Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2010eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
2091

AGINDUA, 2010eko martxoaren 10ekoa, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Honen bidez, Sociedad Cooperativa de Enseñanza de Baracaldo Coenba, S. Coop. kooperatiba-sozietateari herri onurako izaera ematen zaio.

AURREKARIAK

1.- 2009ko azaroaren 17an, Julio Manjares Puertas Jaunak Sociedad Cooperativa de Enseñanza de Baracaldo Coenba, S. Coop. elkartearen izen eta ordezkaritzan, aipatutako entitateari herri onurako izaera ematea eskatu zuen. Eskaerarekin bat, herri onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzen duen otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuaren 7. artikuluan zehazten diren betekizunak betetzeko galdatutako dokumentazioa ere aurkeztu zuen.

2.- 2009ko azaroaren 26ko idatzi baten bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari txosten bat eskatu zitzaion, kooperatibari herri onura izaera ematea egokitzat jotzen zuenentz irizpena eman zezan, 64/1999 Dekretuaren 9. artikuluak xedatutakoa betez. Eskaera horri erantzunez, 2009ko abenduaren 18an, Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren Aholkularitza Juridikoaren arduradunak izenpetutako idatzia jaso zen, eskaerari baiezko irizpena emanez.

3.- 2010eko urtarrilaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez, espedientea jendaurrean jarri zen, horrela, interesatuta zegoen edonork espedientea aztertu zezan eta alegazioak jar zitzan, hogei eguneko epean. Epe horren barruan, ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Aurreko egitatei ezargarri zaizkie ondorengo

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.- Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeak, bere 137.2 artikuluan dioenez, Euskadiren onuraren sustapenari laguntzen dioten kooperatibak herri onurakotzat joko ditu Eusko Jaurlaritzak, erregelamendu bidez ezarritako prozedura, araubide eta betekizunen arabera.

2.- Artikulu hori garatuz, 64/1999 Dekretua, otsailaren 2koa, onartu zen, herri onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen araudia onartzeko dena.

3.- Herri onurako izaera emateko 64/1999 Dekretuaren 7. eta hurrengo artikuluetan ezarritako izapideak bete dira.

4.- Herri onurako izaera emateko 64/1999 Dekretuaren 5. artikuluan ezartzen diren betekizunak zuzen bete direla baieztatu da.

5.- 64/1999 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua da kooperatiba-sozietate bati herri onurako izaera emateko eskuduna.

Hori guztia dela eta, aipatutako arauak eta ezargarri diren gainontzeko arau orokorrak ikusirik

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Sociedad Cooperativa de Enseñanza de Baracaldo Coenba, S. Coop. elkarteari herri onurako izaera ematea.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete agindua eman duen organoari. Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako epea bi hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen du).

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 10a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala