Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2010eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
1722

83/2010 Dekretua, martxoaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzeko dena.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeak arautzen duenez, herri-administrazioko langileen lan-baldintzak finkatzeko negoziazio kolektiboa erakunde sindikalei aitortutako ordezkaritza-gaitasuna baliatuz egingo da, berariaz osatutako negoziazio-mahaien bitartez.

Lege-testu horren arabera, administrazioen eta erakunde sindikalen ordezkariek itunak egin ahal izango dituzte funtzionarioen lan-baldintzak finkatzeko. Itun horietan, kasuan kasuko administrazioaren gobernu-organoen eskumen diren gaiak arautuko dira.

7/2007 Legean xedatutakoa betez, Administrazio Orokorraren eta horren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen sektoreko negoziazio-mahaia eratu zen eta esparru horretako negoziazio-prozesuari ekin zitzaion. Negoziazio horren emaitza ELA, CC.OO. eta UGT sindikatuekin sinatutako aurreakordioa izan zen.

Aurreakordio hori baliozkoa eta eraginkorra izan dadin, nahitaezkoa da, 7/2007 Legeak xedatutakoaren arabera, herri-administrazioetako gobernu-organoek espresuki eta modu formalean onartzea. Ildo horretatik, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.e) artikuluak dio Eusko Jaurlaritzari dagokiola funtzionarioen lan-baldintzei buruzko negoziazioetan iritsitako akordioei baliozkotasuna eta eraginkortasuna ematea.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko martxoaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen 2010. eta 2011. urteetarako lan-baldintzak arautzen dituen akordioa, dekretu honen eranskinean jasotzen dena, onartzea.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko martxoaren 9an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

MARTXOAREN 9KO 83/2010 DEKRETUAREN ERANSKINA.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZURA DIHARDUTEN FUNTZIONARIOEN 2010 ETA 2011 URTEETARAKO LAN-BALDINTZAK ARAUTZEN DITUEN AKORDIOA

ATARIKO TITULUA

PRINTZIPIO OROKORRAK

1. artikulua.- Helburua.

Akordio honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan lanean diharduten langileetatik bere aplikazio-eremuan sartzen direnek izango dituzten lan-baldintzak arautzen dira. Horrekin, lan-harreman egokiak sustatu nahi dira.

2. artikulua.- Eragindako langileak.

1.- Akordio hau karrerako funtzionarioei aplikatuko zaie, oso-osorik, ondoren aipatzen diren kolektiboak salbuetsita:

a) Ertzaintzako langileak.

b) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleak.

c) Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoko langileak.

d) Tokiko osasun-kidegoetako langile izanik, toki-administrazioko eremuetan titular legez zerbitzuak ematen dituztenak.

e) Justizia Administrazioan lanean diharduten funtzionarioak.

2.- Bitarteko funtzionarioei eta praktiketan diharduten funtzionarioei akordioan jasotako zenbait xedapen aplikatuko zaizkie, hain zuzen ere, gai hauek arautzen dituztenak:

a) Lansariak eta lanaldia.

b) Baimenak.

c) Azterketa medikoak eta istripu, bizitza eta erantzukizun zibileko aseguruak.

d) 15. artikuluko 1. paragrafoan araututako aurrerakinak eta gizarte-funtsetik eratorritako diru-laguntzak, 17. artikuluan aurreikusiak.

e) Euskalduntzea eta alfabetatzea, I. tituluan aurreikusitakoaren arabera.

f) Lan-osasuna eta laneko arriskuen prebentzioa.

g) Laneko jazarpenaren eta genero-indarkeriaren aurkako neurriak.

h) Langile horiei bereziki dagozkien bestelako guztiak.

3. artikulua.- Iraupena.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Akordio hau, eta 2010eko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra egongo da indarrean, berariaz beste epe bat ezarrita duten xedapenak izan ezik.

Bestalde, 17. artikuluan araututako gizarte-funtsak bere baitan hartuko ditu 2010eko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra bitartean izandako gertaerak.

Akordioaren indarraldia espresuki eta aldi baterako luzatuko da akordio berri bat indarrean sartzen den arte.

Alderdi biek adosten dute akordio honen salaketa indarraldia amaitu baino hiru hilabete lehenago egin behar dela.

4. artikulua.- Izaera.

Akordio honek gutxienekoak jasotzen ditu eta zatiezina da ondorio guztietarako, hitzartutako baldintzek multzo oso bakar bat osatzen baitute eta, ondorioetarako, osorik eta elkarturik multzotzat joko dira. Beraz, baldintzak ezingo dira beren testuingurutik kanpo berriro negoziatu, ezta artikulu batzuk besteak baztertuz ezarri ere; bere osotasunean ezarri eta bete beharko da beti.

5. artikulua.- Interpretazio sistematikoa eta integratzailea.

Akordioan jasotako baldintzen zentzua eta norainokoa aztertzerakoan, bere osotasunean hartu beharko dira akordioan jasotako baldintzak, hain zuzen ere, litezkeen ez egite, hutsune, argitasun-falta edo anbiguotasun orok itunaren jatorrizko izpirituari muzin egin ez diezaion.

6. artikulua.- Gatazka kolektiboak.

Akordioa sinatu duten alderdiek hitz ematen dute elkarrizketaren bidea agortu arte ez diotela ekingo zehapen neurriak hartzeari edota gatazka kolektiboak sustatzeari.

7. artikulua.- Aplikazioa.

1.- Zuzenekoa. Akordioa sinatu duten alderdiek konpromisoa hartzen dute akordioa zuzenean aplikatzeko eta testuan adostutako baldintzak aldaraz ditzaketen jarrerak ez bultzatzeko.

2.- Lehentasunezkoa. Akordio honetan jasotako artikuluak eta xedapenak beste edozeinen aurretik aplikatuko dira, eta testu honetan aurreikusi gabeko gaietan, indarrean dagoen araudi ordeztailea aplikatuko da.

I. TITULUA

EUSKALDUNTZEA ETA ALFABETATZEA

8. artikulua.- Erabilera-planak.

Euskara, gaztelaniarekin batera, Administrazioan modu normal eta ohikoan erabil dadin, Administrazioak erabilera-planak garatuko ditu.

Plan horietan parte hartuko dute:

a) Nahitaez, derrigortasun-data igarota edukirik, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten langileek.

b) Borondatez, derrigortasun-data igarota ez eduki arren, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten langileek.

9. artikulua.- Lanorduetan euskara-ikastaroetara joateko baimenak emateko lehentasun-irizpideak.

IVAPek antolatutako euskara-ikastaroetara lanorduetan joateko baimenak lehentasun-hurrenkera honen arabera emango dira:

1.- Derrigortasun-datadun hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta oraindik egiaztatu ez duten langileak.

2.- Derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta oraindik egiaztatu ez duten langileak.

3.- Derrigortasun-datadun hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta dagoeneko egiaztatuta duten langileak.

4.- Derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta dagoeneko egiaztatuta duten langileak.

Edonola ere, lanorduen barruko hizkuntza-prestakuntza aurreikusiko da derrigortasun-data duten lanpostuetan diharduten langile guztientzat, berdin dio karrerako funtzionario edo bitarteko funtzionario diren.

Era berean, lanorduetan hizkuntza-prestakuntza jasoko duten langile guztiek banan banako prestakuntza-plana izan beharko dute. Banan banako plana hizkuntza-prestakuntzaren planifikazioaren zerbitzura dagoen tresna bat da; beraz, euskara-ikastaroetarako baimena eman aurretik egin behar da. Ondorioz, ez da baimenik izapidetuko baldin eta eskabidearekin batera banan banako prestakuntza-plana aurkezten ez bada.

Baimena emateko, kontuan izango da, hala badagokio, eskatzaileak aurretik egindako hizkuntza-ikasketen aprobetxamendu-maila.

Langileak bermatuta izango du banan banako prestakuntza-planaren arabera hasitako hizkuntza-prestakuntzarekin jarraitzea nahiz eta bere lanpostuaren ezaugarriak aldatu, dela beste lanpostu batera joan delako, dela beste edozein arrazoirengatik.

10. artikulua.- Ikastaroen eskaintza, eskabideen kudeaketa eta euskara-ikastaroekin zerikusirik duten gainerako kontuak.

1.- IVAPek, HABErekin sinatutako hitzarmenean aurreikusitako mekanismoekin bat, eta erabilgarri duen aurrekontuaren barruan, prestakuntza-jarduera hauek eskainiko ditu:

a) Barnetegietako ikastaro trinkoak edo bost orduko ikastaro trinkoak, egunerokoak, astelehenetik ostiralera artekoak. Ikastaro horiek dirauten artean, langileak ez du lanera joan beharrik izango, baina edozer dela ere, astelehena eta ostirala bitarteko lanegunen batean ez badago ikastarorik, lanera joan beharko du.

b) Ikastaroak, egunero 2 orduko moduluetan.

c) Funtzio publikoan euskararen erabilera sustatzeko berariazko ikastaroak. Horretarako, lan-tresna eta kontsulta-bide egokiak eskainiko zaizkie langileei lanpostuari atxikitako eginkizunak hizkuntza bietan gauza ditzaten. Horrelako ikastaroek gai hauek jorratuko dituzte: administrazio-hizkera, testuen idazketa eta zuzenketa, idazteko teknikak, ahozko mintzaldiak eta abar.

Autoikaskuntza-bidezko hizkuntza-prestakuntza ordezkoa izango da eta bakar-bakarrik eskainiko da baldin eta egiaztatzen bada paragrafo honetako b) idatz-zatian aipatzen diren aurrez aurreko eskoletara normaltasunez eta modu jarraian joateko eragozpenak daudela.

2.- Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den tokia lantokitzat hartuko da. Beraz, aurreko paragrafoetan aipatutako ikastaroetara huts eginez gero edo berandu iritsiz gero, langileak bere saileko Zerbitzu Zuzendaritzan justifikatuko du huts-egitea.

3.- Sailek beharrezko ikusten dituzten ordezkapen-kontratazioak izapidetuko dituzte, lanorduetan euskara ikasteko emandako baimenen arabera.

4.- Interesatuek kasuan kasuko zerbitzu-zuzendaritzan aurkeztuko dituzte euskara-ikastaroetara joateko eskabideak eta zerbitzu-zuzendaritzak onartu edo baztertu egingo ditu, artikulu honetan ezarritako irizpideen arabera eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak deialdiaren testuinguruan berariaz jakinaraziko dituen epeetan eta moduan. Langile bakoitza bere zerbitzu-zuzendaritzarekin jarriko da harremanetan eta zerbitzu-zuzendaritzek IVAPekin koordinatuko dituzte antolaketa eta administrazio-garapena. Horretarako, sail bakoitzak solaskide bat izendatuko du IVAPekiko harremanak bideratzeko.

Euskara-ikastaroetan berandu hasiz gero edota dagoeneko hasita daudenean aldi baterako utziz gero -dela gaixotasunagatik, dela behar bezala egiaztatutako eta interesaturi egotzi ezin zaizkion bestelako zioengatik-, interesdunak IVAPi eska diezaioke ikastaroetan berriz hastea Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez. Bi kasu horietan, ezinbestekoa izango da ikastaroetan berandu hastearen berri eta gaixotasunagatiko bajaren berri IVAPi eman izana Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez. Kasu horietan, IVAP saiatuko da interesduna ikastaroetan sartzen, baina, betiere, aukera hori baldin badago.

5.- Sailek bermatu egin beharko dute euskara-ikastaroetan matrikulatuta dauden pertsonek beren oporrak ikastaroen egutegira egokitzen dituztela, huts egiterik gerta ez dadin.

6.- Administrazioaren ardura izango da ikastaroen berri ahalik eta gehien zabaltzea. Horretarako, IVAPek iragarkiak eta komunikazioak bidaliko dizkie Funtzio Publikoko Zuzendaritzari, sailetako zerbitzu-zuzendaritzei eta sindikatuei Lan Harremanen Zuzendaritzaren bidez.

7.- Lanpostuei hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak esleitzeko prozesua sindikatuen ordezkaritzarekin negoziatuko da; baita euskararen erabilera normalizatzeko plana ere.

11. artikulua.- Ahalegin partekatuaren printzipioaren araberako euskalduntzea.

1.- Lanalditik kanpo euskarazko ikastaroetan parte hartzen duten langileei, IVAPek matrikula-gastuak eta, hala badagokio, barnetegikoak ordainduko dizkie, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna dena dela. Erregimen horretan jarraitu ahal izateko, langileek aprobetxamendu jakin bat atera beharko diote ikastaroari, hain zuzen ere IVAPek, hala badagokio, jarriko eta neurtuko duena. Eskabide horiei erantzuteko lehentasunak, IVAPen aurrekontu-mugen barruan, akordio honen 9. artikuluan daude jasota.

2.- Ordaindutako baimena eskuratzeko eskubidea izango dute lanalditik kanpo honako prestakuntza-jarduera hauetakoren bat egiten dutenek:

a) Urteko gutxienez 190 orduko ikastaroak.

b) Barnetegietako ikastaro trinkoak edo 5 orduko ikastaro trinkoak, egunerokoak, astelehenetik ostiralera artekoak.

c) Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikastaroak.

d) Urteko gutxienez 190 orduko autoprestakuntzako ikastaroak, kasuan kasuko aprobetxamendu-egiaztagiria eskuratuz gero.

Kasu guztietan, baimen horren iraupena ikastaroko bertaratze-portzentajearekiko proportzionala izango da. Baimena 37 ordu eta 30 minutukoa izango da 190 orduko edo gehiagoko ikastaro baterako. b) idatz-zatiari dagokionez, baimenaren iraupena kalkulu horrekiko proportzionala izango da. Baimen hau dela eta, ezin izango dira 5 egun baliodun baino gehiago hartu urtean. Muga hori bera aplikatuko da ondoz ondoko hainbat ikastarotara joateagatik baimen bat baino gehiago hartzen denean.

Urtebetetik beherako aldietarako kontratatutako langileei ere baimen hori hartzeko eskubidea aitortuko zaie, ikasturtean zehar egindako zerbitzualdiarekiko iraunaldi proportzional baterako. Ikasturtea, hain zuzen ere, urrian hasten da, eta hurrengo urteko irailean, bukatzen. Baimenaz gozatzeko aldia izendapenaren iraupenarekiko proportzionala izango da, betiere baimena hartzeko sei hilabeteko aldiaren aldean.

Baimen hori eskuratzeko, langileek aprobetxamendu jakin bat atera beharko diote ikastaroari, hain zuzen ere IVAPek jarriko eta neurtuko duena. Hizkuntza Eskola Ofizialean ikasi bada, ikastaroko frogak gainditzea izango da aprobetxamendu hori.

Baimen hau ez da emango harik eta, behin ikastaroa amaituta, IVAPek aprobetxamendu-irizpideak bete izanari buruzko informazioa, pertsona bakoitzarena, ematen duen arte.

Baimena euskara-ikastaroa amaitu ondorengo seihilekoan hartuko da. Horretarako, zerbitzu-zuzendaritzek Lan Harremanen Zuzendaritzari jakinaraziko diote beren sailari atxikitako zein langilek har dezaketen baimena eta noiz hartuko duten.

Edozein kasutan, baimena hartzeko erregimena zerbitzuaren beharren mende egongo da.

3.- Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduarekin bat etorriz, ordu-kredituaren saldoa agortu gabe lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileek, euskalduntzearekin jarraitzea eska dezakete, egiaztatutakoaren ondorengo hizkuntza-eskakizuna egiaztatu arte, banan banako prestakuntza-plana jarraituz eta ahalegin partekatuaren printzipioaren arabera. Horrela bada, lanorduetan euskara ikasteko izango duten denbora, aurreko paragrafoan zehaztutakoaz gain, lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzerakoan zeukaten ordu-kredituaren saldoaren bi halako izango da. Lan-denboraren zati hori prestakuntza-prozesuan zehar banatuko da; prozesu hori, berriz, hurrengo hizkuntza-eskakizuna lortzeko ordu-kredituaren saldoa jasotzen duen banan banako plan batean adieraziko da. Denbora horretaz baliatzeko, langileek aprobetxamendu jakin bat atera beharko dute, IVAPek jarri eta, hala badagokio, neurtu ere egingo duena.

12. artikulua.- Derrigortasun-daten epemugak.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 43.1 artikuluan derrigortasun-daten epemugari buruz ezarritakoa honako hauei aplikatuko zaie:

a) Sindikatuen edo langileen ordezkaritzako eginkizunak egikaritzen aritzegatik baimena duten langileei, beren lanera joatetik guztiz liberatuta badaude, egoera horretan dauden bitartean.

b) Senitartekoak zaintzeko eszedentzian dauden langileei, egoera horretan diharduten bitartean.

II. TITULUA

GIZARTE LAGUNTZAK

13. artikulua.- Gizarte Aurreikuspena.

1.- Itzarri BGAEaren sustatzaile eta kide babesle da Eusko Jaurlaritza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta erakunde autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publikoetako langile guztientzat izango da Itzarri BGA Erakundea, eta enpleguko eta ekarpen mugatuko gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema bat kudeatzeaz arduratuko da.

Aldeen nahia da gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema hau zabaldu eta finkatzea, bai etorkizunean erosteko ahalmena mantentzeari begira, bai epe luzerako aurrezpenak sortzeari begira, gero inbertsioetan erabili ahal izateko. Horregatik bada, kide babesleen ekarpenak lansaritzat joko dira baina, horretaz gain, alderdiek komenigarri ikusten dute sustatzea bazkide osoen borondatezko ekarpenak Itzarri BGAEra, horretarako prozedurak ezarriz.

2.- Mufacen sartutako funtzionarioak, lan-baldintzak arautzeko 1989ko Akordioaren arabera, Elkarkidetzan sartu ziren, kotizatutako urte kopuru berarekin Gizarte Segurantzak ematen duen erretiro-prestazioaren baliokidea jaso zezaten. Horrela bada, Elkarkidetzara egindako ekarpenak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak balio berekotzat joko dira eta, ondorioz, Jaurlaritzak kide babesle legez Itzarri BGAEari egindako ekarpenak jasotzeko eskubidea dute.

Mufacen sartutako funtzionarioek, baldin eta, kotizatutako urte-kopuru berarekin Gizarte Segurantzak ematen duen erretiro-prestazioaren baliokidea jasotzeko Elkarkidetzako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko sistemari atxikitzea beren borondatez eskatu bazuten, eskubidea izango dute Elkarkidetzara egindako ekarpenak beren taldeari dagozkion oinarrien gainean egin daitezen. Ekarpenak, gainera, orain arteko baldintza berberetan egingo dira, hau da: zenbatekoaren % 40 funtzionarioaren kontura izango da, eta gainerako % 60a, Administrazioaren kontura.

14. artikulua.- Istripu, bizitza eta erantzukizun zibileko asegurua.

Administrazioak istripu-aseguruen polizari dagozkion estaldurak handituko ditu, ondorengo kopuruen arabera:

Heriotza: 33.000 euro.

Erabateko baliaezintasun iraunkorra: 33.000 euro.

Guztizko baliaezintasun iraunkorra: 33.000 euro.

Partezko baliaezintasun iraunkorra: 33.000 euro arte, baremoen arabera.

Akordio honen eraginpeko langileak erantzukizun zibileko polizarekin aseguratuta daude. Poliza hori Autonomia Erkidegoko administrazioak izenpetu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta bere erakunde autonomoen, ordezkarien, langileen eta menpekoen alde, beren eginkizunetan nahiz lanbidezko jardunean ari direnean. Ezbeharragatiko kalte-ordainaren muga 3.000.000 eurotan egongo da. Urteko muga osagarria 10.000.000 eurokoa izango da, kalte-ordainak, kostuak, fidantzak eta gastuak barne, eta azpimuga, berriz, 1.200.000 eurokoa biktimako, kalte pertsonalei eta horien ondorioei dagokienez. 3.000.000 euroko azpimuga ezartzen da, ezbehar eta urte bakoitzeko, aldez aurreko kalte materialaren eta/edo gorputzeko kaltearen ondorio ez diren kalte ekonomikoetarako.

Administrazioak handitu egingo du bizitza-aseguruari eta erabateko baliaezintasun iraunkorreko aseguruari dagokion poliza, estalduraren guztizkoa 33.000 eurokoa izan arte.

15. artikulua.- Aurrerakinak eta nomina-aurrerapenak.

1.- Aurrerakinak.

Jardunean dauden langileek, indarrean diren aurrekontuetako diru-izendapenen barruan, beren hileko soldata garbiaren % 100erainoko aurrerakinak, interesik gabe, jasotzeko eskubidea izango dute, beren kontratu-harremana hilaren azkena baino lehenago bukatzen ez bada. Aurrerakin hori eskatu den hileko nominan konpentsatuko da.

Orobat, hilero edonolako atxikipenik egiten zaienek hileko soldata garbiaren % 100eko aurrerakina jaso ahal izango dute, aipatutako atxikipena kenduta.

2.- Nomina-aurrerapenak.

Akordio honen aplikazio-eremuan sartzen diren langileek, jardunean badaude, eskubidea izango dute, akordioa argitaratzen denetik aurrera, nomina-aurrerapena eskatzeko ondoren zehazten den araudiaren arabera:

Egiteko dagoen lan bati dagokion soldata aldez aurretik ordaintzea da nomina-aurrerapena.

2.1.- Nomina-aurrerapena jaso ahal izateko, nahitaezkoa izango da bosgarren paragrafoan premia larritzat jotako egoeretako batean egotea. Kasu desberdinetan emango diren nomina-aurrerapenen gehienezko zenbatekoa Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordio bidez zehaztuko da, ordezkaritza sindikalarekin negoziatu ondoren. Dena den, paragrafo horretako e), f), g), h), i), j), k), eta l) egoeretan, emango den kopurua, gehienezko mugaren barruan, aurkeztu beharreko gastuen egiaztagirien araberakoa izango da. Egiaztagiri horiek eskatzaileak aurkeztu behar ditu eskabidearekin batera eskaera premiazkoa dela frogatzeko.

2.2.- Itzultzeko gehienezko epea hogeita lau hilekoa izango da. Aurrerapen horiek ez dute inolako interesik sortzen, eta gehienezko epea amaitu baino lehen ere itzuli ahal izango dira.

2.3.- Ezin izango da beste nomina-aurrerapenik eman harik eta lehenagotik hartutako antzeko konpromisoak kitatu arte. Era berean, sei hilabete igaro behar dira, gutxienez, nomina-aurrerapen bat kitatzen denetik beste bat eskatu ahal izan arte. Hala ere, f) idatz-zatian aipatzen diren arrazoiengatik, aurrerapen bakarra eskatu ahal izango da hamar urteko aldian. Ibilgailuak erosteko kasuan, berriz, ezin izango da arrazoi berberagatik beste aurrerapen bat eskatu harik eta aurrekoa kitatu zenetik 5 urte igaro arte.

Nomina-aurrerapenen onuradunek, beren administrazio-egoerak sei hilabetetik gora nominako bajan egotera behartzen baditu, eman zaien nomina-aurrerapena oso-osorik itzuli beharko dute.

2.4.- Kreditu bizien gehieneko saldoa soldata-masaren % 2 izango da.

2.5.- Premia larriak.- Honako hauen ondorio direnak joko dira premia-larritzat:

a) Eskatzailearen ezkontza edo bikotekidearekiko bizikidetza iraunkorrean hastea, behar bezala egiaztatuta.

b) Eskatzailea dibortziatzea, banantzea edo bere ezkontza deuseztatzea.

c) Ezkontidearen edota seme edo alabaren baten heriotza.

d) Seme-alaben jaiotza, haurrak adoptatzea eta etxera jasotzea.

e) Eskatzailearen, ezkontidearen, bizilagunaren, seme-alaben edo etxera jasota dituen adingabeen gaixotasun edo ebakuntza kirurgiko larria.

f) Ohiko bizilekua erostea eta ohiko bizilekua erosteko hartutako banku-kredituak amortizatzea. Horrelakoetan, itzultzeko epea 48 hilabetekoa izango da, gehienez ere.

g) Ohiko etxebizitza zaintzeko beharrezko eta ezinbesteko obrak egin behar izatea.

h) Lantokia dagoen herrira bizitzera joatea.

i) Ohiko etxebizitza atontzeko altzariak erostea.

j) Ikastetxe ofizialetan ikasketak egiteko eskatzaileak, ezkontideak, bizilagunak, seme-alabek edo bere ardurapeko pertsonek ordaintzen dituzten matrikula-gastuak ordaintzea.

k) Ibilgailua erostea. Ibilgailua lanean ere erabiltzeko erosten bada, horren beharra saileko Zerbitzu Zuzendaritzak justifikatuko du aldez aurretik, eta itzultzeko gehienezko epea 36 hilekoa izango da.

l) Premia larritzat jotzen dituen antzeko beste egoera batzuk.

2.6.- Izapideak: Nomina-aurrerapena eskatzeko epea bi hilekoa izango da, aurrerapenaren arrazoi den egintza gertatzen denetik. Hala ere, aparteko kasuetan, aurrerapenaren arrazoi den egintza gertatu aurreko hilean datatutako eskabideak ere baimendu ahal izango dira, betiere, nomina-aurrerapena eman eta bi hilabeteko epean justifikazio-agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen bada, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik. Konpromiso hori ez betetzeak aurrerapena kentzea lekarke.

Nomina-aurrerapenetarako eskabideak Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanen Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio eskatzailearen saileko zerbitzu-zuzendaritzaren bitartez. Zerbitzu-zuzendaritzak, aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeko, eskabidean jasota utziko du eskabidea zein egunetan egin den. Gainera, zerbitzu-zuzendaritzak txosten bat emango du, aldez aurretik, eskabideen bidezkotasunari buruz.

16. artikulua.- Borondatezko erretiroagatiko kalte-ordainak.

Borondatezko erretiroagatiko kalte-ordaina eskuratzeko eskubidea izango dute langileek, prestazio pasiboei ekarriko dien gutxitzearen konpentsazio gisa. Eskala honen arabera ezarriko da kalte-ordainaren zenbatekoa:

Adina Hilabete-kopurua

60 urte 21 hilabete

61 urte 17 hilabete

62 urte 13 hilabete

63 urte 9 hilabete

64 urte 6 hilabete

Eskatzaileak, kalte-ordain horietarako eskubidea izateko, azken hamar (10) urteak jarduneko zerbitzuan emanak izan behar ditu edo lanpostua gordeta eduki bere administrazio-egoeran.

Aipatutako eskalaren arabera kasu bakoitzari dagozkion lansari-hilabeteak zehazteko, borondatezko erretiroa gertatzen den egunean langileak duen adina hartuko da kontuan.

Kalte-ordaina osatzen duen hileko soldata bakoitza, bestalde, erretiroko dataren aurreko azkeneko urtean interesdunak benetan jaso duen urteko lansari gordinaren hamabigarren zatiaren baliokidea izango da.

Interesdunak erretiroa hartzeko aukeratutako data baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera.

Borondatezko erretiroaren berri ematen duen aginduan ezarritako kalte-ordaina interesdunak bere erretiroa eta erretiroaren ondorioetarako data jasotzen dituen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena aurkeztu ondoren ordainduko da. Eskabidearekin batera, bestalde, interesdunak baliaezintasun-espedienterik ez duela ziurtatzen duen GSINak egindako egiaztagiria aurkeztu beharko da.

17. artikulua.- Gizarte Funtsa.

Funts horren helburua titulu honetan azaltzen ez diren gizarte-mailako arreta-motak eta ohikoak ez diren beste zenbait gauza finantzatzea izango da. Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakiko du funts horren zenbatekoa, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren.

Batzorde tekniko batek barematuko ditu eskabideak eta laguntzak emateko proposamenak egingo ditu. Batzordea parekidea izango da eta administrazioak eta EAEko Administrazio Orokorreko Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatuek osatuko dute. Batzorde tekniko horrek erabaki beharko du, batetik, egon daitezen eskabideei erantzun ahal izateko, oinarritzat hartu beharreko kalte ekonomikoaren zenbatekoa, eta, bestetik, funtsa banatu eta gero, gerakinik badago, gerakinekin zer egin.

Laguntza-funtsaren finantzaketatik kanpo geldituko dira, sorospenen artean, Gizarte Segurantzak edo aurrezaintzako beste sistema publikoren batek medikuntzako eta farmaziako sorospenaren barruan betetzen dituen tratamenduak eta esku-hartzeak. Baina, biziki larriak eta lehenbailehen bete beharrekoak salbuespen izan daitezke, eta artikulu honetan aurreikusitako batzordeari dagokio horiek erabakitzea.

III. TITULUA

LANALDIA, EGUTEGIA, ORDUTEGIA ETA OPORRAK

18. artikulua.- Urteko lanaldia eta lanaldi-mota.

Akordio honen esparruan sartzen diren langileen urteko ohiko gehienezko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta 19. artikuluan ezartzen diren ohiko bi lanaldi-motatan egin ahal izango da.

Hala eta guztiz ere, behar bezala egiaztatutako zerbitzu-beharrak direla eta, lanaldi jarraitua urte osorako ezarri ahal izango zaio zenbait talderi, eta egoera horrek ez die inolako aldaketarik ekarriko lansarietan.

Ohiko ordutegi arruntaren gehienezko iraupena dela eta, istripuak eta aparteko beste kalte batzuk aurreikusteko edo konpontzeko nahiz sarri gertatzen ez diren edo premiazkoak diren gertakariei aurre egiteko sartutako gehiegizko orduak ez dira kontuan hartuko.

19. artikulua.- Eguneroko lanaldia, ordutegia eta malgutasuna.

1.- Bi lanaldi-mota izango dira eta langileek, oro har, askatasunez aukeratu ahal izango dute lanaldia, baldin eta zerbitzuaren beharrizanak beteta geratzen badira. Salbuespen gisa, kasuan kasuko zerbitzu-zuzendaritzak ukatu ahal izango du, modu arrazoituan. Eztabaida egonez gero, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak ebatziko du, akordioaren jarraipeneko Batzorde Paritarioaren interpretazioa entzun ondoren.

a) Lanaldi zatitua.

Astelehenetik ostegunera egingo da goizez eta arratsaldez. Bazkaltzeko etena egingo da, ordaindu gabea, gutxienez ordu-erdikoa eta gehienez 2 ordukoa. Ostiraleko lanaldia, berriz, 7 orduko lanaldi jarraituan egingo da. Udaldiak hamazazpi aste iraungo du eta, sasoi horretan, 6 ordu eta erdiko lanaldi jarraitua egingo da.

b) Lanaldi mistoa.

Astelehen, asteazken eta ostiraletan lanaldi jarraitua egingo da eta ostegunetan zatitua. Udaldian aurreko paragrafoan ezarritako lanaldia egingo da.

Lanaldi zatitua, oro har, astearte eta ostegunetan egingo da, eta jarraitua astelehen, asteazken eta ostiraletan. Arrazoi justifikaturik badago, langileek beste lanaldi-banaketa batekin egin ahal izango dute beren lanaldia, baldin eta kasuan kasuko zuzendariaren edo ordezkariaren eta zerbitzu-zuzendariaren baimen bateratua badute eta zerbitzuaren beharrizanak beteta geratzen badira.

2.- Aukera urtean behin aldatu ahal izango da, eta ondorioak urtarrilaren 1ean izango ditu. Abenduaren 1a baino lehen jakinaraziko da. 2010. urterako, epea 2010eko urtarrilaren 31 arte luzatuko da. Data hori arte, 2009. urterako ezarritako ordutegia egingo da, eta dagozkion doiketak egingo dira 2010. urtean zehar.

3.- Eguneko lanaldia eta asteko lanaldia.

Lanaldi-mota bakoitza I. eranskinean 2010erako eta 2011rako ezartzen diren ordutegien eta iraupenen arabera beteko da.

Eguneko lanaldiaren ordutegia honen araberakoa izango da:

- Sartzeko hasierako ordua 07:45ean izango da.

- Lanaldi zatituan, malgutasun-tartea 07:45etik 19:00etara izango da eta lanean derrigorrez egoteko ordutegia 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 16:10era; arratsaldeko lanaldia bi ordukoa izango da gutxienez. Nolanahi ere, egun jakin bateko benetako lanaldia ezin izango da bederatzi ordu eta erditik gorakoa.

- Ostiraletako lanaldi jarraituan, lanaldi mistoko astelehen eta asteazkenetan eta udako lanaldian, sartzeko malgutasun-tartea 07:45etik 08:30era izango da eta irtetekoa 14:15etik aurrera behin asteko ordutegia edota dagokion eguneko lanaldia bete ondoren.

Eguneko lanaldia bete den jakiteko, asteko zenbaketa hartuko da kontuan.

4.- Norberaren gauzak egiteko baimen bat ezartzen da.

Baimena urteko lanalditik kendu ahal izango da, urteko lanaldia hainbat ordu eta minutu murriztuz, eta hori bi fasetan egingo da. Hori dela eta, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, urteko lanaldia 22 ordu eta 30 minutu murriztuko da. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, 45 ordu murriztuko da urteko lanaldia.

Norberaren gauzetarako egun horiek egun osotan hartu ahal izango dira, edo, bestela, gutxienez 2 orduko alditan, arratsaldez (gehienez ere 12 arratsaldetan).

Baimen hau hartzeko baldintzak I. eranskinean azaltzen dira, zehazki.

Baimen honek, honako akordio honetan ezartzen den bi faseko aitorpen-baldintzetan eta honako akordio honen I. eranskinean aipatzen diren baimena hartzeko baldintzetan, oso-osorik xurgatzen eta konpentsatzen du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1.k) artikuluan ezartzen den norberaren gauzetarako baimena.

4.- Tokian tokiko jaiegunen eta oporraldien arabera, 1.592 orduko urteko lanaldia bete arte soberan dauden orduak egun libretan hartuko dira edo, bestela, arratsalde libretan. Arratsaldeak libre hartuz gero, gutxienez bi ordu hartu beharko dira, eta guztira hamabi arratsalde hartu ahal izango dira, gehienez ere.

Ordu libre guztien urteko zenbaketa eta ordu horiek nola hartu lan-egutegian zehaztuko da.

5.- Legezko zaintzari lotutako lanaldi-murrizketak emango dira ikasketak edo hautapenezko karguei dagozkien zereginak egiteagatik edo norberaren borondatez, betiere, 44., 50. eta 55.1 eta 3 artikuluetan aipatutako kasuetan eta ezarritako baldintzetan. Lanaldiaren murrizketaren portzentajeak zortziren bat, bosten bat, heren bat eta erdia izango dira.

6.- Lanera ez etortzea, garaiz ez etortzea edo lanetik irtetea edota lan-egutegiko edozein arau ez betetzea dagokion saileko langileen arduradunari jakinaraziko zaio berehala, eta egiaztatu egin beharko da ahal den guztietan.

Zerbitzu-zuzendaritzek lanaldiak eta ordutegiak betetzen diren ikusiko dute eta horren jarraipena egingo dute, sailburuordetza, idazkaritza eta zuzendaritza guztien lankidetzarekin. Ez-betetzeak eta arau-hausteak zuzentzeko neurriak proposatuko dituzte.

7.- 2010eko abenduan, lanaldi-ereduen erabilerari buruzko datuen arabera, Negoziazio Mahaiak berriro aztertuko du eredu berriak ezartzeko eta oraingoak berrikusteko aukera.

20. artikulua.- Ordutegi malgua familiako eta laneko elkarbizitzaren mesedetan.

1.- Odolkidetasuna zein ezkontza-ahaidetasuna dela-eta 2. gradura arteko senideak zaindu behar dituen langileak edo, berarekin batera bizitzeagatik urrunagoko graduko senitartekoren bat zaindu behar duen langileak, dela mugitzeko arazoak izateagatik, dela osasun-txostenaren bitartez egiaztatutako gaixotasun larria eta jarraitua jasateagatik, gehienez bi ordu gehiagoko malgutasuna izan dezake lanera sartzeko eta lanetik ateratzeko, jateko hutsarteak barne. Malgutasun horretaz baliatuz erabilitako denbora hilero errekuperatu beharko da, egunero ordu eta laurden, gehien jota, salbu eta zerbitzua hobetu beharrez tarte handiagoa uzten bada.

2.- Ikasturtean zehar, 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten langileek 09:30era arteko malgutasuna izango dute lanera sartzerakoan. Hori dela eta, lanetik ateratzeko ordua atzeratu beharko dute lanaldi osoa bete artean.

21. artikulua.- Ordutegi bereziak.

Administrazioak dituen zerbitzu-beharrizanak direla eta, zenbaitetan prestazio hori emateko ardura duen langileak lantokitik bertatik egin behar ditu prestazioak, orokorrean indarrean dauden lan-baldintzetatik at.

Bada, ordutegi horiek bereziak direla esango da, ezaugarri hauetakoren bat gertatzen denean: orokorrean ezarritako ordutegi malgua ezerezean uztea, orokorrean ezarritako ordutegitik ordu-laurden baino gehiago luzatzen diren sarrera- eta irteera-ordutegiak izatea, larunbatetan edo jaiegunetan ere lanaldia ohi izatea, lanaldiaren zati bat gauez izatea, lanorduetatik kanpo lan egiteko gertu egon behar izatea, eta ohiko ordutegitik aldentzen den beste edozein inguruabar denean.

Beraz, orduak konpentsatu ahal izateko printzipio orokor bat ezarriko da egoera horretan izan eta, hala ere, 78. artikuluan aurreikusitako lan-osagarriez gozatzerik ez duten langileentzat, hala lantokiko presentzia areagotu izanagatiko osagarriez, nola lanaldia luzatu izanagatiko osagarriez.

Ordutegi bereziaz baliatzeko, ordutegi horretaz baliatzeko asmoa adierazten dutenek izango dute lehentasuna. Haien arteko adostasunik lortzen ez bada, ordea, aldi batean batek eta bestean besteak, txandakatuz egingo da.

Administrazioaren arioz zerbitzu-beharrizanek hala eskatzen badute, kolektibo zehatz baten lan-ordutegia aldatu ahal izango da; baina, ukitutako kolektibo horri jakinarazi beharko zaio lan-ordutegi berria, hain zuzen ere, alderdi bien arteko adostasuna lortzeko. Adostasun batera heltzerik ez bada, auzia Batzorde Paritarioaren esku geratuko da, eta hark ebatziko du antzeko inguruabarretan aplikatutako irizpideak aintzat hartuz. Horrela ere adostasunik lortzen ez bada, auzia tartekaritza-sistemaren bidez ebatzi beharko da.

Ukitutako langileei ordutegi berria jakinarazi eta handik bi hilera adostasunik lortu ez bada, Lan Harremanen Zuzendaritzak ordutegi berria ezarri ahal izango du, eta ezarri eta handik sei hilera, Batzorde Paritarioak ordutegi hori berraztertu ahal izango du.

22. artikulua.- Homologatu gabeko langileen lanaldia.

Urteko lanaldia 18. artikuluan aipatutakoa baino murritzagoa eta ordutegia 19. artikuluan aipatutakoa ez bezalakoa duten langileei, urte osoan lanaldi jarraitua egiten badute, ez zaie egoera aldatuko, lanaldiari buruzko ezaugarri bereziekin jarraituko dute, eta 75. artikuluaren araberako lansaria jasoko dute. Dagokien egokitzapena lan-egutegiaren bitartez egingo da.

23. artikulua.- Egutegia.

Urteko lanaldi-banaketa lanegunetan eta jaiegunetan berbera izango da langile guztientzat, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ezarritako lan-egutegiari jarraituz.

Urtero Administrazioak lan-egutegia sindikatuetako ordezkariekin negoziatuko du, eta, gero, jendaurrean azalduko du, akordio honen eraginpean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiek horren berri izan dezaten.

Lan-egutegia egiteari begira, hauek lanik gabeko egunak izango dira:

1.- Urte osoko igandeak.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko jaiegunak.

3.- Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ezarritako tokiko jaiak.

4.- Abenduaren 24a eta 31.

5.- Errekuperatutzat joko dira urte osoko larunbatak.

Halaber, Aste Santuan eta Gabonetan baimen errekuperatuak hartu ahal izango dira. Aste Santuko eta Gabonetako txandetako egunak beste sasoi batean hartu ahal izango dira, kasuan kasuko zerbitzu-zuzendaritzak baimena ematen badu, baina, betiere jarraian bi txandatan gehienez ere.

Aste Santuko eta Gabonetako txanda horietan aldi baterako ezintasuneko egoeran edo amatasun-baimenarekin egonez gero, baimen-egunak aurrerago hartu ahal izango dira, zerbitzu-zuzendaritzekin adostuta.

Urte osoan lan egiten ez duten funtzionarioek lan egindako aldiari dagozkion baimen errekuperatuak hartuko dituzte.

Urteko lanaldiaren banaketa goian azaldutako irizpideen arabera ezarri ondoren, ezingo da aldaketarik egin, oso kasu berezietan izan ezik eta, aldez aurretik, sindikatuetako ordezkariekin adostu ondoren.

Jendaurreko zerbitzuetan eta hala behar duten unitateetan lanaldiaren banaketa garatu beharreko eginkizunetara egokituko da eta lan-egutegiak kontuan izango ditu ezaugarri horiek. Egokitzapen hori eskumena duen agintaritzak edo organoak egingo du sindikatuen ordezkariekin negoziatu ondoren.

24. artikulua.- Benetako lana.

Urteko lan-ordutegia benetako lanari dagokiola ulertzen da. Langilea bere lanpostuan egongo da dagokion egutegian ezartzen den lanaldi arrunta hasten denetik amaitzen den arte.

25. artikulua.- Txandakako lana.

1.- Autonomia Erkidegoko administrazioan jardueraren izaera dela-eta lan-txandatan antolatu behar diren zerbitzu, establezimendu edo bulegoetan, txandakatzearen bidez egingo dira horiek.

2.- Besterik erabakitzearen kaltetan gabe, lan-txanda bakoitza 8 ordukoa izango da.

Lan-txandak hauexek izango dira:

Goizez 06:00etatik 14:00etara

Arratsaldez 14:00etatik 22:00etara

Gauez 22:00etatik 06:00etara

26. artikulua.- Lanaldi bakoitzaren arteko etenaldia.

Lanaren antolaketa-araubidea edozein dela ere, lanegun arrunta amaitzen denetik hurrengoa hasten den arte gutxienez 12 orduko tartea egongo da.

27. artikulua.- Gaueko lana.

1.- Gaueko lanaldia edo txanda gaueko hamarretatik (22:00) goizeko seietara (06:00) bitartekoa izango da.

2.- Gauean sartutako orduek kasu bakoitzean zehazten diren lansariak izango dituzte.

28. artikulua.- Atsedenaldiak eta jaiegunak.

Akordio honen aplikazio-eremuan sartzen diren langileek gutxienez segidako bi eguneko atsedena hartzeko eskubidea izango dute astero. Eskuarki, atseden-egunak larunbata eta igandea izango dira, txandaka antolatu behar diren bulego, eginkizun edo zerbitzuetan izan ezik. Horietan Administrazioko agintari eta organo eskudunak arautuko du atsedenaldiak nola antolatu, sindikatuetako eta langileen ordezkariekin kontsultatu ondoren.

Larunbatetan zabalik egon behar duten unitate edo zerbitzuetan, gutxienez, 09:00etatik 13:15era egingo da lan, eta jendaurreko ordutegia orain indarrean dagoen berbera izango da. Larunbatetan lan egiten duten langileei hurrengo asteko lehen hiru egunetako bat jai emango zaie, ahal dela astelehena.

Larunbatetan eskaintzen den zerbitzuaren zabalkuntza langile boluntarioekin egingo da. Bestela, zabalkuntza hori sindikatuen ordezkariekin negoziatu ondoren baino ez da egingo.

29. artikulua.- Igandeetan edo jaiegunetan egindako lanaren ordaina.

1.- Igandeetan edo jaiegunetan eskuarki lanean aritzen diren langileek aurreko edo ondorengo astean egun bat jai hartzeko aukera izango dute, baina ordu horiek ez dira sartutako ordutzat joko. Eragin horietarako, bezperako 22:00etatik igandeko edo jaieguneko 22:00etara doan tartea jotzen da jaieguntzat.

Igandean edo jaiegunean lan egitea ohikoa baldin bada, lansariei dagokien tituluan zehazten den osagarria jasotzeko eskubidea izango da.

2.- Igandez edo jaiegunez salbuespen gisa lan eginez gero, lanordu bakoitzeko astegunez bi ordu jai hartzeko aukera izango da, baina ezingo da inolako lansari osagarririk eskuratu.

30. artikulua.- Astegunez sobera egindako lanorduen ordaina.

Zerbitzuko arrazoiak direla-eta eta buruek aginduta atzeratu ezin diren lanak egiteko aparteko orduan egiten direnean, ordu horiek astegunez, larunbat errekuperatuetan eta txanda errekuperatuetan lanalditik kanpo egiten badira, sartutako ordu bakoitzeko ordu eta erdiko ordaina hartzeko eskubidea izango dute langileek, behar bezala justifikatu ondoren. Astegunez sobera egindako lanordutzat joko dira arratsaldeko bostetatik aurrera sartutakoak, betiere errekuperatu beharreko ordurik ez badu langileak. Kasu horretan, ordu bakoitzak ordu bateko ordaina izango du.

Astegunean gaueko txandan sartutako ordu bakoitzak bi orduko ordaina hartzeko eskubidea emango du.

Astero egingo da konpentsazio horren zenbaketa eta ondorengo hiruhilekoan hartu ahal izango dira tokatzen diren orduak. Langileak aukeratuko du sartutako orduak noiz hartu, Zerbitzu Zuzendaritzari, ordezkariari edo dagokion administrazio-unitateko arduradunari jakinaraziko dio eta Zerbitzu Zuzendaritzak, ordezkariak edo arduradunak, halaber, Lan Harremanen Zuzendaritzari jakinaraziko dio. Zerbitzuaren beharrak direla-eta soberan sartutako orduen ordaina hartu ezin bada, beste hiru hilabeteko epea irekiko da.

31. artikulua.- Oporrak.

1.- Lanean emandako urte oso bakoitzeko hogeita bi laneguneko opor ordainduak hartzeko eskubidea izango dute langile guztiek.

2.- Lanean urtebete osoa egiten ez dutenek, lanean hasitako edo berriz hasitako egunetik urte bereko abenduaren 31ra doan epeari proportzioz dagozkion oporrak hartuko dituzte.

3.- Oporren ordez ezingo da dirurik eskuratu, ez osorik ez eta zati batean ere, salbu eta urtea amaitu aurretik langilearen kontratua amaitzen bada edo eszedentzia hartzeko edo zereginak eteteko deklarazioa egiten bada eta langilea oporrak osorik edo zati batean hartzeke badago oraindik. Salbuespen da, bada, erretiroa, eta horretan ezingo da kalte-ordainik jaso dirutan.

4.- Aurreko artikuluan adierazten diren aparteko kasuetan, langileak oraindik hartzeko dituen oporrei dagokien zatia kobratzeko eskubidea izango du, urtearen barruan lan egin duen hilabete-kopurua kontuan hartuta. Hilabete bakoitzari 2,5 opor-egun dagozkio eta hilabetearen edonolako zatiketa dagokion proportzioan kontatuko da. Lan-kontratua amaitzeko arrazoia langilearen heriotza izanez gero, oinordekoek jasoko dute dagokion ordainketa hori.

5.- a) Ekainaren 1etik irailaren 30era doan tartean hartuko dira oporrak, lau hilabete horietako edozeinetan, zerbitzuko beharrek bestelakorik agintzen dutenean izan ezik. Hala ere, abuztua izango da opor-egutegia egiteko eredutzat hartuko den hilabetea.

Sailek oporren koadroa egingo dute eta, zerbitzuaren beharren arrazoiketarekin batera, Lan Harremanen Zuzendaritzara bidaliko dituzte.

b) Oporrak bi zatitan hartu ahal izango dira tarte horren barruan, baina zatirik txikiena astebetekoa izango da gutxienez.

c) Arau orokorra aurreko lerroaldeetan azaldutakoa baldin bada ere, zerbitzu zuzendaritzek ekainetik irailerako epetik kanpo astebete eta hilabete bitarteko oporrak hartzeko baimena eman ahal izango dute, gorabehera horien berri Lan Harremanen Zuzendaritzari eman beharko diotelarik.

Kasu horietan, oporrak hartzea pentsatzen den eguna baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu behar dira eskabideak eta Zerbitzu Zuzendaritzak gutxienez 15 egun lehenago erantzun behar du.

d) Zerbitzuaren beharrizanak direla eta administrazioak zehazten badu oporrak ekainetik irailera bitarteko alditik kanpo hartu beharra, langileek beren oporraldia luzatzeko aukera izango dute: beste 5 lanegun edo aipatutako alditik kanpo hartutako egunen zati alikuota. Betiere, langileek eskubidea edukiko dute opor-aste bat berek aukeratutakoan hartzeko.

e) Zerbitzuaren beharrizanak direla eta administrazioak ekainetik irailera bitarteko epearen barruan oporrak noiz hartu behar diren agintzen badu ere, langileek aste bat behintzat nahi dutenean hartzeko eskubidea izango dute.

f) Aurreko a), b) eta c) artikuluetan adierazitakoa dagokion ordu-errekuperazioa egiteko derrigortasunaren kaltetan gabe egin beharko da, hau da, urteari dagozkion benetako lanordu guztiak bete behar dira.

Astebeteko opor-aldia eskatzen denean, aste horretan jaiegun bat edo gehiago izanez gero, ezingo da baimenik eman 4 lanegun baino aldi laburragorako.

g) Oporren koadroa urteko lehenengo hiruhilekoan ezarriko da.

6.- Oporraldia eten ahal izango da horren barruan gaixoaldi edo istripuren bat gertatuz gero. Gorabehera horiek pasa ondoren interesatuak oporraldiarekin jarraitzeko aukera izango du. Horretarako, medikuaren alta aurkeztuko dio dagokion zerbitzu zuzendaritzari.

7.- Zerbitzuaren beharrizanak direla eta administrazioak oporrak hartzeko egunak aldatzen baditu, gutxienez 20 egun lehenago emango dio horren berri eragindako pertsonari, eta eragindakoak gorabehera horrek sortarazi dizkion gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango du, langileak gastu horiei buruzko egiaztagiriak aurkeztu ondoren, eta baldin eta gastu horiek beregain hartzerakoan zabarkeriarik ez badago langilearen aldetik.

8.- Oporrak hasi ondoren zerbitzuaren beharrak direla-eta eten egin behar baldin badira, aurreko artikuluan aipatu diren gastuak kobratzeaz gain, lan egindako ordu bakoitzeko bi ordu jai hartzeko eskubidea izango da.

IV. TITULUA

BAIMENAK

32. artikulua.- Baimenak.

1.- Akordio honen eraginpean dauden langileek lizentzia ordaindua har dezakete ondoren zehazten diren arrazoiengatik eta denborarengatik:

a) Istripu edo gaixotasunagatiko baimena.

b) Erditze, edoskitze, adopzio eta umea hartzeagatiko lizentzia.

c) Aitatasun-baimena.

d) Norberaren edo ahaideen ezkontzarako baimena.

e) Bataio eta jaunartzeetarako baimena.

f) Ahaideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko baimena.

g) Lehen mailako ahaideen gaixotasun larriagatiko lanaldi-murrizketa.

h) Derrigorrezko betebehar publiko edo pribatuak egiteko baimena.

i) Ohiko etxebizitzaz aldatzeko baimena.

j) Sindikatuen edo langileen ordezkari-lanak egiteko baimena.

2.- Halaber, ondorengo baimenak eman ahal dira, bakoitzean ezartzen diren arauen arabera. Honako hauek dira:

a) Adin txikikoak edo desgaituak edo gaixorik dauden senitartekoak zaintzekoak.

b) Gaixotasun kronikoak edo mugitzeko arazoak dituzten senitartekoak zaintzekoak.

c) Kontsulta, tratamendu eta mediku-azterketetara joatekoa.

d) Betetzen den funtzioarekin edo lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikasketak egitekoa.

e) Lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia ez duten ikasketak egitekoa.

f) Zientzia, teknika edo lanbideko ekitaldietara joatekoa.

g) Hautapenezko karguari dagozkion jardunak betetzekoa.

h) Norberaren eginkizunetarako baimena.

IV. titulu honetan ezkontideari buruz adierazitako guztia dagokio funtzionarioarekin bikote egonkorrean bizi denari ere, horrela bizi direla erakutsita. Bizikidetza egonkorreko bikoteen senitartekoei ere ezkontideen senitartekoena dagokie.

Titulu honetan araututako lizentzia eta baimenei esker jai emandako lanegunak, nahitaez, baimena hartzeko arrazoiak sortzen diren egunetan hartu beharko dira, berariaz beste aukerarik finkatzen ez bada.

Lurralde Ordezkariari edo horren ordeko agintariari dagokio baimenak ematea, sailetako egoitza nagusietan izan ezik, horietan Zerbitzuetako zuzendariari dagokio eta. Hori guztia ezarpen, koordinazio eta kontrol irizpideak ezartzeko zerbitzu zuzendaritzek dituzten gaitasunen kaltetan gabe. Zerbitzu zuzendaritzek onartutako lizentzien eta baimenen berri eman behar diote Lan Harremanen Zuzendaritzari.

Nolanahi ere, 47. artikuluan aurreikusten den baimena ematea dagokion Zerbitzu Zuzendaritzaren aginpidea izango da beti. Era berean, 49. eta 52. artikuluetan aurreikusten diren baimenak Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren oniritzia beharko dute, baina baimen-eskaera 15 egunekoa baino laburragoa baldin bada, Zerbitzu Zuzendaritzen esku egongo da erabakia, hartu ondoren Lan Harremanen Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaiolarik.

33. artikulua.- Baimenen arteko bateraezintasunak.

Ezin izango da batera erabili aurreko artikuluan aipatutako baimen-mota bat baino gehiago. Printzipio orokor honetan salbuespen dira edoskitzea eta lanaldi-murrizketak dakartzaten baimenak; horiek bateragarriak dira besteekin. Oporraldiak dirauen artean, ezin izango da baimenez edo ordaindutako baimenez baliatu.

34. artikulua.- Istripu edo gaixotasunagatiko baimena.

1.- Langileek, gaixotasuna edo istripua dela eta, beren lana behar bezala ezin badute egin, eta hala jasota badago osasun-zerbitzuek emandako bajan, baimena izateko eskubidea dute, alta jaso artean, kontratazioaren gehienezko epea ez gainditzearen baldintzapean.

2.- Aldi baterako ezintasuneko egoeretan Administrazioak osagarriak ordainduko ditu, enplegatuak, gaixotasuna edo istripua izanez gero, lansarien % 100 jaso dezan, bajan dagoen artean, baina 18 hilabeteko muga dagoela.

Administrazioak, Aurrezaintzako Zerbitzuaren Mediku Arloaren araketaren bitartez, jarraipena egin dezake eta enplegatuaren gaixotasun edo istripu-egoera ere egiazta dezake, hori guztia egoera hobeki ezagutzeko eta albait azkarren sendatzen laguntzeko.

Enplegatuak horrelako araketak ez baditu pasa nahi, diru-osagarriak gal litzake, doakionari idatzizko entzunaldia eman ondoren.

3.- 18 hilabeteko gehienezko epea amaitu eta, bitartean, funtzionarioak baliaezintasun iraunkorren bat eskatu badu, aurreko lerroaldean adierazitako zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du medikuaren alta jaso arte, baliaezintasuna onartuta edo onartu gabe, edo zendu arte. Baliaezintasun iraunkorra onartzen bazaio honelako mailetan: guztizko baliaezintasun iraunkorra, erabateko baliaezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia; aipaturiko eskubidea GSINen erabakiaren dataren aurreko egunera arte luzatuko da.

Hori dela-eta, eskubide hori gauzatzeko eskaera hilabeteko epe luzaezinean aurkeztu behar da, epea altaren egunetik edo baliaezintasun-maila onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik edo, hala badagokio, baliaezintasuna ukatzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik edo heriotzako egunetik hasita.

Baliaezintasuna 18 hilabeteko epea bukatu ondoren eskatzen bada, gorago aipatutako zenbatekoa jasotzeko eskubidea eskaera egiten den egunetik aurrera baizik ezin izango zaio aitortu.

4.- Gaixotasun edo istripuagatiko baimenarekin dagoela, langileak norbere edo beste inoren konturako lanak egiten baditu, aurreko puntuan ezarritako zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galduko du, eta, arrazoi horregatik diru-kopururen bat jaso badu ordurako, itzuli egin behar dio Administrazioari hilabeteko epean, ireki dakiokeen diziplinako espedientearen kaltetan gabe.

5.- Gaixoaldia edo istripu-aldia borondatez eta arrazoirik gabe luzatzen duen langileak diziplinazko erantzukizuna izango du, besteak beste, eta bigarren atalean ezarritako zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galduko du.

35. artikulua.- Erditze, edoskitze, adopzio eta umea hartzeagatiko lizentzia.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko emakume langileek, erditzeagatik, dagokien baimena hartzeko eskubidea dute. Hamazazpi asteko iraupena izango du baimenak eta, erditze anizkoitza izanez gero, bi aste gehiago luza daiteke bigarrenetik aurrerako seme-alaba bakoitzeko. Interesdunak aukeratuko du denboraldia nola banatu, baina umea egin eta berehala sei aste hartu beharko ditu. Ama hilez gero, aitak baimen osoa erabili ahal izango du edo, kasua zein, geratzen den baimen-zatia.

Hala ere, erditu ondorengo asteetan amak nahitaez gorde behar dituen atseden-egunez gain, aitak eta amak lan egiten baldin badute, amak aukera du erditu osteko atsedenaldiaren zati bat etenik gabe aitari lagatzeko, dela amaren baimenarekin batera, dela ondoz ondo, salbu eta eskubide hori egikaritzean ama lanean hastea arriskutsua bada. Atsedenaldiak aldi berean gozatuz gero, bien arteko baturak ezin izango ditu aurreikusitako hamazazpi asteak gainditu edo seme-alaba bat baino gehiago erdituz gero dagozkionak gainditu.

Baimenaren iraupen osoa agortutakoan, emakume langileak bere lanera ohiko eran itzultzea eragozten dion osasun-arazorik baldin badu, aldi baterako ezintasun-baxa hartuko du. Horretarako, manuzko izapideak bete beharko ditu.

2.- Sei urtetik beherako haurren adopzio edo harrera kasuetan, hala adoptatu aurreko harreran nola behin betiko harreran, langileak eskubidea izango du etenik gabeko hamazazpi asteko baimena hartzeko. Haur bat baino gehiago adoptatuz gero, adoptatutako haur bakoitzarengatik bi aste gehiago hartzeko aukera izango du, interesdunak nahi duenetik zenbatzen hasita, dela administrazioaren nahiz epaitegiaren harrera-ebazpena ematen denetik aurrera, dela adopzioa eratzen duen epaitegiaren ebazpena ematen denetik aurrera. Halaber, baimenaren iraupen-aldia hamazazpi astekoa izango da adingabea sei urtetik gorako ezindua edo elbarria denean, edo bere inguruabar pertsonalak eta esperientziak direla eta, edota atzerritarra izateagatik, gizarteratzeko eta familiaren baitan toki izateko zailtasunak baldin baditu, gizarte-zerbitzu eskudunak hala egiaztatuta. Aitak eta amak lanean badihardute, baimena interesdunek aukeratutako moduan banatuko da, hau da, aldi berean edo ondoz ondo, betiere etenik gabe. Atsedenaldiak aldi berean gozatuz gero, bien arteko baturak ezin izango ditu aurreikusitako hamazazpi asteak gainditu edo seme-alaba bat baino gehiago adoptatzeagatik edo harreran hartzeagatik dagozkionak gainditu.

Nazioarteko adopzioko kasuetan, aitak edo amak adoptatutako haurraren sorterrira aldez aurretik joan behar dutenean, kasu bakoitzerako artikulu honetan aurreikusitako baimena adopzioa eratzen deneko ebazpena eman baino lau aste lehenago har daiteke, gehienik jota.

3.- Aurreko ataletan araututakoaren arabera aitak, gutxienez, baimeneko lau aste hartzen baditu, orduan, bi aste gehiago hartzeko eskubidea izango du.

4.- Oporraldia eta baimen-aldia (erditze, edoskitze, adopzio eta umea hartzeagatikoa) batu ahal izango ditu langileak, baita eta oporraldiari dagokion urtea amaitu bada ere.

5.- Era berean, emakume langileak lanean ordubeteko etenaldia egiteko eskubidea du hamabi hilabete baino gutxiagoko seme-alaba bakoitzeko; denbora hori bi zatitan bana dezake bularra edo biberoia emateko. Emakumeak, hala nahi badu, eskubide horren ordez ohiko lanaldia ordubetez murritz dezake, helburu bererako bada. Edoskitzea artifiziala denean, lan-jardunaldian etenaldia egiteko edo lanaldia gutxitzeko eskubidea aitari pasatu ahal zaio, aitak eskatzen badu, eta, amak lan egiten duela egiaztatu ondoren, amak baimena hartzeko eskubideari uko egiten diola edo ezin dela baimenaz baliatu ziurtatzen badu.

Emakume langileak aurreko paragrafoan azaldutako baimenari eustea edo denbora hori erditzeagatiko baimenari gehitzea izango du aukeran. Dena dela, horretarako kontuan har daitezkeen orduak benetako lanegunetakoak dira. Hori dela-eta, funtzionarioak, baimena eskatzerakoan, hamabigarren hilabetea bete artean geratzen den garaian, baimenak, oporrak edo lan-utzialdiak hartzeko asmoa duen adierazi behar du, tarte horiek guztirakotik kendu ahal izateko.

6.- Administrazioak laguntza osagarriak ordainduko ditu emakume langileak lansarien % 100 jaso dezan amatasuneko bajan dagoen bitartean.

7.- 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, honako baimen hauek onartuko dira (iraupenak ere zehaztu dira):

a) Erditzeagatiko baimena.

Erditzeagatik, emakume langileek etenik gabeko 18 asteko baimena izango dute, eta bi astez gehiago luzatuko da, seme-alabaren desgaitasunaren kasuan eta, erditze anizkoitzaren kasuan, bigarrenaren ondorengo seme-alaba bakoitzeko.

Administrazioak langileari Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazio ekonomikoaren osagarri bat ordainduko dio, erditzeagatiko baimenean ordainsarien % 100 jaso dezan.

b) Adopzioagatiko edo harreragatiko baimena.

Langileak etenik gabeko 18 asteko baimena izango du adingabeak adoptatzeagatik edo harreran hartzeagatik, adopzio aurreko harrera nahiz iraunkorra edo soila izan, betiere urtebete baino gutxiagorako ez bada azken kasu horretan.

Administrazioak langileari Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazio ekonomikoaren osagarri bat ordainduko dio, adopzioagatiko edo harreragatiko baimenean ordainsarien % 100 jaso dezan.

36. artikulua.- Aitatasun-baimena.

1.- Aitak edo beste gurasoak etenik gabeko 21 egun naturaleko baimena hartzeko eskubidea izango du jaiotza, adopzio edo harreragatik. Baimen hori, nolanahi ere, haurra jaiotzen denetik edo ebazpen judiziala edo administrazio-ebazpena ematen denetik hasiko da, lanaldi osoan. Baimen hori etenik gabeko lau astera luzatuko da, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2.- Administrazioak langileari Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazio ekonomikoaren osagarri bat ordainduko dio, aitatasuneko baimenean ordainsarien % 100 jaso dezan.

37. artikulua.- Norberaren edo senideen ezkontzagatiko baimena.

1.- Langileak 20 egun naturaleko baimena izango du ezkontzeagatik. Ezkontza ospatu baino lehen edo ospatu ostean hartu ahal izango da, baina edonola ere, ezkontzaren eguna epealdiaren barruan geratuko da.

Baimen hau oporraldiarekin batera har daiteke, aurretik edo atzetik gehitzeko aukera dagoela, 15 egun aurretiaz zerbitzu-zuzendariari adierazita.

2.- Baimen hori hartzeko eskubidea izango dute, era berean, izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legean jasotako baldintzetan izatezko bikotea eratzen duten enplegatuek, baldin eta EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroak emandako ziurtapenaren bidez egiaztatzen bada.

Akordio honek indarra hartu eta gero bizikidetza egonkorrean hasten diren herri-langileentzat baino ez da izango baimen hau.

Ezkontza edo bizikidetza egonkorra dela-eta, ezin izango da beste baimen bat hartu 6 urte igaro arte eta inolaz ere ez bikoteko kideak berberak direnean.

3.- Ezkontza langilearen guraso, aita-amaginarreba, neba-arreba, suhi-errain, seme-alaba, iloba edo aitona-amonenak direnean, ezkontza-eguna izango du libre, baina ospakizuna langilearen bizilekutik 150 km baino urrutirago egiten bada, hiru egun natural emango dira libre joan-etorria errazteko.

38. artikulua.- Bataio eta jaunartzeetarako baimena.

Seme-alaben edo biloben bataioaren edo jaunartzearen kasuan, aitak, amak eta aiton-amonek aipatutako ekitaldia gertatuko den egunean baimen ordaindua izateko eskubidea izango du, lanegun antolatuarekin bat badator edo bezperan gaueko txanda planifikatu bada.

Beste erlijio-konfesio batzuen antzeko ospakizunei ere aplikatuko zaie baimen hori, baldin eta Espainiako Estatuak lankidetza-hitzarmena izenpetuta badauka haiekin.

39. artikulua.- Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko baimena.

1.- Langileak arrazoi honegatik har dezakeen baimenaren iraupen-aldiak honako hauek dira: ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara artekoen heriotzagatik, 3 lanegun eta senar-emazte, bizikide edo seme-alaben egiaztaturiko gaixotasun larriagatik edo heriotzagatik, 5 lanegun. Ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara artekoen egiaztaturiko gaixotasun larriagatik, bi lanegun.

2.- Aipaturiko lizentzia-aldiei 2 egun natural gehiago gehituko zaizkie gertakizunak langilearen ohiko bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

3.- Ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara arteko ahaideen edo, bizikidetzako kasuan, urrunagora artekoen gaixotasun larriaren kasuetan, egiaztatuta, langileak, lehenengo baimena amaitu eta 30 egun igaro ostean, epealdi berdineko beste baimen bat hartzeko eskubidea izango du, baina bizilekutik urrun gertatzeagatik ez du oraingo honetan egun-gehitzerik izango.

4.- Batzorde Paritarioak ezarriko ditu gaixotasun larria zer den zehazteko irizpideak. Zalantzak daudenean, Prebentzio Zerbitzuko arlo medikoak larritzat hartzen dituen gaixotasunak joko dira horrelakotzat.

5.- Artikulu honetan araututako baimenetarako ezarritako lanegunak horiek emateko arrazoi diren kasuak gertatzen diren egunetan hartu beharko dira.

6.- Lehen paragrafoan aipatutako baimen-aldiei hiru egun gehitu ahal izango zaizkie, jasotako egoera guztien kasuan. Egun horiek errekuperatu egin beharko dira hiru hilabeteko epean.

40. artikulua.- Lanaldiaren murrizketa lehen mailako senideen gaixotasun oso larriagatik.

Lehen mailako senidea zaintzeko -edo, elkarrekin bizi izanik, maila horrez gaindikoak zaintzeko-, gaixotasun oso larria badauka, langileak lanaldia % 50eraino murrizteko eskubidea izango du, ordainduta eta hilabeterako gehienez ere.

41. artikulua.- Nahitaezko betebehar publikoak edo norberaren betebeharrak betetzeko baimena.

1.- Nahitaez bete behar diren eginbehar publikoak edo norberaren eginkizunak betetzeko baimen ordaindua izango dute langileek, eta horretarako behar beste denbora izango dute, baldin eta lanorduetatik kanpo egiterik ez badago.

2.- Akordioaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira derrigorrezko eginkizun:

a) Epaitegien, komisarien eta beste administrazio-organo batzuen zitazioak.

b) NANa, pasaportea, eta gidabaimena eskuratzeko edo berritzeko azterketa.

c) Odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideei, minusbaliotasun psikiko edo fisikoren bat badute, beren egoerari dagozkion izapide zehatzak egiten laguntzea. Halakotzat hartuko dira artikulu honetako a eta b idatz-zatietan adieraziak.

d) Hautetsi moduan (hala nola, zinegotzi, ahaldun, batzar nagusietako kide edo legebiltzarkide) kide diren gobernu-organoen edo haien mendeko batzordeen bileretara joatea.

42. artikulua.- Ohiko etxebizitza aldatzeko baimena.

Langileak, ohiko etxebizitza aldatzeagatik, 2 laneguneko baimena izango ditu horretarako, behar bezala frogatzen badu.

Erroldatze-ziurtagiriaren bidez justifikatuko da, eta erroldatze-datatik 15 egun naturaleko epean hartuko da.

43. artikulua.- Sindikatuen edo langileen ordezkari-lanak egiteko baimena.

1.- Sindikatuen edo langileriaren ordezkari-lanak egiten dituztenek dagokion baimena izateko eskubidea izango dute, akordio honetan jasotako xedapenen eta indarrean dagoen araubidean ezarritako egoera, epe, baldintza eta aginduen arabera.

2.- Edonola ere, akordioa negoziatzeko mahaian parte hartzen duten langileek baimen ordaindua hartzeko eskubidea dute, mahaiko idazkariak dei egindako bileretara joateko, negoziazio kolektiboa burutu bitartean. Hori dela eta, lanera ez doan langileak horren berri eman behar dio aurretiaz hurbileneko buruari.

44. artikulua.- Desgaitasunen bat duten adin txikikoak edo gaixorik dauden senitartekoak zaintzeko baimena.

Langileak bere kontura gorputz-, adimen- edo zentzumen-elbarria, hamabi urte baino gutxiagoko neska edo mutila edo larriki gaixotuta dagoen odol zein ezkontza bidezko ahaidetasunaren 2. mailara edo, bizikidetzako kasuan, urruneragokora artekorik badauka, eta horren legezko zaintzaren arduradun bada, laneguna murrizteko baimena eskatu ahal izango du. Murrizketa hori lanegunaren zortzirenekoa, bostenekoa, herenekoa edo erdikoa izan daiteke eta horrek lansariaren atal guztietan heineko beherapena ekarriko du bere baitan.

45. artikulua.- Gaixotasun kronikoren bat edo mugitzeko arazoak dituzten senideei laguntzeko baimena.

Bigarren gradura arteko odolkidetasuneko zein ezkontza-ahaidetasuneko senideak zaindu behar dituen langileak edo, berarekin batera bizitzeagatik urrunagoko graduko senitartekorik zaindu behar duen langileak, dela mugitzeko arazoak izateagatik dela osasun-txostenaren bitartez egiaztatutako gaixotasun larria eta jarraitua jasateagatik, ordaindutako 50 orduko baimena izateko eskubidea izango du urtean. Oro har, ordu-kreditu hori erabiltzeko egunean har daitekeen denbora bi ordu izango dira gehienez, eta ordu horiek lanera sartzearekin edo lanetik irtetearekin batera erabili beharko dira.

46. artikulua.- Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.

1.- Langileek eskubidea dute lanaldiaren barruan kontsulta, tratamendu eta mediku-araketak egitera joateko, bertaratu direla behar bezala frogatzen bada eta osasun-zentro horietan bestelako kontsulta-ordurik ez badute, langilea lanorduetatik at joateko.

2.- Iraupena, eskuarki, lau ordukoa izango da gehienez, behar bezala frogatutako kasu berezietan izan ezik. Baimen hori ordaindutakoa izango da.

3.- Umea jaio orduko azterketak egin eta erditzea prestatzeko teknikak ikastera joateko beharrezko denbora guztirako baimena izango du haurdunaldian dagoen emakumeak, eta ordaindu egingo zaio. Horretarako, egiaztatu egin beharko da jarduerak lanaldiaren barruan egin behar direla eta benetan bertara joan behar dela.

4.- Hala berean, langileek lagundu ahal izango diete medikuen kontsultetara, tratamenduetara eta azterketetara odol edo ezkontza bidezko ahaidetasunaren 2. mailara edo, bizikidetzako kasuan, urrunagokora artekoei, pertsona horiek behar izanez gero, baldin eta joan beharreko mediku-zentroek ez badituzte kontsulta-orduak langilearen lanorduz kanpo. Horretan erabilitako denbora hilabetean sartu beharko da.

47. artikulua.- Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan zein Estatuko gainerako beste lurraldeetan dauden prestakuntzako ikastegi ofizialetan onartzen diren langileei baimena eman ahal izango zaie lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko.

2.- Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) antolatzen dituen ikastaldi eta ikastaroetarako onartu izana egiaztatu beharko da eta Zerbitzu Zuzendaritzaren baimena lortu. Estatuko beste ikastegi batzuen kasua denean aipatutako erakundeak emango du bere iritzia.

3.- Baimen honen epealdia ezin izango da ikasturteari dagokiona baino luzeagoa izan.

4.- Baimen honek araudiz ezarritako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak eskuratzeko eskubidea emango du.

48. artikulua.- Lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia ez duten ikasketak egiteko baimena.

Langileek lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusirik ez duten ikasketak egiterakoan, behar besteko baimena izango dute ikastetxe ofizial edo homologatuetan azterketak egiteko; horretarako egin behar den azterketa bakoitzeko, ohiko zein aparteko deialdietan, egun bat emango zaie eta, edozein kasutan, dagokion frogagiria aurkeztu beharko dute. Baimen hori bi egutegi-egunez luzatuko da, azterketa-lekua azterketa egiten duenaren ohiko bizilekutik 150 km baino urrunago baldin badago. Baimen hau ordainduta egongo da.

49. artikulua.- Zientzia, teknika edo lanbideko ekitaldietara joateko baimena.

1.- Era berean, biltzar, ikastaldi, ikastaro, mintegi, sinposio, topaketa, lehiaketa, elkarrizketa, hitzaldi, bilera, jardunaldi eta beste edozelako zientzia, teknika edo lanbideko ekitalditara joateko baimen ordaindua eman ahal izango zaie langileei, zerbitzuaren beharrizanak kontuan izanik eta dagokion zerbitzu zuzendaritzak aurretiaz baimendu ondoren.

2.- Langileak berak eskatu beharko du baimen hori, eta ordaindua izango da lehenengo bost egunetan, baina muga horretatik gorakoak ez dira ordainduko. Bestalde, ez dio inolako kalte-ordainik ekarriko, eta bidaia-sariak, gastuak, egonaldiak edo izena ematea doakionaren konturakoak izango dira.

50. artikulua.- Hautetsien eginkizunak betetzeko baimena.

Instituzioetan hauta bidezko kargudun diren langileek beren egoeratik eratorritako funtzioak betetzeko baimena izango dute, 41.2.d) artikuluko kasuetakoak kanpo, horretarako behar den denboran, beti ere, guztira urteko lanaldiaren ehuneko 10 gainditzen ez bada.

Baimen honen ondorioz hartutako denborak ez du inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ematen, eta denbora hori errekuperatu egin beharko da.

Egoera horretan dauden langileek, baimen horren ordez, ohiko lanaldiaren murrizketa eskatu ahal izango dute, baina lansariaren kontzeptu guztiak murrizketaren hein berean gutxituko zaizkie. Murrizketa zortziren batekoa, bosten batekoa, heren batekoa edo erdikoa izan daiteke.

51. artikulua.- EAEko Administrazio Orokorraren sarbide-probetara joateko baimen ordaindua.

Baimen ordaindua emango zaie langileei beren kidegoko hautaprobei dagozkien ariketak egiteko: bitarteko funtzionarioei, izendapena duten kidegoan sartzeko deialdietan aurreikusitako probetarako; karrerako funtzionario izanez gero, berriz, barne-sustapenaren bidez sartu nahi duten kidegoan sartzeko deialdietan. Baimen hori probetan parte hartzeko behar adina denborarako emango da.

52. artikulua.- Norberaren gauzetarako baimena.

1.- Norberaren gauzetarako baimena, oso arrazoi borobilagatik ez bada, jardunean hasi edo lanera itzuli eta urtebete igaro arte ezin izango da eskatu.

Norberaren eginkizunetarako baimen-aldietan ez da ezer ordainduko, gainera, baimen-aldia oporrei kenduko zaie hein berean. Iraupena guztira ezin izango da lau hilabetekoa baino luzeagoa izan urte bitik behin. Bi urteak baimen-aldia hartzen den lehenengo egunetik hasiko dira zenbatzen; hori horrela, ondoz ondoko hiru hilabeteko aldirako ematen bada, ezin izango da beste bat eman bi urte igaro arte, lehenengoaren hasiera-egunetik hasita. Aldi laburragoetan, halaber, hasiera-egunetik hasiko da zenbatzen, baina bi urteko epearen barruan norberaren gauzetarako beste baimen batzuk eman ahal izango dira, hiru hilabeteak osatu arte.

Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen denean, urtean ondoz ondoko lau hilabete eman ahalko dira gehienez.

Ikasketa ofizialak egitearren lanaldia zortziren batean, bosten batean edo heren batean murriztu daiteke, hala erabakitzen bada; soldatak, halaber, hein berean murriztuko dira.

Norberaren kontuetarako baimenaren iraupena, garatzeko bidean dauden herrialdeetan eginkizunen bat egiteko eskatzen bada, eta, betiere, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen babespean bada, aldi guztiak batuta, ezin izango da 2 urtetik gorakoa izan, bost urterik behin, eta gutxieneko aldia lau hilabetekoa izango da.

Hala berean, sei hilabeteko edo urtebeteko baimena, ordaindu gabea, eskatu ahal izango dute karrerako funtzionarioek. Baimen hau jasoz gero, ezin egingo da jardun ordaindurik. Ezin izango da horrelako beste eskaririk egin baimena amaitu eta bost urteko benetako zerbitzuan aritu arte.

2.- Edozein herri-administraziotan sartzeko hautaprobetara joateko errekuperatu beharreko baimena

Administrazioen eta erakunde publikoen kidego eta eskaletan sartzeko deialdietan aurreikusitako hautaprobei dagozkien ariketak egiteko baimena emango zaie langileei. Baimen hori probetan parte hartzeko behar adina denborarako emango da.

Libre hartutako denboragatik ez da inolako ordainketarik jasotzeko eskubiderik izango, eta, zerbitzu-zuzendaritzek hortaz xedatu dezatenarekin bat etorriz, orduak errekuperatu beharra ere gerta daiteke, zerbitzuaren premiei erantzun behar zaienean.

3.- Karrerako funtzionarioek, bestalde, lan-orduak heren batean, bosten batean, zortziren batean edo erdian gutxitzea eska dezakete, lansari guztiak hein berean gutxituta, hirurtekoak barne. Lan-orduak gutxitu, eta beste edozein jarduera betetzea, biak hala biak bateraezinak dira, gutxitutako ordutegiaren barruan egitekoa bada jarduera hori; berdin da ordaindutakoa, zein ordaindu gabea izatea delako jarduera hori.

Eskaera urtebeterako izango da gutxienez. Baimen horren gozamena amaitu eta gero, ezingo da beste halako baimenik eskatu, harik eta gozamena amaitzen denetik hiru urte igaro arte. Jarduneko zerbitzuan hasita, edo horretara itzulita, bi urte igaro beharko dira baimena eskatzeko.

4.- Baimen hori, betiere, laneko beharren arabera emango da. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak eman beharko dira.

V. TITULUA

SINDIKATUEN LANA ETA PARTAIDETZA

53. artikulua.- Sindikatuen lana eta partaidetza.

1.- Indarrean dagoen araubidean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Eskubide Sindikalei buruzko Abiaburu-Hitzarmenean ezarritakoaren kaltetan joan gabe, eta Administrazioak bere burua antolatzeko duen ahalmena berariaz onartzen delarik, negoziazioa, sindikatuen partaidetza eta, azken finean, elkarrizketan oinarritutako harremanei eustea oinarrizko osagaiak dira Administrazioak eskaintzen dituen zerbitzuak eraginkorragoak eta hobeak izan daitezen.

2.- Sindikatuen lana errazteko asmoz, lurralde historikoetako sindikatu-sail bakoitzari lokal bat eskaintzeko ardura hartzen du beregain Administrazioak, Negoziaziorako Mahai Orokorrean erabakitzen den moduan.

3.- Pertsonal Batzordeetako kideek eta sindikatuen ordezkariek, beren eginkizunetarako erabat liberatuta ez badaude edo beren lanetarako dituzten orduak ez badaude egutegi zehatz bati lotuta, dagozkien orduez baliatzeko asmoa 24 ordu aurretik jakinarazi behar diote hurbileneko arduradunari, premiazko edo ezinbesteko arrazoirik ez badago, behar bezala frogaturik.

4.- Pertsonal Batzordeetako kideei onartzen zaizkien bermeak eta informazio-eskubideak berdin onartzen zaizkie sindikatuen ordezkariei.

5.- Sindikatu-sailen eta Administrazioko organoen arteko harremanak estutzearren, eta sindikatuak berak eta beren sailak lotuago egon daitezen, ordezkari diren erakundeetako sindikatu-sailek beren kideen artetik bat izendatu ahal izango dute, lanalditik erabat aske izateko, beste kideek sindikatuen eginkizunetarako dituzten orduak kendu barik. Egoera horretan dagoen bitartean izendatutako lagunak ez du inolako lansaririk jasoko.

6.- Administrazioa eraberritzeko ezinbesteko tresna, alderdi bien ustetan, langileen partaidetza da, horretantxe datza ahalegin guztien gakoa.

Hori dela eta, sindikatuekiko harremanak eta partaidetza bideratzeko, Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzak proposatzen dituen neurriak, langileekin zerikusia dutenak, eztabaidatuko ditu Administrazioak sindikatuekin. Neurri horien berri ematea eta ondorengo negoziazioa Funtzio Publikoaren ardura izango da, horixe baita Administrazioaren eta sindikatuen arteko berezko bitartekoa.

VI. TITULUA

ADMINISTRAZIOAN SARTZEA ETA LANPOSTUAK BETETZEA

54. artikulua.- Lehiaketak, barne-sustapena eta enplegu publikoaren eskaintzak.

1.- 2010. urtean zehar, honako deialdi hauek egingo dira:

- 2009. urterako onartutako lan-eskaintza publikoa: 478 lanpostu.

- A eta B taldeetako lekualdatze-lehiaketa, dauden lanpostu huts guztiena:

- Berariazko 14 lehiaketa ebatzita daude, 64/08 prozedurako epaia betetzeko.

- Deitu ez diren berariazko lehiaketak: 17.

2.- 2011. urtean zehar honako prozesu hauek burutuko dira:

- Lan-eskaintza publikoa:

- A eta B taldeak: 600 lanpostu.

- C, D eta E taldeetako lekualdatze-lehiaketa, dauden lanpostu huts guztiena.

3.- 2012. urtean zehar, honako deialdi hauek egingo dira:

- C, D eta E taldeetako lan-eskaintza publikoa: 175 lanpostu.

- A eta B taldeetako lehiaketa orokorra, dauden lanpostu huts guztiena.

Lan-eskaintza publikoetan, betiere, aurreko lan-eskaintza publikotik gertatzen diren lanpostu huts begetatiboak erantsiko dira.

4.- Barne-sustapeneko prozesuak.

Lan-eskaintza publikoetan, lanpostuen portzentaje bat barne-sustapenerako erreserbatuko da, eta deialdi horiek bereiz egiteko aukera aztertuko da.

5.- Deialdi horietako oinarriak langileen ordezkariekin negoziatuko dira.

6.- Behin-behineko eginkizunak betetzeko langileen hautaketa-prozesuan, lanpostu horiek betetze-prozesu orokorren ondorioz badaude hutsik (lekualdatze-lehiaketak, barne-sustapeneko prozesuak eta enplegu publikorako eskaintzak egin eta gero), langileak lanpostuetara esleitzeko, lan-poltsetan dauden pertsonek erakutsitako lehentasuna hartuko da kontuan, lan-poltsetan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraiki, eta behin langile horiei libre dauden lanpostu guztiak jakinarazi zaizkienean. Prozesuaren neurriak edo zailtasunak hala gomendatuz gero, esleipena egiteko deitutako bileran egingo da esleipena.

55. artikulua.- Lanpostuak aldi baterako betetzea.

1.- Hutsik dauden lanpostuak aldi baterako betetzea.

1.1.- Talde bereko edo hurrengo talde baxuagoko bestelako kidegoetako bitarteko funtzionarioek eta karrerako funtzionarioek, titulazioaren betekizuna betetzen dutenek, zerbitzu-eginkizunetan lanpostuak betetzeko prozeduran parte hartu ahal izango dute, baldintza guztiak betetzen badituzte, betiere lanpostuaren betekizunak betetzen dituen karrerako funtzionariorik ez baldin badago edota ez badu elkarrizketa edo ezarritako proba gainditzen. Langile horiei lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan betetzeko araudia aplikatuko zaie, beren harremanaren izaerarekin bateragarri diren alderdi guztietan.

1.2.- Deialdi horietan parte hartuko duten bitarteko funtzionarioek lanpostuaren betekizun guztiak bete beharko dituzte. Era berean, gutxienez urtebete igarota egon beharko da funtzionarioa egungo lanpostuaz jabetu zenetik deialdia argitaratzen den egunera bitartean.

1.3.- Talde bereko, edo justu beheragoko taldeko, baina beste kidego bateko karrerako funtzionarioek, titulazioaren betekizuna betetzen dutenek, deialdietan parte hartu ahal izango dute kidegoaren betekizuna betetzen duten karrerako funtzionarioentzako ezarritako betekizun eta salbuespen berberekin.

1.4.- Hautatutako pertsona lanean diharduen bitarteko funtzionarioa bada, Administrazioarekiko harreman juridikoari uko egin diezaioke eta bitarteko funtzionario izendatuko da, lanpostua aldi baterako betetzeko. Uko egite horrek ez du ondoriorik izango dagokion lan-poltsan jarraitzeko. Lanpostu berritik kentzen badute, bitarteko funtzionarioa aldi baterako lan-poltsetara itzuliko da, dagokion tokira.

1.5.- Deialdira ez badira bitarteko funtzionarioak aurkezten, edota aurkeztuta ere ezarritako elkarrizketa edo proba ez badute gainditzen, batzordeak, zerbitzu-eginkizunetarako araudiak ezarritako prozedura jarraituz, hautaketa egingo du lan-poltsetan dauden langileen artean, betekizunak betetzen dituztenen artean, hain zuzen.

1.6.- Bitarteko funtzionario batek lanpostua utzi beharra badauka, lanpostua gordeta izateko eskubidea zuen karrerakoa itzuli delako, eta hiru hilabete igaro baino lehen berriz ere hutsik geratzen bada, zerbitzu-eginkizunetan eskaini beharko da, hala badagokio. Deialdia betetzeke uzten bada, lanpostutik kendu den langileari esleitu ahal izango zaio lanpostua, Sailak hala proposatzen badu, interesdunak baiezkoa ematen badu eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzak baimena ematen badu.

1.7.- Merituak ebaluatuta berdinketa badago bitarteko funtzionarioen eta talde bereko, edo hurrengo talde baxuagoko, baina beste kidego bateko karrerako funtzionarioen artean, meritu bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da. Horretarako, karrerako funtzionarioentzako ezarritako araudian jasota dagoen baremo ezberdinetako ordena hartuko da kontuan. Berdinketak irauten badu, jarraian adierazitako hurrenkeraz, honako irizpideetara joko da: antzinatasunik handiena egungo lanpostuan, antzinatasunik handiena Administrazioan eta lanean hasitako dataren antzinatasunik handiena.

1.8.- Lanbide-sustapena bultzatzeko, Administrazio Orokorrak kudeatutako lan-poltsetatik Lanpostu Zerrendako postu batean jarduteko hautatutako karrerako funtzionarioa zerbitzu-eginkizuneko erregimenean jardungo da. Hori dela eta, nahiz eta lanean jardun, lan-poltsetan deitzeko moduan dagoela ageriko da.

1.9.- Formularen bat aztertuko da sindikatuek zerbitzu-eginkizunetako balorazio-batzordeetan, bai eta lanpostuak betetzeko eta langileak hautatzeko gainerako prozeduretarako deitzen den beste edozein kide anitzeko organotan ere, kideetakoren bat proposa dezaten, beti maila pertsonalean, beren lanbide-gaitasunagatik, eta betiere, organo horietako hautetsiak ez badira.

2.- Zereginen behin-behineko esleipena.

Bitarteko funtzionarioei eta talde bereko, edo hurrengo talde baxuagoko, baina beste kidego bateko karrerako funtzionarioei denbora-tarte labur batez bete ezin diren zereginak esleitu ahal izango zaizkie, baldin eta horretarako ezarritako araudiak jasotako betekizunak betetzen dituen karrerako funtzionariorik ez badago. Langile horiei zereginak esleitzeko araudia aplikatuko zaie, beren harremanaren izaerarekin bateragarri diren alderdi guztietan.

3.- Behin-behineko atxikipenak.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren Agindu bidez arautuko da behin-behineko atxikipenerako prozedura.

Bere lanpostu-mailako osagarriko lanposturik ez badago, hurrengo maila baxuagokoak eskainiko zaizkio, posturen bat onartzen duen arte. Kasu horretan, atxiki zaion lanpostuaren berariazko osagarriaren eta bere lanpostu-mailako osagarriari dagokion berariazko osagarriaren arteko diferentziari dagokion osagarri pertsonala jasotzeko eskubidea izango du.

56. artikulua.- Administrazio elektronikoa.

Telelanarekin zerikusia duten probazko esperientziak abiarazteari dagokionez, lehentasunen eta zerbitzua eskaintzeko moduari buruzko araudiaren berri emango da Mahai Sektorialean eta sindikatuekin negoziatuko dira esperientzia horietan parte hartzen dutenen lan-baldintzak.

57. artikulua.- Prestakuntza-ekintzak.

1.- Prestakuntza deituko diogu plangintza bidez ikasteari, ezagutzak, jokabideak, jarrerak eta baloreak eskuratu, gorde eta eskueran jartzeko, hain zuzen ere zerbitzu publikoa eta langilearen garapena hobetzeko asmoz.

2.- Langile guztiek jasoko dute prestakuntza berdintasun-printzipioaren arabera. Zenbait irizpide objektiboren arabera arautuko da prestakuntza, eta kontuan hartuko da langile bakoitzaren ikaskuntza-ekintzen aprobetxamendua.

3.- Aldez aurretik planifikatuko dira prestakuntza-ekintzak, prestakuntza beharrak aztertu eta helburuak eta lehentasunak finkatu ondoren. Nolanahi ere, prestakuntza-planek sailkapeneko talde guztiei zuzendutako prestakuntza-ekintzak edukiko dituzte, eta 2. idatz zatian ezarritakoaren arabera, langile guztiek prestakuntza hori aukera berdintasunez jaso ahal izatea bermatu beharko da.

Prestakuntza-jarduerak IVAPek antolatu eta homologatuko ditu, indarrean diren betekizunen eta prozeduraren arabera. Halaber, prestakuntza-jardueren bilakaera ebaluatu egingo da, bai ikasleen asetasun-maila neurtzeko, bai prestakuntza-egitarauen kalitatea aztertzeko eta eskuratutako ezagutzen eta trebetasunen maila zehazteko.

4.- Administrazio Orokorrean lanean diharduten langileen prestakuntzara zuzendutako jardueren artean, honako hauek bereizten dira:

a) Nagusiki, egungo lanpostuko zereginak hobeto betetzeko birziklatzera eta hobetzera zuzendutako prestakuntza, eta lanpostuari ezarritako eginkizunei loturikoa. Prestakuntza mota honetan emandako denbora lanean igarotako denboratzat hartuko da.

b) Bestelako prestakuntzaren helburua da egun betetzen ari den lanpostua ez den beste edozein betetzeko trebatzea. Prestakuntza horren oinarrian ahalegin partekatua egongo da; batetik eskatzaileen interesa dugu, eta, bestetik, Administrazioaren lehentasunak eta baliabideen eskuragarritasuna. Ahalegin partekatuaren printzipioak esan nahi du prestakuntza horretarako ematen den denboraren zati bat hartuko dela lanalditzat.

5.- Egun indarrean dagoen Prestakuntza Dekretua aztertu eta berrikusiko da, hala badagokio.

6.- Administrazioak hitz ematen du urtean prestakuntzako 40 ordu ziurtatuko dizkiela langileei, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, herri-administrazioko eskolek eta erakundeek edo ospe handiko beste erakunde batzuek ematen edo antolatzen dituzten ikastaroetan, baldin eta ikastaro horiek zerikusia badute lanpostuaren edo kidegoaren zereginen edukiarekin.

2010eko lehenengo hiruhilekoan, batzorde bat bilduko da; paritarioa izango da, eta, bertan, Administrazioak eta akordio hau sinatu duten sindikatuek parte hartuko dute, eta hor erabakiko dira ospe handiko erakunde horiek zehazteko irizpideak eta erakundeen zerrenda.

7.- Karrera-ereduak diseinatze-prozesuan dauden bitartean, IVAPek antolatuko ikastaroetan, karrerarako ziurrenik baliodunak izango diren eduki horizontalei buruzkoa izango da prestakuntzaren % 20. Prestakuntza hori ahalegin partekatuan oinarrituko da: batetik, eskatzaileen interesa, eta, bestetik, Administrazioarena. Printzipio horrek esan nahi du prestakuntza horretarako ematen den denboraren heren bat hartuko dela lanalditzat.

58. artikulua.- Administrazio-egituren normalizazioa.

Administrazioak giza baliabideen kudeaketa modernizatzeko neurriak bultzatuko ditu. Hona neurri berri horiek jartzeko sindikatuen ordezkariekin negoziatuko diren gaiak: ordainketa-politikak, lanpostuen balorazioa, barne-sustapenerako mekanismoak, karrera profesionala, eta orokorrean lan-baldintzei eragiten dieten guztiak.

59. artikulua.- Lanpostuen zerrenda.

1.- Lanpostuen zerrendak langileen egiturak arrazionalizatzeko oinarrizko tresnak dira eta kudeatzeko prozedura arina behar dute; hori hala izanik, langileen ordezkariekin kontsultatu beharko da gaiari dagokiona, 78/2005 Dekretuan ezarritakoari jarraiki.

2.- Batzorde tekniko bat eratuko da; paritarioa izango da, eta, bertan, Administrazioak eta akordio hau sinatu duten sindikatuek parte hartuko dute. Batzorde horrek lanpostuen zerrenda eta lanpostuen monografiak aztertuko ditu, egon litezkeen disfuntzionaltasunak identifikatzeko eta zuzentzeko, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren.

Halaber, egun indarrean dagoen Giza Baliabideen eredua zehazten duten arauen garapenak berrikusiko dira.

Ildo horretan, zehazki, Administrazioak ondorengo postu tipoetan lanpostuen zerrendak aldatzeko konpromisoa hartu du:

a) Osasun publikoko teknikarien lanpostuetan, sarrerako kidegoak/eskalak/aukerak zabalduko dira, eta horrela aukera emango da lanpostu horiek hiltegiko teknikarien lanpostuak bete dituzten langileek ere bete ahal izateko.

b) Laborategiko laguntzaile teknikoen lanpostuetan, sarrerako kidegoak/eskalak/aukerak zabalduko dira, eta horrela aukera emango da lanpostu horiek eskala horretan sartutako titulazioetako aukerei dagozkien langileek ere bete ahal izateko.

c) Normalizazio- eta itzulpen-eskaletara irekitako lanpostuak berdin-berdin bete ahal izango dituzte eskala bietako edozeinetatik datozen langileek eta A eta B kidego orokorretakoek, horrelako ataza eta funtzioetan lan egin badute.

d) Web arduraduna, web kudeatzailea eta laneko arriskuen prebentzioko teknikaria lanpostuak ere aztertuko dira, berariazko ezagutzen betekizun batzuk ezartzearen egokitasuna edo are beste eskala bat sortzea aztertzeko, lanpostu horiek betetzeko modua hobetzeko.

Aipatutako batzorde tekniko horren esparruan, idatz-zati honetan jasotakoen antzeko beste alderdi batzuk ere berrikusiko dira. Era berean, batzorde teknikoak ondorengo idatz-zatietan sartutakoa aztertuko du.

3.- Eten egingo da Arlo Funtzionalen Dekretuaren aplikazioa, harik eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko Lege berrian arlo horien araubidea aztertzen den arte.

4.- Administrazioak hitz ematen du zereginen galdera-sortak erabiliko dituela talde jakin batzuetarako eta premia zehatz batzuen aurrean. Terminologia sinplifikatuko da, eta errazago egingo.

5.- Antolaketa-aldaketako edo -diseinuko egoeretan dauden lanpostuetan arituz lortutako esperientzia aitortzeko, egiaztapen-sistema bat sortuko da eta horrek aukera emango du, kasuz kasu, funtzionario bakoitzaren egokitasuna aztertzeko, hau da, lanposturako eskakizunak ez bete arren, lanpostuan eraginkortasunez jarduteko duen gaitasuna behar bezala frogatzeko.

6.- Lanpostuen zerrendan esleitutako derrigortasun-datak berrikusiko dira, kontuan izanda euskara zenbateraino erabiltzen den lurralde bakoitzean eta nolako eginkizun eta zereginak burutzen diren lanpostu bakoitzean, baldin eta euskal herritarrek herri-administrazioekin EAEko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan jarduteko duten eskubidea bermatzen bada, eta aldez aurretik Mahai Sektorialean negoziatu ondoren.

7.- Lanpostuak berriz atxikitzea.

Lanpostuak eta lanpostu horiek betetzen dituztenak beste administrazio-atal batzuetara berratxikitzen direnean, administrazio-atal horien funtzionamendu hobea ziurtatzeko, kontuan izango dira, ondoz ondo, elkarren ondoko irizpide hauek, berratxiki beharreko zuzkidurak zehazterakoan:

a) Aurrerantzean beteko diren eginkizunak ordura arte aginduta eduki dituenen antzekoak izatea.

b) Langileak berratxikia izateko borondatea erakustea.

c) Antzinatasunik txikiena egungo lanpostuan eta, berdinketarik balego, antzinatasunik txikiena Administrazioan.

VI. TITULUA

ZERBITZUAK KANPORA ATERATZEA

60. artikulua.- Zerbitzuak kanpora ateratzea.

1.- Administrazioak, ahal dela, baliabide propioekin erantzungo die bere jarduera burutzeko beharrezko zerbitzuei.

Akordioa indarrean sartzen denean, Administrazioak jarduera berririk edo orain azpikontratatuta ez dagoen jarduerarik ez kanporatzeko konpromisoa hartzen du.

Orain kanporatuta dauden zerbitzu guztiak berrikusiko dira, legean ezarritakoa betetzen dutela ziurtatzeko. Langileak legez kanpo lagatzea saihesteko bitarteko guztiak jarriko dira abian.

2.- 2010eko lehen seihilekoan, Administrazioak zerbitzuen kontratazioari buruzko arau bat onartuko du, Administrazioak bere burua antolatzeko duen gaitasuna eta langileen lan-baldintzak hobetzea bateratzea izango dituena helburu.

Zerbitzuen ikuskaritza eta ekonomiaren, araudiaren eta antolamenduaren alorreko kontrolak zorroztuko dira. Aldez aurretiko eta a posteriori izango diren kontrolak ezarriko dira, eta langileak legez kanpo lagatzea eragozteko arreta berezia izango da. Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak irizpide oso zorrotzak ezarriko ditu zerbitzuak kontratatzeko.

3.- Egun kanpora aterata dauden zerbitzuei dagokienez, araudiak honako baldintza hauek betetzea eskatuko du:

a) Zerbitzu beraren kontratu publikoen esleipenetan, plantilla egonkortu ahal izateko, enpresa esleipendunak lan-kontratuko langileak esleipenaren unean zituzten baldintzak errespetatuta subrogatuko direla bermatuko du, sektoreko hitzarmenek alderdi horri buruz edozer ezartzen dutelarik ere; hori dela eta, izapidetuko diren espediente berrien baldintza-pleguetan subrogazio-klausula txertatuko da, gardentasunaren eta fede onaren eskakizunak betetzearen baldintzapean.

Nolanahi ere, puntu honetako aurreikuspenak honako kasu hauetan aplikatuko dira soilik:

a.1.- Subrogazioak lan-kontratua duten eta administrazio kontratatzailearen esparruan, kontratua amaitu bitarteko ordezkapenak kontuan hartuta, gutxienez, azken sei hilabeteetan lanean aritu diren langileei eragingo die soilik.

a.2.- Inola ere ez die eragingo zerbitzua uzten duten enpresaren jabe, akziodun edo zuzendariei, ez eta haien bigarren maila bitarteko senitartekoei ere.

b) Baldintza-pleguek bermatuko dute enpresak lan-arriskuen prebentzioari buruzko legedia betetzen duela. Ezbehar-tasarik baxuenak lortzea izango da helburu nagusi, bai eta laneratzeko arazoak dituzten pertsonak (denbora luzez langabezian daudenak, emakumeak...) enplegatzea ere. Halaber, kontuan izan beharreko irizpide sozialen artean, bereziki kontuan hartuko dira lan-kontratuko langileei, gehienean, EAEko Administrazioko taldeen antzeko lan-baldintzak (ordainsariak eta lanaldia) ezarri dizkieten enpresak, langile haien soldata- eta gizarte-baldintzak gehiago parekatzeko helburuarekin.

c) Enpresa horietako lan-kontratuko langileei, ordainsariei eta lan-baldintzei dagokienez, jardueragatik dagokien sektoreko hitzarmena aplikatuko zaie, gutxienez, edo, hala badagokio, enpresarena, hobea bada.

d) Enpresa esleipendunak ezin izango ditu zerbitzu horiek hirugarren batekin azpikontratatu.

4.- Administrazio Orokorraren eremuan, kanporatutako zerbitzuen jarraipeneko batzorde bat eratuko da; paritarioa izango da, eta, bertan, Administrazioak eta akordio hau sinatu duten sindikatuek parte hartuko dute. Urtean behin bilduko da, gutxienez, eta kanporatzeei buruzko informazio guztia helarazi eta akordio honen baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.

Administrazioak, urtero, baldintza-pleguetan eta araudian ezarritako eskakizunen betetze-mailari buruzko txosten bat egingo du, honako datu hauek jasoko dituena:

- Enpresa kontratatzaileen izena.

- Kontrataren helburua eta iraupena.

- Enpresako lan-kontratuko langileen gutxi gorabeherako kopurua eta kontratazio-moduak.

- Langileei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa.

- Jardueraren lekua.

5.- Administrazioak enpresa kontratistako lan-kontratuko langileen soldata- eta gizarte-baldintzak EAEko Administrazioko taldeenekin pareka daitezen sustatzeko konpromisoa hartzen du.

VII. TITULUA

BATZORDE PARITARIOA ETA GATAZKAK KONPONTZEKO PROZEDURA

61. artikulua.- Batzorde Paritarioa.

1.- Akordio honen iraunaldi eta aplikazioaren gainean sortutako auzi guztiak aztertzeko, interpretatzeko eta horiei buruz ebazteko, Batzorde Paritarioa osatuko da. Batzordearen erabakiak lotesleak dira akordioa izenpetu duten alde guztientzat.

2.- Batzorde Paritarioak bost kide titular izango ditu. Kideok akordioa izenpetu duten alde guztiak ordezkatzen dituzte: administrazioa eta sindikatuak. Alde biek gehienez aholkulari bina izenda ditzakete.

3.- Goragoko 1. paragrafoan azaldutako auziak aurrez Batzorde Paritarioari aurkeztu behar zaizkio.

4.- Batzorde Paritarioa biltzeko deia berau osatzen duen edozein aldek eska dezake, idatziz, gutxienez bilera-eguna baino hamabost egun lehenago, eta zehaztu egin behar da zein izango diren eztabaidagaiak. Deialdietan gai-zerrenda, bilera-eguna eta tokia adierazi behar dira, eta beharrezkoa da bilerara alde biak bertaratzea.

Deialdiaren eta bilera-egunaren arteko epea gutxitu egin daiteke, alde biek hala erabakiz gero.

5.- Batzorde Paritarioak bere funtzionatzeko modua ezarriko du horretarako deitzen den lehenengo bileran.

6.- Beharrezkotzat jotako adina azpibatzorde eratuko dira batzorde horren mende, iraunkorrak izateko edo horien indarraldian langileei sor dakizkiekeen lan-arloko egoera-arazoak konpontzeko asmoarekin. Beren osaera eta funtzionamendu-erregelamendua Batzorde Paritarioak zehaztuko ditu, eta beren erabakiek azken horrek hartutakoek bezala lotuko dituzte alderdiak.

Azpibatzorde horiek ezingo dituzte, inolaz ere, negoziatu Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legeko 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, herri-administrazioek (dagozkien esparru eta eskumenetan) eta sindikatuek (lege horretako 33. artikuluan xedatutakoaren arabera, mahaian egoteko legitimazioa aitortuta dutenean) negoziatu beharreko gaiak.

62. artikulua.- Gatazkak konpontzeko prozedura.

1.- Akordioko 61.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, horren interpretazioan, indarraldian, aplikazioan edo aplikazio-eremuan sartzen diren langileen lan-arloko arazoen inguruan sortutako desadostasunak Batzorde Paritarioari jakinarazi beharko dizkiete aldez aurretik bi alderdiek, eta haren erabakiaren mende jarri.

2.- Batzorde Paritarioak ez badu erabakirik hartzen, bitartekaritzaren mende jarriko dira bi alderdiak.

3.- Akordioaren interpretazio, indarraldi eta aplikaziotik eratorritako gatazkak konpontzeko formula berriak aztertzeko konpromisoa hartu dute bi alderdiek.

VIII. TITULUA

LAN-OSASUNA ETA LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA

63. artikulua.- Eskubideak eta betebeharrak.

1.- Langile guztiei aitortzen zaie laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes eraginkorra izateko duten eskubidea, bai eta eskubide hori ahalbidetzeko beharrezko bitarteko ekonomiko eta gizatarrak ezartzeko betebehar korrelatiboa ere.

Administrazioak bermatuko du Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzu propioaren eraketa eta funtzionamendua egokiak izango direla langileen lan-arriskuen prebentzioaren alorreko babes eraginkorrerako eskubidea bermatzeko.

Administrazioak bere hierarkia-maila eta jarduera guztietan sartuko du lan-arriskuen prebentzioa. Horretarako, Lan Arriskua Prebenitzeko Plan egokia ezarriko du, genero-ikuspegia ere kontuan hartzen duena.

2.- Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen esparruan, sindikatuei kontsulta egin ondoren, Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzu Propioa eratu da.

Zerbitzu hori arduratuko da Administrazioari dagokion babes eraginkorreko betebeharra betetzeaz, horretarako Administrazioari, langileei eta horien ordezkariei aholkua eta laguntza emanda, bai eta ordezkaritza-organo espezializatuei ere.

3.- Langileek lantokiko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes eraginkorra jasotzeko duten eskubidearen barruan sartuta daude, hain zuzen: informazio- eta kontsulta-eskubidea, parte hartzeko eskubidea, arriskuen prebentzioari eta osasuna zaintzeari buruzko prestakuntza jasotzeko eskubidea eta arrisku larria eta berehalakoa egotekotan lana bertan behera uzteko eskubidea.

4.- EAEko Administrazio Orokorrak honako araudiotan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu: lanbideko arriskuei aurrea hartzeko indarrean dagoen araudian, akordio honetan eta maiatzaren 16ko 78/2000 Dekretuan, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Aurrezaintzako Zerbitzuaren antolamendu eta funtzionamenduari buruzkoan, ezarritakoak.

64. artikulua.- Kontsulta eta parte-hartzea.

Langileen batzarreko kideek eta sindikatuetako ordezkariek aurrezaintzako arloan kontsultak egin eta parte hartuko dute, Segurtasun eta Osasuneko lantaldeak dituen aginpideak ahaztu gabe.

65. artikulua.- Prebentzioko ordezkariak.

1.- Prebentzioko ordezkari izan ahalko dira, langileen edo sindikatuen ordezkari ez izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ordezkaritza duten sindikatuek izendatutako langileak, aplikatu beharreko legerian ezarritako kopuruak kontuan izanda.

2.- Prebentzioko ordezkariek laneko arriskuen prebentzioaren arloan lanean egindako denbora ordezkaritzako eginkizunetan emandako denboratzat hartuko da, hilero erabiltzeko eta ordaindutakoak diren orduez baliatzea dela eta. Ezartzekoa den legedian eta Sindikatuen Eskubideei buruzko Abiaburuko Hitzarmenean dago jasota orduen kreditu hori. Dena den, Segurtasun eta Osasuneko Lantaldeak egindako bileretan parte hartzea eta arriskuen prebentzioaren arloan administrazioak deitutako beste edozein bileratan parte hartzea lanean emandako denboratzat hartuko da, eta ez da lehen aipatutako orduen kreditutik kenduko.

3.- Prebentzioko ordezkariei prebentzio-alorreko beharrezko baliabideak eta prestakuntza eskaini beharko dizkie administrazioak, beren eginkizunak aurrera eramatea izan dezaten. Prestakuntza jasotzen emandako denbora lanean igarotako denboratzat hartuko da, ondorio guztietarako.

66. artikulua.- Segurtasun eta osasuneko unitateak.

1.- Sail eta Administrazio Orokorraren erakunde autonomo bakoitzean Segurtasun eta Osasuneko Unitateak sortuko dira, maiatzaren 16ko 78/2000 Dekretuaren, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Aurrezaintzako Zerbitzuaren antolamendu eta funtzionamenduari buruzkoaren, 11. artikuluari jarraiki.

2.- Prebentzioko ordezkariek sortuko diren Segurtasun eta Osasuneko Unitateetan parte hartu ahal izango dute, 78/2000 Dekretuaren 12. artikuluaren 3. puntuan ezarritako baldintzetan.

67. artikulua.- Segurtasun eta Osasuneko Lantaldea.

1.- Segurtasun eta osasuneko lantaldea bitariko eta kide anitzeko organoa da, eta erakunde publikoetan arriskuei aurrea hartzeko egingo diren plan eta programen proposamen, kontsulta eta ebaluaketa ere egingo du, aldian-aldian eta modu erregularrean erakunde autonomoetan.

2.- Administrazioak zainduko du emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua izan dezaten laneko segurtasun eta osasuneko lantaldeetan. Lantalde horietako sindikatu-ordezkaritza, bestalde, proportzionaltasun-printzipioaren arabera erabakiko da. Betiere, sektore honetan ordezkaritza nahikoa duten sindikatu guztiak bertan egotea ziurtatuko da.

3.- Segurtasun eta Osasunerako Zentro arteko Lantaldeak erabakiko du lurraldeetan eta lanlekuetan sortuko diren gainontzeko lantaldeak nola antolatu, nola abian jarri eta zeintzuk eginkizun izango dituzten.

4.- Segurtasun eta Osasunerako Zentro arteko Lantaldeak indarrean dagoen araudiaren arabera dagozkion eginkizunak beteko ditu; halaber, akordio honen eremuko lan-arriskuei aurrea hartzeko kudeaketa integratuaren sistema ezartzetik dagozkionak.

68. artikulua.- Ordenadore-pantailaren aurreko lana.

1.- Ordenadore-pantailaren aurrean lan egin behar dutenek mediku-araketak egiteko eskubidea izango dute. Araketa bat lanean hasi aurretik egingo da, eta hortik aurrera urtean beste bat. Garrantzi berezia emango zaie ikusmenari, mugitzeko gaitasunari eta arazo psikologikoei.

2.- Aurrezaintzako Zerbitzuaren eta segurtasun eta osasuneko unitateen ardurapean egongo da ordenadore-pantailak dituzten lanpostuen egoera zaintzea. Arreta berezia jarri beharko dute baldintza ergonomikoetan (pantailen kokapena, mahai-motak, aulkiak...) eta giro egokirako baldintzetan (argia, aire-berritzea, zarata...).

3.- Pantaila aurreko lanak eragiten dituen gaixotasunen sintomaren bat agertuz gero, lanpostua bera aztertuko da, mediku-araketa egiteaz gain.

4.- Denbora osoan ordenadore-pantaila aurrean lan egin behar dutenen lanpostuak zehatz-mehatz aztertuko dira. Aurrezaintzako Zerbitzuak txostena egin ondoren, egon daitezkeen arazoak konpontzeko neurriak hartuko dira, esate baterako, atsedenaldiei edo beste zerbaitetan jarduteko aukerei buruzkoak.

Dena dela, Jarraipen Batzordeari dagokio aurreko idatz zatietan adierazitakoak betetzen ote diren jakiteko jarraipena eta kontrola egitea.

69. artikulua.- Lan-jazarpena eta arrisku psikosozialak.

Aurrezaintzako Zerbitzuak langileen arrisku psikosozialak antzemateko prozedura jarriko du martxan, eta jarduteko prozedura lan-jazarpeneko salaketak badira. Prozedura horiek aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio Segurtasun eta Osasuneko Lantaldeari. Halaber, Jarraipen Batzordeari dagokio aurreko idatz zatietan adierazitakoak betetzen ote diren jakiteko jarraipena eta kontrola egitea.

70. artikulua.- Lan nekagarriak, pozoigarriak eta arriskutsuak.

Lanak nekagarriak, pozoigarriak edo arriskutsuak diren ala ez erabakitzeko, gai horren inguruan indarrean den legedia izango da kontuan.

71. artikulua.- Azterketa medikoak.

Akordioaren baitan diren langileei azterketa medikoak egingo zaizkie aldian behin, honako azpiatal hauetan erabakitakoaren arabera:

1.- Lanean hasi aurreko azterketa: derrigorrez egin beharko da langilea administrazioaren zerbitzupean onartu baino lehen.

2.- Berariazko arrisku batzuen pean dauden taldeentzako urteko aldizkako azterketak. Talde horiek Prebentzioko Zerbitzuaren Arlo Medikoak definituko ditu, Segurtasun eta Osasunerako Zentro arteko Lantaldeari jakinarazi ondoren.

Eskatzen duten langile guztiei egingo zaie azterketa medikoa.

3.- Hiru urtetik behin egingo den mediku-azterketa: akordioaren baitan diren langile guztiei egin beharko zaie, beren osasuna arriskuan izan ala ez.

Urteroko eta hiru urteroko azterketa arruntak borondatezkoak izango dira, legezko araubide orokorra ezartzearen kaltetan gabe. Araubide hori ezarriz gero, Segurtasun eta Osasunerako Zentro arteko Lantaldeari jakinarazi beharko zaio aurretiaz. Emaitzak langileari jakinaraziko zaizkio beti.

Hori baino lehenago, hala ere, zer nolako probak egin beharko diren langileei eta Segurtasun eta Osasunerako Zentro arteko Lantaldeari jakinarazi beharko zaie.

Eginkizun horiek Prebentzioko Zerbitzuaren Arlo Medikoak beteko ditu. Horretarako, lurralde historiko bakoitzeko Lan Istripuetako Mutua Patronalen laguntza eskatu ahal izango du, horien instalazioak eta osasun-zerbitzuak erabili ahal izateko.

72. artikulua.- Lanpostua egokitu edo aldatzeko prozedura.

Administrazioak berariazko prozedura bat prestatuko du, eta Segurtasun eta Osasunerako Zentro arteko Lantaldean negoziatuko da, eta hor arautuko da zer jarduera egin behar diren enplegatuaren osasuna dela eta lanpostua egokitzeko edo aldatzeko egiten diren eskaerak izapidetzeko, langileen eskakizun psikofisikoak bakoitzaren lanpostura egokitzeko.

IX. TITULUA

EMAKUMEEN ETA GIZONEN TRATU-BERDINTASUNA. LAN- ETA SEXU-JAZARPENAREN ETA GENERO-INDARKERIAREN AURKAKO NEURRIAK

73. artikulua.- Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana.

EAEko Administrazioaren eremurako berdintasun-plana prestatzea, Berdintasunari buruzko Legearen 46. artikuluan ezarritako baldintzetan, akordioaren indarraldian zehar. Helburuak, estrategiak eta praktikak diagnostikatzeko, aztertzeko eta finkatzeko lana egingo da, bai eta jarraipeneko eta ebaluazioko sistemak ezartzeko ere.

74. artikulua.- Lan- eta sexu-jazarpenaren eta genero-indarkeriaren aurkako neurriak.

1.- Administrazioak lan- eta sexu-jazarpena saihesten dituzten lan-baldintzak sustatuko ditu. Era berean, lanean lan-jazarpena eta sexu-jazarpena prebenitzeko prestakuntza-ekintzak sarraraziko ditu prestakuntza-planetan enplegatu publikoentzat.

2.- Genero-indarkeriaren biktima diren enplegatu publiko emakumezkoek honako eskubide hauek izango dituzte babesa eraginkor bihurtzeko:

a) Epaileak emandako babes-aginduak irauten duen bitartean lanaldia murrizteko eskubidea, ordainsaria ere dagokion proportzioan murriztuta; betiere, ezarriko diren irizpideen arabera gauzatuko da eskubide hau.

b) Ordutegia egokituz, ordutegi-malgutasuna aplikatuz edo beste sistema alternatibo batzuk erabiliz lanaldia berrantolatzeko eskubidea; betiere, ezarriko diren irizpideen arabera gauzatuko da eskubide hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren enplegatuak biolentzia hori dela eta lanpostutik aldentzen badira, hutsegite horiek -osoak edo partzialak- justifikatutzat joko dira, eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak zehaztuko ditu hutsegite justifikatu horiei dagozkien denbora eta baldintzak.

d) Dauden aukeren arabera, lantokiz aldatzeko eskubidea.

e) Eszedentziarako eskubidea, aldez aurretik zerbitzuak eskaintzen gutxieneko epe batean egon beharrik gabe eta eszedentzian egoteko epeak aplikatu gabe. Eszedentziaren lehenbiziko sei hilabeteetan, eskubidea izango dute betetzen duten lanpostua erreserba dakien, eta epe hori kontuan hartuko da mailaz igotzeko, hirurtekoetarako eta eskubide pasiboetarako.

Nolanahi ere, biktimak babeserako duen eskubideari dagozkion babes judizialeko ekintzek eskatzen badute, eszedentzian egonik lanpostua erreserba dakion eskubidea izateko epea hiru hilabetez luzatu ahal izango da, hurrenez hurren, gehienez ere hemezortzi hilabetera arte, betiere aurreko lerroaldean zehaztutako ondorio berberekin.

X. TITULUA

LANSARIAK

75. artikulua.- Lansariak.

Lansariak 18. artikuluan ezarritako urteko lanaldia, 1.592 ordukoa, ordaintzeko dira, edozein lanaldi (zatitua - jarraitua) betetzen dela ere.

Araututako lanaldiarekin homologaturik ez dauden langileei lansari horien horrenbesteko bat ordainduko zaie, lan egindako orduen arabera. Beren urteko lanaldia zehazteko, administrazioak eta sindikatuek 1990eko abenduaren 21ean hitzartutako formula erabiliko dugu.

Analisi funtzionalak aplikatzearen ondoriozko lansariak, hirurtekoak, aparteko lansariak, lanpostu-mailako osagarriak, berariazko osagarriak eta ekoizgarritasun-osagarriak bereganatuko dituzte, indarreko lansari-erregimenari dagozkion ordainketa guztiak, osagarri pertsonalak eta iragankorrak barne hartuta.

Akordio honetan ezarritako lansari-erregimena aplikatzeak kobratzen zen lansari finkoen gutxitzea ekarriko balu, lanpostuaren titularrak horien arteko ezberdintasunaren ondoriozko osagarri pertsonal eta iragankorra jasotzeko eskubidea izango du, beste lanpostu bat hartzen ez duen bitartean.

Jabetzapeko lanpostua iraungi egin dela-eta, behin-behingoz lansari txikiagoko beste lanpostu batean jardun behar duen langileari bi lanpostuen arteko aldearen pareko osagarria ordaindu beharko zaio, lansari bereko edo handiagoko beste lanpostu bat bete bitartean edo lansari txikiagoko beste bat aukeratu bitartean.

Era berean, lanpostu bateko lansaria gutxitu egin bada hasierako sailkapena aldatu egin delako edo administrazioak gutxitzea erabaki duelako, lanpostu horren jabeak lansari-murrizpenaren pareko osagarria jasoko du, beste lanpostu bat bete arte.

Aurreko paragrafoetan aurreikusitako osagarri pertsonal eta iragankorrak ez du bereganatze-izaerarik, eta lansari orokorrak akordioa indarrean den bitartean gehituko diren hein berean gehituko da.

76. artikulua.- Lansari-egitura: egokitzea, kokatze-taldea eta lanpostu-mailako osagarrien mailak.

Lanpostuak zortzi kokatze-taldetan banatzen dira, eta lanpostu-mailako osagarrien honako mailak dagozkie:

Kokatze-taldea Lanpostu-mailako osagarria

I 28

II 27

III 25

IV 23

V 20

VI 18

VII 16

VIII 13

77. artikulua.- Berariazko osagarri orokorra.

Berariazko osagarriaren kopuru orokorrak 2010erako III. eranskinean jasotakoak dira:

78. artikulua.- Beste osagarri batzuk.

- Araututako eta zatitutako lanaldiaren osagarria.

Akordio honetako 19. artikuluan ezarritako edozein lanaldi-motatan diharduten langileei ordainduko zaie; horren zenbatekoak III. Eranskinean ezarritakoak izango dira.

- Erantzukizun eta jarduera handiagoko osagarria.

Indarrean dagoen legediaren arabera erantzukizun handiagoa eskatzen duten lanpostuetan aritzen diren langileek jasoko dute.

Era berean, lanaldi gogaikarriak edo zailtasun nabarmenekoak dituzten lanpostuetan diharduten langileek ere osagarri hau jasotzeko eskubidea izango dute. Osagarriaren diru-kopurua erantzukizun eta jarduera handiagoko osagarriari dagozkion zenbatekoen ehuneko bat izango da. Ehunekoa lanpostuaren ezaugarrien arabera zehaztuko da kasuan kasu.

- Denbora gehiagoz jarduteko prest egoteko osagarria.

Ohiko lanalditik kanpo edonoiz lan egiteko gertu egotea eskatzen duten lanpostuetako langileek jasoko dute. Betiere, urtean, gutxienez, ohiko lanaldia baino 47 ordu gehiago lan egin beharko dute. Gehienezko lan-ordu horiek, gainera, urteko lanaldiaren herenaren pareko epealdian egin beharko dituzte, ez epe laburragoan.

Osagarri hau jasotzen dutenek, ezingo dute bestelako ordainik eskatu (ez dirutan eta ez ordutan).

- Lanaldi luzeagoa egiteagatiko osagarria.

Fisikoki lanean egin beharreko lanaldia 2010ean 1.680 ordukoa edo gehiagokoa eta 2011n 1.656 ordukoa edo gehiagokoa duten lanpostuei esleituko zaie osagarri hau. Osagarria jasoz gero, ez da beste inolako konpentsaziorik jasoko.

79. artikulua.- Antzinatasuna.

- Hirurtekoak.

Antzinatasuna ordaintzeko lansariak akordio honetako 2.1 artikuluan aipatutako langileek jasoko dituzte. Artikulu horretako bigarren azpiatalean aipatutako langileek ere jasoko dituzte.

Hirurtekoak osatzeko, edozein administrazio publikotan lanean egindako denbora guztia hartuko da kontuan, bai karrerako edo bitarteko funtzionario modura eta baita administrazio- nahiz lan-kontratuko kontratatu modura ere.

80. artikulua.- Xedapen komunak.

Jarduera eta erantzukizun bereziengatiko osagarriak, denbora gehiagoz jarduteko prest egoteagatikoa eta lanaldi luzeagoarengatikoa lanpostu-zerrendan adierazi beharko dira eta zerrenda horretan agertzen diren egunetik aurrera ordainduko dira. Era berean, lanpostu-zerrendatik desagertzen direnetik aurrera ez dira berriro ordainduko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Akordio honetan ezarritako lan-baldintzak aldatzeko, sindikatuekin ados jarri beharko da nahitaez.

Lana antolatzeko berezitasunengatik baldintza bereziak dituzten taldeei mantendu egingo zaizkie baldintza horiek, Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-baldintzen Akordioaren ondorioz indarrean dauden hitzarmenekin bat. Horrek horrela iraungo du egokitzea edo aldatzea erabakitzen ez den artean eta zerbitzuaren ezaugarri bereziek jarraitzen duten artean.

Bigarrena.- Erreferentziako lansari-taula.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erreferentziako lansari-taula, berariazko osagarriei dagokienean eta 2010. urterako, II. Eranskinean dago jasota.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoko langileei aplikatzea.

Akordio honek bere baitan hartzen ditu Euskadiko Antolamendu Sanitario berria ezarri zuen ekainaren 26ko 8/1997 Legea indarrean sartu zenean 148/1996 Dekretuak 1996. urteko lan-baldintzak arautzeko onartu zuen akordioaren eraginpeko funtzionarioak izan eta Osakidetza erakunde publikora atxikita zeuden funtzionarioak. Araubide hori mantenduko da langileen ordezkariekin lan-baldintzak negoziatu bitartean Osakidetzaren eremuan.

Bigarrena.- Etxebizitza erosteko diru-laguntza.

Etxea erosteko diru-laguntza kendu denez gero, oraindik ere laguntza hori jasotzen duten langileei diru-laguntza kentzeagatik ezarri zen zenbatekoaren hiru heren kenduko zaizkie jasotzen duten laguntza horretatik, 1992-1994 urteetarako akordioa onartu zuen urriaren 27ko 294/1992 Dekretuan ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.- Nominan gehienez aurreratu ahal izango diren zenbatekoak eta gizarte-funtsaren 2010 eta 2011. urteetarako zenbatekoa.

Nominan gehienez aurreratu ahal izango diren zenbatekoak, 15. artikuluan zehaztutakoak, eta 17. artikuluan zehaztutako gizarte-funtsaren zenbatekoak, Gobernu Kontseiluaren akordio bidez ezarriko dira, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren. Hala eta guztiz ere, akordio hau indarrean sartu eta gero, kontzeptu horiengatiko zenbatekoak hauek izango dira 2010 eta 2011rako:

Nominan gehienez aurreratu ahal izango diren zenbatekoak:

a) 10.300 euro beharrean, 12.000 euro ohiko etxebizitza erosi eta horrek sortutako maileguak amortizatzeko.

b) 6.200 euro beharrean, 7.500 euro ibilgailua erosteko, lanerako beharrezkoa bada.

c) 4.800 euro beharrean, 6.000 euro gainontzeko kasuetarako.

Funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen gizarte-funtserako zenbatekoa gehituko da, 265.000 euro iritsi arte.

Laugarrena.- Analisi Funtzionalak aplikatu ondorengo lanpostu-zerrenda berriak indarrean sartzen direnean (apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuak Xedapen Iragankorrean jasotzen du horiek onartzeko prozedura), zerbitzu-eginkizunetan edo behin-behineko atxikipenarekin lanpostu bat betetzen ari den karrerako funtzionarioak, apirilaren 12ko 79/2005 Dekretuak ezarritako lansari-erregimena aplikatzearen ondorioz, kobratzen zituen lansari finko eta aldizkakoak gutxituta ikusten baditu, horien arteko ezberdintasunaren ondoriozko osagarri pertsonal eta iragankorra hartzeko eskubidea izango du, beste lanpostu bat hartzen ez duen bitartean.

Analisi funtzionalen ondorioz ezarritako lansari-erregimena aplikatzeak kobratzen zen lansari finkoen gutxitzea ekarriko balu, langileak horien arteko ezberdintasunaren ondoriozko osagarri pertsonal eta iragankorra jasotzeko eskubidea izango du, beste lanpostu bat hartzen ez duen bitartean.

Aipatutako osagarri pertsonal eta iragankorra, baita lanpostuen titularrentzako akordio honetako 75. artikuluan aurreikusitakoa ere, analisi funtzionalak aplikatu ondorengo lansarien ezberdintasunaren arabera kalkulatuko da, hau da, azaroaren 29ko 398/2005 Dekretuak onartutako akordioaren 69. artikuluan jasotako deskribapen funtzionaleko osagarria aplikatu aurretik.

I. ERANSKINA

Lanaldi Zatitua, 2010

Astelehenetik ostegunera 8 ordu eta 10 minutu

Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez

Ostirala 7 ordu

Asteko lanaldia 39 ordu eta 40 minutu

Eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu

Uda 17 aste

Oporrak 22 egun

Aste Santua eta Gabonak 7 egun

Norberaren gauzetarako baimena 6 egun

Bestelako baimenak 2-3 egun, gutxi gorabehera

2010. urtea

- Lanaldi zatituaren egitura mantenduko da.

- Astelehenetik ostegunera, eguneko lanaldia 8 ordu eta minutukoa izango da. Bazkaltzeko etenaldiaren ezaugarri eta ordutegiak orain arte bezala mantenduko dira.

- Ostiraletako lanaldia 7 ordukoa izango da.

- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.

- Aste Santu eta Gabonetako baimenak mantenduko dira, guztira 7 egun izango direlarik.

- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.

- Horrez gain, 2-3 eguneko (gutxi gorabehera) baimena aitortzen da, lanaldia doitzearen ondoriozkoa.

Lanaldi Zatitua, 2011

Astelehenetik ostegunera 8 ordu

Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez

Ostirala 7 ordu

Asteko lanaldia 39 ordu

Eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu

Uda 17 aste

Oporrak 22 egun

Aste Santua eta Gabonak 7 egun

Norberaren gauzetarako baimena 6 egun

Bestelako baimenak 1-4, lan-egutegiaren arabera

2011. urtea

- Lanaldi zatituaren egitura mantenduko da.

- Astelehenetik ostegunera, eguneko lanaldia 8 ordukoa izango da. Bazkaltzeko etenaldiaren ezaugarri eta ordutegiak orain arte bezala mantenduko dira.

- Ostiraletako lanaldia 7 ordukoa izango da.

- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.

- Aste Santu eta Gabonetako baimenak mantenduko dira, guztira 7 egun izango direlarik.

- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.

- Horrez gain, 1-4 eguneko baimen gehigarria aitortzen da, lan-egutegiaren araberakoa izango dena (2011n 4 egun izango dira).

Lanaldi Mistoa, 2010

Astearte eta ostegunak 8 ordu eta 10 minutu

Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez

Astelehen eta asteazkenak

7 ordu eta 10 minutu

Ostirala 7 ordu

Asteko lanaldia 37 ordu eta 50 minutu

Eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu

Uda 17 aste

Oporrak 22 egun

Aste Santua eta Gabonak -

Norberaren gauzetarako baimena 6 egun

Bestelako baimenak 2-3 egun

2010. urtea

- Asteko lanaldi mistoa da; 2 egunetan lanaldi zatitua egingo da eta beste bi egunetan jarraitua, ostiraletan iraupen laburreko lanaldia mantenduko delarik.

- Astearte eta ostegunetan 8 ordu eta 10 minutuko lanaldi zatitua egingo da, egungo ezaugarri eta ordutegi bereko bazkaltzeko etenaldiarekin.

- Astelehen eta asteazkenetan 7 ordu eta 10 minutuko lanaldi jarraitua egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.

- Ostiraletan 7 orduko lanaldia egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.

- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.

- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.

- Horrez gain, 2-3 eguneko baimena aitortzen da.

Lanaldi Mistoa, 2011

Astearte eta ostegunak 8 ordu

Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez

Astelehen eta asteazkenak 7 ordu eta 10 minutu

Ostirala 7 ordu

Asteko lanaldia 37 ordu eta 20 minutu

Eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu

Uda 17 aste

Oporrak 22 egun

Aste Santua eta Gabonak -

Norberaren gauzetarako baimena 6 egun

Bestelako baimenak 1-4 egun (lanaldi-doitzea)

2011. urtea

- Asteko lanaldi mistoa da; 2 egunetan lanaldi zatitua egingo da eta beste bi egunetan jarraitua, ostiraletan iraupen laburreko lanaldia mantenduko delarik.

- Astearte eta ostegunetan 8 orduko lanaldi zatitua egingo da, egungo ezaugarri eta ordutegi bereko bazkaltzeko etenaldiarekin.

- Astelehen eta asteazkenetan 7 ordu eta 10 minutuko lanaldi jarraitua egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.

- Ostiraletan 7 orduko lanaldia egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.

- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.

- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.

- Horrez gain, 1-4 eguneko baimen gehigarria aitortzen da, lan-egutegiaren araberakoa izango dena.

II. ERANSKINA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erreferentziako zenbatekoak, berariazko osagarriei dagokienez:

Maila

Nivel Berariazko osagarri orokorra

Complemento Específico General Berariazko osagarria: lanaldi zatitua

Complemento Específico Jornada Partida

30 26.098,93 6.338,72

29 24.599,31 5.678,64

28 22.936,40 5.210,70

27 20.412,91 4.941,08

26 18.310,20 4.527,51

25 16.290,78 4.254,93

24 13.841,91 4.049,38

23 11.606,73 3.893,81

22 9.826,03 3.736,65

21 8.263,95 3.629,15

20 8.922,77 3.420,37

19 7.425,37 3.312,36

18 6.103,36 3.207,94

17 8.388,09 2.938,18

16 7.452,16 2.810,55

15 8.366,01 2.669,00

14 7.521,69 2.584,07

13 7.354,50 2.478,42

12 7.102,03 2.383,81

11 6.941,15 2.287,71

III. ERANSKINA

Berariazko osagarrien zenbatekoak:

Berariazko osagarri orokorra

Complemento Específico General Berariazko osagarria: lanaldi zatitua

Complemento Específico Jornada Partida

I-A 22.936,40 5.210,70

I-B 18.901,42 4.941,08

II-A 20.412,91 4.941,08

II-B 16.893,31 4.527,51

II-C 13.457,00 4.254,93

III-A 16.290,77 4.254,93

III-B 13.274,91 4.049,38

III-C 10.425,95 3.893,81

IV-A 11.606,73 3.893,81

IV-B 9.259,04 3.736,65

IV-C 7.130,52 3.629,15

V-A 11.988,06 3.420,37

V-B 10.112,61 3.312,36

V-C 8.412,96 3.207,94

VI-A 9.168,74 3.207,94

VI-B 8.056,89 2.938,18

VI-C 6.790,62 2.810,55

VII-A 9.088,91 2.810,55

VII-B 8.035,23 2.669,00

VII-C 6.860,57 2.584,07

VIII-A 7.354,51 2.478,42

VIII-B 6.771,76 2.383,81


Azterketa dokumentala