
43. zk., 2010eko martxoaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Justizia Administrazioa
Getxoko Lehen Auzialdiko 1 Zenbakiko Epaitegia
1205
EDIKTUA, diru-zenbateko bat erreklamatzeko bideratutako 570/08 hitzezko judizioaren ondoriozkoa.
Getxoko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia), 570/08 hitzezko judizioaren prozedura bideratu da, José Manuel Fuertes Tudancaren aurka, Bilbao Bizkaia Kutxa Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea -BBK- entitateak eskatuta (gaia: diru-zenbateko bat erreklamatzea). Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza, kopiatuta:
127/09 EPAIA
Getxo, 2009ko azaroaren 5a.
Nik, Marta Baraibar Pintok, Bilboko eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegiko epaile-magistratuak, epaitegi honetan bideratutako hitzezko judizioaren ondoriozko 570/08 autoak ikusi ditut (gaia: zenbateko bat erreklamatzea). Hauek izan dira alderdiak: batetik, demandatzailea, Bilbao Bizkaia Kutxa, Legorburu Ortiz de Urbina prokuradoreak ordezkatuta, eta De Ellacuria y Berrio letratuak lagunduta; eta bestetik, demandatua, José Manuel Fuertes Tudanca jauna, auzi-iheslaria.
AURREKARIAK
Lehenengoa.- Auzi-jartzaileak hitzezko judiziorako demanda aurkeztu zuen, eta egintzak eta zuzenbideko oinarriak alegatu ondoren, zera eskatzen zuen: epaia eman zedila, demandatua ondoko zenbatekoak ordaintzera kondenatzeko: 2.147,25 euro, zenbateko hori erabat ordaindu arte sortutako interesak eta prozesuko kostuak.
Bigarrena.- 2008ko azaroaren 24ko auto baten bidez, demanda izapideak egiteko onartu zen, eta alderdiei hitzezko judiziorako deia egin zitzaien, 2009ko otsailaren 3rako. Egun hori iritsi zen, baina demandatua zitaziora agertu ez zenez (eta non bizi zen ez genekienez) bertan behera utzi zen egun horretarako egindako adierazpena. Azkenik, demandatua non zegoen jakin zen, eta 2009ko irailaren 11n zitazioa egin zitzaion, 2009ko ekainaren 12ko probidentziaz adierazitako judiziorako, hain zuzen ere, 2009ko azaroaren 3rako.
Auzi-jartzailea judiziora agertu zen. Alderdi demandatua ez zen agertu, eta zitazioa behar bezala egin zitzaiola eta ez agertzeko arrazoi justifikaturik ez zegoela ohartarazi ondoren, auzi-iheslari deklaratu zen.
Hirugarrena.- Demandatzaileak berretsi egin zuen demandan idatzitakoa.
Gero, auzian froga burutzeko eskabidea egin zen. Ez zen frogarik burutu, autoetan dauden agiriek adierazten dutena salbu. Epaileak frogak onartu zituen, eta autoak bere esku gelditu ziren, ebazpena emateko prest.
Laugarrena.- Prozesu hau gauzatzeko, legezko preskripzioak bete dira, oro har autoei aplikatzeko direnak hain justu ere.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.- Auzi-jartzaileak zenbateko bat erreklamatu zuen, demandatuaren aurrezki-kontuak saldo zorduna baitzuen: 2.147,25 euro eta 2007ko irailaren 10ean kalkulatutako interesak.
Demandatua auzi-ihesean zegoenez, ezin izan da indargabetu auzi-jartzailearen eskariz burututako froga, ondoko hauei dagokienez: demandatuaren aurrezki-libretaren kontratua, 1970eko maiatzaren 30ekoa (1. agiria); 5020-9500-0322-8120 zenbakiko «cajacard» txartela eskuratzea (2.a); txartelaren zenbaki-aldaketak adierazten dituen agiria (3.a); kontuaren laburpenari buruzko agiria (4.a); mastercard txartelaren hileko laburpenei buruzko agiriak (5.etik 9.era); eta BBK-ko auzi-berreskuratzeen arduradunak egindako agiriak (10.a eta 11.a), erreklamatzen den saldo zordunaren zenbatekoa adierazten dutenak, baita 2007ko irailaren 7rarte, alegia, kontua itxi zen arte, sortutako interesak ere. Halaber, agiri horietan adierazten da libretaren kontratuan ezarritako baldintza orokorrak zeintzuk diren: 8. atalean zorpekoak arautzen dira, eta bertan zehazten da zorpekoari aplikatuko zaion interesa Espainiako Bankuak ezarrita daukan interes berbera izango dela (12. agiria); 13. agiritik 16. agirira jasotzen da Espainiako Bankuak autoei dagokien aldirako ezarritako interes-tasa. Interes horiek baliozkoak eta benetakoak izango dira, baldin eta inpugnatzen ez badira. Bestalde, autoetan ez dago jasota erreklamatutako zenbatekoaren ordainketa-frogagiririk.
Horregatik, Kode Zibilaren 1088., 1089., 1091., 1254. eta 1255. artikuluen eta horiekin bat datozen artikuluen arabera, baietsi egin behar da auzi-jartzaileak burututako egintza.
Bigarrena.- Legezko interesei dagokienez, Kode Zibilaren 1108. eta 1109. artikuluak eta Merkataritza Kodearen 316. artikulua aplikatu behar dira, eta legezko interesak ordaindu beharko dira, hain zuzen ere, epemugaren biharamunetik zorra erabat ordaintzen den arte sortutakoak.
Hirugarrena.- Prozedura Zibileko Legearen 394. artikulua aplikatuz, lehen auzialdiko kostuak bere uziak ukatu zaizkion alderdiak ordainduko ditu, kasu honetan, alderdi demandatuak.
Aipatu legezko testuak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, honakoa da
EPAITZA
Baietsi egin dut Bilbao Bizkaia Kutxak -Legorburu Ortiz de Urbina prokuradoreak ordezkatuta eta De Ellacuria y Berrio letratuak lagunduta- aurkeztu duen demanda, auzi-ihesean den José Manuel Fuertes Tudancaren aurkakoa. Horrenbestez, demandatua kondenatzen dut auzi-jartzaileari bi mila ehun eta berrogeita zazpi euro eta hogeita bost zentimo (2.147,25) ordaintzera, baita epemugaren biharamunetik zorra erabat ordaintzen den arte sortutako interesak ere. Prozesuko kostuak ere demandatuak ordaindu behar ditu.
Ebazpen honen ziurtagiria egin behar da, auto nagusiei eransteko, eta eraman bedi jatorrizkoa epaitegi honen epaien liburura.
Ebazpen honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daitekeela jakinarazten eta ohartarazten da: epaitegi honetan aurkeztu beharko da, idatziz, bost eguneko epearen barruan.
Eta nire epai honen bidez eman, agindu eta sinatzen dut. Epai honen testigantza egin beharko da autoei eransteko.
EPAILEA.
Eta José Manuel Fuertes Tudanca demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan ematen eta sinatzen dut hau, Getxon (Bizkaia), bi mila eta bederatziko abendauren hogeita hiruan.
IDAZKARIA.
RSS