Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2010eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1735

AGINDUA, 2010eko otsailaren 24koa, Kulturako sailburuarena, Subijana-Morillaseko Armarridun Jauretxea (Erriberagoitia, Araba), kultura ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2009ko uztailaren 9an, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, Erriberagoitian (Araba) den Subijana-Morillaseko Armarridun Jauretxea, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera emateko, haren balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik. Ebazpena hau 2009ko abuztuaren 11n argitaratu zen EHAAn (152. zk).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, bi alegazio-idazki aurkeztu du Herrilan eta Garraio Saileko zuzendariak, Arabako Foru Aldundiaren izenean. Eta biak onartu dira izapidetzeko, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean eta prozedurari buruz indarrean dagoen legedian oinarrituta, nahiz eta bigarren idazkia epez kanpo aurkeztu den, alegia, jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzutera emateko izapideak egiteko epea bukatuta zegoenean.

Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio Sailak aurkeztutako alegazioak oinarritzen dira Zerrenda Nagusian sartzekoa den espedienteak kultura-ondasunerako proposatzen duen mugaketak sortzen duen inpaktuan, zeren eta mugaketak urratzen baitu A-3314 errepidea hobetzeko eta handitzeko proiektua. Izan ere, proiektu horrek errepidearen plataforma jauretxearen pareko tartean handitzea aurreikusten du, eta horretarako oraingo harresia -ondasunaren elementuetako bat baita, babestutako inguruan sartua- atzeraematea proposatzen du, bai eta 3,5 metro mugitzea ere lorategi barrurantz ere, zeina armarridun jauretxeari atxikitako beste elementu bat baita.

Proiektu horretan oinarrituta, kultura-ondasunaren babes-eremuaren mugaketa aldatzeko eskatzen du Foru Aldundiak, halako moduan non A-3314 errepidea hobetzeko proiektua oso-osorik egin ahal izango den, bide-segurtasunaren mesedetan eta ustez proposaturiko jarduketak denik eta eragin txikiena ekarriko duelakoan. Izan ere, batetik, errepidea ezin da Baias ibai aldera zabaldu, eta, gainera, harresia berreraiki egingo litzateke eta lorategiak ez luke funtzionaltasuna galduko.

Arabako Foru Aldundiak A-3314 errepidea hobetzeko proiektuaren bitartez aldezten duen konponbide-proposamenaren alde aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, ikusirik horrek eragina duela Subijana-Morillaseko Armarridun Jauretxearen zenbait elementutan, bidezkoa da alegaziook ezestea, zeren eta konponbide horrek ezinbestez hondatuko bailituzke Subijana-Morillaseko Armarridun Jauretxea Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea hasaraziz babestu nahi den kultura-balioa. Multzo osoa batera sortu, diseinatu eta gauzatu zen, eraikuntza-sistema eta estilo arkitektoniko bera erabiliz. Hortaz, aldarrikatzen den multzoko elementuen batasuna ezin ukatuzkoa da. Harresiari eta lorategiari egingo litzaiekeen kaltea konponezina izango litzateke ondasunarentzat, multzoak bere elementuekin osatzen duen batasun kulturala, funtzionala, historikoa eta artistikoa apurtuko lukeelako. Elementu horiek (bizitokirako eraikin nagusia, ekoizpenera eta biltegiratzera bideratutako elementu osagarriak, aurrekoek elkarreragiteko duten gune libreak, eta espazioa mugatu eta bolumen bateratua eratzen duen perimetro-pareta sendoa), multzoan integratuta, ematen baitiote kultura-ondasunari bere balio berezkoa, Arabako jauretxeen arkitekturari eta landa-arkitekturaren erakusgarri, beregaintasunez. Horregatik, kultura-ondarea babesteko interes orokorraren izenean, ezinezkoa da proposatutako mugaketa aldatzea, ezta ere A-3314 errepidearen plataforma hobetzeko eta handitzeko proiektuak proposatzen duen eragin-aldaketa ere.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Subijana-Morillaseko Armarridun Jauretxea (Erriberagoitia, Araba) kultura-ondasun gisa, monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea.

Bigarrena.- Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran.

Hirugarrena.- Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.- Erriberagoitiko udalari eskatzea ondasun hori babes dezan, bere hirigintza-araudia horretarako egokituz.

Bosgarrena.- Agindu honen berri ematea interesdunei, bai eta Erriberagoitiko udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailari eta Toki Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Sailei, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena.- Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 24a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketaren barruan sartzen dira eraikin nagusia eta hari lotutako ingurunea, lurzatiaren itxiturako perimetro-paretak inskribatua; mugaketaren barruan sartzen da, halaber, errepidetik lorategira sartzeko arrapala. Beraz, mugaketaren barruan sartzen dira ondoko elementu hauek: terraza-lorategia, labearen eraikina eta estalpea lurzatiaren iparraldean, eta ur-tanga ekialdean.

Horrela bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: mendebaldean, A-3314 errepidea, Kuartango alderantz; hegoaldean, plazatxoa, lorategiko paretan hasi eta espaloian jarraitzen duela; ekialdean, goiko bidearekin bat egiten duen lurzatiaren muga; eta iparraldean, errepideraino labearen atzeko fatxadarekin paralelo doan lerroa.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Proposatu dugun mugaketaren justifikazioa eraikin multzo horren eta hari lotutako elementuen kultur eta ingurumen-balioak babestu beharra da. Eraikinari lotutako elementuak lurzati berean daude, Erriberagoitiko Subijana-Morillasen herrigunean. Horrek guztiak unitate kultural, funtzional, historiko eta artistiko berbera osatzen du.

Inbentariatutako ondasun higiezina balioztatzeak horretarako beharrezkotzat jotzen den lurzati guztia babestea dakar ondorio, eta, kasu honetan, itxiturako paretak mugatzen du lurzati hori. Ondasunaren landa eta jauregi izaera gorde asmo da; etxegune gisa bereizia dago, lotutako erakin guztiak berekin dituela.

Horregatik, ezarritako mugaketak perimetro-itxitura osoa hartzen du, eraikin mota horren berezko izaera zaintzeko eta balioztatzeko.

II. ERANSKINA

Deskribapena

«Jauregi» izendatutako etxea, ikus-presentzia handikoa, Subijana Morillasko herrigune betean kokatua, 624 toki-errepidearen ondoko hiri-zabalgune nabarmenean eta XVI. mendeko harlanduz eraikitako zubi bikainaren parean.

Ondasun higiezina elkarri ondo lotutako bi elementu nagusik osatzen dute: etxeak eta hari lotutako lorategia mugatzen duen perimetro-paretak. Etxeko perimetro-paretatik bertatik sortzen da horma hori, harri-fabrika mota berberarekin, eta ezkerraldeko atzeko saihetsetik zabaltzen da, Kuartango aldera doan errepidearekin paraleloan. Etxea lurreko mailaketa baten kontra sakon sartuta dago; hala, bada, atzeko fatxadan ia solairu nagusiaren parera iristen da. Horma horren barnealdean, lorategi egituratu bat dago, eta hor, eraikin mota horrek berezko dituen elementuak daude: ur-tanga, labea, baratzea eta estalpea.

Jauregiak estilo barroko eta landako jauretxeen tipologia du. Eraikin nagusia XVIII. mendekoa da, bai eta lorategia ixten duen harriaren pareta ere.

Jauretxe armarriduna eraikin exentu handi bat da; oinplano laukizuzeneko bolumen garbia du, eta bi solairu eta teilatupea ditu. Estalkia lau isurkikoa da, arabiar teilak ditu, eta hegal zabal bat, egurrezko modiloi landuen gainean bermatua. XVIII. mendean ohi zenez, erabilitako materiala harlangaitzezko aparailu bat da, eta, horrekin batera, hormatal luzitu tradizionala eta karezko juntura ugari erabili dira; harlandua, berriz, eskantzuetarako, bao eta sarbideen erremateetarako eta fatxada nagusiko errematearen erlaitzerako gorde da.

Fatxada nagusia hegoaldera eta plazatxora begira dago, eta gainerakoen artean nabarmentzen da. Ezerezaren gainean nabarmen nagusitzen da horma, eta ezin hobeto antolatua eta erdiratua dago, armarriak ezartzen duen ardatzaren bidez. Baoak modu simetrikoan antolatuta daude: beheko solairuan, sarbide nagusia dago; erdian, arku zuzen hirukoitz interesgarri bat du, alboetan laukizko eta burdin hesizko bi leiho pare dituena; lehenengo solairuan, arraseko balkoiak ditu alboetan, eta erdian, balkoi jarraitu bat, bi bao lotzen dituena; ganbaran, leiho karratu txiki batzuk daude. Beheko eta lehenengo solairuetako baoek moldura dute inguruan, eta belarriekin nabarmentzen da angeluetan.

Balkoi nagusia egitura metaliko bat da, fatxadan bermatua, metal bereko bost itsas potxu dekoraturen bidez. Forja-lanak ditu balkoiko barandan, bai eta txapazko eskudelak eta sagarrak ere, angeluetan nahiz hegal-irteeraren aurrealdea dekoratzeko zerrenda apaingarrian.

Balkoiaren erdian, armarria nabarmentzen da. Honako hau ikusten da armarrian: zuhaitz bat harkaitzaren gainean, bi otso zutitu, eta izkinetan San Andresen gurutzeak. Armarriaren albo banatan, bi irudi-eusle daude, eta maskara bat puntan.

Ekialdeko fatxada saihetseko bidearen aldapari egokitzen zaio; hori ere ondo antolatuta dago, baina desoreka handiagoa da hutsuneen eta gune beteen banaketan. Fatxada horretako solairuartean, bi bao daude, eta agerian uzten dute eskailera-zuloa.

Mendebaldeko fatxadan, iparraldeko fatxadan bezala, beheko solairua erdi estalita gelditzen da lorategiaren lurraren kontra. Mendebaldeko fatxadan, bigarren mailako sarbidea dago, lorategitik etxeko lehenengo solairuaren parera doana, eta baoetako baten «kaiolako» sarea, alboetan erroleoak dituen gurutze bat erdian duela. Leiho bitxi eta txiki bat ageri da lurraren arrasean, barrualderantz txaranbeldua eta beheko planoa makurtua duela, beheko solairuan sortzen den erdisotoa argiztatzeko.

Burdin lana, balkoi nagusian ez ezik, bao askotan ageri diren horma barruko sareetan aurki dezakegu, bai eta arraseko balkoietako barandan eta ateko aldaban ere.

Perimetro-karga duten paretekin eratu da arkitektura, eta horien barruan egurrezko egitura sendo bat dago. Beheko solairuan, lursaileko harkaitza iparraldeko paretako beheko eremuetan agertzen da, eta horietatik abiatzen dira harrizko paretak. Forjatuen sarea sekzio handiko habe eta habexkekin eratua dago. Forjatuak solidoak dira, eta hagaxken artean ganga formako bide bat dute, lur egosiko lauzaz bukaturikoa. Estalkiko armadurak egitura konplexu bat du; egitura horren barruan daude hagak, korbak, tiranteak, besoak eta pieza bakarreko gapirioak, egurrezko ziriz eginiko lotura interesgarriekin.

Etxe barruko banaketa sarrerako ezkaratz handi baten bidez antolatuta dago. Harreraleku hori oso ondo zainduta dago; nabarmentzekoak dira harlanduz inguratutako ateetako lau bao dotoreak; ate horiek alboko bi egontokietara, atzealdeko zalditegietara eta lehenengo solairura nahiz oin nagusira igotzeko eskailera-hallera ematen dute. Eskailera handi horiek egongela handi batera ematen dute; egongela hori lehenengo solairuaren erdian dago, eta horren inguruan antolatzen dira gainerako egontokiak: logelak, hegoaldeko eta ekialde-mendebaldetako fatxadetarantz, bainugela handiak barruan dituztela; iparralderantz, sukaldea eta jangela, bakoitza bere tximiniarekin eta lorategirako zuzeneko irteerarekin. Banaketa horrek posible egiten du egontoki guztiek kanpoaldera ematea, erdiko egongelak izan ezik; hain zuzen ere, egongela horrek, bitxitasun gisa, argi-zulo bat du beirazko sabaian, eta estalkian dagoen beste aho-zulo batetik hartzen du argia zuzenean. Estalki azpiko solairuak edo ganbarako solairuak espazio ireki handi bat du; solairuarte bat du alderik garaienean, usategi gisa erabiltzen dena; oraindik ere gordetzen ditu landako kareorez eta hormari atxikita eraikitako habiondokoak.

Barrualdea osatzen duten espazio eta elementu handiak bat datoz eraikinaren kalitatearekin. Barruko zur-lanak kalitate handikoak dira, eta pareta lodiko tutu-itxurako leihoek barne-kontraleiho ederrak dituzte, eta ireki daitezke. Jangelan, honako hauek nabarmendu behar dira: harriz landutako tximinia, egurrez landutako baranda duten eskailera zabalak, buztin egosiz eginiko zeramikazko zoruak eta bainugeletako eta sukaldeko lauzak.

Lurzatiaren muga gisa eta errepidearen gainean, lorategia oso ondo itxita dago; errepidearen aldapari egokitzen zaio, etxeko fatxadan erabilitako eraikuntza eta material berberekin. Pareta hori metro bat lodi da alderik lodienean, eta lau eta metro bitarteko garaiera du; aurreko fatxadan, kontrahorma du. Lodiera hori paretak dituen bi funtzioen ondorio da: itxiturarena eta lurrari eustekoarena. Horma horretan, ate bat dago -gaur egun ezin da erabili-; markoa eta harlanduzko ateburua ditu, eta jauregira pasatzeko lurpeko pasabidea zen.

Hormaren barrualdean, terraza-lorategia dago, hainbat kotatan planifikatua, lurraren aldapari egokitua eta Kuartangoko bideari, atzeko kaleari, egokitua. Hasieran, garia jotzeko larrain gisa eta baratze gisa erabiltzen zen; XIX. mendean egin zen lorategien gaur egungo konposizioa eta ornamentazioa. Lorategia antolatzen duen trazak forma geometrikoko hainbat berdegune sortzen ditu; zuhaitz txikiak daude berdegune horietan, eta alerik handienak fatxada nagusi aldera daude. Lorategira etxetik bertatik sartzen da, lehenengo solairutik eta errepidetik, atzealdeko ate altxagarritik eta arrapala baten bidez.

Hormari atxikita, atzeko aldean, etxebizitzari lotutako bi eraikin daude: labea eta estalpea. Lehenengoa harrizko eraikin txiki bat da, paretaren kanpoko aldeari erantsita dagoena; estalpea, berriz, hormaren barruko aldean dago, eta ate altxagarriaren atzeko sarrera estaltzen du; egurrezko egitura estali bat da, harrizko hormaren gorenean bermatua.

Nabarmentzekoa da ur-tanga, hor biltzen eta gordetzen baita etxeko estalkiko euri-ura. Tanga hori harriz egina dago, oinplano angeluzuzena du, bai eta grabitate-pareta bat ere, ezpondan kanpoko plano bat duena.

Higiezin osoa egoera bikainean dago, bai eta barneko ingurunea eta gaur arte gorde duen dekorazioa ere. Emaitza etxe eta jauretxe estiloko arkitektura bat da, kalitate handikoa, eraikin erregular eta ordenatua eta oso ongi antolatua.


Azterketa dokumentala