
132. zk., 2010eko uztailaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ekonomia eta Ogasun Saila
3380
AGINDUA, 2010eko ekainaren 16koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, ehun eta bost milioi euroko zor publikoa jaulkitzekoa eta eragiketa horren zenbait ezaugarri zehazten dituena.
99/2010 Dekretuak, martxoaren 30ekoak, Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko edo zorpetze-eragiketak hitzartzeko baimena ematen du, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, barruko zein kanpoko eragiketetan, eta gehienez bi mila eta hogeita hamazortzi milioi euroko baliokidea izango den zenbatekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, 14. artikuluko 1. paragrafoan, Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.
Dekretu horretako Xedapen Gehigarriak ezartzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoren arabera, Ekonomia eta Ogasun Saileko titularrari dagokiola, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako agindu bidez, dekretu honetan onetsitako zor-jaulkipenak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehaztea, bai eta finantza-baldintzak eta, orobat, dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren gainerako ezaugarriak zehaztea ere, betiere dekretuaren aurreikuspenen barruan.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Ehun eta bost milioi (105.000.000) euroko Euskadiko Zor Publikoa jaulkitzea, martxoaren 30eko 99/2010 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraiki.
2. artikulua.- Jaulkiko den Zor Publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:
a) Zenbatekoa: 105.000.000 euro.
b) Modalitatea: obligazioak.
c) Jaulkitze-prozedura: kokapen pribatua.
d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2010eko uztailaren 5a.
e) Kupoia: Urteko finkoa, % 4,75.
f) Jaulkitze-prezioa: % 99,802.
g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.
h) Amortizazio-data: 2017ko uztailaren 5a.
i) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.
3. artikulua.- Harpidetza.
1.- Jaulki beharreko jaulkipen-baloreen harpidetza jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez bideratuko du Ekonomia eta Ogasun Sailak. Erakunde horiek horretarako gaituta daude, baloreen merkatuaren indarreko araudiaren arabera.
2.- Jaulkipenaren «Behin betiko baldintzen orrian» finkatuko da egin duten lanagatik erakunde kolokatzaileek jasoko duten komisioaren zenbatekoa.
4. artikulua.- Habilitazioa.
Finantza Zuzendaritzako titularra baimendu da zorpetze-eragiketa hau burutu ahal izateko beharrezkoak diren kontratuak eta gainerako eranskinak eta dokumentu osagarriak sinatzeko.
5. artikulua.- Harpidetzaren, interesen eta jaulkipenaren amortizazioaren ordainketa Bilboko Burtsako Elkarte Kudeatzailearen Konturako Ohartarazpenen Zerbitzuaren bidez egingo da, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuko 37. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 16a.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.
RSS