbuespenak; kreditu zabalkorren kontsiderazioa, konpromiso kredituak sortzeko eta banatzeko gehieneko muga; eta kreditu gehikuntza eta txertaketen berezitasunak.
IV. tituluan, aurrekontu kudeaketako hainbat arau jasota daude -hala nola diru laguntzei, proiektu kofinantzatuei, gastuaren gauzatze mugari, egindako gastuaren udalerriko xehakatzeari buruzkoak-, bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoaren gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.
Diputatu Nagusiak zein foru diputatuek banakako diru laguntzak emateko ahalmena dute, beti ere nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura izanik eta 15.000 eurotik gorakoak ez badira.
V. titulua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Uliazpi Fundazioaren foru organismo autonomoaren (langileen eta pasiboen kredituen araubidea) aurrekontu plantilaren osaera zehazten du, eta aurrekontuen I. kapituluaren mugak zehaztasun handiagoz arautzen ditu.
Arau horiek berariazko beste batzuekin osatu dira: lan publikoaren eskaintza, lanpostuen zerrenda eta azken horiek betetzeko jarraibideak.
II. kapituluak plantilaren osaera eta Foru Sektore Publikoa osatzen duten gainontzeko entitateen langileria gastuen igoera muga arautzen ditu.
VI. tituluan -lurralde historikoko udalen finantzaketa-, ekitaldiko lehen seihilekoaren denbora muga ezartzen da, 2010eko ekitaldian haien zergak borondatezko epean biltzea Foru Aldundiaren esku uzten duten udalerrientzat aurreikusitako ondasun higiezinen gaineko zergaren konturako aurrerakinak ordaintzeko.
VII. tituluan, aldiz, Foru Aldundiak aldizka Batzar Nagusiei bidali beharreko informazioa jasota dago. Titulu honetan ez dago aldaketa handirik aurreko ekitaldiaren aldean.
VIII. tituluan, Batzar Nagusietako aurrekontuen kudeaketarako arauak jasota daude.
I. TITULUA
AURREKONTUEN ONARPENA, HEDADURA SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA
1. artikulua.- Aurrekontuak onartzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2010eko Aurrekontu Orokorrak onartuta geratu dira foru arau honetan ezarritakoaren arabera.
2. artikulua.- Gipuzkoako Aurrekontu Orokorren osaera.
2010eko Gipuzkoako Aurrekontu Orokorrak honela osatuta daude:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.
b) Uliazpi Fundazioaren foru organismo autonomoaren aurrekontua.
c) Bidegi SA, Etorlur SA eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (Izfe) foru merkataritza-sozietateen aurrekontuak.
Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontua ere sartu da, behar den ondoriorako.
3. artikulua.- Aurrekontu Orokorren edukia.
1.- Ordainketa kredituak eta sarrera kontsolidatuen egoera 4.576.224.329,99 euro izango da, 2010eko ekitaldian. I. eranskinean laburtutakoaren arabera.
2.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuaren gastuen egoera 4.200.286.447 euro da, ordainketa kredituei dagokionez, eta 295.708.216 euro, aldiz, konpromiso kredituei dagokienez. 2010. urtetik aurrerako ekitaldietarako banakapena II. eranskinean zehaztuta dago, 2008-2011 Kudeaketako Aurrekontu Bereziari dagozkion kredituak ere barne direla. Azken horiek 38.957.855 eurokoak dira, guztira, ordainketa kredituei dagokienez, eta 25.472.836 eurokoak konpromiso kredituei dagokienez.
Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera 4.200.286.447 euro da, eta honela osatuta dago:
- Ekitaldiko zorpetzea barne (150.000.000 euro).
- Diruzaintzako gerakinetik eratorritako finantzaketa, 2008ko abenduaren 31n kontsolidatua, 38.957.855 eurokoa.
3.- Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuaren gastuen egoera 17.972.187 euro da ordainketa kredituei dagokienez.
Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 17.972.187 euro da.
4.- Foru merkataritza-sozietateen aurrekontuen zenbatekoa 394.490.239,99 euro da, eta honela banakatuta dago:
- Izfe SA: 20.718.830,00 euro.
- Bidegi SA: 359.301.556,00 euro.
- Etorlur SA: 14.469.853,99 euro.
Aipatu sozietateen baliabideak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.
Bidegi SA sozietate publikoaren baliabideetan, ekitaldiko 268.000.000 euroko zorpetzea sartuta dago.
Etorlur SA sozietate publikoaren baliabideetan, ekitaldiko 7.200.000 euroko zorpetza sartuta dago.
5.- Batzar Nagusien aurrekontuko gastuen egoera 7.653.400 euro da guztira, ordainketa kredituei dagokienez. Sarreren zenbatekoa berdina izatea aurreikusita dago.
4. artikulua.- Zergei lotutako gastu fiskalak.
Gipuzkoako zergei lotutako gastu fiskalak 1.913.123.677,32 euro izatea aurreikusi da.
II. TITULUA
ZORPETU ETA BERMEAK EMATEKO MUGA
5. artikulua.- Abalen muga.
1.- Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 109.1 artikuluan jasotakoaren arabera, Foru Aldundiak emandako abalak ezin izango dira 507.200.000 eurotik gorakoak izan 2010eko abenduaren 31n.
2.- Salbuespen modura, Gipuzkoako Foru Aldundiak abala edo beste mota bateko ordezko bermeak eman ahal izango dizkio Hondakinen Kontsortzioari edo bere sozietate instrumentala den Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SA sozietateari, proiektuan aldundiak duen partaidetzari dagokion heinean, azpiegitura horiek finantzatzeko epe luzera hitzar ditzakeen kreditu eragiketetan.
Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio berme motak, euren limiteak eta baldintzak ezartzea, merkatu finantzarioen egoeraren eta proiektuan Gipuzkoako Foru Aldundiak daukan partaidetzaren arabera.
6. artikulua.- Foru Aldundiaren zorpetze muga.
1.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, edonolakoa izanik ere horiek dokumentatzeko modua, ezin izango da 509.332.267,22 eurotik gorakoa izan 2010eko abenduaren 31n.
2.- 2010eko ekitaldian, Ogasun eta Finantza diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ditzake, diruzaintzaren unean uneko zailtasunei erantzuteko, eragiketa haiek dokumentatzeko erabilitako edozein modutan eta gehienez urtebeteko eperako.
7. artikulua.- Foru merkataritza-sozietateak zorpetzeko muga.
1.- Foru merkataritza-sozietate hauen epe luzeko zorpetze eragiketen saldo bizia ezin izango da ondoan aipatutako mugatik gorakoa izan 2010eko abenduaren 31n:
Bidegi SA: 813.000.000 euro.
Etorlur SA: 7.200.000 euro.
2.- Era berean, foru merkataritza-sozietateek diruzaintza beharrak finantzatzeko egoki deritzeten epe laburreko eragiketa finantzarioak egin ditzakete, urtebetetik beherako eperako.
3.- Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 107.4 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, foru merkataritza-sozietateek beren behar finantzarioen berri eman behar diote, behar den aurrerapenez, Ogasun eta Finantza Departamentuari.
Epe luzeko eragiketak egitekotan gero, gutxieneko epea ez da bi hilabetetik beherakoa izango.
III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK
8. artikulua.- Foru Aldundiaren eta Uliazpi Fundazioaren organismo autonomoaren aurrekontu kredituak.
Gastuen egoeraren kredituak zuzenduko dira aurrekontuetan eta Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak III. tituluaren III. kapituluan jasotakoaren arabera onartutako aldaketetan baimendutako helburuak betetzera.
9. artikulua.- Kredituen lotura.
1.- 2010eko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Ondorengo apartatuetan hainbat salbuespen jasoko dira, dena den.
2.- Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten bereizketa mailan:
a) Foru arau honek 10. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalkortzat hartutako kredituak. Nolanahi ere, apartatu horren a) letran jasotakoak ez dira mugatzaileak izango, kapitulu mailan mugatzaileak izango baitira, ez eta b) eta c) letretan jasotakoak ere, kapitulu eta programa mailan mugatzaileak izango baitira.
b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honetako 3. apartatuaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.
c) Ekitaldiaren barruan onartutako kreditu gehigarriak.
d) Aurreko ekitaldietako kreditu txertatuak.
e) Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoa eta foru merkataritza-sozietateak finantzatzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatu diren kredituak, baita haien prestazioak ordaintzeko erabili diren kredituak ere.
f) Diru Laguntzen Foru Arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen diru laguntza banakatuei dagozkien kredituak.
g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) artikuluan jasotakoa eragotzi gabe.
h) Beren izaera berezia, garrantzia edo helburua dela eta, zehaztapen maila berezia behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.
3.- Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan:
a) Proiektu kofinantzatu beraren ordainketa kredituak.
b) II. kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.
c) Diru-laguntza lerro bereko laguntzak finantzatzekoak diren kredituak.
d) Izaera berezia, garrantzia edo helburua dela-eta Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.
4.- Konpromiso kredituak horiei lotutako ordainketa kredituen inguruan titulu honetan jasotako arauen bidez erregulatuko dira.
10. artikulua.- Kreditu zabalkorrak.
1.- Kreditu zabalkortzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuetan jasotako kreditu hauek, Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 53. artikuluan xedatutakoaren arabera:
a) I. kapituluko gastuak (langileria gastuak), foru arau honek aplikaziozko xedapenetan jasotakoaren arabera eta V. tituluan jarritako mugapean.
b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa eta zorpetze gastuak ordaintzeko erabilitako kredituak.
c) Zerga itunduen bilketan parte hartzeagatik estatuaren aldeko kupoa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko ekarpena eta Gipuzkoako udalen aldeko ekarpena ordaintzeko izendatu diren zenbatekoak.
d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.
e) Batzar Nagusien eta Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuak finantzatzeko erabilitako kredituak.
f) Europar Batasunarekin batera finantzatutako programetan izendatutako kredituak.
g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko erabilitako kredituak.
h) Beste eskumen batzuk hartzearen ondorio diren kredituak.
i) Aurrekontu Orokorren eranskin numerikoetan espresuki adierazten diren kredituak.
2.- Gizarte Politikako Departamentuak aldizkako diru prestazioei buruzko programen bidez familiei egindako transferentziak zabalkorrak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.
Programa honetan soberan geratu diren kredituak ezin izango dira aurrekontuko beste gastu batzuk finantzatzeko erabili.
11. artikulua.- Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.
Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza diputatuaren proposamenez eta foru departamentu interesatuaren edo Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren ekimenez, konpromiso kreditu gehiago edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea onar dezake, haiek aplikatzen diren ekitaldien kopurua ez bada 4 urtetik gorakoa eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honek onartutako konpromiso kredituen % 10.
Urteanitzeko gastua finantzatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen ekarpenak ez dira konputatuko aurreko paragrafoan jarritako mugaren ondorioetarako.
12. artikulua.- Kreditu gaikuntzak.
Gastu aurrekontuan gaikuntzak sor ditzakete beste sarrera batzuek, zerga itunduak barne, sarreren hasierako aurrekontuan jasotako zifrak gainditzen badituzte, Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 58.8 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako. Gaikuntza horien helburua izango da:
a) Estatuaren aldeko kupoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko ekarpenak eta Gipuzkoako udalerrien aldeko ekarpena ordaintzea, zerga itunduen bilketan parte hartzeagatik.
b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa edo zorpetzearen ondoriozko bestelako gastuak ordaintzea.
c) Foru Aldundiak parte hartzea eskatzen duten kapital eta finantza eragiketa bereziak egitea.
IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA
13. artikulua.- Diru laguntzak.
1.- Diputatu nagusiak eta foru diputatuek nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura eman ditzakete Diru Laguntzen Foru Arauak 20.3.c) artikuluan aipatutako diru laguntza banakatuak, 15.000 eurotik gorakoak ez badira.
2.- Diru laguntza izendunen zenbatekoa osorik edo zati batean gutxitzeko, haiek jasoko dituen pertsona edo entitatearen adostasuna edo ukoa beharrezkoa izango da. Aipatu ukoa ez da beharrezkoa izango diruz lagundutako proiektu edo jarduera amaitu izana frogatu ondoren egiten diren gutxipenetan, frogatutako gastuen zenbatekoa txikiagoa izateagatik hari emandako diru laguntzarena baino.
14. artikulua.- Proiektu kofinantziatuak.
Beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek osorik edo zati batean finantzatutako gastu proiektuak behar bezala identifikatuta egongo dira hasierako aurrekontuan edo kreditu aldaketarako espedienteetan. Era berean, finantzaketa bideak zeintzuk diren adierazi beharko da berariaz.
Aurrekontuen gastuen egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak, kreditu jakin batzuen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena txikiagoa denean hasieran aurreikusitakoa baino.
15. artikulua.- Gastua gauzatzeko muga.
1.- Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantzako foru diputatuaren proposamenez, kredituak atxikitzeko edo prebentziozko beste zenbait neurri hartzeko agindu dezake, gastuaren kontrola bermatzearren, betiere aurrekontua gauzatzeko beharrezkoa bada.
Aipatu kredituak liberatzeko, horien atxikipenerako behar den tramite bera egin beharko da.
2.- Hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzea agin dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak, baldin eta proiektuen finantzaketa horien exekuzio erritmora egokitzeko beharra dela-eta konpromiso kredituak onartzen badira.
3.- Krisiaren aurkako planaren partidetako soberazko kredituak plan beraren beste gastu batzuk finantzatzeko bakarrik erabil daitezke.
4.- Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren inbertsioak finantzatzeko partidako soberazko kreditua ezin izango da erabili aurrekontuko beste gastu batzuk finantzatzeko.
16. artikulua.- Gastua udalerrika banatzea.
1.- Udalerrika banatuko da 2010eko Aurrekontuan udalerriz udalerri banatu diren aurreikuspenei lotutako gastu partiden exekuzioa.
2.- Finantza eta Aurrekontu zuzendari nagusiak udalerriz udalerri banatzeko modukotzat har ditzake 2010eko Aurrekontuan udalerrien arabera banatu direnen antzeko bestelako gastu partidak.
3.- Departamentuek gauzatutako gastua udalerrika banatzeko behar den informazioa emango diote Ogasun eta Finantza Departamentuari.
17. artikulua.- Transferentziak Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei.
1.- Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko erabiliko diren Foru Aldundiaren aurrekontuko kredituak.
2.- Foru merkataritza-sozietateei eta Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoari egiten zaizkien transferentziak haiek dituzten behar finantzarioen arabera egingo dira.
V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA ULIAZPI FUNDAZIOA FORU ORGANISMO AUTONOMOA
18. artikulua.- Langileen ordainsariak.
1.- Kasu bakoitzean erabili beharreko araudiari jarraikiz ezarriko dira Foru Aldundian eta Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoan aritzen diren langile guztien ordainsari osoak 2010. urtean.
2.- Diputatu nagusiaren, foru diputatuen, zuzendari nagusien, foru merkataritza-sozietateetako gerenteen eta horiekin parekatutakoen ordainsariak, eta inoizkako langileen 2009ko abenduaren 31n indarrean egongo direnak izango dira.
19. artikulua.- Langile plantilaren osaera.
1.- Foru Administrazioko eta Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoko langileen 2010eko plantila osatzen dute Gipuzkoako Aurrekontu orokorretako langileei buruzko eranskinean jasotako plazek, funtzionario taldetan edo kontratupeko langile taldetan sailkatuta.
2.- Gipuzkoako 2010eko Aurrekontu Orokorretan, aipatu eranskinean jasotako plaza guztiei dagozkien kredituak onartu dira, lanpostuei lotuta eta urtea amaitu arte beharrezko deritzon diru kopurua atxikita.
Era berean, onartuta geratu dira lanpostuei lotu gabeko plazei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.
20. artikulua.- Bestelako langile zuzkidurak.
Aldi baterako programak gauzatzeko iraupen jakineko lan kontratazioak eta bitarteko funtzionarioen izendapenak ez daude plantilan sartuta, eta kontratu eta izendapen horiei Gipuzkoako Aurrekontu Orokorretan horretarako jasotako zenbatekoak lotuko zaizkie.
21. artikulua.- I. kapitulua gehitzeko mugak.
1.- 2010eko ekitaldian, plantila zabaldu edo aldatzeko espedienteak onar daitezke bakarrik horietatik datorren gastu gehikuntza beste plaza edo lanpostu batzuei dagozkien kredituak murriztuz konpentsatuta geratzen denean.
Nolanahi ere, aurrekontuetan bereziki jaso gabe edozein plaza edo lanpostu sortzeko, beharrezkoa izango da oro har hartuta zuzkidura ekonomiko berdina edo handiagoa duten beste plaza edo lanpostu batzuk aurrez amortizatzea.
2.- Aurreko muga ez da aplikatuko inoizkako langileak izendatzearen ondorioz plazak sortu edo aldatzean, epaileen sententziak betetzean, giza baliabideen planak onartzean, lanpostuen balorazioa mantentzeko sistematik eratorritako ordainketa desberdintasunetan, eskumen berriak hartzean, organo edo zerbitzu berriak sortzean edo, azkenik, kanporatu edo birkontratatuta dauden zerbitzuak zuzenean hartzean, betiere aldaketa horiek finantzaketa badute eta Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuak aldeko txostena egiten badu.
3.- Funtzionarioen barne sustapen kasuetan, aipatutako muga ez da aplikagarria izango.
Horretarako, zuzkidura orokorrean zenbateko bat sartu da ustezko aldaketei aurre egiteko asmoz.
22. artikulua.- Kreditu soberakinak.
Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuak I. kapituluko kredituetan espero diren soberakinak erabil ditzake, bai soberakinari dagozkionak ez diren beste plaza batzuk finantzatzeko, bai aldi baterako kontratuak egiteko, zerbitzuak behar bezala ibiltzeko beharrezkoak direnean, eta bai langileen ordainsariak gehitzeko.
23. artikulua.- Lan publikorako eskaintza.
1.- Foru Aldundiak bere erakundeko eta bere organismo autonomoko lan publikorako eskaintza edo eskaintzak onar ditzake, Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuko titularrak eta, hala badagokio, Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomokoak proposatuta.
2.- Dauden langileekin bete ezin diren aurrekontu diru-izendapena duten giza baliabideen beharrizanak enplegu publikorako eskaintzan atera ahal izango dira.
24. artikulua.- Lanpostuen zerrenda.
1.- Foru Aldundiak eta Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoak nork bere erakundeko lanpostuen zerrendak eta horien aldaketak onartuko dituzte. Horietan guztietan jaso behar dira: Lanpostuen izena eta funtsezko ezaugarriak, ordainsari osagarriak, lanpostuen beharkizunak, hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data, eta postuak betetzeko sistema.
2.- Egitura organikoen aldaketen eraginez Foru Aldundiaren Lanpostuen Zerrendan egiten diren aldaketen berri eman behar zaio aurretik Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuari.
3.- Era berean, foru departamentuetako egitura organikoak aldatzeko proposamenak egitekotan, Lanpostuen Zerrenda aldatu badezakete, lanpostuak eta horiek eragindako langileak banatzeko proposamena aurkeztu behar da.
25. artikulua.- Lanpostuak betetzea.
1.- Hutsik dauden lanpostuak indarrean dagoen legerian jasotako prozeduren arabera beteko dira, deialdiaren beharkizunak betez.
2.- Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuak, foru departamentuek eskatuta, langileak departamentu bat edo batzuen artean banatu ditzake, zerbitzuaren beharren arabera, izaera, maila, berariazko osagarri eta betetze prozedura bereko lanpostu ez-singularizatuetan. Era berean, departamentuak berak izango du langileak berrizendatzeko eskumena.
3.- Foru Aldundiko langileak beren gorputz edo eskalako lanpostu bati behin-behinik atxiki dakizkioke, Euskal Funtzio Publikoaren 1989ko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak jasotako kasuetan.
4.- Foru Aldundiko funtzionarioak beren gorputz edo eskalako beste lanpostu baterako izendatu daitezke, zerbitzu eginkizunetan, edo, bestela, horiek atxikitako lanpostuaren berariazkoak ez diren funtzioetarako. Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko titularrak izango du eskumena.
26. artikulua.- Pasiboen kredituen araubidea.
Ondorengo xedapenak kontuan hartuz eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: 1986ko ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Udal eta Foru Administrazioaren Eskubide Pasiboen Zerbitzu Osagarria Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzen sartzeari buruzkoa; Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketari, Gobernuari eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Araua; 1982ko abuztuaren 30eko graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako Langileen arteko Lan Harremanetarako Arau Erregulatzaileak eta Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legea.
II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK
27. artikulua.- Plantilaren osaera.
1.- 2010ean, foru merkataritza-sozietateetako langile finkoen plantilak aurrekontuetan jasotakoak izango dira, eta izaera mugatzailea izango dute.
Beraz, hutsik dauden plantilako plazak betetzeko bakarrik erabil daiteke mugagabeko lan kontratazioa.
2.- Era berean, 2010ean aurreko zenbakian aipatutako entitateek ezin izango dute aldi baterako langilerik kontratatu, ez badago halakorik jasota aurrekontuetan, non eta salbuespenezko kasu bat ez den gertatzen, premiazko eta ezinbesteko beharrizanei erantzuteko, betiere aurretik Foru Aldundiak baimenduta.
3.- Aurreko debekutik kanpo geratzen dira lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordezkatzeko diren bitarteko langileen kontratuak.
4.- 2010ean sortzen diren foru sektore publikoko entitateek langileen plantila onartu dezakete, beren hasierako aurrekontuan jasotako aurreikuspenen arabera.
28. artikulua.- Langileria gastuen gehikuntzaren mugak.
2010ean, plantila gehikuntzarik edo aldaketarik onar daiteke bakarrik horietatik eratortzen den gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen denean. Beraz, edozein plaza sortzeko, beharrezkoa izango da aldi berean zuzkidura ekonomiko bera edo handiagoa duten beste plaza batzuk amortizatzea.
VI. TITULUA
GIPUZKOAKO UDALERRIEN FINANTZAKETA
29. artikulua.- Udalak Finantzatzeko 2010eko Foru Fondoaren zuzkidura.
1.- Udalak Finantzatzeko Foru Fondoaren zuzkidura 395.532.490 euro izango da 2010. urtean, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzearen kontzeptupean, Udalak Finantzatzeko Foru Fondoari buruzko 15/1994 Foru Arauak 2. artikuluan jasotakoaren arabera.
2.- Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, III. eranskinean zehaztutakoari jarraituz, 15/1994 Foru Arauak xedatutakoaren arabera.
3.- Gainerako % 0,15 Euskal Udalen Elkartea (Eudel) finantzatzeko erabiliko da.
30. artikulua.- Partaidetza itundu gabeko zergetan.
Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko du Gipuzkoako udalerrien artean itundu gabeko zergetan duten partaidetza.
31. artikulua.- Udal zergen bilketa.
1.- Udalerriari esleituko zaio zuzenean udalerri bakoitzean likidatu beharreko udal zerga propioetatik bildutako kopuru likidoa.
2.- Udalerri bakoitzari borondatezko epean nahiz bide exekutiboan esleitutako zerga-bilketa garbitik, Foru Aldundiak ondoko zergak biltzean eman duen zerbitzuaren kostua kendu behar da: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren udal, lurralde eta estatu mailako kuotak, eta udalen kontura bildu lezakeen zuzenbide publikoko beste sarrera batzuk.
3.- 2010eko ekitaldian konturako aurrerakinak hartzeko eskubidea izango dute hitzarmen bidez zerga propioak borondatezko bidean biltzea Foru Aldundiaren esku utzi duten udalerriek. Aurrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiak ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartutakoak joko baitira.
Konturako ordainketak gauzatzeko, aldizkako emanaldi hauek egingo dira:
a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.
b) Bi hilero, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, ordainketa horiek urteko lehen 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren udal kuoten kasuan, berriz, urte osoan zehar.
Aurrerakin haien zenbatekoa zehaztuko da, gehienbat, 2009ko ekitaldian borondatezko bidean Ondasun Higiezinen gaineko Zergan eta Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren udal kuotan bildutako kopuruen arabera. Hala behar denean, oinarri ezargarriak, karga tasak edo tarifak aldatzean sortutako bariazioak eginez zuzenduko dira kopuru haiek.
Behin zerga-bilketaren behin betiko kopuruak jakin eta gero, likidazioa egingo da.
VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA
32. artikulua.- Foru Aldundiaren aldizkako informazioa.
1.- Foru Aldundiaren Aurrekontuaren eta egoera finantzarioaren bilakaeraren berri emango dio hiru hilero Batzar Nagusiei Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hona zehaztu beharrekoak:
a) Kreditu aldaketen laburpena.
b) Aurrekontuen sarrera eta gastuen egoeren gauzatze mailaren laburpena.
c) Urteanitzeko gastu konpromisoen gauzatze mailaren laburpena.
d) Foru zorpetzearen egoera.
e) Aldundiak emandako abalak eta abal horien zenbateko osoa.
f) Egoeraren balantzea eta galera-irabazien kontua.
Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu ondorengo hilaren barruan bidaliko da informazio hori. Epe hori ezin bada bete edo informazioa osatu gabe bidaltzen bada, espresuki jakinaraziko zaie Batzar Nagusiei.
Aurreko paragrafoan aipatutako epea ez zaio aplikatuko laugarren hiruhilekoari buruzko informazioari, kontu orokorraren barruan joango baita.
2.- Foru Aldundiak hilabete bakoitzaren lehen hamabostaldian informazio hau emango gu: Kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; Ogasunean eskatutako eta emandako ordainketen gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilaren amaierari buruzko datuekin Ogasunean tramitatu diren zigor barkameneko espedienteen kopurua.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Aldundien zerga itunduen bilketa kontsolidatuari buruzko informazioa emango zaie, aurreko lehen epeari dagokionez.
3.- Foru Aldundiak, zerga iruzurraren aurkako borrokan burututako ekintzen berri emango die -Batzar Nagusiei, horretarako behar den zuhurtasunez. Aipatu alorrean izandako kudeaketa emaitzei buruzkoa izango da informazio hori, hala nola: Portzentajeak, ikuskapena egin zaien zergadun taldeak, ondarea eta kudeaketaren ondorioz erregularizatutako baliabideak eta garrantzizko beste datu batzuk.
4.- Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango dio Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.
33. artikulua.- Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aldizkako informazioa.
Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoak aurrekontuaren bilakaeraren berri emango die hiru hilero Batzar Nagusiei, xehetasun hauen arabera:
a) Kreditu aldaketen laburpena.
b) Aurrekontuaren gauzatze egoeraren laburpena.
Informazio hau aurreko atalean aipatutako ondorengo hilabetearen barruan igorri beharko da. Epea betetzen ez bada edo igorritako informazioa osoa ez balitz, berariaz komunikatu beharko du.
34. artikulua.- Foru merkataritza-sozietateen informazioa.
Foru merkataritza-sozietateek hiruhilero bidaliko diete Batzar Nagusiei hiruhilaren amaierako egoera balantzea eta hiruhilaren amaierara arte metatutako ekitaldiko galera-irabazien kontua.
Informazio hau aurreko atalean aipatutako ondorengo hilabetearen barruan igorri beharko da. Epea betetzen ez bada edo igorritako informazioa osoa ez balitz, berariaz komunikatu beharko du.
VIII. TITULUA
GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEN AURREKONTUA KUDEATZEKO ARAUAK
35. artikulua.- Aurrekontu aldaketak.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiak erabaki dezake kreditu aldaketak mugarik gabe egitea, salbuespen hauek kontuan hartuta:
a) Ez diete kreditu txertatuei eragingo.
b) Ez dute gutxituko aurrez handitu diren krediturik.
c) Ez dituzte gehituko beste transferentzia batzuk direla-eta gutxitu diren kredituak.
36. artikulua.- Kreditu gaikuntzak.
1.- Diruzaintzako gerakinean, ordainketako beste kreditu bat sortu edo lehendik daudenak handitu daitezke.
2.- Gastu egoeran ordainketa kreditua sor dezakete ekitaldian benetan lortu diren eta Batzar Nagusien aurrekontuaren sarrera egoeretan jaso ez diren sarrerek eta ekitaldi berean kalkulatutako zenbatekoak gainditzen dituzten sarrerek.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Sozietateen gaineko Zergan aplikaziozkoak diren zuzenketa monetarioko koefizienteak.
2010. urtean hasten diren zergaldiei dagokienez, uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak 15. artikuluaren 9. apartatuan aurreikusten dituen koefizienteak ondoko hauek izango dira:
Koefizienteak
1984ko urtarrilaren 1a baino lehen 2,372
1984. urtea 2,155
1985. urtea 1,989
1986. urtea 1,873
1987. urtea 1,784
1988. urtea 1,704
1989. urtea 1,622
1990. urtea 1,559
1991. urtea 1,507
1992. urtea 1,462
1993. urtea 1,449
1994. urtea 1,421
1995. urtea 1,356
1996. urtea 1,308
1997. urtea 1,286
1998. urtea 1,338
1999. urtea 1,290
2000. urtea 1,204
2001. urtea 1,186
2002. urtea 1,166
2003. urtea 1,149
2004. urtea 1,135
2005. urtea 1,115
2006. urtea 1,093
2007. urtea 1,067
2008 urtea 1,034
2009. urtea 1,012
2010. urtea 1,000
Koefizienteak honela aplikatuko dira:
a) Eskurapen prezioaren edo produkzio kostuaren gainean, ondare elementua zein urtetan eskuratu edo produzitu den kontuan hartuta. Hobekuntzei aplikatu behar zaien koefizientea horiek egin diren urteari dagokiona izango da.
b) Kontabilizaturiko amortizazioen gainean, zein urtetan egin diren kontuan hartuta.
Bigarrena.- Berandutza interesa.
2010eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, % 5ekoa izango da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutza interesa.
Hirugarrena.- Kontratazio eta erosketa zentralizatuko kredituen kudeaketa.
Kudeaketa zentralizatuko kredituetan, kontratuak tramitatzea, obligazioak baimendu, konprometitu eta onartzea, eta zenbatekoaren arabera organo eskudunari proposamenak helaraztea, kudeaketa zentralizatua agindua duten departamentuei dagokie, Diputatuen Kontseiluak ezarritako prozeduren arabera.
Laugarrena.- Aldizkako prestazioen eta pentsioen zatikapena eta itzulketa.
Politika Sozialeko Departamentuak ordaindutako zor ez ziren aldizkako prestazio eta pentsioen itzulketaren zatikatzea interes eta bermerik eskatu gabe onartuko da, zatikatze horren epea 5 urtekoa baino laburragoa eta hileko bakoitza 30 eurotik gorakoa baldin bada.
Bosgarrena.- Dirulaguntzak emateko baimena.
Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio dirulaguntzen oinarri arautzaileetan diputatuak ahalmentzeko, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren -Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoaren- xedapen gehigarrian ezarritako zenbatekoaren besteko dirulaguntzak edo handiagoak eman ditzaten.
Seigarrena.- Erreserba fondoa, Gipuzkoako hiri hondakinen bilketaren kudeaketako azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko proiektuari finantza babesa emateko xedea duena.
Salbuespen gisa, diruzaintzako gerakinaren kargura, erreserba fondo bat eratu daiteke, Gipuzkoako hiri hondakinen bilketaren kudeaketako azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko proiektua bermatuko duena. Diputatuen Kontseiluak ezarriko ditu berariazko xedea, zenbatekoa, zuzkidura erritmoa, denborazko epea eta bestelako baldintzak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak erreserba fondo horren kargura egin ditzakeen ordainketak, baldin eta proiektu horretan parte hartzen duten udalei egoztekoak badira, Aldundiari itzuliko zaizkio Udalen Finantzaketa Fondoaren kargura (15/1994 Foru Arauan erregulatua), ordainketak egiten diren ekitaldiaren barruan. Banaketa irizpidetzat proiektuko partaidetza koefizientea hartuko da, alegia udalak bere mankomunitatean duen partaidetza koefizientea bider mankomunitate horrek Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan duen partaidetza koefizientea.
Zazpigarrena.- Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearen, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua, aldatzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearen, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 56.2.c) artikulua honela geratu da idatzita:
«c) I. kapituluko -langileriaren gastuak- kredituei dagozkienak».
Zortzigarrena.- Tokiko erakundeen saneamendurako aparteko neurriak.
1.- Tokiko erakundeek, aparteko izaerarekin, 2010ean, zorpetzeko eragiketak hitzartu ahal izango dituzte, gastu orokorrentzako diruzaintzako soberakin negatiboa finantzatzeko, bai eta 2010eko aurrezki garbi negatiboa finantzatzeko ere.
2.- Gehienez finantzatu ahal izango den kopurua 2010erako aurreikusitako sarrera arrunten % 5 izango da.
3.- Zorpetzeko eragiketa horiek kitatzeko epea ezingo da sei urte baino luzeagoa izan, eta eragiketak malgutasunez hitzartu beharko dira, kitapen aurreratuak egin ahal izateko, aurrekontu-emaitzek ahalbidetzen dutenean. Zorpetze-eragiketa indarrean dagoen bitartean lortzen den gastu orokorrentzako diruzaintzako soberakin positiboa nahitaez erabili beharko da zorpetzeko eragiketaren zorra gutxitzeko.
4.- Zorpetzeko eragiketa, hasteko, udalbatzaren osoko bilkurak onartu beharko du, eta saneamendu-plan batekin batera onartu beharko du. Planak honako hauek jaso beharko ditu: batetik, 2010eko eta hurrengo hiru ekitaldietako sarreren eta gastuen aurreikuspenak; bestetik, 2011n aurrezki arrunt positiboa lortzea eta 2010eko abenduaren 31n gastu orokorren diruzaintzako soberakin positiboa lortzea ahalbidetuko duten neurri fiskalen, kudeaketa-neurrien eta administrazio-neurrien azalpen zehatza.
Planaren aldeko txostena egin beharko du tokiko erakundeko kontuhartzailetzak, eta adierazi beharko du indarrean dagoen araudia betetzen ote duen planak eta planaren bideragarritasuna arrazoitua ote dagoen.
Foru Aldundiak behin-betiko baimena eman beharko dio zorpetzeko eragiketari. Horretarako, honako hauek egiaztatuko ditu, besteak beste: ekitaldi horretako aurrekontuaren onarpena, aurreko ekitaldiko aurrekontuaren kitapena, eta aurrekontu-egonkortasunaren printzipioak betetzen dituztela.
5.- Xedapen gehigarri hau jarraitzen duten tokiko erakundeek, urtero, Foru Aldundiari, aurrekontuaren kitapenarekin batera, saneamendu-planaren betetze-maila neurtzen duen txostena aurkeztu beharko diote. Txostenak, egon diren desbideraketen aurrean hartutako neurri zuzentzaileak jaso beharko ditu, horrelakorik izan denean. Foru Aldundiak, urtero, saneamendu-planen jarraipenari buruzko txosten bat helarazi beharko die Batzar Nagusiei, ekainaren bata baino lehen.
6.- Aurrekontu-egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren ondorioz tokiko erakundeak, nahitaez, plan ekonomiko-finantzarioa onartu behar badu, xedapen honetan arautzen den saneamendu-planaren barruan sartua dagoela ulertuko da.
Bederatzigarrena.- Udalak Finantzatzeko 2009ko Foru Fondoaren kitapenaren ondorioz Gipuzkoako udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari itzuli behar dizkioten kopuruen gerorapen eta zatikapenak.
1.- Udalak Finantzatzeko 2009ko Foru Fondoaren kitapenaren ondorioz Gipuzkoako udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari dirua itzuli behar badiote -kitapen horren eta udalek «konturako» izaerarekin jasotako kopuruen arteko aldearen ondorioz-, itzuli beharrekoa 2011, 2012 eta 2013 ekitaldietara geroratuko da.
2.- Gipuzkoako udalek era honetan egingo dituzte itzulketak: hamabi zatitan, 2011, 2012 eta 2013 ekitaldietan, Udalak Finantzatzeko Foru Fondotik hiruhilero egiten diren «konturako» emanaldiekin konpentsatuz.
3.- Gerorapenen eta zatikapenen ondorioz itzuli beharreko kopuruek ez dute finantza-interesik sortuko.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.- Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.
1.- Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan beharrezko egokitzapen teknikoak egiteko, plan bereziak nahiz geroago onar daitezkeen bestelakoak bertan jasotzearren.
2.- Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek berrantolaketa administratiboen ondorioz beharrezkoak direnean edo haien xedea sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.
Bigarrena.- Saldoak araztea.
Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, betiere benetan exijigarri edo gauzagarri diren kreditu edo zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.
Hirugarrena.- Aurrekontua luzatzea.
2010. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta beren aldaketen araubide orokorra Finantza Araubideari buruzko Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. tituluan ezarritakoa izango da.
Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar aplikaziozkoak izango dira foru arau honen IV., V. eta VII. Tituluak 2, 3 eta 4. xedapen gehigarriak eta. xedapen iragankorrak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Foru arau hau indarrean dagoen bitartean, bertan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indargabeturik geratuko dira.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa.- Foru Arauaren arauzko garapena.
Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.
Bigarrena.- Aplikazio eremua.
Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei aplikatuko zaie bertan ezarritakoa.
Hirugarrena.- Indarrean jartzea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera jarriko da indarrean, eta 2010. urteko urtarrilaren 1az geroztik izango ditu ondorioak.
RSS