
43. zk., 2010eko martxoaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Herrizaingo Saila
1188
AGINDUA, 2010eko otsailaren 24koa, Herrizaingoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta bestelako toki erakundeei zuzendutako diru-laguntzak arautu eta horietarako deia egiten duena, mugikortasun segururako hezkuntzako ekintzak 2010ean gara ditzaten.
Hainbat ibilgailu mota orokorrean erabiltzea gizarte garaikidearen identifikazio-ezaugarrietako bat da. Horren erabilerak gero eta pertsona eta salgai gehiago mugitzea ekarri du, baita garapen ekonomikoa ere. Hala ere, erabiliegia izateak kalte asko sortu ditu, trafiko istripuen bidez, bai handitasunagatik zein larritasunagatik: sozialak, ekonomikoak eta osasun komunitariokoak.
Ondorio horiek bide segurtasun arloan ardurako hainbat erakundek neurri egokiak hartzea eskatzen dute, istripuak saihesteko eta, behin gertatuz gero, ondorioak txikiagotu daitezen. Zentzu horretan, Bide-segurtasuneko Larrialdi Planak tresna erabilgarria eta egokia dira ahaleginak biltzeko eta istripuak prebenitzeko ekintza guztietan eragin handiagoa lortzeko. Ekintza horien artean hezkuntza nabarmendu behar dugu, tresna baliotsua baita jokabide arriskutsuak eta gizartea aldatzeko eta eraldatzeko osagaia.
Mugikortasun segururako hezkuntza garatzea esparru guztiei dagokie, istripua izateko arriskuko taldea badago, bai asti librean, lantokian edo ikastegietan. Mugikortasun segururako hezkuntza sustatzeak gizartearen garapen-prozesua dakar, eraginkorragoa izango dena gizartearen eragile guztiek zenbat eta sentsibilizazio, inplikazio eta konpromiso-maila handiagoa izan.
Horregatik, ezinbestekoa da herritarrei zuzendutako prebentziorako hezkuntza-jarduerak eta -programak sustatzea, Trafiko istripu gehienetan zuzeneko arrazoien artean dagoen giza faktorea helburua izanik.
Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko azaroaren 8ko (azaroaren 24ko EHAA, 171 zk.) 471/2009 Dekretuak ematen didan eskuduntzaren indarrez,
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta bestelako toki erakundeei zuzendutako diru-laguntzen deialdia arautzea da, 2010ean mugikortasun segururako hezkuntzako jarduerak gauzatu ahal izateko.
2. artikulua.- Diru-kopurua.
Diru-laguntzetarako programa honek gehienez berrehun eta laurogeita hamar mila hirurehun eta hamalau (280.314) euro zuzenduko ditu, dagokion aurrekontu partidaren kontura. Ezarritako zenbateko osoa aldatu egin daiteke; horretarako, kontuan hartuko dira, batetik, eskatutako laguntzen orotarako zenbatekoa eta, bestetik, Herrizaingo Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontu-baliabiderik dagoenez; alabaina, laguntzei buruz ebatzi aurretik egin beharko da aldaketa hori. Horrelakorik gertatuz gero, jendaurrean jakinarazi beharko da Herrizaingoko sailburuaren aginduaren bidez.
3. artikulua.- Erakunde onuradunak.
1.- Agindu honek araututako diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta bestelako toki erakundeak izango dira, baldin eta 2010ean mugikortasun segururako hezkuntzako jarduerak egiten badituzte.
2.- Ezin izango du deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta duen administrazio-zehapen edo zigor penalik jaso duen Entitate eskatzaileak, edota horretarako ezgaitu dezakeen legezko inolako debekuan sarturik badago, sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean horri emandako idazketaren arabera.
4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1. artikuluan aipatzen diren diru-laguntzak ondoren zehazten diren kontzeptuengatik eska daitezke:
- " Mugikortasun segururako heziketa - Eskumenen gida" izeneko dokumentuarekin zuzenean lotutako heziketa saioak (Herrizaingo Saila, 2008. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpenen Zerbitzu Nagusia) eta udalerriko hainbat talderi zuzenduta. " Talde" tzat ulertzen dugu ezaugarri komunak partekatzen dituzten pertsona-taldea: adina, bide jokaera (oinezkoak, bizikleta edo ibilgailu motordunen gidariak, garraio publikoaren laguntzaileak edo erabiltzaileak) edo jarduera komuna garatzeko eremua (eskola, lantokia, aisialdia...).
- Dibulgazio-materialak argitaratzea, mugikortasun segururako heziketa-baloreak sustatzen dituztenak.
- Arduradunak prestatzea, mugikortasun segururako heziketa-ekintzak garatzeko.
5. artikulua.- Beste diru-laguntza batzuekin dagoen bateragarritasuna.
Agindu honek araututako diru-laguntzak bateragarri dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin eman ditzakeen beste diru-laguntzekin, beti ere ez bada gain-finantzaketarik gertatzen. Kasu horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua gehiegizkoa litzatekeen zenbatekoan murriztuko da.
6. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.- Agindu honetako 2. artikuluan aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa lehiaketa bidez banatuko da ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaeren artean, 12. artikuluaren arabera. Gauzak horrela, proportzionaltasunaren irizpidea erabiliko da diru-laguntzak emateko, honela: diru-kopurua eskaera guztien artean banatuko da balorazio fasean lortutako puntuazioaren ehunekoan eta diru-kopuru mugatua eta ezarritako portzentajeak errespetatuko dira, eskatutako zenbatekoa gainditu gabe.
2.- Zehaztutako gastuen behin betiko kostu erreala aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan gutxiagotuko da, horregatik diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriaren gainean aplikatuko da.
3.- Zehaztutako gastuen behin betiko kostu erreala, berriz, aurkeztutako aurrekontua baino handiagoa balitz, emandako diru-laguntza gehituko da.
7. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.
Interesa duten entitateek Agindu honen 1. eranskinean agertzen den eredu normalizatuaren arabera beteriko eskaerak, udalerriko alkateak sinatuta, aurkeztu beharko dituzte eta aurkeztu ere Herrizaingo Saileko erregistro nagusian, hots Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1ean, edo bestela azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein egoitzatan, 45 egun naturaleko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8. artikulua.- Agiriak.
Eskabidearekin batera, agiri hauek ere aurkeztu behar dira:
1.- Esperientziaren egiaztagiria, azken 10 urteetan burututako bide-heziketa jarduerak garatzen. Horrelakorik ez dute egin behar Herrizaingo Sailak horretarako emandako diru-laguntzak jaso dituzten udalek.
2.- Proposatutako jardueren finantzaketa-plana; bertan zehatuko da horiek gauzatzeko aurreikusitako gastu bakoitza.
3.- Udaleko Idazkaritzak edota esku hartze alorrak, edo toki entitateak egindako egiaztagiria, diruz lagundu gabeko gastua estaltzeko finantza-ahalmenaren berri ematen duena.
4.- Azalpen txostena, zehaztasunez hauxe jasoko duena:
a) Udalerriko mugikortasun segururako heziketari buruzko beharren diagnosia, Agindu honen II. Eranskinaren arabera.
Diagnosiak identifikatu behar ditu udalerriko edo herriko datu garrantzitsuenak (herriko eta bere mugikortasunaren ezaugarriak, bide-istripuen eta ezbeharren estatistikak, ...), baita prestakuntzako behar espezifikoak ere.
b) Jardueren zerrenda, Agindu honen III. Eranskinaren arabera, beharren diagnosiaren egokitzapena zehaztuko duena, baita egutegia eta zuzeneko prestakuntzako orduen kopurua ere.
c) Jarduera bakoitzeko fitxa, Agindu honen IV. Eranskinaren arabera.
9. artikulua.- Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.
Trafiko Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean antzemango balu aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak, baita azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluarenak ere, betetzen ez direla, interesdunari jakinaraziko dio hamar eguneko epea duela akatsa zuzentzeko edo ezinbesteko agiriak aurkezteko. Eta, horretaz gain, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, ebazpen baten bidez egingo dena.
10. artikulua.- Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.
Trafiko Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetako laguntzak kudeatzeko lanak.
11. artikulua.- Baloratzeko irizpideak.
1.- Aurkeztutako eskabideen azterketa eta ebaluaziorako Epaimahai kalifikatzailea eratuko da, ondorengo kideez osatua:
Batzordeburua: Trafiko zuzendaria.
Bokalak: Trafikoko Zuzendaritzaren bi teknikari.
Idazkaria: Kudeaketa Ekonomiko eta Kontratazioko zuzendaria.
2.- Balorazio epaimahaiak erabakiak gehiengo sinplez edo erlatiboz hartuko ditu diru-laguntzak Agindu honetako 12. artikuluan ezarritako esleitzeko irizpideetan oinarrituz eta erabaki-proposamena Herrizaingoko sailburuari zuzenduko dio.
12. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.
Emandako diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balioespen Epaimahaiak irizpide eta portzentaje hauek izango ditu kontuan:
a) Aurkeztutako azalpen-memoriaren kalitatea: gehienez ere % 50 arte.
Irizpide horren balioespena honela egingo da:
- Udalerriko edo herriko mugikortasun segururako heziketari buruzko beharren diagnosia: gehienez 15 puntu.
- " Mugikortasun segururako heziketa. Eskumenen Gida" (Herrizaingo Saila, 2008) liburuan sartutako beharren diagnosi eta edukiekin proposatutako jarduerak egokitzea... gehienez 15 puntu.
- Proposatutako jarduera horien beharra norainokoa den: gehienez 10 puntu.
- Ebaluazio-tresnak, garatutako jardueren edota programen eragina ezagutzea ahalbidetzen dutenak: gehienez 6 puntu.
- Jardueretan erabili beharreko metodologia: gehienez 4 puntu.
b) Prestakuntza zuzeneko ordu-kopurua, jarduera bakoitzeko: % 40, gehienez.
c) Esperientziaren egiaztagiria, azken % 10 urteetan burututako bide-heziketa jarduerak garatzen: % 10, gehienez.
Aurkeztutako azalpen-memoriaren kalitateari buruzko a) atalean, gutxienez 10 puntu lortu behar dira, 6. artikuluan aurreikusitako lehiaketan parte hartu ahal izateko.
13. artikulua.- Ebazpena.
1.- Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, hiru hilabeteko epearen barruan hartuko du Herrizaingo sailburuak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko erabakia, Balioespen-Epaimahaiak egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek ezagut dezaten.
2.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluak dioenaren arabera, epea igaro ondoren ebazpena interesdunari jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ez dela onartu esan ahal izango du.
3.- Diru-laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude, oraindik izapidetzen egon daitekeen itzultze edo zigortze-prozedura bukatuta egotea.
14. artikulua.- diru-laguntza ordaintzea.
Diru-laguntzen onuradun suertatu diren udal zein toki entitateek esleipenaren arrazoi izan diren materialak eskuratu eta kontratatu beharko dituzte, eta faktura orijinalak edo eskumeneko organoak konpultsatutako kopiak Trafiko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte 2011ko urtarrilaren 21a baino lehen. Diru-laguntzen ordainketa honela izango da:
a) Berariaz ezezkorik ematen ez bazaio, % 80 ordainduko da, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak ematen dituen Herrizaingoko sailburuaren Agindua EHAAn argitaratu eta gero.
b) Gainontzeko % 20 ordainduko da, Trafiko Zuzendaritzan (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) burutze-memoria aurkeztu eta gero. Memoria hori 2011ko urtarrilaren 21a baino lehenago aurkeztu beharko da eta informazio hau izango du:
- Egindako jardueren zerrenda zehatza.
- Jarduera bakoitzeko hartzaile kopurua eta esku-hartze zuzeneko orduak.
- Jardueren eragina ebaluatzea dagokion taldean, Agindu honen IV. Eranskinean aurkeztutako bitarteko eta tresnen arabera.
- Argitalpenak dituen jardueren kasuan horien 10 ale gehituko dira.
- Emandako diru-laguntza behar bezala erabili dela dioen Ebazpena, udal edo toki entitateko eskumeneko organoak emana, baita horri atxikitako sarrerak eta gastuak, diruz lagundutako gastuaren fakturak edo agiriak ere; eta, hala badagokio, helburu bererako bestelako diru-laguntzarik jasotzearen berri zehaztu beharko du.
15. artikulua.- Erakunde onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasoko dituen erakundeak betebeharrok ditu:
a) Emandako diru-laguntza onartzea, diru-laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako baldintzen arabera. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten duen agiria jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hamabost eguneko epean, onuradunek zehazki eta idatziz honi uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza erabiltzea berez dagokion helbururako, salbu diru-laguntzaren baldintzak aldatzeari buruzko 16. artikuluan ezarritakoa aplikagarria gertatzen bada.
c) Beste administrazioetatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik, helburu bera duten laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, Trafiko Zuzendaritzari jakinaraztea, hamar eguneko epean aipatu gorabehera jakiten denetik kontatzen hasita.
d) Aurkeztutako egitasmoan esleipena egiterakoan kontuan izandako gorabehera objektibo edo subjektiboen artean aldaketarik emanez gero, horren berri Trafiko Zuzendaritzari ematea, aurreko paragrafoan ezarritako epean.
e) Laguntza eman duen entitateak egindako egiaztapen-ekintzei makurtzea eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoen barruan, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten adina informazio aurkeztu beharko diete.
f)·Bere gain utzitako datu-bilketetan edo erregistratzeko beste tekniketan laguntzea, mugikortasun segururako heziketa-kanpainak ebaluatzeko.
g) Sortutako material guztietan Herrizaingo Saileko finantzazioa izan dela zehaztuko da argi eta garbi, bi administrazioen logotipoa ere sartuko da.
h) Egingo diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz idatziko dira edota euskaraz eta gaztelaniaz.
i) Azterlan, programa, jardunaldi, argitalpen, eta abarrek genero-berdintasunaren ikuspegia izango dute eta hizkeran eta irudian bereizketa-kutsurik ez agertzea bermatuko dute.
16. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada, edo bestelako erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, laguntza edo diru-laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko erabakia alda daiteke. Ondorio horietarako, Trafiko Zuzendaritzak dagokion likidazio- erabakia emango du; bertan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokitu egingo da.
17. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.
Deialdi honetan eta diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrera itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka entitate interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Horren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eragiten Agindu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko otsailaren 24a.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.
I. ERANSKINA
EAE-KO UDAL ETA BESTE TOKI ENTITATE BATZUENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK, 2010EAN MUGIKORTASUN SEGURURAKO HEZIKETA JARDUERAK BURUTZEKO.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UDALERRIKO MUGIKORTASUN SEGURURAKO HEZIKETARI BURUZKO BEHARREN DIAGNOSIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
MUGIKORTASUN SEGURURAKO HEZIKETA JARDUEREN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
JARDUERA FITXA
(Ikus .PDF)
RSS