Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ekonomia eta Ogasun Saila
Kultura Saila
6794

633/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, EITBNET, S.A. Sozietate Anonimo Publikoaren kapital-zabalkuntzan partaidetza izateko, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoari baimena emateko dena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110. artikuluan honako hau ezartzen da: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, Dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Baltzuaren estatutuen arabera, hauxe da haren helburua: informazioaren gizartearentzako edukiak ekoitzi, erreproduzitu, argitaratu, erosi, merkatuan saldu eta ustiatu eta banatzea, bereziki zerbitzu- eta komunikazio-euskarri berrietarako elkarreragileak eta multimediakoak eta sarekoak; euskarri berrietan, hau da, gaur egungo telebista digitala, teletestu, internet, telefonia mugikor eta etorkizunean garapen teknologikoek gauzatzen dituzten komunikazio- eta zerbitzu-kanalak martxan jarri eta mantentzea; arlo horretako berrikuntza-proiektuetan zentro teknologikoekin elkarlanean aritzea; euskal ikus-entzunezkoen sektorearen garapena eta beste merkatu batzuetara hedatzea sustatzeko, enpresa-proiektu eta -aliantza estrategikoetan parte hartzea.

2009ko azaroaren 30ean, EITBNET SA Sozietate Anonimo Publikoaren Batzar Nagusi Unibertsal Ezohikoak sozietatearen kapitala zabaltzea erabaki zuen, ehun eta hogeita hamar mila (130.000) eurotan, hamar (10) euroko balio nominaleko hamahiru mila (13.000) akzio berriko jaulkipena eginez. Akzioak korrelatiboki zenbatuak egongo dira, 54.192 zenbakitik 67.191era, biak barne.

Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca SA sozietate horretan bazkide bakarra denez, aipatutako sozietatean bazkide bakarraren eskubideez balia daiteke, eta lehen idatz-zatian zehaztutakoarekin bat etorriz, akzio berriak eskuratzeko, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar du.

Azkenik, Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 15.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa den Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Kultura Sailari atxikita dago.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Kulturako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko abenduaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoari baimena ematea EITBNET SA Sozietate Anonimo Publikoaren kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Zabalkuntza hori ehun eta hogeita hamar mila (130.000) eurokoa da, eta hamar (10) euroko balio nominaleko hamahiru mila (13.000) akzio berriko jaulkipenaz egingo da.

Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoak hartuko duen partaidetza egingo den zabalkuntzaren % 100 da; beraz, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Ente Publikoak aipatutako zabalkuntzaren ondoren sozietatean izango duen partaidetza seiehun eta hirurogeita hamaika mila bederatziehun eta hamar (671.910) eurokoa da; hirurogeita zazpi mila ehun eta laurogeita hamaika (67.191) euro akziotan banatuta izango du, akzio bakoitzak hamar (10) euroko balioa duela. Horrek Sozietatearen kapitalaren % 100 egiten du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala