Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2009ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
6789

EBAZPENA, 2009ko abenduaren 16koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2010eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei diru-laguntzak ematea arautzen duena. Diru-laguntza horiek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnosiak egiteko eta/edo berdintasunerako planak sortzeko eta egokitzeko behar den laguntza teknikoa ahalbidetzeko emango dira.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan agindutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea, benetakoa eta eraginkorra, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren, kulturgintzaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Aipatu helburuak lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen daude-eta. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak tokiko administrazioaren eskumenak zehazten ditu 7. artikuluan. Horien artean, 1.c atalean, honako hauek aipatzen ditu: «toki-eremuan programak egitea, Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruaren barruan». Bestalde, 15.3 artikuluak dio udalek berdintasunerako planak edo programak onetsiko dituztela, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta gidalerroekin bat.

Horri dagokionez, legegintzaldi bakoitzari dagokion EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana tokian tokiko esparruan gauzatzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasun-planak abiatu ditu Plana bultzatu eta sustatzeko, bultzatzaile izatea baitagokio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 5.e) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraiki. Gainera, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 5.k) artikuluan egiteko hau ezarri dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari, kasu honetan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari: «Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-entitateei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea».

Azaldutako guztia dela-eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beharrezkotzat jotzen du udalerri, udalerri-elkarte, koadrila eta mankomunitateei laguntzea, laguntza teknikoa lortzeko diru-laguntzen bidez, diagnosiak egin ditzaten eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak sortu eta egokitu ditzaten. Horretarako arautu dugu diru-laguntzetarako deialdi hau, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera.

Ebazpen honetan, egokitzat jo da diagnosiak eta/edo planak indar handiagoz sustatzea udalerri, udalerri-elkarte, koadrila eta mankomunitate jakin batzuetan, hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak garatzen hasi direnetan eta oraindik udalbatzak onartutako planik ez dutenetan; hori dela-eta, lehentasuna izango dute laguntza ekonomikoak esleitzerakoan, lurralde-oreka handiagoa lortzeko. Hori horrela izango da baldin eta tokiko erakundeek hasitako berdintasun-politiken jarraipena bermatzeko konpromisoa agertzen badute.

Azkenik, kudeaketa arintzeko, deialdi honi gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2010eko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horrenbestez, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei eta 4.3 artikuluan aipatzen diren elkarteei emango dizkien diru-laguntzak arautzen dira ebazpen honen bidez, eta horien deialdia egiten da. 2010. urtean emakumeen eta gizonen egoeraren diagnosia egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta egokitzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko emango dira diru-laguntzak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.3 artikuluan ezarritakoa betez eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. Diru-laguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatuko dira, aurrekontuko IV. Kapituluko kredituetan zehaztutako mugen barruan.

2. artikulua.- Diru-baliabideak.

1.- Emakunderen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa, hasieran behintzat, laurehun mila (400.000) eurokoa izango da.

Eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan hartuta, artikulu honetan esandako zenbatekoa handitu egin daiteke, betiere eskabideei buruzko ebazpena hartu baino lehen, baldin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontu-baliabideak geratzen badira. Gora-behera hori argitaratu egingo da Emakundeko zuzendariaren ebazpen bidez.

2.- 2010eko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

3. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa-prozeduraz ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko dira, 10.1 artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Puntu gehien lortzen dituen eskaeratik hasi eta aurreko artikuluan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte emango dira diru-laguntzak, betiere, 11. artikuluan ezarritako gehienezko muga gainditu gabe: 15.000 euro, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo elkarren ondoan dauden udalerrien elkarte batek programa bateratu bat aurkezten badu.

4. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz, diagnosiak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak sortu eta egokitu nahi dituzten EAEko udalerri, koadrila, mankomunitate eta udalerrien elkarteek eska ditzakete ebazpen honetan araututako diru-laguntzak. Laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili beharko dute diru-laguntza.

2.- Ez dira onuraduntzat hartuko lehenengo atalean sartutako erakundeen menpe edo horiei lotuta dauden edo horietan partaidetza duten pertsona juridikoak, zuzenbide publikokoak edo pribatukoak. Aurrekoa gorabehera, erakunde onuradunek pertsona juridiko horien bidez kudea dezakete diru-laguntzaren gastua.

3.- Koadrila, mankomunitate eta elkarren ondoan dauden bi udalerriren edo gehiagoren elkarteak diru-laguntza programa bateratu bat egiteko eskatzen badu, proiektuko udalerri guztien berariazko baimena jaso beharko da eskabidean. Horietan sartuta dauden udalerriek ezingo dute euren kabuz laguntzarik eskatu elkarteak, koadrilak edo mankomunitateak eskatutako antzerako proiektu baterako.

Proiektu batzuk hainbat udalerrik elkarrekin egitekoak badira, udalerri horietako batek edo batzuek ezingo dute proiektua zatituta aurkeztu.

Udalerri-elkarteen kasuan, udalerri bat izendatu beharko da diru-laguntzarako programa kudeatzeko eta ordaintzeko ekintzak balioz gauzatzeko.

4.- Diru-laguntzak emateko edo, hala badagokio, ordaintzeko ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea.

5. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.- Erakundearen helburuekin bat etorriz, laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira diru-laguntzak. EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatzeko, tokian-tokian egiten diren emakumeen eta gizonen egoeraren diagnosietarako eta/dota egin eta egokitzen berdintasun-planetarako izango da laguntza teknikoa. Horietan sartzen dira diagnosi eta plan orokorrak egitea (udal-jardueren alderdi gehienei eragiten dietenak); sektore jakin batzuetako diagnosiak egitea eta/edo plan sektorial jakin batzuk sakontzea eta eraginkor bihurtzea; eta EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana onartu aurretik ontzat emandako toki-planak aipatutako plan horri egokitzea.

Planen jarraipen eta ebaluazio prozesuak diagnostikoa eta/edo plangintza egiteko prozesu beraren zati direla uste dugu. Horregatik, ez da diruz lagunduko beren beregi jarraipen eta ebaluazio jarduerak egiteko laguntza teknikoa. Planetan aurreikusitako ekintzen gauzapena diruz laguntzea ere ez da deialdi honen helburua, ez eta horretarako behar den laguntza ematea ere.

2.- Diagnosia egiteko edo berdintasun-plana sortu eta egokitzeko behar den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabil daitezke laguntzak. Zehazki, gastu hauek onartuko dira:

- Udalerri, udalerri-elkarte, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua hedatzean sortutako gastuak edo beren-beregi lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzean sortutakoak.

- Laguntza teknikorako kontratatutako pertsonen eta aholkularitza-enpresen gastuak.

- Eragozpen handiak dituzten pertsonek edo bereizkeria anizkoitza jasaten dutenek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.

Plana edo diagnostikoa argitaratu, itzuli eta/edo hedatzeari dagozkien gastuak ez dira lagunduko.

3.- Edonola ere, egiaztatu egin beharko da kontratatutako langile teknikoek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko gaietan gutxienez 150 orduko prestakuntza jaso dutela eta aholkularitza-enpresek aipatu prestakuntza duten langileak dituztela.

6. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2010eko otsailaren 8an amaituko (bi egunak barne).

2.- Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzara bidali behar dira (Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz); bestela, administrazio-prozeduraren araudian aurreikusitako edozein bidez aurkez daitezke.

Posta bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan sartutako egunean aurkeztutzat joko da.

7. artikulua.- Agiriak.

1.- Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari bidali behar zaizkio, I. eranskineko eredua erabilita, agiri hauekin batera:

a) Koadrila edo mankomunitatearen estatutuen fotokopia. Mankomunitate-elkartearen izaera juridikoa eta jarduera-mota adierazi beharko dira.

b) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

c) «Datuen alta/Hirugarren interesatua» inprimakia (II. eranskina). Inprimaki hori ez da aurkeztu beharko erakundea Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda dagoenean.

d) Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren zinpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, pertsona horrek eta erakunde eskatzaileak ez dutela administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egitegatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean ez zaiela horrelako debekurik ezarri (III. eranskina).

e) Zinpeko adierazpena, egiaztatzeko eskabidea izenpetzen duen pertsonak eta erakunde eskatzaileak ez dutela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dien lege-debekurik ere (III. eranskina).

f) Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren zinpeko adierazpena: berariaz adierazi beharko da xede bererako beste diru-laguntzarik eskatu den eta, horrela bada, zein erakunderi eskatu zaion, zenbat eskatu den eta diru-laguntza horren egoera zein den (III. eranskina).

g) 2010eko abenduaren 31 baino lehen egin beharreko lan-prozesuaren proiektua.

h) Proiektua koadrila, mankomunitate edo udalerri-elkarte batek egiten badu, udalerri bakoitzaren onarpen adierazia jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da, 4. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera (V. eranskina).

i) 5.3 artikuluan eskatzen den prestakuntzaren egiaztagiria (emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza).

j) Udalerri, udalerri-elkarte, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua hedatzen denean edo beren-beregi lan-proiektua egiteko aldi baterako berdintasunerako teknikariak zuzenean kontratatzen direnean, egiaztagiria, eskumendun agintariak egina.

k) Laguntza teknikorako diru-laguntza udalbatzak edo dagokion osoko bilkurak onartutako planik ez duen udalerriak, koadrilak, mankomunitateak edo udalerri-elkarteak eskatzen badu, hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa agertu beharko du organo eskudunak (VI. eranskina).

l) Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duen beste edozein agiri.

2.- Ondoren aipatzen diren agiriak ere aurkez daitezke, meritutzat baloratuko baitira (10.1.B artikulua):

a) Udalerrietan, koadriletan, mankomunitateetan eta udalerri-elkarteetan aukera-berdintasuneko agente plazak daudela edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza duten langile kontratatuei berdintasun-politikak sustatzeko egitekoak izendatu zaizkiela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko udalerri bakoitzak 2010eko aurrekontuan jarritako ehunekoa egiaztatzen duen agiria.

c) Udalerri, koadrila, mankomunitate edo udalerri-elkarteko Emakumearen Toki Kontseiluaren edo parte hartzeko organoaren erregelamenduaren kopia edo bestela, beste egiaztagiri batena.

Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraiki (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

9. artikulua.- Hautaketa Batzordea.

Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hona kideak:

Lehendakaria: - Idazkari nagusia.

Batzordekideak:

- Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

- Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna.

- Aholkularitza Juridikoko Arlo-arduraduna.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoko Arlo-arduraduna.

10. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea: 45 puntu, gehienez.

- EAEn indarrean dagoen Berdintasunerako Planarekin bat datorren. 15 puntu, gehienez.

- Udalerriko errealitatera egokitzea: 10 puntu, gehienez.

- Proiektuaren argitasuna eta bideragarritasuna, metodologia eta lan-prozesuari, adierazleei, kronogramari eta aurrekontuari dagokienez: 15 puntu, gehienez.

- Berrikuntzak: 5 puntu, gehienez.

B) Genero-ikuspegia zenbateraino dagoen instituzionalizatuta (beren-beregi berdintasun-politikarako zenbat langile eta zenbaterako aurrekontua dagoen, emakumeek parte hartzeko organo iraunkorrak egotea): 10 puntu, gehienez.

C) Emakumeek lan-prozesuan parte hartzea, bereizkeria anizkoitza jasaten dutenen beharrizan bereziak kontuan hartuta (halakorik egonez gero): 20 puntu, gehienez.

D) Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lan-prozesuetan eta behin betiko materialetan: 10 puntu, gehienez.

E) Diagnosia eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana lehenengo aldiz egin behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, koadrilek edo mankomunitateek 15 puntu izango dituzte, baldin eta hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa hartzen badute.

11. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diruz lagunduko diren jardueretarako udalerriak, koadrilak, mankomunitateak edo udalerri-elkarteak aurkeztutako aurrekontuaren % 75 izan daiteke diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere. Erakunde onuradun bakoitzeko 15.000 euro emango dira gehienez, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-elkarte batek aurkezten badu.

12. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatuek helburu bererako ematen dituztenekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago.

Gainfinantzaketa gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da diru-laguntza.

13. artikulua.- Ebazpena.

1.- Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du, eta, horren bitartez, amaiera emango dio hasitako lehiaketa-prozesuari. Horrez gain, diagnosiak egiteko eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak sortzeko eta egokitzeko behar den laguntza teknikoa ordaintzeko diru-laguntza nori eman eta nori ukatu adieraziko da. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie udalerriei, koadrilei, mankomunitateei eta udalerri-elkarteei. Hala ere, emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.- Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesatuari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, hala agintzen baita azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.- Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da -diruz lagunduko diren proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita-, eta horretaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira; proiektuak adieraziko dira eta onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa azalduko da; nolanahi ere, zenbateko hori ez da sekula izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

14. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketa horiek egiteko. Beste edozein laguntza edo diru-laguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.

e) Diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dela azaldu behar da (VIII. eranskina).

f) Diruz lagundu diren proiektuen publizitatea bi hizkuntza ofizialetan egin behar da: gaztelaniaz eta euskaraz.

g) Hizkera ez sexista erabili behar dute eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua, estereotiporik gabea, duten irudiak erabili beharko dituzte diagnostikoari eta/edo planari buruzko komunikazio eta/edo zabalkunde ekintza guztietan.

15. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.- Jarduerak gauzatu ondoren eta diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza; horretarako, 2011ko otsailaren 28a baino lehen -egun hori barne-, agiri hauek aurkeztu behar dira:

- Diru-laguntza jaso duten jarduerak direla-eta egindako gastuak justifikatzeko, jatorrizko faktura, nomina edo agiriak, soldata justifikatzen dutenak; edo diru-laguntza jaso duten jarduerei dagokienez egindako gastua justifikatzen duten jatorrizko egiaztagiriak, udalerriko idazkariak edo esku-hartze zerbitzuko arduradunak eginak; edo Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpultsatutako fotokopiak -Emakundek jatorrizko fakturei zigilua jarriko die, eta berriro ere erakunde interesatuari itzuliko dizkio-, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko behar diren xehetasunak adierazita. Fakturen edo agirien data 2010eko abenduaren 31koa izango da gehien jota. Egiaztagiria eta kasuan kasuko diruz lagundutako jarduera lotzen dituzten agiri osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak, nominak...).

- Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, lortutako helburuak eta erabilitako metodologia azaldu beharko dira nahitaez: egindako lan-prozesua, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak, berrikuntzak eta lortutako diru-sarreren eta egindako gastuen xehekapena (VII. eranskina).

- Diagnosiaren eta/edo planaren kopia.

- Diru-laguntza jaso duten jarduerei buruz egiten den publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza aipatu dela justifikatzen duten agiriak. Emakunderen logotipoa (VIII. eranskina) agertu beharko da bai justifikazio moduan aurkeztu beharreko diagnostikoaren eta/edo planaren kopian, bai jatorrizko agirian.

2.- Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez (besteak beste, faktura eta ordainagirien bidez) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da diru-laguntzaren zenbatekoan.

16. artikulua.- Diru-laguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira -betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada- eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.- Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko zatian aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez; horrez gainera, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

17. artikulua.- Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.

18. artikulua.- Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez direnean, emandako diru-laguntza ezeztatzeko eta, hala badagokio, diru-laguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesatuari eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak ez direla bete adierazten bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Ebazpenaren aurka interesatuek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean emango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 16a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA SILVESTRE CABRERA.

I. ERANSKINA / ANEXO I

ESKAERA/SOLICITUD

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

HIRUGARRENAREN DATUEN ALTA/ALTA DE DATOS TERCERO INTERESADO (*)

HIRUGARRENAREN EZAGUPENERAKO DATUAK/DATOS IDENTIFICATIVOS DEL TERCERO

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

ZINPEKO ADIERAZPENAK / DECLARACIONES JURADAS

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA / ANEXO IV

PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA / DESCRIPCIÓN DEL PROYECTO *

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA / ANEXO VII

JUSTIFIKATZEKO MEMORIA / MEMORIA JUSTIFICATIVA

(Ikus .PDF)

VIII. ERANSKINA / ANEXO VIII

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala