
43. zk., 2010eko martxoaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Justizia eta Herri Administrazio Saila
1185
50/2010 DEKRETUA, otsailaren 16koa, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen duena.
Apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoak, arautzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari begira jardun ahal duten organo eta erakundeak, haren Administrazio Orokor eta instituzionalekoak besteak beste. Izan ere, eta aipatutako legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari begira ere jardun ahal dute Jaurlaritzako sailek eta haien estatistika- eta administrazio-jarduera argi eta garbi bereizteko aukera emango duen estatistika-organo bat izatea da, horretarako, exijitzen zaien baldintza bakarra. Halaber, organo horietan lan egiten duen estatistika pertsonalaren espezializazio teknikoa sustatuko da. Horiek horrela, estatistika-organo espezifiko horiek Euskal Estatistika Erakundearekin batera sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundean, konplexu organiko eskudun gisa, maila operatiboan.
Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoaren, 26. artikuluan eratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundea eta, horren arabera, estatistika-organo espezifiko bat osatuta izan zuten Jaurlaritzako sail horiek eramango dute aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko jarduera, aipatutako legeak xedatutakoaren arabera. 26.2 artikuluan adierazten denez, estatistika-organo espezifiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundeko zati dira eta erakunde horretan maila operatiboan hartzen dute parte.
Bestalde, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoak, 27. artikuluan zehazten du beren araudia izango dutela Jaurlaritzako sailetako estatistika-organoek.
Halaber, ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren, Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak arautzen dituenaren, bidez garatu dira apirilaren 23ko 4/1986 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren, 26. eta 27. artikuluak. Izan ere, ekainaren 22ko 180/1993 dekretu horrek 1. artikuluan xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzako estatistika-organoak sortu, antolatu eta funtzionatzeko prozesua arautzea du helburu eta, horregatik, dekretu horren aginduen arabera eratzen direnak, ez besterik, joko dira Eusko Jaurlaritzako estatistika-organo espezifikotzat. Dekretuaren bidez sortuko dira Eusko Jaurlaritzako estatistika-organo espezifikoak eta horrelako Organo bana egon ahal izango da sail bakoitzean, haren antolaketa-egituraren barruan.
Aipatutako dekretuaren 5., 6. eta 7. artikuluaren bidez arautzen da estatistika-organo espezifikoaren eraketa organikoa, kide bakarreko organoa den aldetik, eta goi kargu baten edo sailean behar diren eskuduntzak dituen edo sailen arteko koordinazio-funtzioak eta estatistika-organo espezifikoaren titularitatea eta eskuduntzak dituen edozein organoren menpetasun zuzena izango du.
Azkenik, ekainaren 22ko 180/1993 dekretuak, Jaurlaritzako sailen estatistika-organo espezifikoak arautzen dituenak, lehen xedapen gehigarrian zehazten duenez, Jaurlaritzako sailek derrigorrean izan beharko dute Koordinazio Organo Espezifikoa, Estatistika Euskal Planean edo urteroko estatistika-programetan sartuta dauden estatistikak eta jarduerak egin ahal izateko.
Dekretu honen bidez betetzen dira apirilaren 23ko 4/1986 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren, eta berau garatzen duen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren aurreikuspenak. Izan ere, ekainaren 22ko dekretu horren bidez arautzen dira Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak eta estatistika-organo espezifikoa ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, eman zaizkion eta harremanak eta funtzionamendua, sekretu estatistikoaren arloan batez ere, estatistika legeriak arautu, babestu eta mugatzen dituen eremuei dagozkien estatistika-jarduerak aurrera eramateko.
Horren arabera, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, Euskal Estatistika Batzordea / Comisión Vasca de Estadística erakundearen aldez aurreko txostenarekin, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko otsailaren 16ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren,
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Xedea.
Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzen da Dekretu honen bidez, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen da, 180/1993 Dekretuaren xedapenei jarraiki (ekainaren 22ko 180/1993 Dekretua, Jaurlaritzaren Sailen estatistika-organo espezifikoak arautzen ditu).
2. artikulua.- Mendekotasuna.
Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa pertsona bakarreko organoa da, zuzenean Zerbitzu zuzendariaren mende dagoena.
3. artikulua.- Eskumenak.
1.- Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa I. Klasekoa da bere eskumenei dagokienez. Horri jarraiki, 180/1993 Dekretuak klase horretako estatistika-organo espezifikoei esleitzen dizkien eskumen eta ahalmenak izango eta baliatuko ditu, honako hauek zehazki:
a) Sailaren Estatistika Plana lantzea, Euskal Estatistika Planaren Proiekturako oinarri izango dena.
b) Lankidetza Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística erakundearekin Euskal Estatistika Plana eta Urteko Estatistika Planak lantzeko.
c) Urteko Estatistika Planetan bilduriko estatistikak edo haien faseak lantzea, programa horietan ezarritako baldintzei jarraiki.
d) Estatistika propioak lantzea -hots, Euskal Estatistika Planean edo Urteko Estatistika Programetan bildu gabeak-, 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
e) Beste erakundeekiko harremanak artikulu honetako c) eta d) idatz-zatietatik eratorritako estatistika-eginkizunen ondorioz, betiere 4/1986 Legearen 29.c eta d) artikuluan ezarritakoa kontuan izanda.
f) Informazioa lortzea bere eskumeneko estatistikak egiteko, 4/1986 Legearen 9.-16. artikuluetan adierazitako baldintzetan.
g) Artikulu honetako d) idatz-zatian aipaturiko estatistiken emaitzak argitaratu eta zabaltzea, baita Urteko Estatistika Programetan zehazten direnak ere, horien edukia aldez aurretik Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística erakundeari jakinarazita.
h) Bere sektore-eremuko estatistikako Fitxategi-Direktorioak lantzeko eta eguneratzeko parte hartzea, 4/1986 Legearen 29.i artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
i) Justizia eta Herri Administrazio Sailak interesgarritzat jotzen dituen proiektuak egitea, batez ere sektoreko eta azpisektoreko zerbitzuak, azterlanak eta azterketak, 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluak ezarritako esparruan.
2.- Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoak bere eskumenak baliatuko ditu sail horren estatistika-premiei dagokienez zein atxikita dituen erakundeei dagokienez -Euskal Estatistika Erakundea alde batera utzita-, estatistikak estatistika-datuen edo administrazio-datuen arabera landu behar badira ere.
3.- Estatistikek eraginpean harturiko gaiei buruz adierazitako Sailaren organo eta instantziei legez esleituriko eskumenak errespetatuko ditu Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoak. Organoak eskaturiko informazioa emango diote azken horiek Organoari berari, bere eskumenak balia ditzan.
4. artikulua.- Funtzionamendua.
Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoak, behin 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako estatistika-organo espezifikoen Erregistroan erregistratu ondoren, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko bere jarduna estatistika-legeria gordez gauzatuko du, eta, batez ere, estatistika-sekretuari buruzko legeria gordez, beste organo edo erakundeekin izango dituen harremanetan, bere Sailari dagozkionekin edo atxikitakoekin izango dituenak barne.
5. artikulua.- Administrazio-errekurtsoak.
1.- Justizia eta Herri Administrazio sailburua eskudun izango da Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoak emandako egintzen aurka jarriko diren errekurtsoak aztertu eta ebazteko.
2.- Errekurtso horien ebazpenak Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística erakundearen aginduzko txostena izango du aurretik.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Ahalmena ematen zaio Justizia eta Herri Administrazio sailburuari beharrezko xedapenak eman ditzan Dekretu honetan ezarritakoa garatu eta gauzatzeko.
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean Dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko otsailaren 16an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
RSS