Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2010eko otsailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
747

IRAGARKIA, 2010ean «Hobeki Digitala» Programarako araudia onartzen duena. Programa horrek ezartzen ditu ETE-etako barne prozesuak digitalizatzen laguntzeko eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (TIC) bidez bezero, hornitzaile eta Administrazioekiko harremanak digitalizatzeko laguntzak.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren Administrazio Kontseiluak, 2009ko abenduaren 16an eginiko bileran, 2010ean «Hobeki Digitala» programa arautzeko araudia onartu zuen. Programa horretan ezartzen dira Informazio eta Komunikazio Teknologien bidez ETE-etako barne prozesuak digitalizatzen laguntzeko eta bezero, hornitzaile eta Administrazioekiko harremanak digitalizatzeko neurriak. Hauxe da, hitzez hitz, haien testu osoa:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Informazio eta Komunikazio Teknologien bidez ETE-etako barne prozesuak digitalizatzen laguntzea eta bezero, hornitzaile eta administrazioekiko harremanak digitalizatzen laguntzea da programa honen xedea, hartara ETE horien lehiakortasuna ahalbidetu eta sendotzeko.

2. artikulua.- Laguntzen izaera.

1.- Informazio eta Komunikazio Teknologiak enpresetan sartzeko ematen diren laguntzak itzuli beharrik ez duten diru-laguntzatzat hartuko dira.

2.- Informazio eta Komunikazio Teknologiak ezartzeko laguntzen eskariak aurkezten diren neurrian ebatziko dira (behar bezala beteta badaude) eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk programa horretarako dauzkan urteko aurrekontuetako kredituaren mugaraino, edo egozketa urtekotua aurrekontuan jasotzeko jarriko den mugara arte, proiektuak gauzatzeko epeen edo diru-laguntzen zenbatekoen arabera.

3.- Laguntzak emateko prozedura arau honen III. kapituluan ezartzen den bezala egingo da.

3. artikulua.- Onuradunak.

Jarduera ekonomikoa gauzatzen duten pertsona fisiko eta juridikoak izan daitezke onuradun. Horrez gainera, ondorengo baldintzak ere bete beharko dituzte:

1.- Helbide soziala EAEn edukitzea edo gutxienez jarduera zentro bat EAEn egotea.

2.- ETE-en baldintzak, Europako Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Araudiaren I. eranskinean ezarritakoak, hartuko dira kontuan, edo hura aldatu edo ordezten duten xedapenetan ezarritakoak.

3.- Onuraduna izateko baldintzak betetzea, indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita.

4.- Zerga alorreko eta Gizarte Segurantzako betebeharretan egoera erregularizatuta edukitzea, indarrean dagoen legeriaren arabera eska daitezkeen mugen barnean, bai eta SPRI taldeko edozein elkarterekin dituen betebeharretan ere.

Baldintza horiek guztiak laguntza-eskabidea eta likidazio-eskabidea aurkezteko unean bete beharko dira. 2. puntua laguntza-eskabidea aurkezteko unean baino ez da egiaztatu beharko.

5.- Ondokoak ezingo dira onuradun izan:

- Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak.

- Teknologia zentroak eta clusterrak, berariazko beste zenbait laguntza jasotzen baitituzte.

- Aholkularitza- eta informatika-enpresak, teknologia horiek ezagutzen dituztelako, eta programa honetako onuradun diren ETE-en hornitzaile izan daitezkeelako.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Ondorengoak hartuko dira diruz laguntzeko moduko jardueratzat:

1.1.- Beharren diagnosia edo enpresetan TICak ezartzeko planak egitea, erakunde edo enpresa espezializatuek egiten badituzte. Plana egiteko, enpresa espezializatuak SPRI SAk emandako metodologia jarraitu beharko du edo, bestela, enpresetan Informazio eta Komunikazio Teknologiak (TIC) ezartzeko metodologia propioa duela egiaztatu (hori ere SPRIk berariaz onartutakoa).

Metodologia propioa erabiltzekotan, Enpresa Txiki eta Ertainei zuzenduta egon beharko du, eta negozio-ikuspegia bermatu beharko du Informazio eta Komunikazio Teknologiak txertatzean, parte-hartzea bultzatuz, aholkulari eta enpresariaren arteko talde-lanaren bitartez. Hori aplikatuz, gutxienez ondorengo atalak jasoko dituen agiri bat lortuko da:

- Negozioa hobetzearren Informazio eta Komunikazio Teknologiak ezartzeko aukerak identifikatzea.

- Aukerak hautatzea, horiek balioetsi eta lehentasuna emanda.

- Ezarpen horretatik sortuko diren etekin ekonomikoak kuantifikatzea.

- Ezarpena planifikatzea edukien, kostuen eta gauzatzeko epeen arabera.

1.2.- Informazio eta Komunikazio Teknologiak ezartzeko planak gauzatzea. Enpresako negozio-prozesu guztiak edo parte bat digitalizatzera jo beharko dute, eta ondorengo jarduerekin lotuta egongo dira:

- Negozio elektronikoa (e-Business): Kudeaketa-sistema integratuak eta finantza- eta diruzaintza-kudeaketarako sistema eta garapenak ezartzea, enpresan faktura elektronikoa erabili ahal izateko.

- Marketing elektronikoa (e-Marketing): Ondoko moduetan bezeroekiko harremana optimizatuko duten sistemak ezartzea: bezeroak fidelizatuta, erakarrita, kudeatuta, eskaintzak pertsonalizatuta, publizitatea eginda eta bezeroen datu-baseak sortuta.

- Erosketak (e-Procurement): Enpresak produktuak eta zerbitzuak erosteko kudeaketa-sistemak modu elektronikoan ezartzea.

- Merkataritza elektronikoa (e-Commerce): Enpresak bezeroei produktuak eta zerbitzuak saltzeko sistemak modu elektronikoan ezartzea.

- Merkatu Birtualak (e-Marketplaces): Erosle eta saltzaileen arteko negoziazioa erraztuko duten plataformetan enpresari parte hartzeko aukera emango dioten sistemak modu elektronikoan ezartzea.

- Enpresaren web orria diseinatu eta ezartzea, beti ere web orri horrek, enpresaren informazioaz gain, transakzio komertzialak egiteko aukera eskaintzen badu.

- Enpresaren Intranet edota Extranet-a diseinatu eta ezartzea, enpresako langileen arteko komunikazioa eta enpresaren eta bezero eta hornitzaileen arteko komunikazioa optimizatzeko.

- Wiki erako tresnetan oinarritutako barne komunikazioko sistemak diseinatu eta ezartzea.

- Teknologia zaintzarako tresnak ezartzeko proiektuak.

- Enpresa nazioartera zabaltzeko proiektuen (beste herrialde batzuetan ezartzea) ondorioz enpresa baten informazio-sistemak egokitzeko proiektuak.

- RFID teknologia edo antzekoak erabilita, enpresako prozesuak hobetzeko proiektuak.

- Informazio-sistemetako segurtasun-sistemak diseinatu eta ezartzea.

Web garapenen proiektuak (merkataritza elektronikorako, Extranet-eko web orriak, eta abar) diruz laguntzeko modukotzat hartzeko, «AA» erabilerraztasuna izan behar dute, W3C-ko WAI lan-taldearen gomendioak kontuan hartuta.

2.- Proiektu bat SPRI SAri aurkeztu bazaio, eta SPRI SAren programa honen edo beste baten laguntza jaso badu, proiektu hori eguneratu edo mantentzea ez da diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko.

3.- Artikulu honetan deskribatzen diren produktu edo zerbitzuak enpresa onuradunaren produktu eta zerbitzuen katalogoko parte badira, ez dira diruz laguntzeko moduko egintza edo jardueratzat hartuko.

5. artikulua.- Diruz laguntzeko moduko gastuak.

Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira 4. artikuluan deskribatutako aholkularitza-lanak, baldintza hauek betetzen badituzte:

- Eskaera egin duen enpresarekin inolako loturarik ez duten (ez zuzenean ez zeharka, ez eta akzio edo partizipazioen bitartez ere) erakunde edota enpresa espezializatuek eginak izatea. Erakunde edo enpresa horiek ezingo dira elkarte publikoak izan, ez eta zuzenbide publikoko erakundeak, fundazioak, zentro teknologikoak, elkarteak eta elkargo profesionalak ere.

- Proiektuak gauzatuta egotea eta EAE barneko jarduera zentro batean kokatzea.

- SPRI SAn laguntza-eskabidea aurkeztetik abiatutako proiektuak izatea.

ASP formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea ekarriko duten proiektuetan, diruz laguntzeko modukotzat hartu ahal izango dira softwarea edo era horretako aplikazioei egozteko moduko lizentziak erosteko gastuak, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte, eta 4. artikuluko 1.2 puntuan deskribatutako proiektu motaren barruan badaude. Halaber, konektibitate-gastuak kanpoan gelditzen dira.

Hobeki Digitala programako Batzorde Betearazleak katalogatutako proiektuetarako, diruz laguntzeko moduko gastu eta inbertsiotzat hartu ahal izango dira hauek: «proiektuari egozten zaizkion hardware eta softwarea».

Proiektu bikaintzat hartzen dira ezaugarri hauetako bat betetzen dutenak:

1.- Enpresaren sektorean berrikuntza nabarmena dakarten proiektuak,

2.- TICak ezarrita aldaketa kualitatiboa eta enpresaren lehiakortasuna nabarmen hobetzea dakarten proiektuak,

3.- Teknologikoki aurreratuak diren proiektuak.

Halaber, «4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak» atalean deskribatutako proiektuen kasuan, mugikortasunarekin lotutako proiektuak badira, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira «Proiektuaren mugikortasunari egozten zaizkion hardware eta softwarea»n eginiko gastu eta inbertsioak.

Mugikortasunarekin lotutako proiektutzat hartuko dira enpresaren kudeaketa-sistemarekin informazioa trukatzeko aukera ematen dutenak. Mugikortasun-gailuak (banda zabaldunak) eta PDA erako ekipoetan edo hirugarren belaunaldiko edo hortik gorako telefono mugikorretan instalatutako aplikazioak erabiltzen dituzte horretarako.

6. artikulua.- Proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz laguntzeko moduko proiektuak gehienez 12 hilabetetan gauzatu beharko dira, laguntza-eskabide aurkezten denetik hasita.

II. KAPITULUA

LAGUNTZAK

7. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa.

TICen diagnosiak eginda, ezarpen-planak osatuta eta ezarpen-plan horiek gauzatuta, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza hauek jasoko dira:

- Mikro enpresetan eta enpresa txikietan, diruz laguntzeko moduko gastuen % 35.

- Enpresa ertaina, diruz laguntzeko moduko gastuen % 20.

TICen diagnosiak eta/edo ezarpen planak egiteko ezingo da, inola ere, 2.000 eurotik gora jaso.

Enpresa bakoitzari ekitaldi honetan eta programa honetan aurkeztutako proiektu bat edo gehiago egiteko urtero eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza 12.000 eurokoa da.

Salbuespen gisa, Hobeki Digitala programako Batzorde Betearazleak beste 6.000 euro gehitu ahal izango dizkio diru-laguntzari, bikain gisa kataloga daitezkeen proiektuetarako.

Bikain gisa katalogatutako proiektu horietarako, diruz lagundutako portzentajea % 50 izango da, enpresa txikia zein ertaina izan.

Bikain gisa katalogatu edo hartutako proiektuen kasuan SPRIk, enpresa onuradunarekin lankidetzan, proiektua hedatu ahal izango du, eta ohitura onei buruzko argitalpen edo web orrietan haien berri eman.

Enpresa eskatzaileek nahitaez jakinarazi beharko diote SPRI SAri, laguntza-eskabidean eta likidazio-eskabidean, proiektu beraren inguruan bestelako diru-laguntzarik eskatu edo jaso duten, eta zein. Hala egin ezean, emandako diru-laguntza berehala itzultzeko eskatuko da.

8. artikulua.- Laguntzak metatzea. Minimis.

- Arautegi honetan bildutako laguntza-araubidea bat dator ekonomia- eta finantza-krisia dela-eta enpresei kopuru mugatuko laguntzak emateko Esparru Nazional Irangakorrarekin; Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Batzorde Delegatuak onartu zuen esparru hori 2009ko maiatzaren 7an, eta Europako Batzordeak baimendu zuen 2009ko ekainaren 8an (307/2009 espedientea), honakoarekin bat etorrita: ekonomia- eta finantza-krisiaren egungo testuinguruan finantzazioa eskuratzeko erraztasunak ematen dituzten estatuen laguntza-neurriei aplikatzekoa zaien Aldi Baterako Esparrua, Europako Batzordeak 2008ko abenduan emandako Adierazpenaren bidez onartua eta 2009ko otsailean aldatua (2009 C 83/01 EBAO).

Eskatzaile bakoitzari 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31 arteko aldirako emango zaion laguntza ezin da izan 500.000 eurotik gorakoa. Araubide honen babesean emandako laguntzak ezin dira metatu Europako Batzordearen 1998/2006 Arautegiak (EB) kostu aukeragarri berberak estaltzeko emandako laguntzekin (1998/2006 Arautegia (EB), 2006ko abenduaren 15ekoa, Ituneko 87. eta 88. artikuluen -«de minimis» laguntzak- aplikazioari buruzkoa). Araubide hau indarrean jarri aurretik eskatzaileak «de minimis» laguntzarik jaso badu, lehenago aipatutako aldirako jasotako laguntza guztien batuketa ezingo da 500.000 eurotik gorakoa izan.

Laguntza eman aurretik, zehaztutako mugak ez direla gainditzen egiaztatzeko, onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan jasotako beste edozein «de minimis» laguntzaren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dio idatziz SPRI SAri (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari).

Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten entitateek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, baldin eta metaketa horren bidez ez badira gainditzen kategorien arabera salbuesteko jarraibideetan edo erregelamenduetan adierazitako gehienezko laguntza-mugak.

Laguntza mota horretatik kanpo geratzen diren sektoreei buruzko xedapenak, aipatutako erregelamenduetan ezarritakoak, bete beharko dira.

- Proiektu bati emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, edota xede berbererako erabilitako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera hartuta, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa, eta onuradunak laguntza edo diru-laguntza horien berri eman behar dio SPRI SAri nahitaez.

Muga hori, edo programa honek zehazten dituen beste batzuk, gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.

III. KAPITULUA

PROZEDURA

9. artikulua.- Laguntzak eskatzea.

1.- Programa honen xedea «ETEak digitalizatzen laguntzea» da eta, horrenbestez, laguntza-eskabide telematikoki izapidetu beharko da oso-osorik, Interneten bitartez, SPRI SAk www.spri.net-en horretarako jarriko duen helbidean. Enpresa onuradunak baliozkotu egingo ditu laguntza-eskabidean enpresak emandako harremanetarako pertsonaren helbidera SPRIk e-mail bidez bidaliko dituen komunikazio guztiak. Enpresa eskatzaileak behar bezala bete beharko ditu web inprimakiak, laguntza-eskabidea sinadura elektroniko bidez sinatu eta SPRI SAri fitxategiak bidali beharko dizkio, aipatutako aplikazioa erabiliz, eta informazio hau jasoz:

- Enpresaren IFZren kopia.

- Jabetzako eskrituren fotokopia edo laburpena, zeinen bitartez egiaztatzen baita pertsona sinatzaileak ordezkatzeko nahikoa ahalmen duela laguntza-eskabide hau enpresaren izenean egiteko.

- Enpresa espezializatuak diruz lagundu beharreko lanerako egin duen eskaintza.

- Laguntza-eskabidea aurkeztu den urte berean jarduera hasi duten enpresa sortu berrien kasuan, negozio-plana ere aurkeztu beharko dute.

SPRI SAk enpresa eskatzaileari eta enpresa espezializatuari eska diezaieke diru-laguntzaren xede den proiektuarekin zerikusia duen dokumentazio edota informazio gehigarri oro eman dezatela, proiektua behar bezala ulertu eta ebaluatzeko.

Laguntza-eskabidea diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko da.

10. artikulua.- Ebazpena.

Hobeki Digitala programaren Batzorde Betearazleak ebatziko ditu laguntza-eskabideak.

Batzorde Betearazleak lau hilabeteko epea izango du, gehienez, ebazpena eman eta enpresari jakinarazteko, laguntza-eskabidea behar bezala betetzen denetik eta hala balitz, SPRI SAk eskatutako agiri osagarriak entregatu direnetik zenbatzen hasita.

Programako Batzorde Betearazlearen iritziz antzeko proiektuetako batez besteko gastuen kostuarekin konparatuta proiektuaren gasturako aurrekontua gehiegizkoa bada, diruz lagundu beharreko oinarria txikitu ahal izango du, dagokion zenbatekoan, eta gastu doitu eta proportzionatutzat har daitekeenera egokitu ahal izango du.

11. artikulua.- Likidatu eta ordaintzeko eskabidea.

1.- Enpresa eskatzaileak behar bezala bete beharko ditu programaren web gunean (www.spri.net-en) horretarako prestatuta dauden «likidazio-eskabidea» izeneko web inprimakiak; likidazio-eskabidea sinatu beharko du sinadura elektroniko bidez, eta SPRI SAri agiriok eskuratu beharko dizkio:

- Proiektuaren memoria, egindako lanak behar bezala egiaztatzeko.

- Proiektuan diruz laguntzekoak diren gastuen fakturen fotokopia.

- Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuko gastuak ordaindu izanaren bankuko frogagirien kopia.

- Ziurtagiri (fitxategi) eguneratua (ziurtagiriaren datak likidazio-eskabidearen aurkezpen-data baino hilabete lehenagokoa izan behar du gehienez ere), tributu-betebeharrak betetzeari dagokionez enpresa egunean dagoela ziurtatzen duena.

- Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiri (fitxategi) eguneratua (ziurtagiriaren datak likidazio-eskabidearen aurkezpen-data baino hilabete lehenagokoa izan behar du gehienez ere), harekiko betebeharrak betetzeari dagokionez enpresa egunean dagoela ziurtatzen duena.

- Finantza-erakundearen kopia, bankuko kontuaren titulartasuna enpresa onuradunaren izenari dagokiola egiaztatzen duena.

2.- Likidazio-eskabidea aurkezteko epea 90 egunekoa da, enpresak laguntza-eskabidean adierazi duen proiektuaren bukaera-datatik zenbatzen hasita.

3.- Diru-laguntzak gehienez ere 120 eguneko epean ordainduko dira, enpresak likidazio-eskabidean ezarritako agiri guztiak aurkezten dituen egunetik hasita, eta behin SPRI SAk proiektua behar bezala amaitu dela egiaztatu eta oniritzia eman ondoren.

Diru-laguntza jaso dezakeen gastua enpresak laguntza-eskabidean aurkeztutako aurrekontutik beherakoa bada, diru-laguntza proportzioan egokituko zaio proiektua gauzatzeko ehunekoari.

12. artikulua.- Komunikazioak.

Programa hau dela-eta SPRI SAk egin beharreko jakinarazpen guztietarako, posta elektronikoa besterik ez da erabiliko. Horregatik, enpresa onuradunak eguneratuta eduki beharko du harremanetarako helbide elektronikoa, eta helbide elektroniko hori enpresa onuraduneko pertsona batena izango da.

13. artikulua.- Zuzenketak.

Laguntza-eskabidean zein likidazio-eskabidean behar izan litezkeen zuzenketak jakinarazi egin beharko dizkio SPRI SAk enpresa onuradunari, e-mail bidez, 20 egun naturaleko epean akatsa zuzen dezan, beharrezko agiriak gehitu edo beharrezko azalpenak eman ditzan, eta adierazi beharko dio hala egin ezean eskabidea bertan behera utziko dela.

14. artikulua.- Web inprimakia.

Laguntza-eskabidea aurkezten den unean, SPRIk web inprimaki bat jarri ahal izango du enpresa onuradunaren eskura, proiektuak enpresan izandako eragina ebaluatzeko, bai eta hornitzailea ebaluatzeko ere.

IV. KAPITULUA

INFORMAZIO BETEBEHARRA ETA EZ-BETETZEAK

15. artikulua.- Jarraipena.

SPRI SAk, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin lankidetzan, ekimena bultzatzeko arduraduna baita, eskubidea du baliabide publikoak behar bezala erabiltzen direla egiaztatzeko, eta Hobeki Digitala programaren garapena eta aplikazioa egiaztatzeko egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskaritza eta gainontzeko kontrol neurriak egiteko.

Egiaztapen lanetan ikusiko balitz diru-laguntzaren onuradunak ez duela programa honetan ezarritako baldintzetakoren bat bete, kobratu dituen diru-kopuruak itzul ditzala eskatuko dio Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatea SAk (SPRI, SA) eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori egiteko behar diren legezko jarduerak martxan jarriko ditu. Halaber, halakorik gertatuz gero, enpresa aholkulariari eragotzi egin ahal izango zaio programa honi atxikitako bestelako proiekturik egitea.

16. artikulua.- Informazio betebeharra.

Onuraduna behartuta dago SPRI SAri, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edozein informazio ematera, diru-laguntzen helburua fiskalizatzeko daukaten egitekoa betetzerakoan eskatzen badiote.

AZKEN XEDAPENAK

1.- Hobeki Digitala Programaren laguntzak 2010-01-01etik 2010-10-15era arte egongo dira indarrean, baina jakinarazten da aurkezten diren eskabideak ekitaldi bakoitzean aztertuko direla hurrenkera kronologikoaren arabera, behar bezala bete direnetik eta urtean helburu horretarako gaitu den kredituaren mugaraino. Kreditua agortu eta gero, ez da eskabiderik aztertuko, nahiz eta jada aurkeztuta egon.

2.- Eskatzailea ados badago, eskabideko datu pertsonalak SPRI SAren fitxategi informatiko batean sartuko dira, diru-laguntzen programa hau aplikatu eta interesgarriak izan daitezkeen informazio-bidalketak egiteko. Datu horiek Eusko Jaurlaritzari edota Foru Aldundiei laga dakizkieke Dirulaguntzen Programa kudea dezaten (eta horrexetarako bakarrik). Eskatzaileak sartzeko, zuzentzeko, kitatzeko eta aurka jartzeko eskubideak egikari ditzake SPRI SAren egoitzan (Urkixo zumarkalea 36-4, 48011 Bilbao).

3.- SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko, Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

4.- Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden puntuetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa beteko da.

Bilbao, 2009ko abenduaren 16a.

SPRI SAko zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala