Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6805

AGINDUA, 2009ko abenduaren 16koa, Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan kokatzen diren arkeologia aztarnategietan esku hartze baimenduen ondorioz aurkitutako material arkeologiko edota paleontologikoen inbentarioa egiteko diru-laguntzak emateko deialdia egiteko dena, eta gainera, diru-laguntza horien emakida-erregimena finkatzen duena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak jabari publikoaren izaera ematen die Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitu diren eta interes arkeologiko eta paleontologikoa duten ondasun guztiei. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila egiten du ondasun horien zaintzaren arduradun, eta horrela, era egokian gordeko direla ziurtatzen du. Zentzu horretan, aipatu den legearen 47.3 artikuluak dio Sail horren aginpidea dela aztarna horiek zaintzeko zentro edo museoa izendatzea, hain zuzen, aipatu diren ondasunak zentro horietako funtsen parte izatera pasako liratekeelarik. Era berean, 45.4 artikulua irakurriz ondoriozta daiteke Sail honen ardura izango dela arkeologia material horien inbentarioei buruzko informazioa osoa izan dadila ziurtatzea.

Aipatu diren 7/1990 Legearen arauak garatzeko, eta EAEn aurkitu diren eta arkeologia eta paleontologia interesa duten ondasunen gordailua, lekualdaketa eta entrega arautzeko dagoen beharra ikusirik, 1999ko urriaren 21ean urriaren 5eko 341/1999 Dekretua sartu zen indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitu diren eta arkeologia eta paleontologia interesa duten ondasunen lekualdaketa, entrega eta gordailua gauzatzeko baldintzei buruzkoa.

Dekretu horretan, aipatu den 7/1990 Legearen 45.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, baimendutako ikerketen zuzendariak, -edo, gauza bera dena, arkeologian esku hartzeko baimena duen titularrak- esku hartze horren emaitza diren materialen inbentarioa egin beharko du. Inbentario hori, eta baita materialak ere, aipatu den Dekretuak agintzen duen bezala, zehazten den moduan eta epeetan eman beharko da.

Inbentario horiek egitea oinarrizkoa da materialak modu eraginkor batean babestu ahal izateko, baina, nolanahi ere, material-kopuru handiak eta prozesuaren kostuak zeregin hori geldotu egin izan du eta geldotu egiten du oraindik. Horri guztiari datuak biltzeko iturri bakar bat izateko beharra gehitu behar zaio, alegia, fitxa-eredu bakar bat behar da, zuzendari guztiek jarraituko dutena, eta datu-bilketa bateratu eta bakar bat ziurtatuko duena. Hori da hitz bitan diru-laguntzak arautzeko marko bat artikulatzeko beharra eragin duena, izan ere, diru-laguntza horiek arkeologia esku hartzeetako zuzendariak lan-dinamika honetan sartuko ditu eta lan hori azkarraraziko du.

Hori guztia aurrera eramateko, hainbat xedapen eman izan dira, Euskal Autonomia Erkidego barruan kokatzen diren arkeologia aztarnategietan esku hartze baimenduen ondorioz aurkitutako material arkeologiko edota paleontologikoen katalogazioa egiteko diru-laguntzak arautu eta deia egin dutenak, hain zuzen ere, diru-laguntza horien emakida-erregimena finkatuz. Hauek. alegia: Kulturako sailburuaren 2000ko martxoaren 22ko Agindua, horren egokipenak 2001 eta 2002ko ekitaldietarako, 2003ko maiatzaren 14ko Agindua eta bere 2004. urterako egokipena, 2005eko otsailaren 9ko Agindua eta 2006ko apirilaren 6ko Agindua, 2007ko irailaren 3ko Agindua, eta 2008ko maiatzaren 7koa.

Diruz lagundu nahi diren lanak gauzatzerakoan aurreko deialdietan ikusi izan diren arazoak direla eta, oraingo honetan aginduak aurretiko izapideen araubideari helduko dio. Izan ere, jardueren ezaugarriek berek behartzen dute eskatzailea lanen eta giza baliabideen aurretiazko planifikazioa egitera, zeren eta deialdia beranduago argitaratu, eta zailagoa baita egitasmo sendoak aurkeztea. Aurretiko izapideei esker, ordea, posible da egitasmo handiagoei ekitea (inbentariaturiko pieza-kopuruari eta fitxetan jasotako informazioaren kalitateari dagokionez), eta, horrela, inbentariatzeko prozesua azkartu egin daiteke, izendatutako zentroetan biltegiratu arte, horixe baita, egiazki, agindu honen helburu behinenetako bat.

2010eko ekitaldirako diru-laguntzak emateko deialdia egitea da agindu honek duen zioa, eta baita horien eskaera eta ebazpena egin ahal izateko modua eta baldintzak ezartzea ere, helburu horretarako ezarri den diru-kopuruaren kontura.

Ondorioz,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea 2010. urtean laguntzak ezartzea eta ematea da, esku hartze baimenduen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde esparruaren barne diren arkeologia aztarnategietan aurkitutako arkeologia eta paleontologia materialen inbentarioa egiteko.

Material horietatik guztietatik, ondorengo jardueren ondorioz lortutakoak bakarrik hartuko dira kontuan:

- Baimendutako arkeologia esku hartzeak, baldin esku hartze horien kanpo-lanak agindu hau argitaratu eta handik bi urte baino lehenago exekutatu badira.

- Baimendutako arkeologia esku hartzeak, baldin horiek hainbat urtetako indusketa sistematikoko prozesupean dauden aztarnategietan egin badira azken zazpi kanpainetan, eta horiek oraindik ere jarraitzen badute, edota, landa-lana bukatutzat jota, baldin esku hartze horien kanpo-lanak agindu hau argitaratu eta handik bi urte baino lehenago exekutatu badira.

Era berean, diru-laguntza jaso ahal izango dute inbentarioak egokitzeko jarduerek, alegia, agindu honen aurretik egindako arkeologia edota paleontologia materialen inbentarioak Kultura Sailak egindako eta I. eranskinean jasotako eredura egokitzeko jarduerek.

2. artikulua.- Diru-baliabideak.

Aurreko artikuluan zehaztutako helburu hori lortzeko diru-baliabideak hauek dira: 112.000 euro (ehun eta hamabi mila). Kopuru hori xede horrekin 2010. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak sortu duen aurrekontu-ataletatik aterako da.

Jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da honako hiru baldintza hauek kontuan izanda: eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa, Kultura Sailean laguntzak emateko beste egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuan ahitu gabe geratutako dirua eta diru-laguntzak ebatzi gabe egotea. Adierazitako aldaketaren berri Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez eman beharko da.

3. artikulua.- Dirua jaso dezaketen jarduerak.

1.- Diru-laguntza hauek 1. artikuluan zehaztutako arkeologia edota paleontologia materialen inbentarioa burutzeko izango dira, bai zuzendariek landa-lanari dagokionez ikerketa amaitutzat jo duten indusketen ondorioz lortutako materialena, bai oraindik dirauten indusketen ondorioz lortutakoena ere. Hona «inbentariatzea» zer den: indusketa arkeologiko baten esparruan eskuratutako material arkeologiko eta paleontologikoak banaka deskribatuta eta zerrendatuta jasotzen dituen datu-basea duen dokumentua lantzea helburu duen jarduera, betiere urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 10.1 artikuluan xedatutakoarekin bat (341/1999 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitu diren eta arkeologia eta paleontologia interesa duten ondasunen lekualdaketa, entrega eta gordailua gauzatzeko baldintzei buruzkoa. Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologiko eta paleontologikoei buruzko Arautegia).

Inbentario hau egitean, material guztiak hartu ahal izango dira kontuan, edo horietako batzuk bakarrik. Dena dela, materialen zati baten inbentarioa egiteko egitasmoek diru-laguntza jaso badezakete ere, horiek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

a) Inbentario-egitasmoan indusketa-kanpaina bakar baten edo hainbat indusketa-kanpainaren ondorioz lortutako materialak bakarrik sartzen direnean, diru-laguntza jasotzeko, material horiek indusketa sistematikoko prozesupean luzez egon diren arkeologia aztarnategietakoak izan beharko dute, alegia, hiru urtez baino gehiago etengabe, edo erregularki etenak eginez jarraian, gauzatu diren indusketetakoak.

b) Inbentario-egitasmoaren barruan aro kultural edo tipologia zehatz bateko materialak bakarrik sartzen direnean, diru-laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da inbentario hori beharrezko egiten duen ikerketa-egitasmo baten zati badela justifikatzea.

2.- Bai inbentario berriak lantzeari dagokionez, bai agindu honen aurretik egindako arkeologia edota paleontologia materialen inbentarioak egokitzeari dagokionez ere, Kultura Sailak egindako eta I. eranskinean jasotako eredura egokitu beharko dira.

3.- Era berean, materialen inbentarioaren barruan ulertu ahal izango dira horien marrazkiak edo argazkiak egitea bezalako beste jardun batzuk, nahiz eta horretarako nahitaezkoa izango den jardun horiek inbentario-egitasmo orokor baten zati izatea.

Nolanahi ere, materialak katalogatzeko edozein egitasmok diru-laguntza bat jaso ahal izateko agindu honen bidez, inbentario-gai diren material horiek guztiek agindu honetako 1. artikuluan zehaztutako eskakizunak bete beharko dituzte.

4. artikulua.- Egitasmoen idazketa eta zuzendaritza.

1.- Diru-laguntza jasotzeko ondorengo eskakizunak bete beharko dira, planteatutako egitasmoa gauzatuko duen zuzendaritza eta taldeari dagokionez:

a) Materialak jaso direneko esku hartze arkeologikoa egiteko foru aldundiak baimendutako pertsona izango da inbentarioa egiteko zuzendari-arduraduna.

b) Zuzendari izateko Foru Aldundiak baimendutakoez beste eskaera batzuk ere onartu ahal izango dira, baina horretarako nahitaezkoa izango da berez baimena duen pertsonaren oniritzia eta adostasuna azaltzea, hau da, inbentario-lan hori burutzeko egin den arkeologia esku hartzea zuzentzeko baimena duen pertsonarena.

Dena dela, inbentario-egitasmoaren zuzendariak planteatu den egitasmoa zuzen gauzatuko dena bermatzeko kualifikazio nahikoa izan beharko du, azken bost urteotako curriculum vitaeren bidez egiaztatuta.

2.- Nolanahi ere, diru-laguntza jaso dezakeen proiektua gauzatzeko lan-talde bat planteatzen bada, lan-talde horren ezaugarriek inbentariatu nahi den materialari buruzko ezagutza eta espezializazio beharrei erantzun beharko diete. Hortaz, lan-talde horretan hainbat profesional bildu beharko dira: batetik, katalogatu nahi den bilduman aurki daitezkeen material-mota ezberdinetan espezializatutako arkeologia profesionalak (harrizkoak, zeramikoak,...), eta bestetik, aro kultural nagusietan espezializatuak daudenak (Paleolitikoa, Erromanizazioa, Erdi Aroa,...). Horien esperientzia eta kualifikazioa curriculum vitaeren bidez egiaztatu beharko da, eta horri erantsi proiektuan parte hartzeko adostasuna.

5. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarri izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin, nahiz eta inolaz ere ezingo den kostua gainditzen duen diru-laguntzarik eman. Balizko kasu horretan, deialdi honen arabera emandako laguntza murriztuko egingo da zenbateko osoa gainditzen duen zenbateko horretan.

6. artikulua.- Onuradunak.

Pertsona fisikoek eta juridikoek, publikoek zein pribatuek eskatu ahal izango dituzte agindu honetan adierazten diren laguntzak.

Nolanahi ere, inbentarioaren zuzendaria materialak jaso direneko esku hartze arkeologikoa zuzendu duen pertsona bera izango da.

Halaber, inbentario-egitasmoa beste edozein pertsona fisikok zuzendu ahal izango du, duen eskarmentua dagokion curriculum vitaeren bidez edo baliokidea den beste dokumentazioaren bidez egiaztatzen badu, baldin eta aipatu esku hartzearen zuzendaritzak diru-laguntza jaso dezakeen egitasmo hori burutzeko baimena eman badio.

Aurreko kasu bietako edozeinetan, eta diru-laguntza eman ahal izateko, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak egiaztatuko du inbentario lanaren zuzendariak aurretik berak bere lanbide-jardueran zehar egin dituen indusketetako arkeologia edota paleontologia materialak gordetzeko zentroetan entregatzeko betebeharrak bete dituela, urriaren 5eko 341/1999 Dekretuan ezartzen denaren arabera.

Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jasotako pertsona edo erakunde eskatzaileak, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritakoa barne (4/2005 Legea, otsailaren 18koa).

7. artikulua.- Diru-laguntzaren muga edo gehienezko zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa burutu beharreko egitasmoaren diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren ehuneko ehuna (% 100) izan ahal izango da, eta beti Kultura Sailak bere aurrekontuetan helburu horretarako esleitzen dituen kopuruaren barruan.

8. artikulua.- Eskabideak.

1.- Agindu honen babesean diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio, II. eranskinean jasotako ereduari jarraituz, eta bertan eskatutako dokumentazioarekin batera, helbide honetara bidali: Kultura Ondarearen Zuzendaritza (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edota Eusko Jaurlaritzaren Kultura Lurralde Zerbitzuak (Kale Nagusia, 85, 48011 Bilbao; eta Andia kalea, 13, 20004 Donostia-San Sebastián). Eskabideak zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan horretarako ezartzen den edozein prozeduraren bidez egin ahal izango dira.

2.- II. eranskinean adierazten den bezala, pertsona edo entitate eskatzaileari buruzko datuez gain, bertan zehazten den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren Memoriari dagokionez, bertan, lanaren garapenaren kronograma bat jasoko da eta jardueraren gehienezko epeak zehaztuko dira; epe hori 2009ko abenduaren 31 izango da beranduenez. Memorian, lanerako metodologia eta irizpide gisa, agindu honetako I. eranskinean zehaztutakoak jaso beharko dira. Halaber, katalogatu beharreko materialen zein aztarnategi edo baimendutako esku hartzeetatik datozen zehaztu beharko da, noiz egin diren, materialen izaera eta kronologia, eta bai inbentariatzekoak diren pieza-kopurua ere, ahalik eta zehatzen.

b) Egitasmoaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, III. eranskineko ereduari jarraituz.

c) Helburu berbera betetzeko eskatutako beste dirulaguntzen zerrenda. Bat ere ez bada eskatu, horixe adierazten duen zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da.

d) Ordainketak agintzeko agiriak, IV. eta V. eranskinetako ereduak erabilita.

e) 12. artikuluan xedatutakoaren araberako kuantifikazio-irizpideen bateragarritasuna dagoela egiaztatzen duen dokumentua, VI. eranskineko ereduari jarraituta.

f) Pertsona fisiko eta juridiko pribatuak izanez gero, zerga guztiak ordainduta dituztela frogatzen duen agiria.

g) Diruz laguntzeko aurkeztu den egitasmoan inbentariatu beharreko materialak urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 7. artikuluaren kasukoak badira, ezarri den gordetzeko zentroak emandako Gordailu-Agiria.

9. artikulua.- Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

10. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

11. artikulua.- Dokumentazioaren azterketa eta akatsen zuzenketa.

1.- Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kultur Ondare Zuzendaritzak eskaera epe barruan eta eskatutako moduan egin dela egiaztatuko du, baita eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela ere.

2.- Eskaerak (eta harekin batera doan dokumentazioak) agindu honen arabera eskatutako eskakizun guztiak betetzen ez baditu, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kultur Ondare Zuzendaritzak zuzenketa egiteko eskatuko dio pertsona edo entitate interesatuari, eta hamar eguneko epea emango dio zuzenketa hori egiteko. Zuzenketa hori ez badu egiten pertsona edo entitate horrek, eskaerari uko egin diola ulertuko da, horretarako dagokion ebazpena eman ondoren, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat.

12. artikulua.- Jarduerak hautatzeko eta baloratzeko, eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.- Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, eta horrela, aurkeztutako eskaera guztiak alderatu egingo dira, eskariak hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik hurrengo paragrafoan balorazioa egiteko ezarri diren irizpideei jarraituz. Irizpideen arabera baloraziorik handiena lortu duten eskabideei bakarrik emango zaie laguntza.

2.- Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, eta agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen ez dituztenak baztertu ondoren, Balorazio Batzordeak aurkeztutako gainerako jarduerak baloratuko ditu. Horretarako, ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Arkeologia materialaren aurkikuntza eragin duten arkeologia esku hartze edo jarduerak noiz burutu diren. Lehentasuna emango zaie antzinatasun handiena dutenei. Lehentasuna izango dute zaharrenek, landa-lanaren amaierari dagokionez. % 25.

b) Kanpo-lanen eta ikerketaren egoera (% 25). Inbentario-egitasmoek aztarnategi bateko material guztiak hartzen dituenean barne, lehentasuna izango dute ikerketa agortu eta amaitutzat jo diren horiek, ikerketa-prozesuak irekita dituzten horien aurretik. Irizpide hori aurrera eramateko, puntu gehiago izango dituzte indusketa batetik eratorritako materialek zundaketa estratigrafikoetatik eratorritakoen aurretik; eta, halaber, zundaketa batetik eratorritako materialek prospekzio batetik eratorritakoek baino.

c) Inbentarioaren izaera orokorragoa edo zehatzagoa (% 20). Balorazio egiteko, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko zaio:

c.1.- Sailkatutako edo inbentariatutako kultura ondasun batean, edo sailkatzeko/inbentariatzeko espedientea hasita duen batean, hainbat puntutan egindako esku hartzeetan eskuratutako material guztiak helburutzat dituzten inbentario-egitasmoak.

c.2.- Aztarnategi batean edo gehiagotan egindako esku hartze batean edo gehiagotan eskuratutako pieza arkeologiko edo paleontologiko guztien inbentarioa egitea helburutzat duten egitasmoak (programatutako hainbat urtetarako jarduerak).

c.3.- Tipologia edo izaera jakin bat duten hainbat aztarnategitako materialak zati batean inbentariatzeko egitasmoak, arrazoituriko ikerketa-egitasmo batean funtsatuta.

c.4.- Aztarnategi bakar batean egindako esku hartze/kanpaina bakar batean eskuratutako materialen zati bat inbentariatzeko egitasmoak, arrazoituriko ikerketa-egitasmo batean funtsatuta.

d) Ekipoaren espezializazioa eta ezagutzak. Irizpide garrantzitsua izango da diru-laguntza jaso behar duten lanak hautatzerakoan, inbentarioaren ardura duen ekipoaren profil zientifikoa. Lehentasuna dute egiaztatutako jakintza-maila duten espezialistak biltzen dituen taldeek, dela gradu-ondoko prestakuntza espezializatua duten profesionalak dituztelako edo/eta curriculumean aurkezten duten argitalpenen egileak direlako, betiere haien espezialitatearen alorra bat badator inbentariatu behar den materialaren ezaugarriekin (% 15).

e) Dituzten diru-baliabideak. Inbentariatu beharreko materialak aurkitzeko egin beharreko kanpo-lanen finantziazioa (% 10). Puntuazioa honako lehentasun-hurrenkeraren arabera emango da:

e.1.- Kanpo-finantzaketarik gabe, baliabide propioekin alegia, egindako esku hartzeetan eskuratutako materialak helburu dituzten egitasmoak.

e.2.- Diruz lagundutako esku hartzeetan eskuratutako materialak helburu dituzten egitasmoak. Diruz lagundutakotzat joko dira laguntza ekonomiko publikoa edo pribatua jaso duten jarduerak.

e.3.- Finantzatutako esku hartzeetan eskuratutako materialak helburu dituzten egitasmoak. Finantzatutakotzat joko jarduera profesional edo merkataritzako baten esparruan egindakoak.

f) Materialaren kokapena, lekualdatzeko beharra (erakusketa, analisiak, tratamendu bereziak e.a. direla eta). % 5.

13. artikulua.- Balorazio Batzordea.

1.- Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, eta honela osatuta egongo da:

- Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

- Kultura Ondarearen Zuzendaritzako hiru teknikari, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuak; hauetako batek beteko ditu Batzordeko idazkari eginkizunak.

2.- Balorazio Batzordeak egoki deritzonean, egitasmoari dagokion gaian adituak diren aholkularien laguntza jaso ahal izango du.

3.- Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako moduan. Batzordea osatzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoa errespetatuko da.

14. artikulua.- Ebazpena.

1.- Balorazio Batzordeak ebazpen proposamen arrazoitu bat egingo du, eta proposamen hori, espediente osoarekin batera, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko zaio berak bidezko ebazpena eman dezan.

2.- Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.3 artikuluak ezarri bezala, ebazpena hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.

Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekiko balitz, aipatu den epea etenda geratuko litzateke pertsona edo entitate interesatuari akatsa jakinarazten zaionetik horrek akatsa zuzentzen duen arte edo akatsa zuzentzeko eman zaion epea amaitu arte.

3.- Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideei uko egin zaiela ulertu ahal izango da, isiltasun administratiboaren bidez, administrazio-prozedurari buruzko arauen arabera.

4.- Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara (jende guztiak honen berri izan dezan), eta diru-laguntzak eskatu dituzten pertsona edo entitate eskatzaileei ere emango zaie ebazpenaren berri.

5.- Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea ebazpen adierazirik izan gabe igarotzen bada, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kulturako sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. artikuluetan agindutakoarekin bat.

15. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek diru-laguntzari modu adieraziz eta idatziz ez badiote ukorik egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea zehatz-mehatz.

c) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu berako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diruak edo baliabideak eskuratu badira, honen berri eman beharko da.

d) Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea.

e) Behin inbentarioa bukatu ondoren, eta egindako lanaren emaitzen memoriarekin batera, ezarritako zentroan materialak gorde direla egiaztatzen duen Gordailu-Akta aurkeztea, zentroak horretarako dituen arauak jarraituz.

f) Bai Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, zein Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren lanerako behar duten informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta diruz lagundutako ekintzetan haien kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ikuskaritzaren menpe egotea.

g) Berariaz egitea laguntza honen aipamena, materialak eskuratu direneko esku hartzeko emaitzak aurkezteko egiten diren argitalpen guztietan, lagundutako jardueran lortutako datu, marrazki edo argazkiak erakusten diren guztietan. Hitzez hitzezko aipamen hau izango da: «Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren (laguntza jaso diren urteak) deialdietako laguntza ekonomikoa jaso du (esku hartzearen edo aztarnategiaren izena) -ko material arkeologikoen azterketak».

16. artikulua.- Diru-laguntza jaso duten jardueren jarraipena.

Kultur Ondarearen Zuzendaritzak diru-laguntza jaso duten jarduerak nola gauzatzen diren ikuskatu ahal izango du eta, horretarako, teknikari bat izendatu ahal izango du, entitate onuradunaren ordezkariarekin batera jardueren jarraipena egin dezan eta, hala badagokio, jarduera horiek ahalik eta hobekien burutzeko egoki iritzitako jarraibideak eman ditzan.

17. artikulua.- Diru-laguntzaren exekuzioa eta ordainketa.

1.- Diruz lagundutako ekintzak 2009ko ekitaldian exekutatuko dira, eta 2009ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dira. Ezin izango da exekuzio epea zabaldu edo luzatu.

2.- Agindu honen bidez emandako dirulaguntzen ordainketa aldi bakar batean gauzatuko da, horretarako onuradunak ondorengo artikuluan zehazten den justifikazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

18. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea.

1.- Emandako laguntza justifikatzeko, onuradunak diru-laguntza ematea eragin zuen egitatea eta sortutako gastuak frogatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Eta, horietaz gainera, honako dokumentazioa gutxienez:

a) Laguntza jaso duen jarduerari buruzko memoria eta, hari euskarri digitalean atxikita, I. eranskinean ezarritako arau metodologikoen araberako materialen inbentarioa. Hala badagokio, baita ere laguntza jasotzen duen material grafikoa, ahal dela euskarri digitalean. Memoria horrek honako atalok izango ditu gutxienez:

- Antolamendurako arau metodologikoak aplikatzeko irizpide espezifikoak aurkeztea.

- Inbentariatutako material guztiaren aurkezpen laburra, kuantitatiboki dituen osagaiei erreparatuta, inbentario-fitxako edukietan oinarriturik; adibidez, jatorria, material mota (harria, hezurra, metala,...), kronologia, estratigrafia eta/edo piezen tipologia.

- Jardueraren emaitzen balorazioa, bereziki materialak lortu direneko esku hartzearen inguruko ikerkuntza prozesuan egiten duen ekarpena aintzat hartuta.

- Argazki edo marrazki bilduma, inbentario-fitxekiko korrespondentzia azalduta, non dokumentazio grafikoan agertzen diren gauzakien deskribapena egingo den.

b) Gastuen frogagiriak, ondorengo artikuluan ezarritakoaren arabera:

b.1.- Arau orokor gisa, diru-laguntza jaso dezakeen jarduera burutzeko sortutako gastuen fakturak edo bestelako edozein dokumentu, aurkeztutako gastuen aurrekontu osoari dagokion zenbateko baliokidea justifikatzen dutenak.

Fakturak jatorrizkoak izan beharko dira, edo Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak edota bere Lurralde Zerbitzuek konpultsatutako fotokopiak.

b.2.- Salbuespen gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuaren kargurako finantziazioak ez duenean aurkeztutako gastuen aurrekontuaren % 30 gainditzen, diru-laguntza jaso dezakeen jarduera burutzeko sortutako gastuen fakturek edo bestelako dokumentuek gastuen aurrekontu osoaren % 50eko zenbatekoa baino ez dute justifikatu beharko.

Nolanahi ere, Kultura Saileko organo eskudunak hala eskatzen duenean, eta hiru hilabeteko epearen barruan, artikulu honetako 2. puntuan ezarritako aurkezpen-epetik hasita, onuradunek aurkeztutako gastuen aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen duten gainerako fakturak edo dokumentuak haren esku jartzeko konpromisoa hartzen dute.

c) Zinpeko adierazpen bidez, diru-laguntza jaso dezakeen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena jaso beharko dute, espresuki adieraziz erakunde publiko nahi pribatuetatik jasotako laguntzak, Kultura Sailak emandako laguntza barne. Kultura Sailak emandako laguntzaz gain ez bada bestelako laguntzarik jaso, hori adierazten duen ziurtagiri bat atxikiko da.

d) Halaber, onuradunari ordainketa egin ahal izateko, pertsona fisiko eta juridiko pribatuen kasuan, zerga guztiak ordainduta dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

e) Lana bukatu ondoren, inbentariatu beharreko materialen Gordailu-Akta. Bai jatorrizkoa zein Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak edota bere Lurralde Zerbitzuek konpultsatutako fotokopia aurkeztu ahal izango da.

2.- Emandako diru-laguntza egiaztatzen duen agiriak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduera hori amaitzen den egunetik hasita. Jarduera 2009ko abenduaren 31n bukatuko balitz orduan agiriak aurkezteko azken epea 2011ko otsailaren 28a izango litzateke.

19. artikulua.- Diru-laguntzaren kitapena.

1.- Helburua eta irizpideak.

Diru-laguntza benetan egindakoari egokitzearren, eta behin betiko likidazioa egitearren, hasierako aurrekontua baino handiagoak diren gastuak justifikatzeagatik diru-laguntzaren kopurua ez da inola ere handituko.

2.- Baldintzak, diru-laguntza publikoen arlokoak, eta arkeologia materialen entregari buruzkoak:

Diru-laguntzak ez dira esleituko ez ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen arloan, dirua itzultzeko prozedura bat edo zehapen-prozedura bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada.

Diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko baldintza honako hau da: lana bukatu ondoren diruz lagundutako eta inbentariatu beharreko materialak ezarrita den zentroan uzteko betebeharra bete dela ziurtatu beharko da.

3.- Prozedura.

a) Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, diru-laguntzaren ordainketari ekingo zaio.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta diru-laguntzaren xedea bete dela ikusten denean, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan den baino gutxiagokoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako diru-laguntza edo laguntza batzuk jaso dituztelako ezarri diren mugak gaindituz.

Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak kitatzeko ebazpena egingo du, frogagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean, eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak aldatu edo egokituko dira.

c) Bestalde, 18. artikuluko 1.b.2 paragrafoaren bigarren lerroaldeko kasuan, ordainketa egiteko epea lerroalde horretako dokumentuak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuko da.

20. artikulua.- Ez betetzeak.

1.- Honelakoak izango dira ez-betetzeak:

a) Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat agindu honetan aurreikusitako jarduerak ez diren beste batzuetan erabili denean.

b) Agindu honek ezartzen dituen obligazioak eta, dagokionean, diru-laguntza ematen duen ebazpenean bildutakoak bete ez direnean.

c) Beste xedapenen batek ezarritako beste edozein eginbehar betetzen ez bada.

2.- Artikulu honen aurreko zenbakian adierazitako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala balegokio, azaroaren 11ko 1/1997 Legearen eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz, nahitaez itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari eskuratutako zenbateko guztiak gehi dagozkion legezko interes guztiak ere.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Agindu honetako laguntzak Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako minimis arauaren mendean daude (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena) eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.- Laguntza-mota hauek kreditu egokia edo nahikoa egotearen baldintza bete arte ez dira esleituko, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruz dioenaren arabera.

Hirugarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Kulturako sailburuari (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikulua) hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita (uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

Laugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 16a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

ARKEOLOGIA EDOTA PALEONTOLOGIA MATERIALEN INBENTARIO-PROIEKTUEK JARRAITU BEHARREKO LAN METODOLOGIA

Diru-laguntza jaso dezaketen lanak burutzeko jarraitu beharreko metodologiak ondorengo baldintzak bete beharko ditu zehatz-mehatz:

Inbentariatu beharreko material bakoitza banaka aztertuko da, eranskin honen amaieran jasotzen den eredua bezalako fitxa bat eginez. Fitxa bakar batean inbentariatu ahalko dira izaera edo tipologia bereko materialak, baldin eta bereizgarri nabarmenik ez badute elkarren artean, halako moduz, non zaila litzatekeen fitxa banatan sailkatzea, eta, bereziki, hain zatituta egonik sailkapen formal edo tipologikorik onartzen ez duten materialak.

Dena dela katalogatu beharreko material horren izaera, inbentariorako erabiliko den fitxa ez da aldatuko, eta beraz, fitxa horretan arkeologia materialetan egon daitezkeen aldaerak jasotzeko aukera izango da: metalak, zeramikoak, hezurrak e.a.

Inbentariorako erabilitako fitxak materialaren jatorrizko aztarnategiari buruzko datuak jaso beharko ditu, baita katalogatutako piezari buruzkoak: identifikazio-datuak, kokapen-datuak, tipologia-datuak e.a.

Fitxa hauetako eremu irekiak, bere izaerak hala uzten badu, glosategi kontrastatuen bidez beteko dira; eta glosategi horiek piezen inbentario-lana burutzen den neurrian joango dira osatzen. Glosategi horiek Kultura Ondarearen Euskal Zentroan daude eskuragarri nahi dituenarentzat, eta bide telematikoz zein bestelako bidez bidaliko zaizkio.

Arkeologia materiala katalogatzean egiten diren fitxa horiek euskarri informatikoan aurkeztuko dira, paperean egindako kopiarekin batera. Fitxategi berri honen formatua ACCESS datu-basea izango da, eta horren diseinua Kultura Ondarearen Euskal Zentroak emandako ereduan oinarrituko da.

Jarraian jasotzen da lanerako oinarrizko fitxa; dena den, eredu hori materialak inbentariatzeko jardunean erabiltzen den neurrian, fitxa hobetzeko aldaketak ere onar litezke aurrerago:

MATERIALAK INBENTARIATZEKO FITXA

- Fitxa zk. (access-ek ematen duena):.

- Aztarnategiari buruzko datuak:

- Aztarnategia:

- Sigla (aztarnategiarena):

- Udalerria:

- Lurraldea:

- Esku hartzearen urtea (materiala jaso zenekoa):

- Jatorria:

- Azaleko bilketa:

- Lagindun miaketa:

- Zundaketa arkeologikoa:

- Indusketa arkeologikoa:

- Kontrol arkeologikoa:

- Labar-irudien azterketa:

- Jatorri ezezaguna:

- Dohaintzan emana:

- Ustekabean aurkitua:

- Katalogatutako piezari buruzko datuak:

- Inbentario zk.: (aukerakoa).

- Piezaren identifikazioa (adib.: loro-moko berana):

- Ale kopurua:

- Zati kopurua:

- Sigla (pieza edo piezen sigla osoa):

- Maila/testuingurua (alegia, maila; UE; geruza...):

- Mailaren/testuinguruaren datazioa:

- Koadroa:

- Koordenatuak:

- X:

- Y:

- Z:

Tipologiari/kronologiari buruzko datuak:

- Generoa (glosategia):

- Material generikoa (glosategia):

- Material espezifikoa (glosategia):

- Egoera (osoa, zati bat, profila):

- Deskribapen morfologikoa/anatomikoa:

- Luzera (mm-tan):

- Altuera (mm-tan):

- Zabalera (mm-tan):

- Pisua (g-tan):

Tipologia orokorra (glosategia):

- Tipologia espezifikoa:

- Sexua (glosategia):

- Adina (glosategia):

- Aldi orokorra (glosategia):

- Aldi espezifikoa (glosategia):

- Beste datu kronologiko batzuk (aukeran):

- Beste datu interesgarri batzuk (glosategia):

- Gordailua/kontserbazioa:

- Gordailua (glosategia):

- Kokapena: gordailuan badago, signatura topografikoa adierazi; gordailuan ez badago, adierazi identifikatzeko moduko kutxa zenbakia edo idazpuruko testua:

- Kontserbazioa (ona, tartekoa, txarra):

- Zaharberritua (bai, ez):

- Zaharberritua izateko premia (batere ez, txikia, bitartekoa, handia, oso handia):

- Beste aipamen batzuk:

- Marrazkia (identifikatzeko erref.):

- Argazkia (identifikatzeko erref.):

- Bibliografia (katalogatutako piezaren irudien bibliografia erreferentzia osoa):.

- Oharrak:

- Fitxaren egilea:

II. ERANSKINA/ ANEXO II

DIRU-LAGUNTZA ESKABIDEA / SOLICITUD SUBVENCIÓN

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

AURREKONTUA/PRESUPUESTO

(Ikus .PDF)

IV. ERASKINA / ANEXO IV

HIRUGARRENAREN DATUEN ALTA/ALTA DE DATOS TERCERO INTERESADO (*)

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK/DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETA(K) SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA (*)

SOLICITUD MODIFICACIÓN EN LOS DATOS DEL TERCERO (*)

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

KUANTIKAZIO-IRIZPIDEAK BETETZEN DIRELA JUSTIFIKATZEKO AGIRIA (12. ART.).

DOCUMENTO DE JUSTIFICACIÓN DE LA CONCURRENCIA DE CRITERIOS DE CUANTIFICACIÓN (ART. 12).

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA / ANEXO VII

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala