
246. zk., 2009ko abenduaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6697
AGINDUA, 2009ko azaroaren 18koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, nitratoz kutsatzeko arrisku eremu izendatzen da: Vitoria-Gasteiz unitate hidrogeologikoa, Mendebaldea, Foronda I eta II.
Kontseiluaren 91/676/EEE Zuzentarauak, 1991ko abenduaren 12koak, ezartzen du estatukideek Arrisku Eremu izendatuko dituztela beren lurraldean nitrato-maila jakin batzuk gainditzen dituzten urak biltzen dituzten guneak.
Espainiako Estatuak bere legeriara egokitu zuen zuzentarau hori otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez, nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik ura babesteari buruzkoa.
Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak gauzatuz, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua onartu zen, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen duena.
Dekretu honen xedapen gehigarrian Arrisku Eremu izendatu zen: Vitoria-Gasteiz Unitate Hidrogeologikoa, Ekialdeko Sektorea. 2008an, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak emandako 2008ko apirilaren 8ko Aginduaren bidez, Dulantzi sektorera zabaldu zen Arrisku Eremua.
Xedapen horien ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoan uren kalitateari dagokionez eginiko jarraipenek erakutsi dute Vitoria-Gasteiz Unitate Hidrogeologikoaren mendebaldeko bi inguruk (Foronda I eta II) nekazaritzatik eratorritako nitratoen eragin nabarmena dutela, eta Arrisku Eremu izendatzeko 91/676/EEE Zuzentarauan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.
390/1998 Dekretuak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzatik eratorritako nitratoekin urak kutsatzeko arriskuan dauden guneak Arrisku Eremu izendatzea Industria, Nekazaritza eta Arrantza; Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen; eta Garraio eta Herri Lan sailburuen baterako Aginduaren bidez egingo dela.
Horren ostean, alde batetik, Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legeak, eta, bestetik, Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak onartu zituen 240/2007 Dekretuak eragin dute Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak bere gain hartzea Garraio eta Herri Lan Sailak zituen eskumenak.
Azkenik, 4/2009 Dekretuak, maiatzaren 8koak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, ingurumen eta nekazaritza arloetan eskumenak zituzten sailak batzen ditu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailan.
Horiek horrela, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak hau
XEDATU DU:
1. artikulua.- Arrisku Eremu izendatzea Vitoria-Gasteiz Unitate Hidrogeologikoa, Mendebaldea-Foronda I eta II. Eremu horren deskribapen kartografikoa agindu honen eranskinean agertzen da.
2. artikulua.- Arrisku Eremu honi aplikatuko zaizkio Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko urriaren 15eko Agindua, nekazaritzatik eratorritako nitratoz ura kutsatzeko Arrisku Eremuetarako ekintza plana onartu zuena, eta horren balizko aldaketak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak agindu honen berri emango dio Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioari.
Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Hirugarrena.. Xedapen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 18a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
RSS