Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2009ko abenduaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6775

EBAZPENA, 2009ko urriaren 8koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko Udaleko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (2008-2016)» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) idatz-zatian azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «Vitoria-Gasteizko Udaleko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (2008-2016)» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, «Vitoria-Gasteizko Udaleko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (2008-2016)» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Vitoria-Gasteizko udalak 2009ko ekainaren 1ean hasi ditu izapideak «Vitoria-Gasteizko Udaleko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (2008-2016)» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

EBATZI DU:

1.- Ingurumen ondorioetarako soilik, Vitoria-Gasteizko udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko Udaleko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (2008-2016)» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.

2.- Txostena honakoa da:

2.1.- Aurreko kontsiderazioak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren Sailburuordetzan 2009ko uztailak 1eko datarekin sartu zen idazkiaren bidez, Vitoria-Gasteizko Udalak Vitoria-Gasteizko Udal Hondakinen Kudeaketa Plan Integralaren ingurumen inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuaren prozedurari hasiera ematea eskatu zuen. Aipatutako idazkiarekin batera Aurretiazko Kontsulten dokumentua bidali zen, Vitoria-Gasteizko Udalaren Ingurumen eta Jasangarritasuneko Sailak, CIMAS, Innovación y Medio Ambiente SL ingurumen aholkularitzarekin batera, 2009ko ekainaren 24an idatzi zuena.

Aipatutako dokumentuaren arabera, Planaren helburua ekintza-programa zehatzak definitzea da, programa horiek udalerri osoan udal hondakinen kudeaketaren esparruan aurrera eraman behar diren ekintzen gidalerro izateko. Planaren gai diren hondakinak honakoak dira:

- Hiri hondakinak: etxe-hondakinak, Vitoria-Gasteizko etxebizitzen hirigunean eta lekuko entitate txikiagoetan; hondakin komertzialak, erakundeetakoak eta zerbitzuetakoak, etxebizitzen hirigunean; industria-poligonoetan edo udalerritik kanpo isolatutako kokalekuetan kokatutako zerbitzuen sektoreko enpresetatik (merkataritza-gune handiak, hotelak, etab) eta industria-sektoreko enpresetatik datozen hiri-hondakin asimilagarriak; bide-garbiketaren, berdeguneen eta hosto-bilketaren hondakinak; bide publikoak utzitako ibilgailuak kentzea.

- Crispijanako HUA-ko lohiak.

- Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak: udalerrian eta bere inguruetan egindako erauzketa, eraispen eta eraikuntzako lanak, obra txikiak barne.

- Industria-hondakin ez arriskutsuak: Industria-hondakin ez arriskutsuen bilketa pribatuak, geldoak barne, udalerrian eta Lurralde Historikoan kokatutako industria-enpresetatik datozenak.

Planaren idazketa 12 Printzipio Estrategikoetan oinarritu da. Horiek egungo legegintza-esparrua eta aurreko Plan Integralean (2000-2006) ezarritako hainbat mugarri hartzen dituzte kontuan. Hainbat berrikuntza aurreikusten dira; materia organikoaren etorkizuneko gaikako bilketa, kudeatzaile pribatuen planta berrien ezarpena eta bi planta berrien eraikuntza, bata hondakinen handien tratamendurako eta bestea erregai solidoa fabrikatzeko, hiri-hondakinen tratamendu-plantatik etorritako erreusetatik berreskuratutakoa. Dokumentuak Plan hau indarrean dagoen bitartean jarraituko den kudeaketa-eredua zehazten du.

Planak zazpi Helburu Estrategiko hartzen ditu: Murriztea, berrerabiltzea, baztertzea, erantzukizuna hartzea, balorazio materiala, energia-balorazioa eta ezabatzea. Helburu hauek betetzeko, 11 Programa antolatu dira eta horiek 39 Ekintza-Lerro zehatzago hartzen dituzte barne. Hobetu beharreko alderdi nagusietariko bat hiri-hondakinen kudeaketa eta tratamendua da. Gainera, 9. programak hondakinen tratamendurako eta kudeaketarako azpiegituren eraikuntza ezartzen du. Azpiegitura horiek dira bere kokalekuarekin, egingo duten tratamendu motarekin edo kudeatuko dituzten hondakin motekin lotutako inpaktu negatiboak ekarri ahal izango lituzketenak.

Dokumentuak azpiegituren kokalekua ezartzeko kontuan hartu beharreko irizpide gisa lurralde eta arloko plan ezberdinak identifikatzen ditu eta baita dauden babes-figurak ere.

2.2.- Egindako kontsultak.

2009ko irailaren 13an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko web orrian ere.

Interesatu gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2009ko urriaren 12an amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa akreditatu.

Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:

- Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.

- Arabako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

- Uraren Euskal Agentzia.

- IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.

- Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta kirolerako Zuzendaritza.

Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritzako Hondakinen Kudeaketa Zerbitzutik eta Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta kirolerako Zuzendaritzatik proposamenak jaso dira.

Eusko Jaurlaritzako Hondakinen Kudeaketa Zerbitzuak proposatutako tratamendu-planten kokalekuaren alternatibak planteatu beharko direla esan du, obren, funtzionamenduaren, mantentzearen, zabaltzearen eta eraispenaren faseetatik eratorri litezkeen afekzioak ere bai kontuan hartuz. Horretaz gain, adierazi du ebaluazioak aurreikusitako balioztapenetik afekzioak ezberdinak izan daitezkeela eta CO2 igorpenei dagokienez planteatuko diren hondakin bilketaren alternatiben arteko konparazioa kontuan hartu beharko duela (edukiontzien bidezko bilketa eta bilketa pneumatikoa erkatuz). Era berean, Planaren ingurumen-eragina hartzen diren prebentzio-neurrien arabera aldatu daitekeela adierazi du.

Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kiroletako Zuzendaritzak, bere erantzunean, Euskal Kultura Ondarearen 7/1999 Legea bete behar dela eta dagokion agindu eta ebazpenetan ezarritakoa bete behar dela adierazi du, aitortutako arkeologia-zonen batean kokatutako orubeen gaineko eragina egonez gero.

Aipatu erantzunak Plana eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren ikerketa egiterakoan kontuan izan beharko dira.

2.3.- Planari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

Plana egiteko eta bere helburuak garatzeko, nagusiki Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira.

Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira:

1) Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.

2) Hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko espazio egokiak izatea aurreikustea sortzen diren tokitik ahalik eta hurbilen egoteko, garraio motordunaren bakarrak murriztuz.

3) Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (Proposatutako ekintzetarako gai den artifizial bihurtutako lurrik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da). Lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik lur kutsatuen berreskuratzea lehenetsi behar da.

4) Ahal den neurrian, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urteko itzulera epeko uholdeak jasateko arriskua duten eremuen artifizializazioa saihestea. Proposamenak Uraren Euskal Agentziaren «Uholdeak jasateko arrisku-mailaren araberako lurzoruaren erabilera-irizpideetara» egokitu beharko dira).

5) Ur garbia bermatzea, hondakin-uren tratamenduak isuriari eta inguru hartzaileari egokituz. Azaleko ur masak babestu, hobetu eta birsortzea, egoera ekologiko ona izatea lortzeko.

6) Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia.

7) Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie.

8) Paisaia-faktorea barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, aintzat hartuko dira gorako mailako estrategiak edo araudiak laburbildutze aldera irizpideak, besteak beste:

- Hondakinen kudeaketa iraunkorraren printzipioa.

- Kudeaketaren hierarkia erkidearen printzipioa.

- Kudeaketa integratuaren printzipioa.

- Hiri hondakinen (HH) sorrerari aurrera hartzeko printzipioa. Hondakinen ekoizpena murriztean.

- HHen gehieneko balioztatzearen printzipioa.

- HHen isurketa gutxieneratzeko printzipioa.

- Autosufizientziaren printzipioa. Udaleko lurraldean sortutako hiri hondakin gehienezkoak jasotzea, bereizi eta balioztatzea.

- Hurbiltasunaren printzipioa. Hondakinak sortzen diren lekutik ahalik eta hurbilen kudeatzeko, garraio motordunaren bakarrak murriztuz.

Hondakinak kudeatzeko beharrezko azpiegiturak lurralderatzeari eta ezartzeari dagokionez, erreferentziako irizpide orokorra izango da gutxieneratzea azpiegituren eta horiei lotutako garraio jardueraren eraginak. Horretarako, aukeratuko diren kokapenak eta diseinuak babestutako guneetan edo flora edo faunarentzat intereseko diren habitat naturaletan eta habitat horien arteko loturetan, ingurumenaren aldetik sentiberak diren guneetan, paisaiaren kalitate handiko guneetan, kultura ondareko areetan, bai urek gainezka egin dezaketelako, bai malda pikoak dituztela nolabaiteko arriskupean dauden guneetan, ahalik eta eragozpenik gutxiena eragingo luketenak izango dira eta, hein horretan, nolanahi ere, bermatu egingo dira giza osasunerako eta ingurumenerako egokiak diren baldintzak.

Planak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.

2.4.- Ingurumen-Iraunkortasun txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraruari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

Beraz, Planak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta 9/2006 Legearen I. eranskina.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, planak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.

Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

1) Planaren helburu estrategikoaketa helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.

2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarrerabinen analisia.

3) Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

4) Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

5) Planak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.

6) Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

7) Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

8) Laburpen-dokumentua.

9) Dokumentazio grafikoa.

Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

2.4.1.- Planaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.

Atal honetan Planaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, betiere Euskal garapen Iraunkorrerako Ingurumen Estrategiari buruzko (2020) Irizpideak eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 paragrafoan adierazitakoak jasoaz.

Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek plana lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira planean aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.

Planaren proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

2.4.2.- Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

Planak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazioa izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Planak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.

Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:

a) Arabako Lurralde Historikoko Hiri Hondakinak kudeatzeko Plana (2006-2016).

b) Vitoria-Gasteizko Udal Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala (2000-2006).

c) EAE ko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

d) Araba Erdialdeko Lurraldearen Zatiko Plana.

e) Vitoria-Gasteizko Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra.

f) EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde mediterraniarra) eta bere 1. aldaketa.

g) EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.

h) EAE-ko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

i) EAEko Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

j) EAE-ko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).

k) Arriskuan dauden Espezieak Kudeatzeko Planak (bisoi europarra, uhalde-enara eta Zaparda).

l) Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.

m) Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioa.

Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.

2.4.3.- Planak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

Identifikatutako arrazoizko alternatiba bakoitzerako, lurralde-eremu horretako ingurumenaren egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenak aipatu behar dira, aurreikusitako erabileretarako duen harrera-ahalmena eta plana aplikatu ezean egoera horrek izango duen bilakaera; eraginik handiena jasango duten aldeetako ezaugarriak azpimarratuko dira.

Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da beharrezko xehetasun mailarekin, hurrengo baliabideen eta ingurumen-interes bereziko eremuen analisiaren bidez, beren espazio-mugak, bere babes-helburuak eta erabilera-eremua, egonez gero, identifikatuz:

1) Batasunaren Intereseko Lekuak (BIL), Vitoria-Gasteizko udalerrian hurrengoak daude: Gasteizko Mendi Garaiak (ES2110015), Salburua (ES2110014), Arabako Lautadaren Irla Hariztiak (ES2110013) eta Zadorra ibaia (2110010).

2) Inguru heze katalogatuak. Udalerrian, EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren inbentarioaren barruan dauden hurrengo guneak daude: B9A5 Lopidanako Urmaela, B9A7 Lakuko putzua, B9A8 Maumeako putzua, B10A2 Zadorrako gune zingiratsuak, B11A125 Amaritako ur-landaretza, B11A126 Aretxabaletako belardia/ihitokia, B11A127 Berrosteguietako belardia/ihitokia, B11A128 Berrosteguietako belardia/ihitokia, B11A129 Zumelzuko belardia/ihitokia, FA82 Aberasturiko ureztaketarako urmaela, FA83 Arcaya ureztaketarako urmaela, FA84 Argandoñako ureztaketarako urmaela, FA85 Castilloko ureztaketarako urmaela, FA86 Zerioko ureztaketarako urmaela, FA87 Lubianoko ureztaketarako urmaela I, FA88 Lubianoko ureztaketarako urmaela II, FA89 Lubianoko ureztaketarako urmaela III, FA90 Olarizuko ureztaketarako urmaela, FA91 Oreitiako ureztaketarako urmaela I, FA92 Oreitiako ureztaketarako urmaela II, FA93 Oreitiako ureztaketarako urmaela III, FA94 Uribarri Nagusiko ureztaketarako urmaela, FA95 Uribarri Dibinako ureztaketarako urmaela, FA96 Zuazo Gasteizeko ureztaketarako urmaela y GA17 Huetoko urmaelak.

3) Mehatxatutako flora eta faunako espezieen banaketa-eremuak. Zadorra ibaia, udalerritik igarotzerakoan, interes bereziko eremua da igarabarentzat, uhalde-enararentzat, Zapardararentzat (Iurren A-4301 errepidearen zubia azpiko urak) eta bisoi europarrarentzat. Era berean, Zadorrako udalerriaren ibaiadarrak interes bereziko eremuak dira uhalde-enararentzat eta Alegria ibaia eta bere ibaiadarrak bisoi europarrarentzat.

4) Akuiferoen birkarga-eremuak, eta baita kutsadura izateko arrisku handia duten eremuak ere. Vitoria-Gasteizko akuiferoaren presentzia eta horren inguruak kontuan hartuko dira, nitratoen eraginez kutsadura pairatzeko arriskua duten eremuak direla aitortu baita.

5) Jabari Publiko Hidraulikoa eta baita poliziarenak diren zonak eta afektatutako ibaietako ertzen zortasun-zona ere. Vitoria-Gasteizko udalerritik hainbat ibai eta erreka igarotzen dira (Zadorra ibaia eta bere ibaiadar guztiak: Oka, Zaia, Alegria, Sto. Tomas, Errekaleor, etab.).

6) Ondare historiko-arkitektonikoaren eta arkeologikoaren zati direlako sailkatutako edo inbentarioan sartutako areak edo enklabeak. Katalogoan eta inbentarioan sartutako elementu asko.

7) Dauden landare-komunitateak ere bai, eta zehazki, dauden interes komunitarioko habitatak (Udalerrian habitat horietako asko daude eta beste intereseko enklabe batzuk ere; Zuazo, Capasoro, Menzorroza, Aranduya, Illarea (Amarita) eta Calzazarrako (Gobeo) hariztiak, Uriño eta Okako sakak, San Migeleko muinoa eta Maumeako hariztia eta urmaelak). Dauden landare-komunitateen ezaugarriak eta tamaina zehaztasun gehiagorekin deskribatu beharko dira, planak eragindako landare-mota bakoitzaren azalera, bere ezaugarriak, aleen heldutasuna, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna zehaztuz eta baita sailkatutako edo babestutako espezieen presentzia eta horien balio ekologikoa adieraziz ere. Baliotsuenak diren osagaiak nabarmendu beharko dira. Horien kartografia egingo da, eskala egokian, dauden landare-komunitateen kontserbaziorako balio erlatibo handienaren arabera.

8) EAEko Korridore Ekologietako Sarea, lotzen dituen eremu nukleoak barne hartuz. Udalerrian dauden eremuak hurrengoak dira:

Gune-eremuak: IKT Gasteizko Mendi Garaiak (ES2110015), IKT Salburua (ES2110014), IKT Arabako Lautadaren Irla Hariztiak (ES2110013) eta IKT Zadorra ibaia (2110010).

Lotura-eremuak: Mendebaldeko Gasteizko mendiak.

Lotura-korridoreak: Gasteizko portutik, Gazteluaren Monasteriogurenen hegotik eta Santo Tomas ibaira aldera doan zatia, Mendi Garaien eta lautadaren irla-hariztien arteko lotura-zati gisa. Mendebaldeko Gasteizko mendien eta Zuazoko hariztiaren arteko lotura-korridorea,

Indargetze-eremuak: Buxadura-eremuak dira, gune-eremuen, korridoreen eta lotura-eremuen inguruan sortu daitezkeen inpaktu negatiboen aurrean.

Eskualdeko lotura-interes berezia duten ibai-zatiak: Alde batetik, Zadorra ibaia dugu eta bestetik Errekabarri eta Zerio ibaiak eta Alegria ibaiaren beheko zona, Mendi Garaien eta lautadaren irla-hariztien arteko lotura-zati gisa.

9) Edateko uraren hornidura-sistemez gain, eta ibai eta erreken ertzetako LAP-ren C.3 atalarekin bat etorriz, akuiferoak eta ur-bilketa nabarmenenak identifikatu eta kartografia egingo da, bereziki giza kontsumora zuzendutakoak. Era berean, horien funtzionamendu hidrogeologikoa (birkarga-eremuak eta abar) eta urrakortasun-arriskua aztertuko da, dagozkion babes-neurriak ezartzeko helburuarekin.

10) Erabilera publikokotzat katalogatutako mendiak eta mendi babesleak.

11) Arro bisualak, interes naturaleko arroak, EAEko Natura Eremu Garrantzitsuen Katalogo Irekiaren Aurreproiektuan balio altua edo oso altuarekin kalifikatutakoak. Katalogo horretan hurrengo arroak jasotzen dira: 325 Las Plaomeras, 394 Monasterioguren, 421 Okina, 441 Orgazi eureka, 334 Tejerako eureka, 555 Urbasako eureka, 606 Zaldiaran, 252 Goroko trika, 289 Katigoste, 034 Amaritu, 069 Argatxa, 415 Ocatroka, 518 Santa Luzia, 070 Armikelo.

12) Balio agrologiko handiko lurzoruak.

13) Geologia Intereseko Eremuak eta Puntuak. Dagoen kartografiak hurrengo elementuak jasotzen ditu: 0989 Zehar-ebakia, 0992 Faila eta tolesak, 0993 Bretxa kalkareoak, 0995 Terraza alubialeko legarreta, 0996 Coniacienseko zehar-ebakia, 1085 Legarreta, 1086 Kalkarenita bioklastikoak, 1219 Urbinako kalkarenitak.

Planaren esparruen urrakortasun-arriskua identifikatu behar da eta horretan aurreikusitako ekintzetarako garrantzitsuak diren eta bertan dauden ingurumen-arazoak adierazi behar dira, hurrengoa kontuan izanik:

1) 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Planak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du (uholdea, higadura, suteak, arrisku sismiko). Horretarako Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzaren txostenean jasotzen den informazioa kontuan izango da.

2) Kutsatutako lurzoruen presentzia identifikatu behar da. Lurzoruaren kutsaduraren prebentzio eta zuzenketarako otsailak 4ko 1/2005 Legea aintzat hartuz, lurzoru kutsatu edo hondatu bat egoteak lurzoru horretarako erabilera baten esleipena baldintzatu dezake edota izan behar duen erabilera beraren funtzioak aurrera eramateko ahalmena horri itzultzera zuzendutako neurri zuzentzaileen beharra, edo baita, lurzoruaren baldintzak bere aurreko egoerara zuzendutako neurrien beharra ere.

Azken finean, beren ingurumen-balioarengatik edota babes-mailarengatik hondakinen kudeaketarako azpiegituren sormenean ekidin beharko liratekeen lurraldearen eremuan identifikatu beharko dira.

Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta planaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

2.4.4.- Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

9/2006 Legearen 8.1 artikuluan arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, Planaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira, plana eta bere baitako jarduerak burutzeko beste une eta toki batzuk proposatuz. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Gainera, alternatiba horren aukeraketa sustatu behar da, modu labur baina behar beste, planak eta bere ekintzek irizpide horiek nola eta zein neurritan garatu nahi dituzten espresuki adieraziz. Zentzu horretan, arrazoizko alternatibak sortzeko eta ondoren horien ebaluaziorako eta aintzat hartzeko erabili behar diren teknika- eta ingurumen-bideragarritasuneko irizpideen aurretiazko identifikazioak alternatiba horiek oinarri diren irizpideekin koherentzia dutela justifikatzeko aukera ematen du.

Planean proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.

Jasoko dituen hondakin mota kontuan hartzekoa denez eta horien jatorriaren hurbiltasuna neurtzea komenigarria denez gero, honako planean berebiziko garrantzia dauka kokapen aukera ezberdinak izateak.

Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.

2.4.5.- Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera.

Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean finkatu direnak.

Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:

1) Dauden izadi-intereseko eremuen gaineko afekzioa (IKT-k, Hezeguneak, Korridore Ekologikoak eta abar).

2) Dauden interes komunitarioko habitaten gaineko eragina.

3) Mehatxatutako fauna eta floraren gaineko eragina.

4) Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.

5) Paisaiaren gaineko eragina.

6) Paisaiaren gaineko eragina.

7) Ibilgailuen trafikoa areagotzea eta behar litezkeen sarbide berrien ingurumenaren gaineko eragina.

8) Zarata arazoak.

9) Uholde arriskua.

Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren. Analisi horren bidez arreta bereziz aztertuko dira Planean proposatuko diren jarduketen eta erabakien artetik, ingurumenean eragin adierazgarrienak sor ditzaketen horiek. Aztertutako dokumentuaren arabera eta planaren dokumentuan proposatuko diren beste batzuei kalterik egin gabe, hurrengoak izango dira:

- Kudeatzaile pribatuen planta berriak.

- Hondakinen handien tratamendurako planta.

- Berreskuratutako erregai solidoaren fabrikaziorako planta.

- Beste azpiegitura berriak edo daudenen zabalkuntza.

- Hondakinen garraiotik eratorritako inpaktuak, garraio-sistemaren gainean duten afekzioarekin, erregaien kontsumoarekin eta gas, zarata eta hautsaren igorpenekin lotutakoak.

- Zabortegien itxiera eta zigilatzea.

- Etab.

Planak eta berrikuspen partzialeko jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

2.4.6.- Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

Plana egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.

Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.

Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira.

Planaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira berrikuspena garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, berrikuspenean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.

Planaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-zuzentarauek plan honekin lotutako Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoen eta xedeen ekintza-lerroei erreferentzia egin beharko diete gutxienez.

2.4.7.- Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:

- Oinarrizko adierazleak (eredu kausalaren oinarrituta).

- Goiburuko ingurumen-adierazleak.

- EAEko iraunkortasunaren adierazleak.

- Europako egitura-adierazleak.

- Tokiko Agenda 21en adierazleak.

Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa-efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.

Planak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eraginik esanguratsuenak neurtzeko adierazleak ezarri ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeko arduraduna izendatuko da. Adierazle bakoitzak arduradun desberdina izan dezake, gainbegiraketa plangintza- sistemaren zein fasetan txertatzen den kontuan izanda, horrela beti identifikatu ahalko da planak adierazleari egiten dion ekarpen indibiduala.

2.4.8.- Laburpen-agiria.

Laburpen-agiri bat idatziko da 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

2.4.9.- Dokumentazio grafikoa.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.

2.5.- Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.

Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

a) Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2 paragrafoan aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta eta, gutxienez, 45 eguneko epea edukiko dute agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

b) Planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko. Bere publizitatea bermatzeko helburuarekin, bi dokumentuak organo sustatzaileak duen sare telematikoaren leku batean sartuko dira eta hori sarrera askekoa izango da, ekainak 30eko Lurzoru eta Hirigintzako 2/2006 legearen 9.1 Artikuluak ezartzen duen bezala.

2.6.- Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.

183/2003 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Planaren hasierako onespenaren aurretik, Planaren behin-betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Vitoria-Gasteizko Udaletxeak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea Planaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.

3.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 8a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala