Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
6790

AGINDUA, 2009ko abenduaren 10ekoa, Herrizaingoko sailburuarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzen deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010erako Aurrekontu Orokorren Lege-proiektuan, aurrekontu-saila dago ekintza terroristen biktimei arreta eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakundeentzat diru-laguntzak ematera zuzendua.

Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 30eko Aginduaren bitartez, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautu ziren (2007ko ekainaren 14ko EHAA). Agindu horretan laguntzak arautzen dira oro har, eta 2. artikuluan ezartzen denez, Herrizaingoko sailburuak laguntzetarako deia egingo du urtero, agindu baten bidez. Horrek bide ematen du diru-laguntza horien 2010. urteko deialdia egiteko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan agindutakoarekin bat (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bateginaren IX. Tituluan agindutakoarekin bat (irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuta).

Beraz, Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuaren indarrez, Herrizaingoko sailburua da deialdia egiteko eskumena duen organoa eta hori kudeatzekoa Terrorismoaren Biktimak Laguntzeko Zuzendaritza.

Xedapen honen bitartez, batez ere, bi helburu lortu nahi dira: alde batetik, diru-laguntzen deialdi guztietan izan behar diren objetibotasun, partaidetza eta publizitate printzipioak bermatzeko gutxieneko legezko oinarriak ezartzea; eta bestetik, Terrorismoaren Biktimak Laguntzeko Zuzendaritzak eta Herrizaingo Sailak diru publikoak zuzen erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.

Horren ondorioz eta Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuak aitortzen dizkidan eskumenen arabera,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 30eko Aginduan (Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzekoa; 2007ko ekainaren 14ko EHAA) ezarritakoarekin bat, agindu honen helburua da 2010eko laguntzen deia egitea, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa aplikatzeko eremuarekin zerikusia duten proiektu eta jarduerak bultzatzen dituzten elkarteei, beti ere proiektu eta jarduera horien xedea bada biktimei arreta, giza babesa eta orientazioa edo laguntza psiko-soziala ematea edota, beharrezkoa bada, eztabaida guneak, ikastaroak, mintegiak edo hezkuntzako bestelako jarduerak egitea.

2. artikulua.- Onuradunak.

1.- Agindu honetako laguntzak jaso ditzakete Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten irabazteko asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuek, bertan gertatutako ekintza terroristen biktimei laguntzeko berezko helburuak badituzte, 2007ko maiatzaren 30eko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.- Era berean, aipatu laguntzak har ditzakete Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko egoitza duten elkarteek, aurreko atalean azaldutako helburuei atxikiz gero eta Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako ekintza terroristen biktimak badituzte beraien kideen artean.

3. artikulua.- Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.- Eskariak Herrizaingo Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzara -Donostia, 1 kalea- 01010 Vitoria-Gasteiz- zuzendu behar dira eta sail horren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako batez baliatuz.

3.- Eskariekin batera aurkeztuko dira Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 30eko Aginduaren 6. artikuluak adierazitako agiri guztiak eta aipatu aginduaren eranskinean jasotako eredua beteko dute.

4. artikulua.- Zenbatekoa.

1.- Programa honen diru-hornidura laurehun mila eurokoa da (400.000). Eskatzaile bakoitzari berrogeita zortzi mila euro emango zaizkio, gehienez, (48.000), Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 30eko Aginduaren 1.2 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatiei dagokienez; Agindu horren 1.2 artikuluko d) idatz-zatiari dagokionez, berriz, zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da, gehienez (2007ko maiatzaren 30eko Agindua, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzekoa; 2007ko ekainaren 14ko EHAA).

2.- Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, adierazitako kopuru hori alda daiteke, Herrizaingo Sailaren beste laguntza programa batzuk bete ondoren, geratu diren baliabide ekonomikoen arabera. Kopuru hori aldatzea edo ez aldatzea diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik erabakiko da. Horrelakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Terrorismoaren Biktimak Laguntzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzak emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urterako aurrekontu orokorretan ordaintzeko kreditu egokia eta nahikoa eduki beharko da.

5. artikulua.- Hautatzeko prozedura.

1.- Diru-laguntzak Herrizaingoko sailburuaren ebazpenak banatuko ditu eskatzaileen artean, Ebaluazio Batzorde Teknikoak proposatuta -irailaren 24ko 214/2002 Dekretuaren 37. artikuluan ezarritako organoa dena-.

2.- Aurreikusitako diru-hornidura Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 30eko Aginduaren 8. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen arabera banatuko da (2007ko maiatzaren 30eko Agindua, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzekoa). Proportzionaltasunaren irizpidea erabiliko da diru-laguntzak emateko, honela: diru-kopurua eskaera guztien artean banatuko da balorazio fasean lortutako puntuazioaren ehunekoan eta diru-kopuru mugatua eta ezarritako portzentajeak errespetatuko dira, eskatutako zenbatekoa gainditu gabe.

6. Artikulua.- Ebazteko epea eta isiltasuna.

Herrizaingoko sailburuak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du, eskabideak aurkezteko eta gauzatzeko epea bukatzen denetik. Deialdiaren helburu diren diru-laguntzak ematea ebazten duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Agindu hori aipatu epean argitaratu ezean, eskatzaileek eskaerak ezetzi egin zaizkiela ulertu beharko dute.

7. artikulua.- Ordaintzeko era.

Diru-laguntza bi epetan ordainduko da. Lehenengo zatia, zenbatekoaren % 75, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik 15 eguneko epea igaro eta berehala ordainduko da, interesatuak uko egin ezean, eta gainerako % 25 jardueren memoria eta diru-laguntzaren kargura egindako gastuen frogagiriak aurkeztutakoan. Frogagiriak Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzara bidali behar dira 2011ko otsailaren 28a baino lehen.

8. artikulua.- Onuradunen eginbeharrak.

Erakunde onuradunek diru-laguntza onartzeak berekin dakar Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 30eko Aginduko arau guztiak onartu beharra bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako zerrenda bidezko bermeak eta itzulketa eta zehapenen araubidea onartu beharra ere (2007ko maiatzaren 30eko Agindua, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzekoa, 2007ko ekainaren 14ko EHAA); 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen Testu Bateratua onartzekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautu ez den guztietan, ekintza terroristetan kalte pertsonalak jasan dituzten biktimei arreta eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituen Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 30eko Aginduak (2007ko ekainaren 14ko EHAA) ezarritakoaren arabera beteko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 10a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala