Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6801

AGINDUA, 2009ko abenduaren 9koa, Kulturako sailburuarena, 2010. urtean antzerkirako testu berriak egiteko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan, lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak aldatutakoa. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, antzerkigileen sortze-lana sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Horretarako, diru-laguntzak emango zaizkie euskaraz zein gazteleraz idatzitako antzerki-testu berriak egiteko

Ondorioz,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

2010eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitako jatorrizko antzerki-testuak sortzeko lagungarri izan nahi dute laguntza hauek.

2. artikulua.- Pertsona onuradunak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren edo Agindu hau argitaratzen denean gutxienez urtebetez bertan bizi izan diren pertsona fisikoek eska ditzakete laguntza hauek.

2.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

3.- Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

3. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.- Antzerki-testuak egiteko diru-laguntzetarako, berrogeita bi mila (42.000) euro erabiliko dira. Zenbateko hori zazpi mila (7.000) euroko sei laguntzatan banatuko da, hiru euskarazko antzerki-testuetarako eta beste hiruak gaztelaniazkoetarako.

2.- Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak betetzen ez dituztelako hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da, betiere, laguntza guztien kopurua aldatu gabe.

3.- Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango.

4. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere, proiektuen dimentsioari begira.

5. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2.- Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera, Kultura Saileko dagokion lurralde zerbitzuan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

6. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

7. artikulua.- Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio eskatutakoa ez egiteak eskabideari uko egitea ekarriko duela. Uko-egite hori ebazpen baten bidez gauzatuko da.

8. artikulua.- Balorazio Batzordea.

1.- Modalitate honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

- Lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

- Bokalak: arte eszenikoen alorreko profesionalen eta Agindu honetako xedean aditu diren pertsonen artean aukeratutako 3 edo 4 kide, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

- Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.- Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

3.- Eskaria egin duten pertsona guztiek izango dute aukera, hala eskatzen badute, beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko (II. eranskina). Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.

4.- Batzorde honek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

9. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.- Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena osatzeko orduan, Balorazio Batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu:

a) Aurkezten den testuaren proposamena. Proposatutako gaia eta ematen zaion tratamendua hartuko dira kontuan. Gehienezko puntuazioaren % 55.

b) Idazlearen ibilbide profesionala. Gehienezko puntuazioaren % 30.

c) Antzerki-muntaiak eszenatoki desberdinetan antzezteko dituen aukerak. Kontuan hartuko dira, bai proiektuaren ezaugarriak, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak dokumentu bidez adierazitako interesa. Gehienezko puntuazioaren % 15.

2.- Modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak emango du, balorazio batzordeen proposamenak ikusita, sei hilabeteko epean deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

2.- Proposamen honetan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek uko egitea, beti ere artean ordainketarik egin ez bada.

3.- Ebazpen hori esleipendunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

4.- Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

11. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin.

12. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diru-laguntza jasotzen duten lan guztiek, argitaratu edo merkaturatzen ez diren bitartean, honako lizentzia mota honi atxikiko zaizkio beren testuaren bertsio digitalean: Aitortu-Ez merkataritzarako-Partekatu baimen beraren arabera 3.0 Unported (http://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/3.0/deed.es ).

e) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango dira.

13. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Antzerki-testu berriak egiteko diru-laguntzak era honetan ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 75 esleipen-ebazpena eman ondoren eta 12.a) artikuluan ezarritako epea amaituta.

b) Gainerako % 25a behin betiko antzerki-testua bidali ondoren.

14. artikulua.- Gidoia entregatzeko epea.

Esleipen-ebazpena jasotzen denetik, onuradunak sei hilabeteko epea izango du behin betiko testua entregatzeko pdf formatuan.

15. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Honelakoak izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Beste edozer Xedapenetan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- 3. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.- Agindu honen bidez araututako laguntza-programa batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez dela izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, Agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2010. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 9a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERASKINA / ANEXO I

ANTZEZLAN-TESTU BERRIAK SORTZEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARTZEN DUEN AGINDUA

ORDEN POR LA QUE SE REGULA EL RÉGIMEN DE CONCESIÓN DE SUBVENCIONES PARA LA CREACIÓN DE NUEVOS TEXTOS TEATRALES

DIRU-LAGUNTZA-ESKABIDEA / SOLICITUD SUBVENCIÓN

ESKATZAILEAREN DATUAK / DATOS DEL SOLICITANTE

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORAZIO BATZORDEAREN AURREAN DEFENDATZEKO ESKUBIDEA EDUKITZEKO ESKABIDEA

SOLICITUD PARA TENER OPCIÓN A DEFENDER EL PROYECTO PRESENTADO ANTE LA COMISIÓN DE VALORACIÓN

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

HIRUGARRENAREN DATUEN ALTA / ALTA DE DATOS TERCERO INTERESADO (*)

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK / DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA / ANEXO IV

HIRUGARRENAREN DATUETAN ALDAKETA(K) SARTZEKO ESKABIDE-ORRIA (*)

SOLICITUD MODIFICACIÓN EN LOS DATOS DEL TERCERO (*)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala