Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2010eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizia Administrazioa

Irungo Lehen Auzialdiko 5 Zenbakiko Epaitegia
1742

EDIKTUA, 221/09 hitzezko judizioaren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Irungo Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian (Gipuzkoa), 221/09 hitzezko judizioa bideratu da, zenbateko bat erreklamatzeko, Pottoki haurtzaindegiak eskatuta, Liliana Garcia Jimenezen aurka. Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza, kopiatuta:

Irungo Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegia.

Prozedura: 221/2009 hitzezko judizioa.

11/2010 EPAIA

Irun, 2010eko urtarrilaren 25a.

Nik, José Ignacio Hierro Lagek, Irungo eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiko epaile naizen aldetik, ikusi ditut 221/2009 judizio arrunteko autoak, Pottoki haurtzaindegiak sustatu dituenak auzi-ihesean den Liliana García Jiménezen aurka (gaia: zenbateko bat erreklamatzea). Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.- Pottoki haurtzaindegiak, 2009ko apirilaren 22an, ahozko judiziorako demanda aurkeztu zuen Liliana García Jiménezen aurka, eta bertan zera eskatzen zuen: aplikatu beharreko zuzenbideko oinarriak eta egintzak alegatuta, epaia eman zedila, hain zuzen ere, demandatua kondenatzeko laurehun eta zazpi euro eta berrogei zentimo (407,40), legezko interesak eta prozedurako kostuak ordaintzera.

Bigarrena.- Demanda izapideak egiteko onartu zen 2009ko ekainaren 11ko auto baten bidez, eta prozedura honen bista 2009ko irailaren 8an egitea erabaki zen. 2009ko urriaren 23ko auto baten bidez, demandatuari ediktu bidez egindako jakinarazpenaren baliogabetasuna deklaratu zen -hain zuzen ere, 2009ko uztailaren 14ko probidentziaren bidez erabakitakoa-, eta gerora burututako egintza guztien baliogabetasuna ere bai, Prozedura Zibileko Legearen 156.1 artikuluan ezarritakoa hausten baitzuten.

Hirugarrena.- 2009ko abenduaren 15ean egin zen bista: auzi-jartzailea agertu zen, baina alderdi demandatua, legez ezarritako moduan deitua izan bazen ere, ez zen agertu, eta auzi-iheslari deklaratu zen. Auzi-jartzaileak proposatutako frogak burutu ziren bistan, demandarekin batera aurkeztutako agiriak autoei batu zitzaizkien, epaileak onartu egin zuen, eta autoak epaia emateko prest gelditu ziren.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Auzi-jartzaileak zenbateko bat erreklamatu dio alderdi demandatuari, hain zuzen ere, 2008ko abuztuan eta 2008ko iraileko lehendabiziko 10 egunetan emandako haurtzaindegi-zerbitzuengatik ordaindu behar duena. Guztira, laurehun eta zazpi euro eta berrogei zentimo (407,40) erreklamatzen dira demandan.

Bigarrena.- Alderdi demandatua auzi-iheslari deklaratzeak Prozedura Zibileko Legearen 496. artikuluan ezarritako honetan du oinarria: «Zitazioan edo epatzean jarritako epean edo egunean legez esandako moduan agertzen ez dena auzi-iheslari izango da». Kasu honi dagokionez, alderdi demandatua ez zen agertu bistara horretarako ezarri zen egunean, legearen arabera deitua izan zen arren, eta beraz, auzi-iheslari deklaratu zen.

Hirugarrena.- Prozedura Zibileko Legearen 217.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, «auzi-jartzaileari eta demandatu errekonbentzio-egileari dagokie egitateen egiazkotasuna frogatzeko zama, egitate horietatik aterako baita, beraiei aplikagarriak zaizkien arau juridikoen arabera, demandaren eta errekonbentzioaren uziei dagokien eraginkortasun juridikoa». Artikulu beraren hirugarren paragrafoaren arabera, berriz, «demandatuari eta auzi-jartzaile errekonbenituari dagokie egitateen egiazkotasuna frogatzeko zama, aplikagarri zaizkion arauen arabera, aurreko idatz-zatian aipatzen diren egitateen eraginkortasun juridikoa eragotzi, deuseztatu edo indarra kentzen duten egitateak». Arau hori aztergai dugun kasuari aplikatuz gero, alderdi demandatzaileari dagokio alderdiek hitzartutako zerbitzuen errentamendu-kontratua frogatzea, baita zerbitzu horiek eman zirela frogatzea ere -zenbateko eta guzti-. Aitzitik, alderdi demandatuari dagokio frogatzea, erreklamatutako zenbatekoak ordaintzeko betebeharra deuseztatzen duen egintza. Halaber, kontuan izan behar da, Prozedura Zibileko Legearen 496.2 artikuluaren arabera, «auzi-iheslari deklaratzeak ez du esan nahi demandan amore eman denik edo demandako egintzak onartu direnik, legeak berariaz kontrakoa adierazten ez badu, behintzat».

Kasu honetan, auzi-jartzaileak laurehun eta zazpi euro eta berrogei zentimo (407,40) erreklamatzen ditu, demandan adierazitako bi fakturak ez baitira ordaindu. Faktura horiek haurtzaindegi-zerbitzuen errentamendu bati dagozkio. Epaitegi honen ustez, faktura -hartzekodunak bere aldetik sortutako agiria denez- ez da, bere kabuz, nahikoa, entitate auzi-jartzaileak zerbitzuak eman zituela frogatu ahal izateko; beste froga batzuekin batera kontuan izan beharreko elementu frogagarri bat da, hain zuzen ere, demandatzailearen uzia osatzen duten egintzak egiaztatzeko. Aztergai dugun kasuan, prozedura honetan ez da egiaztatu auzi-jartzaileak fakturan ageri diren zerbitzuak eman zituenik; izan ere, zerbitzu horiek egiaztatuko dituen beste frogarik ez da aurkeztu: ez zaio, adibidez, alderdi demandatuari galdeketarik egin, eta ez dago auzi-jartzailearen enplegaturen baten testigantzarik, zerbitzu horiek eman zirela egiaztatzeko. Eta Epaitegi honen ustez, aipatutako horien moduko frogak proposatu ahal izan zituen auzi-jartzaileak ahozko bistarako, Prozedura Zibilaren Legeko 217.7 artikuluan ezarritakoa betez: artikulu honen aurreko paragrafoetan adierazitakoa aplikatzeko, epaitegiak kontuan izan behar baititu auziko alderdi bakoitzari dagokion frogatzeko erraztasun- eta baliagarritasuna. Eta beraz, ezetsi egin behar da erreklamazio hori, aurkeztutako frogek ez baitute behar adina frogatzen, Leongo Probintzia Auzitegiak 2009ko martxoaren 31n emandako epaian zehaztutako irizpideen arabera. Epai horrek dioenaren arabera, aitortutako dokumentu pribatuek duten erabateko froga-eraginkortasuna, dokumentu publikoekin gertatzen den bezala, Prozedura Zibileko Legearen 319. artikuluan aurreikusitakora mugatzen da: bete-betean frogatuko dituzte dokumentatzen den egitatea, ekintza edo egoera, agiri horiek sortu zireneko eguna, eta horietan parte hartzen duten fede-emaileak eta gainerako pertsonak. Alegia, dokumentu publikoak, baita dokumentu pribatu aitortuak edo inpugnatu gabeak ere, modu eraginkorrean egiaztatzen du dokumentatzen duena, baina ez bertan jasotzen den errealitatea edo jatorria. Beste modu batean esanda, zera egiaztatzen du: bertan jaso dena dokumentuan ageri den bezala esan edo deklaratu dutela dokumentua sinatzen dutenek. Fakturek -aitortuak izan arren- ez daukate euren kabuz eraginkortasun loteslerik, ez baita ageri onartuak izan direnik. Beraz, deklaratutako horrek demanda ezestera garamatza, bertako uziak ez baitira behar adina frogatu.

Laugarrena.- Prozedura Zibilari buruzko Legearen 394. artikuluaren arabera, «deklarazio-prozesuetan lehen auzialdiko kostuak uzi guztiak ukatu zaizkion alderdiari ezarriko zaizkio», salbu eta kasuak egintza edo zuzenbidearen inguruko zalantzak dituela ikusten eta arrazoitzen badu epaitegiak. Beraz, auzi-jartzaileari ezarri behar zaizkio prozedura honetako kostuak.

Aipatu artikuluak eta aplikatu behar diren gainontzekoak ikusi dira.

EPAITZA

Osorik ezetsi da Pottoki haurtzaindegiak aurkeztu duen demanda, auzi-ihesean den Liliana García JIménezen aurkakoa. Horregatik, Liliana García Jiménez demanda horretatik absolbitzen dut, eta auzi-jartzaileari ezartzen dizkiot kostuak.

Epai hau ez da irmoa eta bere aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke, epaitegi honetan aurkeztutako idazki batez, bost eguneko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, betiere Prozedura Zibilaren Legeko 457. artikuluarekin bat etorriaz. Gipuzkoako Probintzia Auzitegia arduratuko da aipatu errekurtsoaz.

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua egin beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito) duen Gordailu kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: 4231.0000.04.0031.09. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Errekurtsoa prestatzean egiaztatu beharko da kontsignazioa (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurritzeko gordailua egitetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Hala erabaki, agindu eta sinatu dut.

Argitarapena.- Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile berberak agindu, irakurri eta argitaratu zuen. Fede ematen dut.

Eta Liliana García Jimenez demandatuari behar bezala jakinarazteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut ediktu hau, Irunen (Gipuzkoa), bi mila eta hamarreko urtarrilaren hogeita bostean.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala