
34. zk., 2010eko otsailaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
876
40/2010 DEKRETUA, otsailaren 9koa, Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko GI-2620 errepidearen Arrasate mendebaldeko saihesbidea egiteko proiektuaren 2. proiektu aldatua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Saileko diputatuak 2009ko irailaren 10ean emandako Foru Aginduaren bidez «GI-2620 errepidearen Arrasate mendebaldeko saihesbidea egiteko proiektuaren 2. proiektu aldatua» onartzeko legezko izapideei ekiteko erabaki hartu zen; proiektuak eragiten dien ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua jendaurrean jartzeko erabakia ere hartu zen, nahitaez desjabetzeko. Ondoren, 2009ko abenduaren 1ean Diputatuen Kontseiluak egindako bilkuran erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazteko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko behar diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen bere garaian, ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:
GI-2620 errepidearen Arrasateko mendebaldeko saihesbidearen proiektuarekin Aramaioko haranera joateko dagoen arazo larria konpondu nahi da. Haran horretan kokatu dira Arrasateko hiri-garapen handiak: industrialdeak, zerbitzuak eta biztanle-guneak; ondorioz, trafiko arazo larriak sortzen dira GI-2620 errepidean, Arrasateko herri-gunetik igaro behar izaten baita derrigorrez. Herri inguruan trafiko-ilara handiak sortzen dira eta herri-gunera joateko arazo larriak izan ohi dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jardunak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.
Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko otsailaren 9an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, GI-2620 errepidearen Arrasate mendebaldeko saihesbidea egiteko proiektuaren 2. proiektu aldatua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari bi hilabeteko epean. Epeak dekretu honen argitalpenaren egunaren biharamunetik hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko otsailaren 9an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
RSS