Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2010eko otsailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

Emilio Soldevilla Fundazioa
746

ERABAKIA, enpresaren ekonomiari lotutako gaien gaineko ikerlanak egiteko laguntzak esleitzeari buruzkoa.

Erabakia, 2009ko abenduaren 11koa, «Fundación Emilio Soldevilla para la Investigación y el Desarrollo de la Economía de la Empresa» delakoaren Patronatu Batzordearena, enpresa-ekonomiarekin zerikusirik duten gaien inguruko ikerkuntza sustatzeko diru-laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketarako deia egiten duena.

OINARRIAK

Lehenengoa.- Enpresaren ekonomiarekin zerikusia duten gaiei lotutako ikerlanak egiteko laguntzak esleitzea da deialdi honen helburua.

Bigarrena.- Enpresaren ekonomiaren alorrean, eurek aukeratutako gai baten gaineko ikerlana egin beharko dute laguntzen esleipendunek.

Hirugarrena.- Deialdi honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoak dira betekizun hauek:

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziatura edo antzeko tituluren bat edukitzea.

c) Enpresa-ekonomiaren inguruko doktorego-programa bateko lehenengo bi urteak gaindituta eta Ikerketaren Gaitasun agiria izatea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko bateko enpresa-ekonomiaren sail batean edo antzeko batean ikerlana burutzeko konpromisoa hartzea, betiere sail horretako doktore-irakasle baten zuzendaritzapean.

Laugarrena.- Diruz lagundutako ikerketa-lanak 12 hilabeteko epean -laguntza ematen denetik aurrera- aurkeztu beharko zaizkio fundazioari. Lana aurkezten ez bada, esleipendunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta jasotako diru-kopurua itzuli beharko du.

Bosgarrena.- Honako obligazio hauek ere hartzen dituzte laguntzak eskuratzen dituztenek:

a) Diru-laguntzak esleitzeko jarritako eskakizunak bete beharko dituzte.

b) Jarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, eta diru-laguntza esleitzea erabakitzen duen jarduera egin dutela justifikatu beharko dute, entitate esleitzailearen aurrena hain justu ere.

c) Entitate esleitzaileak egiten dituen egiaztatze-jarduerei men egin beharko diete.

d) Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik helburu bererako jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jakinarazi beharko dizkiote entitate esleitzaileari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri eman beharko diote entitate esleitzaileari.

Seigarrena.- Ikerlanak egiteko behar diren gastuak ordaintzeko soilik emango da diru-laguntza. Hauetarako zehazki:

- Iberiar penintsulan barrena joan-etorriak egiteko.

- Datu-baseak eskuratzeko.

- Informatikako programak erosteko.

- Inkestak eta elkarrizketak egiteko.

- Bibliografia lortzeko.

- Hardwarea eskuratzeko.

- Lana fotokopiatzeko eta koadernatzeko.

Gastu justifikagarrien zenbateko osoari ehuneko hamabost gehi dakioke gehienez ere, nekez zuritu daitekeen gastu gisa.

Norbanako diru-laguntza 7.000 eurokoa izango da, gehienez; diru-laguntzen kopuru osoa, berriz, 20.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoak izaki, beste deialdi publiko edo pribatuen bidez lortutako laguntza edo diru-laguntzak erabiliz ordaindu ezin izan diren gastuetarako soil-soilik izango dira diru-laguntzak.

Finantzaketa aurrerakinen bitartez eman ahal izango da harik eta gastuen agiriak aurkeztu arte; lana aurkeztean, jaso bai baina justifikatu ez duen laguntzaren zatia itzuli beharko du esleipendunak.

Zazpigarrena.- Diru-laguntzak ez dakar berekin ezelango kontratu-loturarik laguntzaren esleipendunaren eta Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren artean.

Halaber, bateraezina izango da jarduera bera laguntzeko beste edozein laguntza edo diru-laguntzarekin, lana burutzeko gastuen ordainketa osatzeko ez bada salbu.

Zortzigarrena.- Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio diru-laguntzak jasotzeko eskabideak. Posta ziurtatuz bidali beharko dira, helbide honetara:

Pérez Galdós, 14, Nagusia Eskuma, 48012 Bilbao.

Egutegiko hamar egunekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Bederatzigarrena.- Eskabideekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

a) «Curriculum vitae», bertan eskatzaileak dituen merezimendu akademiko eta profesionalak eta burututako lan eta argitalpen zientifikoak adieraziko dira. Alegatzen diren merezimenduak behar bezala egiaztatu beharko dira.

b) Egingo den ikerketaren programa-proiektua, hamar orrikoa gehienez ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen unibertsitateko enpresa-ekonomia edo antzeko sail baten egiaztagiria, ikerlanaren tutoretza bere gain hartzen duela adierazteko.

d) Sail berari atxikitako irakasle-doktore baten egiaztagiria, aipatutako ikerketa-lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duena.

e) NANaren fotokopia.

f) Espediente akademikoa, titulu akademikoaren fotokopia edo eskatu izanaren frogagiria, eta ikerketaren gaitasun-agiriaren fotokopia.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren baten errolda- ziurtagiria.

Hamargarrena.- Proiektuaren helburuaren egokitzapena kontuan hartuta, zuzen gauzatzeko, proiektuak eskaintzen dituen bermeak eta, batez ere, hautagaiak aldez aurretik burutu dituen ikerketa-jarduerak kontuan hartuta baloratuko dira aurkeztutako proiektuak.

Hautagaien merezimenduak hobeto baloratu ahal izateko eta ikerketaren helburua egokitzeko, hautagaiekin elkarrizketa bat egin daiteke, non hautagaiak proiektuaren defentsa egin baitezake.

Hamaikagarrena.- Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik hamabost egun naturalen barruan esleituko dira diru-laguntzak. Esleipenaren berri idatziz emango zaie esleipendunei.

Hamabigarrena.- Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioko Patronatuak laguntzen esleipenari buruz hartzen duen erabakia apelaezina izango da.

Hamahirugarrena.- Esleipendunak diru-laguntza onartzeak oinarri hauetan ezartzen diren arauak ere onartu beharra dakar.

Arauok betetzen ez badira, galdu egingo dira laguntzari dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hamalaugarrena.- Diru-laguntzari uko egin zaiola idatziz jakinarazi beharko da eta, horrek, une horretan igaro gabe dagoen epeari proportzioan legozkiokeen eskubide ekonomiko guztiak galtzea eta ordura arte burututako ikerketa-lanaren edukia aurkeztu beharra ekarriko du.

Hamabosgarrena.- Diru-laguntzak emateari buruz ez bada idatziz ezer jakinarazten oinarri hauetan aurreikusitako epean, ezetsitzat joko da diru-laguntza.

Bilbao, 2009ko abenduaren 11.

Patronatuko lehendakaria,

ARTURO RODRÍGUEZ CASTELLANOS.


Azterketa dokumentala