Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2010eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizia Administrazioa

Getxoko Lehen Auzialdiko 6 Zenbakiko Epaitegia
2098

EDIKTUA, 436/08 prozedura arruntaren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Getxoko Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia), L2 436/08 prozedura arrunta bideratu da, Banque PSA Finance Holding Sucursal España sozietateak eskatuta, Lucia Alvarez Crestelo eta Teofolio Gomes Coelho jaun-andreen aurka, kopuru bat erreklamatzea dela-eta. Prozedura horren gainean epaia eman da. Idazpuruak eta epaitzak hau diote hitzez hitz:

203/09 EPAIA

Getxo (Bizkaia), bi mila eta bederatziko abenduaren hogeita bia.

Nik, Miren Nekane Rodríguez Gómezek, Getxoko Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko Epaitegiko epaile magistratua naizenez, zenbateko bat erreklamatzeko 436/08 judizio arruntaren autoak ikusi ditut. Bertan, alderdiak honako hauek izan dira: batetik, demandatzaile gisa, Banque PSA Finance Holding Sucursal España, Carnicero prokuradorea ordezkari eta Nasteres andrea letratu dituela; bestetik, demandatu gisa, Teofilo Gomes Coelho eta Lucía Alvarez Crestelo jaun-andreak, auzi-ihesean daudenak.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2008ko irailaren 23an, Epaitegi Dekanoan judizio arrunterako demanda aurkeztu zen, lehenago aipatutako alderdiak sustatutakoa. Bertan, honako hau eskatzen zen: «epaia emateko eta demandatuak solidarioki kondenatzeko nire mandatugileari, hau da, Banque PSA Finance Holding, sucursal España sozietateari, honako hauek ordaintzera: hamar mila seiehun eta hogeita sei euro eta hirurogeita hamalau zentimo (10.626,74), kontua itxi zenetik sortutako interesak, zorra kendu bitartean sortzen direnak (eguneko interesa 5,24 eurokoa da) eta, hala badagokio, zuzenbidearen arabera dagozkionak; kostuak ere demandatuei ezarriko zaizkie berariaz».

Bigarrena.- Demanda izapideak egiteko onartu zen 2008ko urriaren 16ko auto baten bidez eta, aurkitutako akatsa -tasa judiziala aurkeztea- konponduta, alderdi demandatua epatu zen demandari erantzun ziezaion legez ezarritako eran; hala ere, legez ezarritako epean erantzun ez zuenez, alderdi demandatua auzi-iheslari deklaratu zen, eta alderdiei agertzeko deia egin zitzaien 2009ko azaroan 18ko 11:00etarako, hain zuzen, aurretiazko entzunaldia egiteko.

Ekitaldi horretan, auzi-jartzaileak adierazi zuen zorraren zenbatekoa 4.276,74 eurokoa zela, alderdi demandatuak ordainketa partzialak egin baitzituen; auzi-jartzaileak, horrenbestez, frogaldia egiteko eskatu zuen eta, agiri bidezko froga onartuta, autoak amaitutzat jo zituen epaileak eta epaia emateko prest.

FROGATUTAKO EGITATEAK

Bakarra.- 2004ko maiatzaren 20an, Teofilo Gomes Coelhok 24.858 euroko mailegu-poliza bat izenpetu zuen Banque PSA Finance Holding, Sucursal España sozietatearekin. Kreditua 72 hilabetetan ordaintzekoa zen, % 5,661eko interes-tasarekin, eta, kredituaren fidatzaile gisa, Lucía Lavarez Crestelok sinatu zuen. Hala ere, Teofilok ez zituen ordaindu 2008ko urtarriletik ekainera bitarteko hilerokoak, biak barne; ondorioz, 10.626,74 euro zor zizkion auzi-jartzaileari, berandutza-interesak eta itzulketa-gastuak barne zirela.

Aurretiazko entzunaldia egin zen unean, alderdi demandatuaren zorra 4.276,74 eurokoa zen, guztira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Kode Zibilaren 1089. artikuluan eta hurrengoetan, Merkataritza Kodearen 50. artikuluan eta hurrengoetan eta Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko Legean ezarritakoaren babesean, auzi-jartzaileak 4.276,74 euroko kontratu-erreklamazioa aurkeztu du; izan ere, demandatu Gomes jaunak ez du ordaindu izenpetutako mailegu-poliza -hain zuzen, Peugeot 307 ibilgailua (matrikula: 2187 CWN) finantzeko izenpetu zuen-; Alvarez andrea mailegu horren fidatzaile solidarioa da.

Beste alderdiak ez du erreklamazio horren aurka egin.

Bigarrena.- Merkataritza Kodearen 50. artikuluak ezartzen duenez, merkataritza-kontratuen arloan, eta kontratu horien betekizunei, aldaketei, salbuespenei, interpretazioari eta azkentzeari eta kontratatzaileen gaitasunari dagokienez, aipatutako kode horretan edo lege berezietan berariaz finkatuta ez dauden alderdietarako, zuzenbide komuneko arauak aplikatuko dira eta, zehazki, Kode Zibilaren 1254. artikuluan eta hurrengoetan ezarrikotakoa; artikulu horiek xedatutakoaren arabera, kontratuak onartze hutsarekin perfekzionatzen dira eta, ondorioz, espresuki hitzartu dena betetzera behartzeaz gain, kontratuon izaeraren arabera, fede onarekin, erabilerarekin eta legearekin bat datozen eragin guztiak onartzera behartzen dute; kontratuok nahitaez bete beharrekoak dira, edozein dela ere beroiek gauzatzeko modua, eta, betiere, baliagarri izateko baldintzak betetzen badira.

Orobat, Kode Zibilaren 1137. artikuluan xedatutakoaren arabera, betebehar berberean hartzekodun bi nahiz gehiago edo zordun bi nahiz gehiago pilatzeak ez dakar hartzekodun horietatik bakoitzak betebeharraren objektu diren gauzak oso-osorik eskatzeko eskubidea izatea, ezta zordun bakoitzak gauzak oso-osorik eman behar izatea. Hori gertatuko da, betebeharrak beren beregi hala zehaztu eta betebehar hori izaera solidarioarekin eratzen denean bakarrik.

Auto hauen kasuan, alderdien artean izenpetutako mailegu-poliza baten kontratua dugu, Peugeot ibilgailua bat erosteko, hain zuzen. Alderdiek hitzartu zutenez, demandatuak maileguaren zenbatekoa ordainduko zion auzi-jartzaileari, % 5,661eko interes-tasarekin, eta 72 hilerokoetan -mailegua, bestalde, Alvarez andreak bermatuko zuen-, betiere, auzi-jartzaileak aurkeztutako 1. agirian ezarritakoaren arabera. Hala ere, demandatuak ez ditu ordaindu 2008ko urtarriletik ekainera bitarteko hilerokoak, biak barne, eta, hortaz, zorra likidatzeko unean, 2008ko ekainaren 25ean, 10.626,74 euro zor zituen; zenbateko horretan sartuta daude sortutako berandutza-interesak eta itzulketa-gastuak (demandaren 2. agiria); nolanahi ere, aurretiazko entzunaldia egin bitartean egindako ordainketak kendu zaizkio zenbateko horri, eta, ondorioz, erreklamatutako zenbatekoa, guztira, 4.276,74 eurokoa da.

Azkenik, kontuan hartu beharra dago alderdi demandatua ez dela azaldu demandako eskaeren aurka egitera, eta, beraz, bidezkoa da demandatuak aitortutzat jotzea, euren aurka egindako eskaerei dagokienez, betiere, PZLb-ko 304. artikuluan xedatukoaren babesean.

Hirugarrena.- Beste alderdiari berandutza-interesen ordainketa ezartzeko eskatu du auzi-jartzaileak, betiere izenpetutako mailegu-polizaren seigarren klausulan xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, bidezkoa da alderdi demandatuari % 2ko interesa ezartzea, hitzartutako klausulan ezarritakoari jarraiki.

Laugarrena.- Demandan egindako eskaerak onartu direnez gero, kostuak demandatuari egotziko zaizkio, PZLb-ko 394. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aipatu artikuluak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, hona hemen

EPAITZA

1.- Osorik baietsi dut Carnicero prokuradoreak Banque PSA Finance Holding Sucursal España-ren izenean eta ordez aurkeztu duen demanda. Horrenbestez, kondenatu egiten ditut Teofilo Gomes Coelho eta Lucía Alvarez Crestelo jaun-andreak auzi-jartzaileari modu solidarioan 4.276,74 euro ordaintzera, eta bai hitzartutako % 2ko interesa ere, auzi-jartzaileari zenbateko osoa ordaindu arte, betiere mailegu-polizaren seigarren klausulan ezarritakoaren arabera.

2.- Prozedura honetan sortutako kostuak alderdi demandatuari ezartzen zaizkio.

3.- Jakinaraz bekie ebazpen hau pertsonatu diren alderdiei.

Inpugnatzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua).

Errekurtsoa prestatzeko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan bost egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, hauxe besterik ez da adieraziko: apelatutako ebazpena, errekurritzeko nahia eta zein erabaki inpugnatzen den (PZLb, 457.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua egin beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito) duen Gordailu eta Kontsignazioen Kontuan. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Errekurtsoa prestatzerakoan egiaztatu egin beharko da zainpean utzitako diru-zenbatekoa (BJLOko 15. Xedapen Gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Nire epaia hori denez, erabaki, agindu eta sinatu egiten dut.

Argitalpena.- Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, idazkari naizenez, horren guztiaren fede ematen dut.

Eta Teófilo Gomes Coelho demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut idazki hau Getxon (Bizkaia), 2010eko urtarrilaren 11n.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala