Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2010eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2090

EBAZPENA, 2010eko martxoaren 26koa, Langileriaren Kudeaketako zuzendariarena, 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpena aldatzen duena (Ebazpen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri ikastetxeetan ordezkogaien zerrenda kudeatzeko jarraibideak onartu ziren).

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileria Kudeatzeko zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpena EHAAren 110. zenbakian argitaratu zen 2004ko ekainaren 11n. Ebazpen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan ordezkogaien zerrenda kudeatzeko jarraibideak onartu ziren.

Ebazpen horren kontra administrazioarekiko 1245/04 auzi-errekurtsoa jarri zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2006ko maiatzaren 18ko 402/2006 epaiak horren bigarren xedapen gehigarriaren 4. artikuluaren 3. zenbakiaren a) eta b) letrak, eta 2. eranskinaren a) eta b) atalak deuseztatu zituen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan eskolak emateko goi-mailako titulaziorik gabeko izangaiak bitartekoen zerrendan sartu ahal izateari buruzkoak dira atal horiek.

Epai horren bigarren oinarri juridikoak azaltzen duenez, «ezerk ez du baimenik ematen ondorioztatzeko LOGSEren laugarren xedapen iragankorrak DBHko lehen zikloko lanpostuak betetzen dituzten bitarteko funtzionarioei baimena ematen dienik LOGSE 24-1 artikuluak eskatutako titulazioari buruzko baldintza orokorra betetzea barkatzeko. Otsailaren 19ko 2/1993 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz Kanpoko Irakaskuntzako Irakasle Kidegoei buruzkoaren 21. artikuluak in fine derrigortzen du baldintza hori betetzera, eta hortaz, egokia da jarritako errekurtsoa baiestea eta helegindako ebazpena zuzenbidearen aurkako gisa adieraztea, alde demandatzaileak dioen bezala horren bigarren xedapen gehigarriaren 4. artikuluaren 3. zenbakiaren a) eta b) letrek, eta 2. eranskinaren a) eta b) atalek horixe aurreikusten dute eta».

Epai horren kontra Eusko Jaurlaritzak 4483/2006 kasazio-errekurtsoa jarri ondoren, Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegiak kasazio-errekurtso hori ez dela bidezkoa adierazi du 2010eko urtarrilaren 18ko epaiaren bidez.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 12ko Aginduaren bidez, 1245/04 errekurtsoari dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2006ko maiatzaren 18ko epaia betetzea ebatzi da.

Hori betetzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileria Kudeatzeko zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko ebazpenaren, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan ordezkogaien zerrenda kudeatzeko jarraibideak onartu zituenaren bigarren xedapen gehigarria, 4. artikuluaren 3. zenbakiaren a) eta b) letrak, eta 2. eranskinaren a) eta b) atalak era berrian idatzi behar dira.

Idazketa berri horretan maila berean elkartzen dira Bigarren Hezkuntzako ziklo eta ikasturte guztietako espezialitateak, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako espezialitateak Bigarren Hezkuntzako espezialitateetatik aske dagoen maila batean sartzen dira, irakasleen ordezkogaien zerrenda kudeatzeko. Horrela, Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko espezialitateak ebazpenaren II. eranskinaren A) ataletik ezabatzen dira, eta atal horretan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako espezialitateak baino ez dira geratuko. Bestetik, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Hizkuntzen irakaskuntzen mailari buruzko B) eta C) ataletan dauden espezialitateak bere horretan geratzen dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen ziklokoak bertan baitaude.

Aurreko paragrafoan esandakoaren arabera, espezialitateen taldekatze berriaren ondorioz, Bigarren Hezkuntzako zerrendek maila horretako ikasturte eta ziklo guztietako ordezkapenei erantzun beharko diete. Beraz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko espezialitateei buruzko zerrendak eraginik gabe geratuko dira, baina zerrenda horietan dauden pertsonak, kasuan kasu Langileria Kudeatzeko zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren III. eranskinean aurreikusitakoari jarraituz dagokion irakaskuntzako eraginetarako Doktore, Lizentziatu, Ingeniari, Arkitekto edo antzeko titulua dutenak, Bigarren Hezkuntzako espezialitateko zerrendan sartuko dira, horretan sartuta ez badaude.

Beraz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. kurtsoetako Gaztelania eta Literaturako, Euskara eta Literaturako, Matematikako, Geografia eta Historiako, Teknologiako, Frantseseko, Ingeleseko, Musikako eta Gorputz Hezkuntzako espezialitateetako plazen ordezkapenak Bigarren Hezkuntzako espezialitateen zerrendetako izangaiei eskainiko zaizkie.

Natur Zientziei dagokienez, esan behar da gai horretako ordezkapenak Bigarren Hezkuntzako mailaren Fisika eta Kimika eta Biologia eta Geologia espezialitateen zerrendetako izangaiei eskainiko zaizkiela, zerrendan duten posizioak ezarritako ordenan, bi espezialitate horietako pertsonek gai hori emateko konpetentzia dutelako, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren (horren bidez derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko, lanbide-heziketako eta araubide bereziko irakaskuntzetako irakaskuntzarako prestakuntzen baldintzak zehazten dira eta bigarren hezkuntzako irakaskuntza-kidegoetako espezialitateak ezartzen dira) III. eranskina betez.

Dekretu beraren III. eranskinari jarraituz, Plastika eta Ikus-hezkuntzako ordezkapenen esleipena aldatu egiten da, eta aurrerantzean Marrazketako espezialitatea hautatu duten pertsonei eskainiko zaie.

Azaldutakoak aldaketa garrantzitsua dakar zerrendak mailaka sailkatu eta elkartuta egiteari dagokionez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak desagertu egiten baitira, eta baita zerrenda horiek osatu behar dituztenei dagokienez ere. Ikasturte hau antolatzeko eta ondo joateko irizpideak kontuan hartuta, eta zerrendak osatzen dituzten pertsonek dagozkien aukerak burutu ahal izan ditzaten, 2010-2011 ikasturtea birbarematzeko hurrengo prozesuan adierazitako aldaketak egin behar dira, eta ordezkogaien zerrenda berria osatuko da, ebazpen honetan sartutako sistemari jarraituz.

Horregatik guztiagatik, hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan irakasleen ordezkapenak egiteko izangaien zerrenda kudeatzeko argibideak onartzen dituena aldatzen da, honela:

1.- Era berrian idazten dira 4. artikuluaren 3. zenbakiaren a) eta b) letrak, eta jarraian esaten den eran geratzen dira:

«3. Espezialitateak.

Zerrenda kudeatzeko, espezialitateak lau maila hauetan elkartzen dira:

a) Maila: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza.

b) Maila: Bigarren Hezkuntza, Hizkuntzen Irakaskuntzak eta Artistikoak:

- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

- Batxilergoa.

- Lanbide Heziketa.

- Hizkuntzen irakaskuntza.

- Arte Plastikoen eta Diseinuaren irakaskuntza.»

2.- Era berrian idazten da bigarren xedapen gehigarria, eta jarraian esaten den eran geratzen da:

«DBHko 1. eta 2. kurtsoetako espezialitateetako plazen ordezkapenak.

2010-2011 ikasturtetik aurrera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. kurtsoetako Gaztelania eta Literaturako, Euskara eta Literaturako, Matematikako, Geografia eta Historiako, Teknologiako, Frantseseko, Ingeleseko, Musikako eta Gorputz Hezkuntzako espezialitateetako plazen ordezkapenak Bigarren Hezkuntzako mailaren aipatutako espezialitateen zerrendetako pertsonei eskainiko zaizkie. Natur Zientziak gaiaren ordezkapenak Bigarren Hezkuntzako mailaren Fisika eta Kimika eta/edo Biologia eta Geologia espezialitateen zerrendetako izangaiei berdin eskainiko zaizkie, zerrendan duten posizioak ezarritako ordenaren arabera.

Horrela, Bigarren Hezkuntzako mailako zerrendek maila horren ikasturte eta ziklo guztien ordezkapenak hartuko dituzte barne, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko zerrendak eraginik gabe geratuko dira.»

3.- Era berrian idazten da hirugarren xedapen gehigarria, eta jarraian esaten den eran geratzen da:

«DBHko Plastika eta Ikus-hezkuntzako plazetako ordezkapenak.

Plastika eta Ikus-hezkuntzako plazen ordezkapenak egiteko premiak estaltzeko, plaza horiek Marrazketako espezialitatea aukeratu duten izangaiei eskainiko zaizkie.»

4.- Era berrian idazten da II. eranskinaren A) atala, eta jarraian esaten den eran geratzen da:

«A) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Maila.

Gaiaren kodea Izena

950 Haur Hezkuntza

951 Lehen Hezkuntza

952 Euskara

954 Ingelesa

955 Frantsesa

956 Gorputz-hezkuntza

953 Kontsultorea

958 Hezkuntza Berezia: Pedagogia Terapeutikoa

959 Hezkuntza Berezia: Entzumena eta Hizkuntza

957 Musika»

XEDAPEN GEHIGARRIA.- Zerrenden egokitzapena.

1.- 2010-2011 ikasturterako ordezkogaien zerrendak birmarematzeko urteko prozeduran, DBHko 1. eta 2. kurtsoetako Gaztelania eta Literaturako, Euskara eta Literaturako, Matematikako, Geografia eta Historiako, Teknologiako, Frantseseko, Ingeleseko, Musikako eta Gorputz Hezkuntzako espezialitateetako zerrendak osatzen duten pertsonak, kasuan kasu Langileria Kudeatzeko zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren III. eranskinean aurreikusitakoari jarraituz dagokion irakaskuntzako eraginetarako Doktore, Lizentziatu, Ingeniari, Arkitekto edo antzeko titulua dutenak, Bigarren Hezkuntzako espezialitateko zerrendan sartuko dira, horretan sartuta ez badaude.

Era berean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko Natur Zientzietako zerrenda osatzen duten pertsonak dagokion Bigarren Hezkuntzako Fisika eta Kimikako eta/edo Biologia eta Geologiako espezialitateetako zerrendan edo zerrendetan sartuko dira, sartuta ez badaude, betiere irakaskuntzako eraginetarako aipatutako Langileria Kudeatzeko zuzendariaren 2004ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren III. eranskinean kasuan kasu eskatutako Doktore, Lizentziatu, Ingeniari, Arkitekto edo antzeko titulua badute.

2.- 2009-2010 ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko zerrendetan zeuden pertsonak baldin eta aurreko paragrafoetan aurreikusitako prozesuaren amaieran ezein espezialitateko ordezkapen zerrendetan ez badaude, 2010-2011 ikasturterako birbaremazioan eskatu ahal izango dute zerrendetan sartzea kasuan kasuko espezialitatean eskatutako baldintzak betez gero.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen hau 2010-2011 ikasturtea birmarematzeko prozeduraren ondoriozko irakaskuntzako ordezkogaien zerrendei aplikatuko zaie.

Bigarrena.- Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak -Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak- aurreikusitako kasuetan eta moduetan aurkaratu ahal izango da ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 26a.

Langileriaren Kudeaketako zuzendaria,

JUAN MANUEL ARAMENDI ARTEAGA.


Azterketa dokumentala