Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6800

EBAZPENA, 2009ko abenduaren 16koa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena; honen bitartez, 2010eko ekitaldirako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntzen deialdia jakinarazten da, hain zuzen ere, funtsezko ikerketarako (Saiotek programa) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean integratutako agente zientifiko-teknologikoentzako laguntzei buruzkoa.

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko urriaren 2ko Aginduak funtsezko ikerketarako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean integratutako agente zientifiko-teknologikoentzako laguntza-programa arautzen du. Saiotek programa (2008ko urriaren 16ko EHAA), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean integratutako agente zientifiko-teknologikoen ekonomikoa ez den jarduera finantzatzea xede duen programa da.

Agindu horren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezko da bertan finkaturiko laguntzetarako deialdia egitea 2010eko ekitaldirako eta horretarako beharrezkoak diren arauak ematea.

Adierazitako laguntza horiek emateko ekonomia-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidetatik aterako dira.

Horrenbestez, agindu horren 10.2 artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau:

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Ebazpen honen helburua honako hau da: funtsezko ikerketarako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (Saiotek programa) integratutako agente zientifiko-teknologikoentzako laguntza-programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko urriaren 2ko Aginduan aurreikusitako 2010eko ekitaldirako laguntzen deialdia egitea.

Horretarako, 14.000.000 euro erabiliko dira guztira, honela banatuak: 5.000.000 euro 2010ean eta 9.000.000 euro, berriz, 2011n, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horri dagokionez ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

Programaren agindu arautzailearen 2. artikuluaren arabera, zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Sailaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Kasu horretan, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordeak ebazpena emango du aurreko guztiaren berri emateko.

2. artikulua.- Eskakizunak.

Funtsezko ikerketarako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (Saiotek programa) integratutako agente zientifiko-teknologikoentzako laguntza-programa arautzen duen aginduan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, eskatzaileek erakunde onuradunen kategoria izan beharko dute, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.- Eskaerak eta epeak.

1.- Eskaera-eredu bat Interneteko www.euskadi.net/industria helbidean jaitsi ahal izango da.

2.- Eskaerak eta gainerako agiri osagarriak honako tokietan aurkeztu beharko dira: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Lurralde Historiko bakoitzean duen Lurralde Bulegoan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak zehaztutako tokietan.

3.- Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2010eko apirilaren 30ean amaituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduari jarraiki, ebazpen honetan bildutako laguntzak emateko, Autonomia Erkidegoko 2010. ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean ekarriko ditu ondorioak agindu honek.

Bigarrena.- Deialdi-ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 16a.

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,

PEDRO HERNÁNDEZ GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala