Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2010eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
1730

AGINDUA, 2010eko martxoaren 3koa, Herrizaingoko sailburuarena, udalei ematen zaizkien diru-laguntzak arautu eta laguntza horiek eskatzeko deialdia egiten duena, terrorismoaren biktimentzat mingarriak edo iraingarriak izan daitezkeen edota terrorismoa goraipatzen duten pintadak ezabatzeko eta pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko.

Terrorismoaren biktimek duintasuna izateko duten eskubidea da aginte publikoek babestu beharreko oinarri morala. Begirunea izateak neurriak hartzea esan nahi du, bere izen ona zikintzen edo horiek umiliatzen dituzten eta terrorismoa goraipatzen duten ekintza publikoak gauzatzea prebenitzeko eta saihesteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan terrorismoaren biktimentzat iraingarriak diren ekintzak gauzatzeko biderik nagusi eta ohikoena toki publikoetan pintadak egitea eta kartelak, argazkiak edo pankartak jartzea da.

Gai horri dagokionez, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko den ekainaren 19ko 4/2008 Legearen 4. artikuluak aginte publikoei eskatzen die biktimen duintasunaren aurkako pintaden eta kartelen, argazkien edo pankarten kontra jarduteko.

Jarduera horien kontra eta, oro har, indarkeria goraipatzen edo pertsonen duintasuna gutxiesten duten horien kontra, udal asko, bere eskumenen eremuan, berezko zerbitzuen bidez lanean ari dira aspaldi.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eginkizun horiek egiten jarraitzeko eta horiek areagotzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa sustatu du elementu horiek garbitzeko eta kentzeko lanak finantzatzeko.

Adierazitakoari jarraituz, eta indarrean dagoen lege-antolamenduak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da arauak ezartzea eta 2010eko deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei diru-laguntzak emateko, pintaden garbiketak eta pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeak sortutako gastuak ordaintzera bideratuko direnak, baldin eta terrorismoaren biktimen eta haien familiakoen izen ona galtzea, mespretxua, iraina edo umilazioa badakarte edota terrorismoa goresten badute edo terroristei omenaldia egiten badiete. Diruz lagunduko diren gastuak 2010. urtean sortuak izan beharko dira.

Agindu honen xedea betetzeko, zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euroko zenbateko orokorra bideratuko da gehienez, dagokion aurrekontuko partidaren kontura, eta kantitate hori ezin izango da izan diru-laguntzen batura baino handiagoa.

2. artikulua.- Administrazio onuradunak.

1.- Agindu honek araututako diru-laguntzen entitate onuradunak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako udalak.

2.- Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten administrazio-zehapen edo zigor penalik jaso duten entitateek, edo horretarako ezgaitu dezakeen legezko inolako debekuan sarturik badaude.

3. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Diruz lagunduko dira pintadak, pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko jarduera hauek:

- Pertsona bat edo pertsona-talde bat iraintzen, mehatxatzen edo mehatxuz identifikatzen dituztenak.

- Legez kanpoko erakunde edo erakunde terrorista bat laguntzen edo goraipatzen dutenak edo horrek sinatutakoak.

- Jarduera terroristekin lotutako pertsonak laguntzen edo goratzen dituztenak.

2.- Jarduera horiek baliabide hauen bidez egin daitezke:

1) Udaleko gastu zuzenak, pintadak garbitzeko edo pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko.

2) Lehen adierazitako lanetan berezitutako enpresak edo zerbitzuak kontratatzea.

4. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Udaltzainak Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

5. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten udalek arrazoitutako idazkia -alkateak izenpetuta- aurkeztu beharko diote Udaltzainak Koordinatzeko zuzendariari, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Erregistro Nagusian (Vitoria-Gasteizko Donostia kalea, 1) edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan onartutako edozein egoitzatan.

2.- Diru-laguntzen eskabideak Agindu hau argitaratzen den hurrengo egunetik onartuko dira 2010eko azaroaren 15a arte, hori ere barne.

3.- Agindu honen arabera, diruz laguntzen diren jardueren eskaera bakarra edo multzokatua aurkez daitezke.

4.- Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

- Udaleko idazkariak luzatutako egiaztagiria, diruz lagunduko diren esku-hartzeen zerrenda jasoko duena.

- Ezabatu diren pintada, pankarta, argazki edo kartelen agiri grafikoak, memoria batek lagunduta, pintada, pankarta, argazki edo kartel horien edukia eta diruz lagunduko diren jardueren barruan sartzeko zergatia azalduko dituena.

- Pintada, pankarta, argazki edo kartelak kentzea egiaztatuko duen dokumentazio grafikoa.

- Elementu horiek kentzeko zuzeneko gastuen fakturak.

- Elementu horiek kentzeko lanak egiteko kontratatuko den enpresak egindako fakturak.

- Udaleko idazkariak emandako ziurtagiria, udalerriko herritarren kopurua jasoko duena biztanleen Udal Erroldaren arabera.

6. artikulua.- Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Udaltzainak Koordinatzeko Zuzendaritzak akats edo hutsen bat sumatzen badu aurkeztutako eskabidean, eskabide-egileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzentzeko. Epe hori agortutakoan zuzendu ez badu, eskatzaileak berak eskabidea atzera bota duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluaren arabera.

7. artikulua.- Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.- Epe barruan eskabideak aurkezteko interesa duten udal guztiek, baldin eta Agindu honetan eskatutakoa betetzen dutela egiaztatzen badute, dagozkien diru laguntzak eskuratuko dituzte 8. artikuluaren arabera, aurrekontuetako baliabideak agortzen ez diren bitartean.

2.- Diru-laguntza horiek emateko ezarritako kreditua agortu eta gero, Herrizaingo sailburuak administrazio-ebazpena emango du, kreditua agortu zen eguna adieraziko duena. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.- Eskabideak banan-banan eta hurrenkeraz ebatziko dira, behar bezala beteta geratu ahala eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, eta ordainsari bakarrean ordainduko dira, uko egiten badiote behintzat.

8. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

Deialdi honen arabera, udal bakoitzak jaso beharreko diru-laguntzen zenbatekoa aurkeztutako fakturen zenbatekoak zehaztuko du, taula honetan ezarritako gehieneko mugen barruan eta udalerriko biztanle kopuruaren arabera:

Biztanleen kopurua Laguntzaren zenbatekoa gehienez

50.000etik gora 40.000 euro

20.001 eta 50.000 euro artean 30.000 euro

5.000 eta 20.000 euro artean 20.000 euro

5.000tik behera 10.000 euro

Hala ere, emandako diru-laguntza guztien zenbatekoa deialdi honetako aurrekontua agortuko ez balu horiek handituko lirateke, udal bakoitzak eskatutako zenbatekoa eta eskabidearen ordena kontuan hartuz.

9. artikulua.- Ebazpena.

Espedientea ikusi ondoren, Herrizaingoko sailburuak behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskabidea aurkezten denetik hilabeteko epean. Epearen barruan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea onartu dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera; hala ere, aipatu legearen arabera, Administrazioak ebazpen adierazia eman behar du.

10. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasunak.

Diru-laguntza hauek jasotzea ez da bateragarria izango beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin eman ditzakeen beste diru-laguntzekin.

11. artikulua.- Administrazio onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituzten administrazioek betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, euren funtzioak betez, eskatutako informazioa eman beharko diete deialdi honen ondorioz jasotako diru-laguntzei buruz.

c) Laguntza ematen duen entitateari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jaso direla xede bereko diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

d) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri erakunde emaileari jakinarazi beharko diote.

12. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

Deialdi honetan eta diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrera itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Herrizaingo sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eragiten Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 3a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala