Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2010eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2092

AGINDUA, 2010eko martxoaren 31koa, Kulturako sailburuarena, 2010. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programako plazak deitzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, «Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzkoak», bestalde, gazteen alorreko ekintza zuzenak garatzeko eskumena, besteak beste, esleitu zien Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei bere 7. artikuluan.

Lege-esparru horretatik abiatuta, eta jardun-arlo horretan inplikaturiko erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegiak antolatzeko programa bat kudeatu ohi du Kultura Sailaren bitartez.

Ondorioz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2010. urteko Auzolandegiak programako plazen deialdia. Agindu honetako I. eranskinean ezarritako oinarriek arautuko dute programa.

2. artikulua.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

3. artikulua.- Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 31.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN 2010. URTEKO «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAKO PLAZEN DEIALDIKO OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.- Xedea.

Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2010. urteko «Auzolandegiak» programako plazen deialdia arautzea.

Bigarrena.- Definizioa.

1.- Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.

2.- Auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek ostatua eta mantenu osoa izango dituzte.

3.- Aseguruak.

Deialdi honetan eskaintzen diren auzolandegietan parte hartzen duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako istripu-aseguruko kontratuetan eta erantzukizun zibilekoetan ezarritako baldintzetan egongo dira aseguratuta.

4.- Auzolandegia dagoen tokirainoko bidaia parte-hartzailearen kontura izango da. Halaber, parte-hartzailearen erantzukizuna izango da, herritartasuna nongoa duen, auzolandegia dagoen atzerriko herrialde batean sartzeko beharrezko dituen dokumentuez hornitzea.

Hirugarrena.- Eskaintzen diren plazei buruzko informazioa.

1.- Deialdi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietako plazak eskaintzen dira, bai eta Estatuko beste autonomia erkidegoetakoak eta beste herrialdeetakoak ere.

Eskaintzen diren plazak www.gazteaukera.euskadi.net atarian kontsulta daitezke, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde zerbitzuetan (Kale Nagusia, 85, Bilbao; Andia kalea, 13, Donostia-San Sebastián).

2.- Eskaintzen diren plazen zerrenda aldatuz joango da, eskabideak aurkezteko epea irekitzen denetik aurrera plazok erreserbatzen diren heinean ezabatu egingo direlako arian-arian, eta, bestalde, plaza berriak eskaini litezkeelako.

3.- Auzolandegien programari buruzko informazioa toki hauetan eskura daiteke: www.gazteaukera.euskadi.net atarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informaziorako Zerbitzuetan eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean eta bere Lurralde Zerbitzuetan.

Laugarrena.- Plaza lortzeko betekizunak.

Honako hauek dira deialdi honetako auzolandegietan plaza bat lortzeko betekizunak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea, oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik.

b) Dagokion auzolandegian lan egiteko eskatzen den adina izatea auzolandegia hasteko egunean.

c) Gazte adingabe emantzipatu gabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.

d) Atzerriko auzolandegietan parte hartzeko, ingelesez edo auzolandegi bakoitzean eskatzen den hizkuntzan ondo hitz egiten jakitea.

e) Hala dagokionean, auzolandegian parte hartzeko ezaguera espezifikoak izatea.

f) Plazaren erreserba eskatu eta lortu izana, eranskin honetako 6. oinarrian ezarrita dagoen bezala.

g) Auzolandegien programan inskripzio-kuota ordaindu izana.

h) Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari eranskin honetako 6.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa eranskin honetako 6.4 oinarrian eskatzen den epearen barruan bidali izana.

Bosgarrena.- Eskabideak aurkezteko epea.

1.- Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dute inskripzio-eskaria.

2.- Auzolandegietan izena emateko epea ondoren adierazten diren egunetan itxiko da, edo lehenago, baldin eta plazak betetzen badira, betiere EHAAn argitaratuko den Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren ebazpen bidez.

- Euskadiko auzolandegietan: 2010eko edizioko auzolandegia hasteko eguna baino hamar egun lehenago.

- Estatuko beste autonomia erkidegoetako auzolandegietan: 2010eko maiatzaren 10ean.

- Atzerriko auzolandegietan: 2010eko maiatzaren 7an.

Seigarrena.- Eskabideak tramitatzea.

1.- Plaza eskatzea.

Plazak www.gazteaukera.euskadi.net helbidean dagoen aplikazio informatikoaren bitartez eskatu behar dira.

Zuzenean ere eska daiteke plaza bat, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren bulego hauetara bertaratuz:

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritza

Donostia kalea, 1, O eraikina, 3. solairua

01010 Vitoria-Gasteiz.

Tel.: 945 019 457 - 945 019 536.

Bizkaiko Lurralde Zerbitzua

Kale Nagusia, 85

48011 Bilbao.

Tel.: 94 403 16 53

Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua

Andia kalea, 13

20004 Donostia-San Sebastián

Tel.: 943 022 964

Plaza jakin baten eskabidea egiteak zera dakar, zerrendatik plaza hori ezabatzea, inskripzio-kuota ordaintzeko emandako epean.

2.- Inskripzio-kuota ordaintzea.

Plazaren eskabidea egin duen pertsonak, eskaria egin duen egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta egun natural bateko epean, dagokion inskripzio-kuota, hots 72 euro, ordaindu beharko du. Behin kuota ordainduz gero, plaza erreserbatuta gelditzen da eskatzailearen izenean.

3.- Eskatutako dokumentazioa.

Dokumentazio hau bidaliko da Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzara.

a) Eskaera-orria beteta eta sinatuta.

b) NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia.

c) Erroldatze-egiaztagiria, deialdi hau argitaratu ondoren egindakoa.

d) Inskripzio-kuota ordaindu izana egiaztatzen duen agiria.

e) Gazte adingabe emantzipatugabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.

f) Adingabe emantzipatuen kasuan, emantzipazioa egiaztatzen duen Erregistro Zibilaren agiria.

4.- Dokumentazioa bidaltzeko epea.

1.- Plaza Internet bidez eskatu duen pertsonak, inskripzio-kuota ordaindu eta gero, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari eskatutako dokumentazioa behar bezala beteta eta sinatuta igorriko dio, inskripzio-kuota ordaindu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, bost egun naturaleko epean.

2.- Inskripzio-kuota ordaindu duten pertsonei auzolandegiko inskripzio-agiria bidaliko die Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak. Agiri hori, behar bezala beteta eta sinatuta, Zuzendaritzari itzuliko diote bost egun naturaleko epean inskripzio-agiria jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Eskabide-inprimakiak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak adierazitako tokietan aurkeztu ahalko dira.

5.- Inskripzioak bertan behera gelditzea.

Inskripzioak bertan behera utziko dira baldin kuota ordaintzeko epea igaro eta ordainketarik egin ez bada, inskripzio-agiria aurkezteko epea igaro bada, edota pertsona interesdunak berariaz eta idatziz hala eskatzen badu. Interesdunak idatziz eskatu nahi badu, idazkian honako datu hauek adierazi beharko ditu: bere izena eta bi abizenak; bere NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia; zein auzolandegitan utzi nahi duen bertan behera bere izen-ematea eta auzolandegi horren datak; interesdunak sinatu egin beharko du idatzizko eskabidea.

Izen-ematea bertan behera uzteko eskatzeko idazkia Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariari zuzendu behar zaio, eta Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan aurkeztuko da (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia, 85, Bilbao; Andia kalea, 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

6.- Plazak behin betiko esleitzea.

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak eranskin honetako 6.3 oinarrian adierazitako inskripzio-agiria eta dokumentazioa jaso eta gero, eskatutako plaza esleituko da. Pertsona interesdunari berariaz jakinarazteaz gainera, plazen esleipena jendaurrean jarriko da Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bidez, inskripzio-agiria aurkeztu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita sei hilabeteko epean.

Atzerriko auzolandegietan, plaza esleitu aurretik tokian tokiko auzolandegiaren arduradunen oniritzia beharko da.

Zazpigarrena.- Akatsak zuzentzea.

Erreserba-eskabidean edo inskripzio-inprimakian edo erantsitako dokumentazioan ez badira eskatutako baldintzak bete, osagabe badaude, zerbait falta bada edo errakuntzak badituzte, interesatuari eskatuko zaio, hamar egun balioduneko epean, akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

Zortzigarrena.- Deialdiaren tramitazioan argitara eman beharrekoak non jarriko diren.

Deialdi honen tramitazioan argitara eman beharrekoak honako toki hauetan jarriko dira jendaurrean: www.gazteaukera.euskadi.net atarian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako iragarki tauletan (Donostia kalea, 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde zerbitzuetan (Kale Nagusia, 85, Bilbao, eta Andia kalea, 13, Donostia-San Sebastián).

Bederatzigarrena.- Plazari uko egitea eta inskripzio-kuota itzultzea.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko eta atzerriko auzolandegietan izena emateko ordaindu beharreko prezio publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera itzuli ahalko da, hau da, prezioa ordaintzera behartutakoari egoztekoak ez diren arrazoiengatik jarduera egiterik ez dagoenean, edo zerbitzua ematen ez denean.

2.- Parte ez hartzeko arrazoia Administrazioari egotzi ezin zaionean, honakoak egiaztatu beharko dira:

2.1.- Auzolandegian parte hartzea galarazten duen zergatia honako egoera hauetakoren bat dela:

a) Gazteari auzolandegian parte hartzea galarazten dion gaixotasuna edo istripua.

b) Bigarren mailara arteko odolkide edo ezkontza-ahaide baten gaixotasuna edo heriotza.

c) Ezinbestez, arrazoiak behar bezala justifikatuta.

Beste zergati hauek ez dira aintzat hartuko: seigarren oinarriaren 3. puntuan eskatutako dokumentazioa ez igortzea edo epez kanpo igortzea, lana aurkitu izana, ikasketetan emaitza txarrak lortu izana, auzolandegiaren data berberetan egitekoa den beste jarduera-programaren batean plaza lortu izana...; izan ere, egoera horiek prezioa ordaintzera behartuta dagoen pertsonari egoztekoak ez diren arrazoien multzotik kanpo daudela jotzen da.

2.2.- Plazari uko egiteko orria (agindu honen II. eranskinean jasoa), Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariari zuzendua, auzolandegia hasi baino lehenago aurkeztu dela, ondo beteta eta sinatuta, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia, 85, Bilbao; Andia kalea, 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Plazari uko egiteko orriarekin batera plazari uko egiten dion pertsonaren NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia ere aurkeztu beharko da.

Plazari uko egiteko orria www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atariko Auzolandegiak atalean egongo da.

2.3.- Gainera, kuota itzultzeko eskatu nahi duenak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2010eko urriaren 31 baino lehenago:

a) Kuotaren itzulketa eskatzeko orria (agindu honen III. eranskinean), ondo beteta eta sinatuta.

b) Auzolandegian parte hartzea galarazten duen gorabeheraren justifikazio frogagarria aurkeztea, hala badagokio, kasuan kasuko erakunde publikoak emana.

c) Hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria (agindu honen IV. eranskinean jasoa), behar bezala beteta eta sinatuta, eta dagokion banketxe edo kutxaren zigilua duela. Hirugarren interesatuta auzolandegirako izena emandako pertsona da.

d) Auzolandegiak programan izena eman eta ordaindutako kuota itzultzeko eskatzen duen pertsonaren NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia.

Bai kuota itzultzeko eskatzeko orria bai hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atariko Auzolandegiak atalean eskura egongo dira.

3.- Behin gaztea auzolandegian hasita, ezinbestez jarraitzerik ez duenean kuota itzuli ahalko zaio, betiere ondo justifikatutako kasuetan. Halakoetan, gazteak auzolandegian parte hartzen ez duen egunen kopuruari dagokion proportzioan itzuli ahalko zaio dirua, baina egun-kopuru horrek auzolandegiaren txandak orotara irauten duenaren % 50 izan beharko du gutxienez.

4.- Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Zerbitzu zuzendariak ebazpena emango du kuota itzultzeko eskaera aurkezten den egunetik hasi eta bi hilabeteko (2) epean. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ez badu, kuota itzultzeko eskaera ezetsitzat jo ahal izango da; nolanahi ere, bi hilabeteko epea amaitu eta gero ere eman ahalko du berariazko ebazpena.

5.- Estatuko beste autonomia erkidegoetako auzolandegietako inskripzio-kuotaren itzulketa erkidegoan erkidegoko araudietan xedatutakoaren arabera egingo da.

Hamargarrena.- Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak, ikuspuntu teknikoaren aldetik edo egokitasunaren aldetik beharrezkoa dela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat, aldez aurretik Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak horren aldeko ebazpena eman ondoren.

Hori gertatzen denean, bertan behera utzitako auzolandegian inskribaturiko pertsonak beste auzolandegi batera bideratu ahalko dira, baldin horretarako aukera badago eta beti ere haien borondatez. Bestela, inskripzio-kuota itzultzeko eskubidea izango dute. Halere, ordaindutako kuota berreskuratzea dagokien pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2009ko urriaren 31 baino lehenago, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia, 85, Bilbao; Andia kalea, 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

a) Kuotaren itzulketa eskatzeko orria (agindu honen III. eranskinean), ondo beteta eta sinatuta.

b) Hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria (agindu honen IV. eranskinean jasoa), behar bezala beteta eta sinatuta, eta dagokion banketxe edo kutxaren zigilua duela. Hirugarren interesatua auzolandegirako izena emandako pertsona da.

c) Auzolandegiak programan izena eman eta ordaindutako kuota itzultzeko eskatzen duen pertsonaren NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia. Bai kuota itzultzeko eskatzeko orria bai hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atariko Auzolandegiak atalean eskura egongo dira.

Hamaikagarrena.- Datu-pertsonalen erabilera.

1.- Auzolandegietan izena emateko beharrezkoa izango da, aurretik, berariazko baimen idatzia aurkeztea, non pertsona interesdunak onespena ematen duen bere datu pertsonalak erabiliak izateko eta eskatutako auzolandegiak kudeatuko dituzten autonomia erkidegoetako administrazioei eta atzerriko elkarteei jakinarazteko, betiere Auzolandegiak programaren kudeaketarako ezinbestekoa baldin bada.

Horrenbestez, Auzolandegiak programan plaza eskatzen duten gazteen datu pertsonalak Auzolandegiak/Campos de trabajo izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna, eta Auzolandegiak programaren kudeaketarako baino ez du erabiliko.

2.- Gainera, Auzolandegiak programaren deialdian parte hartu eta baimena ematen duten pertsonen datuak Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren ardurapekoa den harremanetarako fitxategian sartuko dira. Fitxategiaren helburua Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren kudeaketarekin loturiko informazioa zabaltzea da.

3.- Aipatutako bi fitxategiak Kultura Saileko eta HABEko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen 2006ko uztailaren 27ko Aginduari jarraiki sortu dira (2006ko irailaren 11ko EHAA, 173. zenbakia), eta Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikopean eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen mendean geratuko dira (Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko Legea).

4.- Interesatuak bere datuak ikusi, zuzendu edo ezabatu ahal izango ditu, baita fitxategian ez sartzeko eskatu ere; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara idatzi beharko du (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz. Araba).

IV. ERANSKINA / ANEXO VI

HIRUGARRENAREN DATUEN ALTA/ALTA DE DATOS TERCERO INTERESADO (*)

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK/DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO

IFZ edo NAN / NIF o DNI (1)

Entitatearen izendapena edo izen-deiturak / Denominación de la entidad o nombre y apellidos:

HELBIDERATZE-DATUAK/DATOS DE DOMICILIACIÓN

Helbidea

Domicilio

Posta-Kodea Udala

Código postal: Localidad:

Lurraldea

Provincia

BANKUAREN DATUAK/DATOS BANCARIOS (3)

Banketxea edo Aurrezki Entitatea

Banco o Entidad Bancaria n n n n

Agentzia

Agencia n n n n

K.D.

D.C. n n

Kontu zk.

N.º cuenta n n n n n n n n n n n

Jabea

Titular

Bankuaren adostasuna

Conforme banco

Sinadura eta Zigilua

Sello y firma Hirugarrenaren adostasuna

Conforme tercero

Sinadura eta Zigilua

Sello y firma Sailaren onespena

V.º B.º Departamento (2)

Baimenduriko sinadura

Firma autorizada Kontabilitatearen onespena (2)

V.º B.º Contabilidad

Baimenduriko sinadura

Firma autorizada

(*) Eusko Jaurlaritzatik diru-laguntzarik inoiz jaso ez dutenek bete beharreko inprimakia / Impreso a rellenar por aquellos peticionarios que no hayan recibido nunca subvención alguna del Gobierno Vasco.

Argibideak/Observaciones:

(1) Erantsi fitxa honi Identifikazio Fiskalerako Txartelaren fotokopia edo Nortasun Agiri Nazionalarena./Debe adjuntarse fotocopia de la Tarjeta de Identificación Fiscal o, en su caso, del Documento Nacional de Identidad.

(2) Administrazioak bete beharrekoa/A rellenar por la Administración.

(3) Bankuak edo Aurrezki Entitateak bete beharrekoa/A cumplimentar por el Banco o Entidad de Ahorro.


Azterketa dokumentala