Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2009ko abenduaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6765

AGINDUA, 2009ko abenduaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeetako ikasleen 2009-2010 ikasturteko eguneroko garraio gastuak ordaintzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Jakina da ikasle askok eta askok egunero beren ohiko bizitokitik unibertsitaterako joan-etorria egin behar izaten dutela ikasketak egin ahal izateko, herri eta hirietatik Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeetarako distantzia dela-eta.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero egin izan duen garraiorako laguntzak emateko deialdi honen helburua honako hau da: joan-etorria egunero egin behar duten ikasleen zailtasun ekonomikoak arintzea, baldin eta 2009-2010 ikasturtean zehar sail honek ematen dituen beste beken onuradunak ez badira eta erakunde publiko edo pribatuek horretarako ezarritako beste laguntzarik ez badute.

Horiek horrela, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeetako ikasleen eguneroko garraiogastuetarako laguntzetarako deialdia egitea, eranskineko oinarrien arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokia eta nahikoa egon behar du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urteko aurrekontu orokorretan. Deialdi hau finantzatzeko 161.799 euroko zenbatekoa emango da. Kopuru hau, dena den, aldatu egin daiteke, ebazteke dauden eta emate-proposamena duten eskarien zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste programa batzuen exekuziotik atera daitezkeen aurrekontu-baliabide agortu gabeen arabera, eta eskariei buruzko ebazpena eman baino lehen. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen batek emango du horren berri.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Deialdi honetan jasotzen ez den guztiari dagokionean, 2009-2010 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko beka orokorretarako deia egiten zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2009ko ekainaren 23ko Aginduan xedatutakoa ezarriko da (2009ko uztailaren 14ko EHAA).

Bigarrena.- Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari baimena eman zaio agindu honetan xedatutakoa burutzeko beharrezko jarraibideak eman ditzan.

Hirugarrena.- Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Laugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 15a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

1. oinarria. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) Abenduaren 21eko 1721/2007 Errege Dekretuaren 4.1.d artikuluan ezarritako baldintzak betetzea. Agindu honek deitutako beka eta laguntzak eskuratzetik kanpo geratuko dira Europar Batasunaz kanpoko ikasle atzerritarrak, baldin eta egonaldian badaude.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldaturik egotea.

c) 2009-2010 ikasturtean unibertsitateko eta goimailako beste ikasketa batzuk egiteko izaera orokorreko beketarako deia egiten zuen Aginduaren I eranskinean 1. artikuluan zehaztutako ikasketaren bat Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxe batean edo goi-mailako zentro batean -Goi-mailako Arte Irakaskuntzak egiten dituzten ikasleen kasuan- egitea 2009-2010 ikasturtean.

d) Ohiko bizilekua duen herritik unibertsitatera egunero joatea.

e) Deialdi honen 3. oinarrian zehaztutako baldintza ekonomikoak betetzea.

f) Agindu honen 4. oinarrian zehaztutako irakasgai edo kreditu kopuruan matrikulatuta egotea.

g) 2009-2010 ikasturterako ikasketa- edo garraio-bekarik edo beste inolako laguntzarik ez eskuratzea.

h) Ikaslea bizi den herritik Unibertsitatea dagoen herrira 10 km edo gehiago izatea.

i) Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ez egotea ere. Halaber, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik gertatu, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, seigarren azken xedapenean, xedatutakoaren arabera.

2. oinarria. Dirulaguntza mota eta horren zenbatekoa.

1.- Kilometroko 4,40 euroko modulua ezarri da eskatzailearen familia errenta garbia A mugakoa edo hori baino txikiagoa dutenentzat, eta 2,80 eurokoa A eta B mugen arteko familia errenta dutenentzat. Errenta-mugak eranskin honen 3. oinarrian azaltzen dira.

2.- Ikaslea bizi den herriaren eta ikastetxearen artean errepidez dagoen distantziarik laburrena hartuko da kontuan.

3.- Gehienez 110 kilometroko distantzia izango da kontuan.

4.- Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, joanetorriko bidaian egindako kilometro-kopuruarekin biderkatuko da kasu bakoitzari aplika dakiokeen modulua. Edozein kasutan, diru-laguntzaren gutxienekoa 308 eurokoa izango da A errenta muga baino baxuagoa edo berdina duten eskatzaileentzat eta 196 euro A eta B errenta muga artean duten eskatzaileen kasuan.

3. oinarria. Baldintza ekonomikoak.

1.- Diru-laguntza hau eskatu ahal izateko, 2008ko familia errenta garbiak ezin gaindituko ditu ondoren zehazten diren mugak. Familia errenta garbia kalkulatzeko 2009-2010 ikasturtean unibertsitateko eta goimailako beste ikasketa batzuk egiteko izaera orokorreko beketarako dei egiten duen Aginduaren I eranskinean 23. eta 24. artikuluak hartuko dira kontuan (Agindua, 2009ko ekainaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Agindu honen bidez, izaera orokorreko beketarako deia egiten da 2009-2010 ikasturtean unibertsitateko ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko, 2009ko uztailaren 14ko EHAA).

Kide kontagarriak A muga B muga

euro euro

1 11.937 14.826

2 19.444 25.308

3 25.534 34.352

4 30.287 40.796

5 34.370 45.598

6 38.313 49.224

7 42.041 52.810

8 45.744 56.380

2.- 2009-2010 ikasturteko unibertsitateikasketetarako izaera orokorreko beketarako deia egiten duen Aginduaren I eranskinean 21. artikuluan zehaztutakoak joko dira kide kontagarritzat.

3.- Laguntza hauek ez zaizkie emango aurreko idatz-zatian aipatzen den deialdiko I eranskinean 25. artikuluan arabera ezartzen diren mugak gainditzen dituen familiako kide diren ikasleei; horretarako, nahikoa izango da familia osatzen duten kide kontagarri guztien ondarea edo horietakoren batena mugatik gorakoa izatea.

4.- oinarria. Gutxienezko irakasgai kopurua.

1. Dirulaguntza eskatu ahal izateko, gutxienez ondoren adierazten diren irakasgai edo kredituetan matrikulatuta egon beharko du ikasleak 2009-2010 ikasturtean:

a) Kreditutan egituratutako ikasketa-planen kasuan, ikasketa-planaren guztizko kreditu-kopuruaren ehuneko laurogeita bosta zati aurreikusitako iraupen-urteak eginez ateratzen diren kredituetan.

b) Kreditutan egituratu gabeko ikasketa-planen kasuan, eta lehen zikloko lehen mailan lehen aldiz matrikulatzen direnen kasuan, indarrean dagoen ikasketa-planaren arabera kurtsoa osatzen duten irakasgai guztietan egin beharko da matrikula. Ondorengo kurtsoetan, ikasketa-planaren irakasgaien guztizko kopurua zati plan horrek dituen urteen kopurua eginez ateratzen den zenbaki osoa hartuko da kontuan.

c) Gradu eta master ofizialen ikasketarako matrikulatu beharreko kredituen gutxieneko zenbakia 60 izango da.

2.- Indarrean dagoen ikasketa-planaren arabera dagokien ikastetxean kurtso osoan matrikula egin dutenek beka lortu ahal izango dute, nahiz eta kurtso horri dagokion irakasgai kopurua aurreko idatz-zatietan adierazitakoa baino txikiagoa izan.

3.- Ikasketa-planetan urteko eta lauhileko irakasgaiak daudenean, lauhilekoak irakasgai erditzat joko dira. Ikasketa-planak kredituka egituratuta badaude bakoitzak duen balioaren arabera kontatuko dira.

4.- Espezialitate ezberdinei dagozkien irakasgaiak edo titulua lortzeko beharrezkoak ez diren irakasgai edo kredituak ez dira sartuko, inolaz ere, aurreko idatz-zatietan aipatzen den gutxienezko kopuruan, ezta irakasgai edo kreditu konbalidatuak edo egokituak ere.

5.- Salbuespen gisa, ikasketa planaren egitura edo Unibertsitateko berariazko araudia dela-eta, ikasleak matrikulatu ahal duen ikasgai edo kreditu kopurua mugatuta egonez gero, diru-laguntza lortu ahal izango dute ezarritako minimoetara heldu gabe, ikasgai edo kreditu gehieneko kopuruan matrikulatzen diren eskatzaileak, beti ere eguneroko garraio-beharrizana egiaztatzen badute.

5. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta tramitazioa.

1.- Ikasketak egiten ari den ikastetxean eskura daitezkeen inprimaki normalizatuen bidez eskatu behar du beka ikasleak. Inprimaki honen eredua II eranskinean atxikitzen da.

2.- Eskabide-orria eskatzaileak ikasketak egiten dituen unibertsitate-ikastetxean aurkeztuko da, behar bezala bete eta izenpetu ondoren, oinarri honen 4. lerroaldian aipatzen diren agiriekin batera. Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea eta 2010eko urtarrilaren 30 arte (egun hori barne) luzatuko da.

3.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluak aipatzen dituen edozein tokitan ere aurkez daitezke.

4.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoa betez, inprimakian adierazten diren datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan erantsiko dira.

Eskaera sinatu duten pertsona fisikoak ez diren beste pertsona batzuen datu pertsonalak fitxategi automatizatu berean erantsiko dira; hortaz, horiek ere hala izango dela jakin beharko dute, beren datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko, horien aurka egiteko eskubideak, eta pertsona fisikoei indarrean dagoen araudiak aitortzen dizkien beste edozein eskubide erabili nahi izanez gero, helbide honetara jo behar duzu: Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza, Donostia kalea, 1. PK: 01010 - Vitoria-Gasteiz.

5.- Eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, kasuen arabera:

a) Administrazio-egoitzaren edo erroldaren ziurtagiria. Ziurtagiri horretan bizi lekuan bizi diren pertsona guztien zerrenda jasoko da.

b) Eskatzailearen eta kide kontagarri guztien nortasun agiri nazionalaren fotokopia, baldin eta 14 urtetik gora badute, eta 14 urtetik beherako kideen familia-liburuaren orrialdearen fotokopia (atzerritarren kasuan legeztatutako egoitzaren dokumentu akreditatzailea).

c) Egunero joan-etorria egiten duela ziurtatzen duen agiria.

d) 2009-2010 ikasturteko matrikula-gordekinaren fotokopia; zehaztu egin behar da zenbat irakasgai edo kreditutan matrikulatu den, eta lauhilabetekoak ala kurtso osokoak diren.

e) Familiako sostengatzaile nagusiaren eta, hala behar izanez gero, gainontzeko kide kontagarrien 2008. urteari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko aitorpenaren fotokopia osoa edo Foru-ogasunaren egiaztagiria, aitorpena aurkeztu beharrik ez dutela adierazten duena.

f) Lan etekinen egiaztagiria (10T) edo beste edozein kontzeptuagatik jasotako diru-sarrerena, 2008an Pertsona Fisikoen gaineko Zergari buruzko aitorpena aurkeztu beharrik ez zuten familia unitate/kide kontagarrien kasuan, edo aurkeztu dutenen kasuan aitorpenean agertzen ez direnak.

g) Beka ordaintzeko bankuaren edo kutxaren kodea, bulegoaren kodea, kontrol-digitua eta kontu zenbakia agertuko den kontu korrontearen edo aurrezki-libretaren orriaren fotokopia. Eskatzaileak kontu horren titularra edo titularkidea izan beharko du.

h) Ohizko etxebizitza ez den hiriko eta landa-lurretako Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko erreziboen fotokopia (2008. urteko kontribuzio erreziboak).

i) Familia eta ekonomia aldetiko independentzia egiaztatzen duten agiriak.

j) 2009-2010 ikasturterako unibertsitate-ikasketak egiteko izaera orokorreko diru-laguntzen deialdiaren aginduaren I eranskinaren 24. artikuluan zehaztutako egoeren dokumentazio akreditatzailea familia errenta netoa kalkulatzeko aplika daitezkeen dedukzioei buruzkoak (familia ugarien tituluak, elbarritasunei buruzkoak, ...).

k) Zinpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ez egotea ere. Halaber, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik gertatu, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

l) Eskatzaileak ongi deritzon beste edozein agiri.

6.- Unibertsitateko gerentziek jasotako eskabideak 2010eko otsailaren 13a baino lehen bidaliko dituzte Unibertsitate Zuzendaritzara, eskatzaileen zerrendarekin batera.

6. oinarria.- Hautespen- eta adjudikazio-prozedura.

1.- Deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleak honela sailkatuko dira: familia-errenta garbia (2009-2010 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiteko izaera orokorreko beketarako deia egin duen aginduaren I. eranskineko 23. eta 24. artikuluek ezarri dutenaren arabera kalkulatuak) kide kontagarrien kopuruarekin zatikatzeak emandako modulu ekonomikoa txikienetik handienera ordenatuz.

2.- Behin laguntzen zenbatekoak bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera kalkulaturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako izendatutako dirua agortu arte emango dira laguntzak, eta gainerako eskaerak ukatu egingo dira.

7. oinarria. Hautespen-organoa.

1.- Hautespen-epaimahaia eratuko da espedienteak aztertu eta horiekiko erabaki-proposamenak emateko. Unibertsitate-zuzendaria izango da epaimahaiburu, eta mahaikideak, berriz, Unibertsitate Zuzendaritzako honako administrazio-atal hauetako ordezkari bana: Ikastetxeak eta Zuzendaritzaren Laguntza Teknikoa, Unibertsitate Antolamendua eta Ikasleentzako Laguntza.

2.- Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. kapituluaren II. atalburuan ezarritakoaren arabera jardungo du hautespen-epaimahaiak.

3.- Epaimahaiak agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei espedienteak erabakitzeko beharrezkoa baderitzo.

8. oinarria. Eskabideen ebazpena.

1.- Unibertsitate-zuzendariak prozedura ebatziko du eta eskatutako beka eman zaien ala ez banan-banan jakinaraziko die interesatuei, 6 hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango den ebazpen horren bidez emango da beka eman ala ukatu zaien izangaien zerrendak tokian tokiko unibertsitateetako kudeaketa-unitateetan argitaratzeko agindua. Epe horretan ebazpena eman eta jakinarazi ezean, interesatuek eskaera atzera bota dela interpretatu behar izango dute.

2.- Ordainketa bakar batean emango da adjudikatutako dirulaguntza, erabakia ematen denetik hasi eta hilabeteko epearen barruan.

9. oinarria.- Errekurtsoak.

Unibertsitate-zuzendariaren behin-betiko ebazpenak ez du amaituko administraziobidea, eta horren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek. Errekurtsoa Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari zuzenduko zaio, eta horretarako hilabeteko epea izango dute, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

10. oinarria.- Onuradunen betebeharrak eta laguntzen kontrola.

2009-2010 ikasturteko unibertsitate-ikasketetarako izaera orokorreko beketarako deia egiten duen aginduaren I eranskinaren 51. artikuluan zehazten diren betebeharrak bete beharko ditu onuradunak.

11. oinarria.- Diru-laguntzak indargabetzea.

1.- Honako hauek izango dira ohiko joan-etorrietarako ohiz kanpoko laguntzen adjudikazioak indargabetzeko arrazoiak: datuak ezkutatu edo gaizki ematea; beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek emandako honelako beste laguntza batzuekin bateraezinak izatea; emandako dirua finkatutako xederako ez dela bideratu frogatzea; baldintzaren bat bete ez edo behar den moduan ez dela egiaztatu konturatzea. Aurreko kasu guztietan interesdunek bidegabe jasotako dirua itzuli egin beharko dute, horiei dagozkien legezko korrituak gehituz. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Lege-Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.- Ezin izango da laguntza indargabetzeko erabakia eman, aldez aurretik interesdunari espedientea ikusteko eta horri buruzko alegazioak aurkezteko aukera eman gabe. Unibertsitate zuzendariak itzulketajardunbidea noiz hasten den eta arrazoiak zeintzuk diren jakinaraziko dizkio onuradunari, 15 eguneko epean egoki deritzon alegazioak aurkez ditzan. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zuen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren idazpuruko 5.1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.- Indargabetzeko erabakiak agintari fiskal, akademiko edo judizialei bidali ahal izango zaizkie, dagokionari dagokiona, horren ondorioz sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.


Azterketa dokumentala